Estimulazio-teknika eta -metodoek haurraren garuna —neuronak— ariketa sekuentzialen bidez lantzea proposatzen dute, garunaren malgutasunaz baliatuz, “haurra ahalik eta urrutien irits dadin”.
Ez da alferrikakoa haurrari Mozart ipini aurretik, helduak bere buruari galdetzea zergatik estimulatu nahi duen seme/alaba.

Haurdunaldian musika klasikoa jartzea proposatzen dute estimulazio-teknika batzuek, haurrak “inteligenteagoak” izan daitezen; lehen hilabeteetan ikusmena zorroztu dezaten, kolore zuri, beltz edo gorriko jostailuak soilik gomendatzen dituzte beste teknika batzuek; “Messiren gisako” ateratzeko, oinez hasterako baloia ipintzea proposatzen dute zenbaitek... eta, horrela, bizitza osoan zehar, garuna estimulatzeko eta neuronak indartzeko teknika eta metodoak moda-modan daude ustez kontrako korronteak jarraitzen dituzten haziera-ereduetan.

 

Izan ere, munduratzeko unean gizakia garuna erabat osatu gabe jaio-
tzeak, ugaztun guztien artean urrutien iristeko edo garatuen izateko aukera dakarkio giza espezieari, baldin eta baldintza egokietan zaintzen baldin bada. Giza izateari onartzen zaion premisa da hori. Bizitzako lehen sei urteetan —bereziki aurreneko hiruretan— haurraren garuna malgu eta garagai izatearen premisa hori baliatu beharreko “abantaila” gisa aurkezten dute estimulazio-teknika eta -metodo askok, gaitasun kognitibo, motriz, sozio-emozionala eta hizkuntza gaitasuna maximora garatu ahal izateko. 

 

Berez, haurrarentzat ikusten, ukitzen, usaintzen, entzuten eta dastatzen duen ia oro estimulagarri izan daiteke, eta, halaber, ingurunearekin eta inguruko haur nahiz helduekin interaktuatzen duen neurrian, estimuluak jasotzen ari da, eta ikertzeko, osa-tzeko eta gaitzeko aukerak jasotzen. Alabaina, sarri, estimulazio-goiztiarra garuna –neuronak— lantzea helburu duten teknikekin lotzen da, haurra inteligenteago eta bizkorrago izan dadin ariketa eta jolas sistematiko eta errepikakorrak proposatzen dituzten metodoekin. Metodo horiek, bit edo informazio unitate sekuentzialak egunero errepikarazten dituzten ariketak proposatzen dituzte, eta guraso, zaintzaile edo hezitzaileek gidatuko lituzkete.

 

Haurdunaldian umekiari Mozart-en musika piztu aurretik, helduari galdera bat luzatzen dio Alvaro Beñaran pedagogo terapeuta eta psikomotrizistak: “Zertarako estimulatu nahi duzu haurra?”. Tekniken, metodoen edo ariketen bidez haurra estimula-tzearen helburua zein den hausnar-tzea beharrezko ikusten du. “Estimulatzean, seme-alabentzat onena nahi dugun, ala haur hori onena izan dadin nahi dugulako estimulatzen dugun galdetu beharko genioke geure buruari”. Sarritan, bigarren nahikari hori ikusten du Beñaranek estimulazio-teknika askoren oinarrian. “Ariketen bidez haurra estimulatzen badugu, matematikari oso ona izango dela diote, adibidez; ados, matematikari bikaina izango da; eta zer?”. Seme-alaben hazieran garrantzia zeri ematen zaion planteatzen du Beñaranek garuna metodoen bidez estimulatzea zalantzan jartzean. “Zertarako nahi dugu gure seme-alabek hainbeste jakitea, hain azkar?”.

 

Perfekzioaren bila ikusten ditu guraso asko eta asko Beñaranek gaur egun: “Haurra onena nola izango den erakutsiko diguten teknika eta programen bila gabiltza, teoria perfektuaren bila”. Perfekzioaren bila gabiltzanean, teknikak eta metodoak harremanari gain hartzeko arriskua ikusten du Beñaranek, eta, bilaketa horren oinarrian, segurtasun falta sumatzen du: “Konfiantza falta handia dago, batetik helduak bere buruarengan konfian-tza eskasa du, eta, bestetik, haurraren gaitasunetan konfiantza falta du guraso edo hezitzaileak; egoera horietan geure gabezia metodoen bidez ordezkatzen saiatzen gara”. Aldiz, bere buruarengan eta haurrarengan segurtasuna duen gurasoak ez du bere burua ordezkatuko duen teknikarik bilatuko: “Ni ondo baldin banago, edo ‘nahikoa ondo’ baldin banago neure buruarekin, seguru nago neuretik zerbait ona aportatuko diodala umeari; daukadan ongizate hori transmititzeko baliabideak bilatuko ditut”.

