Nazareth Holgado, kontsumobideko plangintza, azterketa, informazio eta prestakuntzako arduraduna.

 

Publizitateak eta sare sozialek edertasun kanon jakin bat bultzatzen dute, eta gero eta handiagoa da pertsonen irudia eredu horren arabera desitxuratzeko joera. Garrantzitsua da haurrei eta gazteei hori guztia identifikatzeko tresnak eskaintzea. 

 

Kontsumorako prestakuntza da Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuaren eginkizun nagusietako bat, kontsumitzaileak modu kontzientean, arduratsuan eta jasangarrian aritu  egiteko daitezen. Eskoletan, gorputzaren gurtzatik eta estetikaren diktaduratik ihes egiteko gakoak eskaintzen dituzte, eta saio horien berri eman du Nazareth Holgadok. 

 

Publizitateak geure buruaz dugun irudian eragiten du, eta edertasun kanon zehatzak bultzatzen ditu. Horren gaineko hausnarketa bultzatu nahi al duzue?

Bai. Publizitateak presentzia handia du gure bizitzan, hainbat kanaletatik publiko guztiengana iristen da, eta, erosi behar dugunaz gain, nolakoak izan behar dugun eta nola jokatu behar dugun esaten digu. Oso ohikoa da publizitatean irudi sexualizatuak eta estereotipo estetikoak erabiltzea, eta gure helburua kontsumitzaileak horiek identifikatzeko eta haien eraginetik babesteko tresna propioak izatea da.

 

Etengabe jasotzen ditugu publizitate mezuak. Zein dira publizitateari ikuspegi kritikotik begiratzeko gakoak?

Bi ideia azpimarratzen saiatzen gara: lehenik, pertsona bakoitza bakarra dela eta, bigarrenik, publizitatearen estereotipoek pertsonak objektu bihurtzen dituztela.

 

Mezu eta irudi horietan jasotzen duguna manipulatuta dago maiz. Horren jakitun al dira haurrak eta gazteak? 

Ez. Eta oso kaltegarria izan daiteke haien autoestimuarentzat eta osasun mentalarentzat. Jarduera espezifiko bat dugu horretaz konturatu daitezen: neska baten argazkiak argitaratzen duten arte jasaten duen hobekuntza prozesu osoa ikusten dugu. Hasierako eta amaierako argazkiek duten antza anekdotikoa da. Manipulazio hori ez da publizitatean soilik gertatzen, ordea; sare sozialetan ere, gero eta gehiago erabiltzen dira iragazkiak. 

 

Publizitate mezuak aztertzeko tresnak eskaintzen al dizkiezue ikasleei?

Publizitatearen eraginaren aurrean arduratsuak eta kritikoak izango diren pertsonak prestatu nahi ditugu. Eta, horretarako, gogoeta bultzatzen dugu. Iragarkiek eskaintzen duten produktuaz edo zerbitzuaz gain, “saltzen diguten mundu ideala” identifikatzeko gai izan daitezen nahi dugu.

 

Publizitatean, gizonak eta emakumeak ez dira modu berean agertzen, eta horri erreparatzearen garrantzia azpimarratzen duzue.

Bai. Bakoitzak dituen rolak aztertzen ditugu. Oraindik ere, sexuaren araberako rolak islatzen dira publizitatean: emakumeen kasuan, mendekotasuna, ahultasuna edota azalekoak izatea, adibidez; eta gizonak indartsu eta nagusitasuna erakutsiz agertzen dira. Bestalde, publizitate kanpaina asko menderatze egoerekin eta genero indarkeriarekin toleranteak izaten dira, bai eta jostailuen publizitatearen kasuan ere. 

 

Gizonek, dena den, gero eta presio handiagoa dute edertasun kanon horietara gerturatzeko. 

Gizonezkoen edertasun kanonak gero eta zorrotzagoak dira, ziur aski, eta euren osasunaz, egoera fisikoaz eta itxuraz gehiago arduratzen diren gizonak agertzen dira publizitatean. Sare sozialek ere gizonen edertasun estandarrak zehazten dituzte. 

 

Jabetzen al dira nerabeak gorputzaren gurtzak sortzen dituen arazo horiez guztiez?

Ikastetxeetan informazioa jasotzen dute, baina, batzuetan, adinaren arabera, publizitatearen eraginarekiko immuneak direla uste dute. Zenbat eta helduago izan, orduan eta kontzientzia handiagoa dugu publizitateak gorputz irudiaren pertzepzioan duen eraginaz, bai eta kontsumitzeko moduan duen botereaz ere.