Euren seme-alaba haurdunaldian edo erditu-ostean galdu duten Debagoieneko lau sendik dolu perinatalari buruzko blog bat sortu dute, egoera horretan egon litezkeen gurasoei bakarrik ez daudela erakusteko, “minetik, bizipenetik, esperientziatik eta esperantzatik laguntzeko”; barreneko min jasanezin hori baretu litekeelako.

 

 

Aintzanek Ihintza alaba galdu zuenean, Belenek honako hau esan zion: “ondo egotea posible da, ni orain hobeto nago”.  Ondo aski ulertzen zuen Belenek Aintzaneren egoera; hiru hilabete lehenago galdu zuen semea, Jakes. Bi biak goiztiar hil ziren; Ihintza, jaio aurretik, Aintzane 7 hilabeteko haurdun zela; eta Jakes, 7 hilabeterekin, jaio eta lau egunera. “Min eta tristura espiral beltz batean sartzen zara, eta ez duzu pentsatzen inoiz pixka bat hobeto egon zaitezkeenik”, dio gertakari hartatik ia lau urtera Aintzanek. “Niri Belenek eta Iratxek —Jakesen beste amak— ikaragarri lagundu zidaten”.

 

Kristinak eta Iñakik erditze ostean bertan, Xabi galdu zutenean, Ain-tzanek mezu bat bidali zien: “badakit orain gaizki zaudetela, baina min horretatik irten liteke”. Handik lau hilabetera, Ekaitz hil zen, Eider eta Ikerren semea; Xabi hil zen ospital berean, Arrasaten. “Emaginak eman zigun Kris eta Iñakiren berri, ezagutu genituen, eta oso positiboa izan zen; ulermen handia dago gure artean, eta oso gustura gaude elkarrekin; denbora guztian ez gaude triste, momentu batzuetan bai, hala egoteko beharra dugulako, baina handiena elkar ulertzea da”, azaldu du Ikerrek.

 

Belenek hasiko zuen kateak An-tzuolako elkarte bateko mahai baten bueltara ekarri ditu lau familiak, Jakes hil zenetik lau urtera. Ordu asko igaro dituzte gisa honetara hizketan, partekatzen, indarrak biltzen; hunkituta une batzuetan, lasaiago bestetan, adorez usu. Minaren espiraletik elkartsunaren katera egin zuten, eta gaur da eguna lau familiak “hobeto” daudena. Debagoienekoak dira laurak; Eider Otxoa, Iker Barandiaran, Ekaitz eta Markel semeak Aretxabaletakoak eta besteak, Antzuolakoak: Aintzane Irizar, Aitor Atxa eta Maren, Ihintza  eta Goiatz; Iratxe Vazquez eta Belen Azkarate eta Jakes, Ainhize eta Beñat; eta Kristina Pavo eta Iñaki Narbaiza eta Xabi eta Unai. Lau sendiak Jakes, Ihintza, Xabi eta Ekaitzen heriotzak elkartu zituen, eta orain, dolu perinatalaz argi eta zabal hitz egiteko eta informatzeko blog bat sortu dute. “Guri hitz egiteak, elkarri entzuteak, esperientziak eta informazioa partekatzeak  mina erlaxatzen lagundu digu —azaldu du Eiderrek—, eta horretarako da bloga, hitz egiteko”. www.guretxikixak.org du izena, eta dagoeneko, hasierako helburua bete du, Kristinak azaldu duenez: “Gura genuena zen gure egoeran dagoen edonork laguntza topatzea blog horretan, eta bakar bati balio izan badio blogak, bere helburua bete du”. 

 

Orain indarturik eta modu positiboan hitz egiten dute esperientzia gogor haiei buruz. “Ez dugu ahaztu eta ez dugu ahaztu  nahi”. Gainditu baino gehiago, galera horrekin bizitzen ikasi dutela dio Kristinak: “Nik neuk ez daukat oroitzapen txar bat, bihotzez esaten dut, horixe da sentitzen dudana orain: Xabirekin gogoratzen naiz eta ez daukat oroitzapen txar bat; kontrakoa, positiboa daukat”.

 

Hasiera bestelakoa izan zen, ordea, lau familientzat. Shock gisa deskribatzen dute euren seme-alabaren heriotzaren unea bera, eta hurrengo egunak “laino batean bezala” gogoratzen dituzte. “Lehenengo momentua shock bat da —kontatu du Aintzanek—. Momentu latzak izan ziren, benetan, deskribatzen asmatzen ez ditudanak“. Urak hautsita ingresatua zegoen ospitalean, eta laugarren egunean Ihintzari bihotza gelditu zitzaion. Aitor bikotekidea eta biak, alabarekin beharrean, haren errautsak potean hartuta itzuli ziren etxera. “Nik  une horretan  uste nuen nire bizitza handik aurrera horrela izango zela betirako, gaizki egongo nintzela beti aurrerantzean”.

