Asier Huegun EHUko Pedagogiako eta Gizarte
Hezkuntzako irakaslearen arabera, esperientziak
bizitzeko denbora eta espazioa izan beharko luke
aisialdiak: “Esperientzia esanguratsuak bizitzea beharrezkoa da pertsona izateko, haur, gazte zein heldu izan”

Aisialdiko jarduera asko, espazio itxietan, helduek gidatuak, programatuak eta ordainduak izaten dira. Hori al da aisialdiaren zentzua?

Ez. Esperientziak bizitzeko denbora eta espazioa izan beharko luke aisialdiak. Esperientzia esanguratsuak bizitzea beharrezkoa da pertsona izateko, haur, gazte zein heldu izan. Ideia hori dago aisialdi hezitzailearen oinarrian. Gaur egun hori dezente galdu da eta, seguruenik, gure paradigma kulturalen eta inertziaren ondorioz, denbora okupatuta eduki-tzea bihurtu da aisialdiaren helburu. Sistema ekonomikoaren ondorioz, gurasoek denbora hartuta dute, eta horrek haur eta gazteen aisialdian du eragina. Alde batetik, ez dago gaizki denbora librea antolatzea eta gauzak sortzea denbora betetzeko. Euskal Herrian oso garrantzitsua izan da dinamizazio sozio-kulturala, pertsonaren garapenerako beharrezkoa dena. Baina neurriz kanpo gertatzen denean, eztanda egiten du. Gauza asko antolatzen dira, baina batzutan zentzurik gabe. Batetik, ekintza asko egiten dira, eta bestetik, programazioak oso zurrunak izaten dira.

 

Aisialdi hezitzailearekin batera, badago beste aisialdi bat, informala, gizarteratze-prozesu natural  batekin loturikoa, kalearena. Hori asko galdu da. Kalea oso espazio inportantea da berez, baina galdu egin du sozializazio-espazioaren izaera; adin ezberdinetako haurrak nahasirik elkarrekin esperientziak bizitzeko lekua zen garai batean. Kalean berez sortzen diren mekanismo sozialak ere galdu dira: gauzak elkarrekin sortzeko edota elkarrekin aspertzeko haurrek zuten eremua zen kalea.

 

Kaleak balioa galtzearekin batera, aldatu egin da aisialdiko jardueren zentzua, eta, badirudi, zenbait jardueraren helburua haurra gai horretan aditu bihurtzea dela.  

Hezkuntzan gaudenok ez dugu egoeraren irakurketa soziologikoa egiten, baina uste dut hori oso inportantea dela. Aisialdi mota horretan, haurra pintura edo musika ikastera joaten da, edo kirol hau edo bestea egitera. Hori zertarako egiten dugun galdetu beharko genuke. Beste gauza batzuk esperimentatzeko bitartekoa den ala ez; gure gizartean oso barneratua dagoen lehiakortasuna sustatzen den ala ez; horretaz gogoeta egin beharko genuke. Edozein komentariotan azaltzen da: “ikusi zeinen ondo egiten duen hau”, “ea noraino iristen den beste horretan...”. Kirolen kasuan, modu ohikoan egiten da, txapelketak direla medio. Kiroletan badago diskurtso bat, politikoki zuzena dena, elkartasunaz eta abarrez ari dena, baina praktika sozialak beste norabide batean doaz. Lehiaketarena eta aditu bilakatzearena oso zabalduta dago, zoritxarrez, aisialdi-eredu honetan.

 

Zer egin liteke horri buelta emateko? Jarduerei buelta eman eta sormena erabili bestelako gauzak egiteko. Ausardia puntu bat behar da, baina inertzia sozialen kontra egitea oso zaila da. Bi arlo landu beharko lirateke: batetik, aisialdi hezitzaileak dituen balioak azaldu, baina ez soilik hitzez, praktikan ere bai. Kontua da askotan badakigula zer egin nahi dugun baina ez nola. Esaterako, aisialdian haurren parte-hartzea nola landu? Kasuotan beharrezkoa da gogoeta egitea, bestela oso espazio zurrunak sortzen dira, non ekintzak besterik ez ditugu egiten. 

 

Bestetik, uste dut aisialdiari falta zaiola ikuspegi soziala, hau da, haur eta gazteen aisialdian oso gauza itxiak egiten dira. Auzolana edo garapen komunitarioa oso errotuta dago gurean; hasi dira esperientzia batzuk egiten hemen inguruan, aisialdi elkarteak herriari edo auzoari ekartzen dion onura sozialaren ikuspegitik. Horrela, agian, gainditu daitezke inertziak. Eta, horrekin batera, herri ikuspegia eman behar zaio hezkuntzari. Uste dut hori herri txikietan egin daitekeela. Herria hezitzailea izan dadin zein mekanismo, zein egitura antolatu behar diren pentsatu behar dugu. Inertziak zurruntasunera garamatza.