 

Haurra objektu ala subjektu?

Estimulazioa kontzeptu arriskutsua iruditzen zaio Beñarani. Batetik, estimulazioak haurra objektu gisa ikusaraztea ekar lezakeelako, subjektu gisa izan beharrean. “Estimulazioa konfiantza falta baten erakusle  da; ‘nik ez badiot tira egiten haur horri, ez da bere kabuz aurrera aterako’ pentsatzen dugu”. Konfiantza falta horrek estimulazioa, mugimendua, adimena nahiz baloreak lantzeko erabiltzen denean berdin funtzionatzen duela dio Beñaranek; ”Haurrak balore onak jasotzeko helduok barnerarazi egin behar dizkiogula pentsatzen dugu sarri; eta, ez, ez da horrela: haurrak jasoko ditu balore horiek bere inguruan baldin badaude. Haur batek beste bat errespetatu eta kontuan hartuko du, bera errespetatua eta kontuan hartua izan baldin bada, ez objektu gisa sentiarazi dutenean”.  

 

Bestetik, estimulazio-goiztiarreko ariketa sekuentzial eta sistematikoak garunera —neuronetara—bideraturik egon ohi direlako ere, kontzeptu arriskutsua iruditzen zaio Beñarani estimulazioa, haurra osotasunean zaindu behar dela baitio pedagogo terapeutak. “Gizakiok gorputza, afektuak eta adimena gara. Ezin dugu isolatu bata bestetik. Umea ezin dugu piezaka edo atalka osaturiko zerbait bezala hartu; era horretan begiratzen badiogu, atal bat lantzen dugunean beti ariko gara beste zerbait alde batera uzten. Azken batean eta muturrera eramanda, haurra teknika baten bidez estimulatzen ari garenean, haur hori ez da goxotasunik eta afekturik jasotzen ari, eta tekniken bidez harreman-

tzen da helduarekin”.

 

Estimulazioa gainestimulazio bilaka liteke muturrera eramaten denean. Gainestimulazio kasuak azaltzeko, adimen handiko haur zenbaiten kasua, edo heldu txikiena jarri ditu psikomotrizistak adibide gisa. “Gurasoek, sarri asmo onez, baina gehiegi interbenitzen dute; dena egin nahi dute, dena gidatu nahi dute, musika jartzen diote haurrari, heldu bati bezala mintzatzen zaizkio hamaika azalpen emanaz; ariketa sekuentzialen bidez adimena lantzen dute haurrarekin egunero-egunero... eta, hori guztia eginik, gero, helduak bezala mintzatzen dira umeak eta ez dakite jolasten; jolasak bai, arauak badakizkite, baina ez dakite jolasten eta harremantzen. Oso inteligenteak direla dirudite haur horiek, helduek bezala hitz egiten baitute, baina sarri sozializatzeko arazoak izaten dituzte; ez berez horretarako zailtasunak izan beharko lituzketelako, bazik eta adimena bakarrik eta bere horretan landu dutelako eta afektuen eta goxotasunaren esparrua alde batera utzi delako, esperimentatu gabe”.

 

Arreta, zaintza, egokitzapena

Estimulazioaz hitz egin beharrean, psikomotrizistak nahiago du ‘arreta’-ri buruz hitz egin. “Zaintzea da arreta; haurra bere osotasunean zaintzea; bere beharretara eta gaitasunetara egokitzea”. Down sindromea duen haur bati, edo paralisia edo beste gabezia edo gaitasunen bat duen haur horri, den bezala begiratzea gomendatzen du: Den-denok ditugu gabeziak, baina baita gaitasunak ere. Goazen haurraren beharretara egokitzera eta bere gaitasunak martxan jartzera; nahiz eta oso ume mugatua izan mugimenduan eta adimenean, eutsi dauzkan gaitasun horiei, eta gabeziei begira egon beharrean, indartu bere gaitasunak, bere subjektu kualitatea kontuan izanik”.  

 

Haur motela, mugitua, urduria... beharren eta gaitasunen arabera, ingurune on bat eskaintzea proposatzen die psikomotrizistak helduei, aukerak ematea umeei esperientziak bizi ditzaten. “Bere inguruak den bezala onartzen duenean haurra, orduan aterako da haur hori modu errazenean aurrera”. Eta gozatzea, umeen hazierarekin: “Gurasoek ez dute euren haurrarekin lan egin behar; gurasoek, ahal duten lasaien egon eta gozatu egin behar dute”.