 

Belenek eta Iratxek, berriz, jaiotza eta defuntzioa une berean erregistratu zituzten. “Gurea ez zen bat-batekoa izan: lau egun bizi izan zen Jakes. Hasieran animoak ematen nizkion. Gero apur bat hobera egin zuen, eta igual irtengo zela pentsatzen genuen, eta bere familia, aitona-amonak, herria, nolakoak diren azaltzen hasi ginen... baina gero ikusi genuen denbora kontua zela, eta agurtzen hasi ginen. Eskerrak eman genizkion gurekin egin zituen lau egunengatik. Gero, etxera itzultzean, ikaragarrizko hutsunea sentitzen duzu”. 

 

Eider eta Kristina erditu ostean hil ziren Ekaitz eta Xabi, hurrenez hurren. “Dena ondo zihoan, dena ondo zihoan, dena ondo zihoan, erditzea bukatu zen...” —hasi da kontatzen Eider—. “Eta handik pixka batera esan ziguten arnasa hartzen lagun-tzen ari zitzaizkiola, baina bazirudiela ez zuela arnasik hartzen, eta hil egin zela”, osatu du kontakizuna Ikerrek.

 

‘Shock’-aren ondoren, ukazioa, ezin onartua eta erruduntasun sentimendua  etorri ziren: “Zergatik guri?” “Zer egin dugu gaizki?”; “Nik ez dut ume bat edukitzeko balio...”  ‘Shock’-etik ezin ulertura, ukaziotik minera, bitarte horretan guztian nora eza deskribatzen dute, “galduta eta noraezean ibili ginen, geuk ere ez genuen ulertzen gertatu zitzaiguna” —kontatu du Aintzane—. Eta are handiagoa da jendearen ezin ulertua. “Sentitzen duzu inork ez duela zure mina ulertzen. Umea ezagutu ez dutenez, jende gehienarentzat ez baita beste heriotza batzuk bezain mingarria”. Ulermen falta horren erakusle da baten batek guztiei noizbait esan dien esaldia: “Edukiko duzu beste bat”. “Hori esate hutsa bera, lehenik eta behin, errespetu falta bat da hil den umearekiko —dio Eiderrek—. Beste bat bai,  baina guk seme edo alaba bat galdu dugu, beste bat izango dugu, baina hura ez, eta hori jendeak ez du ulertzen”. 

 

Egoera ulertzeko lehenik, eta onar-tzeko gero, laguntza profesionala bilatu zuen familia bakoitzak bere kabuz. Eskatuagatik ere, batzuei ukatu egin baitzieten babes psikologikoa ospitalean. Eider: “Ni josten ari zirela laguntza psikologikoa eskatu nuen, zeren banekien bizi izan nuena basakeria bat zela, baina ezetza eman ziguten”. Kristinak eta Iñakik Beso Hutsak-Brazos Vacíos heriotz perinatala artatzen duen osasun mentaleko ekipoaren arreta eskatu zuten, baina hura soilik arabarrentzat zela eta Gipuzkoan ez zegoela antzekorik, eta ukatu egin zieten laguntza.

 

Laguntza psikologikoa makulu biziki garrantzitsua izan da guztientzat dolubidea egiteko, eta gaur egun hobeto egon daitezen, “giltzarria” izan da zenbaiten kasuan. “Dolua guk egin dugu, baina bidelagunak behar izan ditugu. Galduta geunden, eta denok topatu ditugu profesional onak”, azaldu du Kristinak. Dolubidea min eta tristura bide bat da. “Egin beharreko bide bat da dolua —azaldu du Eiderrek—, min bide bat, bere prozesuekin”.

Maite denaren galerak sortzen duen minaren korapiloa egoki askatzen lagundu diete profesionalek, horixe baita dolu prozesuetan profesionalek egiten dutena. Minean gelditu baino, mina zeharkatzea da dolubidea egitea. Baina, horretarako,  minari loturiko emozio ugari bizi egin behar dira —samina, amorrua, beldurra, tristura...—. ”Nik neuk gaizki egoten lagateko eskatzen nien ingurukoei; min hori bizi egin behar nuen, bestela ezingo nuke aurrera egin”, azaldu du Aintzanek. Izan ere, doluaren helburua, samina askatzea da, emozioz hustutzea, ondoren berriro eraikitzeko eta ez minaren emozioetan trabaturik bizitzeko. 