 

Inertziak eta zurruntasuna aipatu dituzu alde batetik, eta bestetik, bizipenak eta esperientziak. Aisialdiko jarduera guztiak heldu batek gidatzen baditu eta espazio itxietan egiten badira, uztargarria al da hori bizipenekin eta esperientziak izatearekin?

Uztargarriak dira, bai. Baina horretarako helduen kontrol nahia alboratu beharra dago. Helduak (hezitzailea, irakaslea, gurasoa...) dena kontrolpean eduki nahi du, baina hezkuntza, bizitza bezala, askoz inprobisatuagoa da, zorionez; behar da ildo bat, egitasmo bat, baina horren barruan malgutasun handiagoz jokatu beharra dugu. Mamia landu, eta ez horrenbeste ekintza.

 

Gehiegizko zurruntasunak ere gauzak momentu zehatz horretan egin behar izatea ekartzen du; baina landu daitezke hezkuntza prozesu luze eta geldoak, oso interesgarriak direnak: iritziak entzun, erabakiak hartu, adostasuna bilatu... Prozesuari garrantzia ematen hasi behar dugu eta ez produktuari. 

 

Jarduera asko ordaindutakoak izaten dira. Horrek zer eragin du? Gogoeta nahikoa egiten al dugu horri buruz?

Uste dut ez dugula egiten; ez dugu pentsatzen aisialdiko ekintza horiek ordainduak izateak zer eragin duen, horrek zer nolako bazterketa soziala sor dezakeen ahalmen ekonomikoaren arabera.... Hori ere gizarte honen ondorioa da. Agian orain bizi dugun krisi, eredu aldaketa edo paradigma aldaketa honekin, aisialdiaren kontzeptua ere aldatu egingo da, eta sarean eta auzolanean gauzak egiten hasiko gara.  Aisialdia zerbitzu bihurtzen denean, aisialdiaren berezko ikuspegia galdu egiten
du.  

 

Aisialdia bizipenekin lotzen den neurrian, zer eragin du aisialdiko hizkuntza-ereduak haurren hizkun-tza-ohituretan?

Seguruenik, handia. Aisialdia bizipenekin lotzen dugu, alderdi informalarekin; eskola, berriz, alderdi formalarekin lotzen dugu, eta badakigu horrek zer emaitza ekartzen duen euskararen erabilerari dagokionez.

Hizkuntzak garrantzia handia du bizipenekin, alderdi informal horrekin, eta beharbada batean lortzen duguna (eskola) bestean galdu edo desagertu egiten da (aisialdia).

 

Arazoa estrukturala dela esango nuke, eta lotuko nuke eskolaz kanpoko edozein gizarte-eremurekin. Ez dago euskararen erabilpena bultzatzeko estrategiarik, ez dakigulako edo ez dugulako asmatu. Estrategia osoa euskararen ezagu-tzara bideratuta dago, baina erabilera sustatzeko estrategia orokorrik edo ildorik ez dago. Ez dakigu nola eragin. Eskolan lan handia egin da eta hor daude emaitzak, baina kalea, aisialdia eta bizitza bera askoz biziagoa da, zirrikituak hauteman behar dira.

 

Ez dugu muina ukitu: zein dira kalean eta testuinguru informaletan euskararen erabilera sustatzeko klabeak eta estrategiak? Ez dakigunez, hortxe gelditzen gara. Hala ere, aisialdian egiten dira gauza interesgarriak, eta indarra dago, baina atzean ez badago muin edo esentzia bat, kamuts gelditzen da.

 

Aisialdiari dagokionez, jarduerak aukeratzean — edo ez aukeratzea erabakitzen dugunean— lehiakortasuna, kontrola, zurruntasuna, hizkuntza... kontuan izan behar ditugula aipatu duzu. Zer gehiago jarriko zenuke mahai gainean?

Aukeratzen dugun horrek ekartzen duen onurari begiratu beharko genioke, eta ea jarduera horrek uzten duen aisialdi ez-programatua garatzeko denborarik. Alegia, haurrak denbora guztia, goiz eta arratsalde, okupatuta baldin badu, seguru ez dela onuragarria. Denbora librea beharrezkoa da, eta baita kalean sozializaziorako espazioak edukitzea ere.