 

Futbolari, matematikari... eta, zer?

Estimulazio-teknika bat balioesteko, teknika horren bidez estimulatua izan den pertsona hori oso matematikari ona izatera iritsi dela erakusten duten ikerketa zientifikoak jarri ohi dira mahai gainean, nahiz eta jarraian onartzen den ezin dela frogatu metodoen bidezko estimulazioaren arrakasta. Ikerketa horien aurrean, “eta zer?”, galdetzen du Beñaranek. “Zoriontsu al da pertsona hori? Zertarako nahi dugu haurra matematikan lehena izatea?”. Haurrak harreman osasuntsuak eduki-tzea eta helduak beretik aportatzea lehenesten du psikomotrizistak, eta horretarako, haurra zaintzea eta inguru on bat eskaintzea proposatzen ditu “teknika” gisa.

 

Sekula musika klasikorik entzun ez duen amak sabelean daukan haurrari Mozart jartzea baino; edo bere semea Messi bat izan dadin haurra futbol akademia goiztiarretara eraman baino; edo 2 urterekin letrak ikas ditzan ahalegintzea baino, gurasoak norbere gustuko musika entzutea, nahi dutenean mendira joatea edo beren zaletasunez irakurtzea osasuntsuago ikusten du psikopedagogoak. “Logikoa eta interesgarria da guraso edo hezi-tzaileak bere zaletasunak haurrari transmititzea, mendizalea baldin bada mendira eramatea; baina beste gauza bat da plazeretik exijentziara eta inposiziora igarotzea”. Gozamenetik eta harremanetik, gurasoen zaletasunen artean gustuko zerbait aurkitzen badu umeak bere bidea egingo duela ikusten du Beñaranek. “Orduan, haurra bere gogotik eta iniziatibatik abiatuko da, eta agian iritsiko da matematikari on bat izatera, baina bera izango da hori aukeratzen duena.

 

 

Gizarte lehiakor honetan “onena” izan beharra

Gurasoek haurraren garuna estimulatzeko teknika eta metodoetara jotzen duten kasuetan, zer premia egon litekeen begiratzean, beldurra aipatzen du, alde batetik, Alvaro Beñaranek: “Beldur gara, gure seme-alabak atzera geldituko ote diren”. Atzera ez gelditzeko beldurrez abiatu eta beste muturrera jo dutenen kasuak ikusi ditu estimulazio-metodoetara jo duten guraso eta hezitzaile asko eta askoren artean, perfekzioa bilatzen duten helduen kasuak. 

 

Perfekzioaren bila gabiltzanean, batzuetan, oso lausoa izan liteke haurrarentzat onena nahi izatearen eta haurra onena izateko gurariaren arteko marra. Indibidualtasunaren eta indibidualismoaren artekoak lirudikeen bezain ñabarra. Alabaina, marraren alde batean eta bestean, oso bestelako balio eta ereduak ikusten ditu psikomotrizistak. “Haurra onena izan dadin nahi badugu, bestea baino hobea izatea nahi dugula esaten ari gara, eta errotik konpetibitatea ari gara bultzatzen”. Garuna estimulatzeko metodo zenbait gizarte lehiakor honekin hertsiki loturik ikusten ditu Beñaranek, eta indibidualtasunetik indibidualismorako jauziarekin lotzen ditu. “Indibidualismoaren logikaren arabera, badirudi ni izateko, bestea baino gehiago izan behar dudala, eta horrek berarekin dakar konpetitibitatea. Aldiz, indibidualtasunak norberari garrantzia ematen dio, baina taldea ere kontuan hartzen du, norbere identitatea eta taldearena koherente izan daitezen bilatzen baita elkarrekintzan”.

Haurra “besteak baino hobea izan dadin” estimulatzen dugunean, eskaera horrek ekar diezazkiokeen kostuez hausnartzeko beharra ikusten du Beñaranek. “Estimulatzen dugun haur horri zer eskatzen diogun pentsatu al dugu?”. Jarduerarekin gozatzea ez dela aski; saiatzea ere ez, ona izatea ere ez... onena izateak haurrari zer nolako exijentzia dakarkion azaldu du psikomotrizistak, berriro ere matematiketara joz. “Zergatik maite naute? Ona naizelako matematiketan. Beraz, oso ona izan behar dut matematiketan maiteko banaute’. Exijentzia  handia da hori haurrarentzat, zeren inkontzienteki hori da haurrari transmitituko diogun kontratua: ‘maiteko zaitugu ona baldin bazara, edo onena baldin bazara; horregatik gastatzen ditugu dirua eta denbora”.