 

Heriotz goiztiarren kasu askotan, ordea, mina eta dolua ezkutatu, isilarazi edo ahantzarazi egin dira denbora askoan. Doluaren helburua, alabaina, ez da, inolaz ere, galdutako pertsona ahaztea. Horregatik, lau familiek beharrezko ikusten dute gizarte mailan heriotz perinatalari buruz hitz egitea, eta dolubidean dauden familiak bakarrik ez daudela sentitzea.

 

Nork bere dolubidea egin behar du

Dolua haurra erraietan zeraman gurasoaren egitekoa soilik dela pentsatu izan ohi da askotan, baina familia hauek argi dute, bikoteen kasuan, kide biek egin behar dutela euren bidea. “Ez da geure barruan egon, baina geure ametsa ere galdu egin zen haurra galtzean”, azaldu du Ikerrek. Beste gurasoaren mina, haurra eduki ez duen beste amaren edo aitaren mina errebindikatzen dute Ikerrek eta Iñakik —Iratxe eta Aitor ez daude bileran—.  “Kristina zer moduz dago?”, galdetzen zioten Iñakiri kalean, Xabi hil ostean,  bera zer moduz zegoen itaundu gabe. “Eta orain ni jausten banaiz?”, galde-tzen zion, ordea, bere buruari Iñakik. Eurek ere euren dolua egin beharra izan dute, “bi dolu dira, bakoitzak berea egin behar du”, azaldu du Ikerrek. “Baina gu, ospitaletik bertatik hasita eta beste gauza askotan, egongo ez bagina bezala da askorentzat”.

 

Seme-alabaren dolua behin betiko itxi ondoren, beste etapa bat hasi dute lau familiek. Guztiek eduki dute beste ume bat heriotzaren ondoren. “Beste ume bat eduki aurretik zerratu ditugu motxila horiek, ez genion nahi hurrengo umeari motxila bat jarri”. Alabaina, haurra galdu osteko haurdunaldiak ez dira errazak izan,  arrisku psikologiko handiko haurdunaldi gisa deskribatzen dituzte bizi izandakoak, fisikoki ondo egonagatik ere, beldurrak hartzen baitu burua. Beldurra haurdunaldian zehar umea galduko ote duzun, baina bereziki erditzean galduko ote duzun, lehenago halako esperientzia bat bizi izan zutenen kasuan. “Ekaitz erditze baten ostean hil eta gero, ni ez nintzen kapaz beste erditze bat edukitzeko, are gehiago, jakin barik zehazki zergatik hil zen. ’Zu ondo zaude erditze fisiko baterako’, esaten zidaten, ordea, ginekologoek, baina ni ez nintzen ondo sentitzen. Zesarea bat edukiko nuela jakin nuenean ikaragarri lasaitu nin-
tzen”. Orain Markel aitaren besoetan dago, adi-adi, amak esaten duenaz jabetuko balitz bezala. Kristinak, Aintzanek eta Belenek ere primeran ulertzen dute Eiderrek bizi izan zuen beldurra. Belen, kasu,  zazpi hilabeterekin erditu zen berriro ere, “Ospitalean geundela, pultsazioak jaitsi egin zitzaizkion umeari eta ni hondoratu egin nintzen, ‘ez, berriro ez’, pentsatu nuen; Iratxek esan zidan orduan ‘benga Belen, Ainhize oraindik bizirik dago eta zure laguntza behar du’. Belarrondoko bat bezala izan zen, eta Ainhizerekin berriketan hasi nintzen, eta lau minututan epidurala jarri eta hankak lo hartu aurretik, kanpoan zegoen Ainhize. Hura poza!”.

Dolua osasuntsua izan dadin, edo okertu ez dadin, bederen, hainbat faktore zaindu behar direla diote haurra galdu duten gurasoek. Ospitaleko tratua nabarmentzen dute, lehen lehenik. Hango tratua giltzarrietako bat da ondoren egingo duten dolubiderako. Lau familiek alabaina, oso tratu diferentea jaso zuten ospitaleetan. 

 

Belenek eta Iratxek ospitalean bertan, Jakes artean bizi zela hasi zuten hura agurtzeko prozesua. “Nik familiako denei esan nien joateko ospitalera Jakes ikustera, bestela, fantasma bat izango zen gure semea beraientzat. Eta orain asko eskertzen dute ikusi izana”. Kristina eta Iñakirentzat urrea balio du Xabi agurtzeko aukera eduki izanak: “Garbi eta preparatuta ekarri ziguten umea, eta guk agur esan ahal izan genion Xabiri”. Eiderrek ordea ezin izan zuen Ekaitz ikusi, “eta hori ez bizi izanaren mina ikaragarria da”. Min horri, gainera, gertatu zenaren inguruan ospitalak erantzunik ez emateak sortuko ziena gehitu behar zitzaion.

 

“Ospitaleetan jarduera-
protokolo bat behar da”

Aintzane eta Aitor heriotz perinatala artatzeko jarduera-protokoloaren arabera hartu zituzten, Donostiako Ospitalean, eta batzuen eta besteen tratuaren arteko aldea ikusirik, guztiz beharrezko jotzen dute ospitaleek heriotza perinatalak artatzeko jarduera protokolo bat edukitzea. “Hasierako momentu gogorretan profesionalek zer egin behar duten jakiteak eta euren lana ondo egiteak gure mina ez du arinduko, baina ez du min handiagoa ekarriko, eta hori gauza handia da”, azaldu du Iñakik. Horrez gain, ospitaleko profesionalek (emaginek, ginekologoak, erizainak, pediatrak...) horrelako kasu baten aurrean nola jokatu behar duten aurrez lantzeak profesionalei eurei ere mesede handia egiten diela ikusi dute, momentuko nahasmenean, inprobisazioan ez erortzeko eta horrek ekar ditzakeen hutsegiteak ekiditeko. 

Debagoinean lortu dute jarduera protokolo bat irekitzea, familia hauen esperientziagatik eta euren insistentziagatik.

 

Ospitalak protokoloa izan ala ez, eurek bizi izan duten egoeran dauden gurasoentzako lagungarriak izan daitezkeen hainbat gomendio  bildu dituzte blogean, batzuk erietxeari begirakoak: heriotzaren albistea emateko modua eta unea zaintzea bermatu beharko litzateke, eta ez modu txarrean esatea —hauetako bati zeladore batek esan zion haurra hil egin zela—. Umea ikusteko aukera ematea gomendatzen dute, laguntza psikologikoa eskaintzea; haurra galdu duen familia gela batean bakarrik jartzea, alboan ume jaio berri bat duen familiarik gabe; haurrari argazkiak egitea; uneoro haurrarekiko jokabide zuzena izatea langileek...

 

Ingurukoentzat ere badute gomendio-sorta bat, mina uler-tzen laguntzeko, edo bederen, berau ez gutxiesteko:  Onartu ezin duzula euren mina kendu, baina bai konpartitu; Zuen benetako ardura eta maitasuna adierazi; erabili umearen izena; ez pentsatu umearen adinak familian heriotza horrek izango duen balioa eta inpaktua zehazten duenik;  ez esan badakizula nola sentitzen diren, ez baduzu antzeko egoera bat bizi izan... (gehiago www.guretxikixak.org gomendioen atalean)

---

Guretxikixak.org: heriotza perinatalari buruzko bloga

 

www.guretxikixak.org dolu perinatalari buruzko blog bat da, Debagoieneko lau familia hauek sortu dutena. Elkar ezagutzeak eta elkarrekin euren esperientziak konpartitzeak eman dien laguntzatik sortu dute bloga, indar hori eta ezagupen osoa beste batzuen laguntzarako izan dadin. Egoera hori beraien larruan bizi izan duten guraso batzuek beste gurasoei bakarrik ez daudela erakutsi eta argi apur bat emateko asmotan sortu dute “minetik, bizipenetik, esperientziatik eta esperantzatik laguntzeko asmoz”.

 

Dolu prozesua bizitzen ari direnei edo haien ingurukoei zuzendurik dago web orria, baina gaiaz interesa izan dezakeen edonorentzat, eta bereziki profesionalentzat oso baliogarria den informazioa biltzen du, hala nola, seme-alaben heriotzaren aurrean gurasoek dituzten eskubideei buruzko informazioa dago, lagungarriak izan daitezkeen artikulu-bilduma, liburu, interneteko lotura, txosten eta ikus-entzunezkoak; elkarteei buruzko informazioa dago eta ingurukoek nahiz ospitalekoek kontuan hartzeko gomendio sorta zabala ere eskaintzen du.

Horrez guztiaz gain, haurra galdu duten gurasoen esperientziak irakur daitezke, eta inor kasu horretan egongo balitz, berea zabaltzeko aukera ere izango luke.