Umearen beharrak, gaitasunak eta garapen ebolutiboa aintzat ­hartuko dituzten haur eskolak ­diseinatzeko, hainbat gako eman ­zituzten “ESPAZIOEN antolaketa haurraren autonomia garatzeko” jardunaldietan Joxe Ramon Mauduit psikologo eta prebentzioan adituak, Rosa Vidiella i Badell psikopedagogo eta espazioetan adituak eta ­Kristina Goñi eta Mari Jose ­Arozenak, hurrenez hurren, Baztan eta Oiartzungo  Udal Ikastola Partzuergoko zuzendariek. Haur eskolara joan aurretik, umeak iragaiten dituen espazioen berri eman zuen Mauduitek, kokagune bakoitzeko esperientziaren arabera egiten baitu hurrengo espaziora iristeko urratsa. Aroz aro ardatz hormonala, afektiboa eta korporala presente izan behar direla azaldu zuen. 

Espazioak haurraren garapena eta autonomia lagundu edo oztopatu dezake, diseinu eta antolaketa egokiaren edo okerraren arabera. Halaxe ikusi genuen hik hasi aldizkariaren 173. zenbakian, Lorea Jauregi irakaslearen tesiaren inguruan egindako 
erreportaian. Eta baita hik hasik antolaturiko Haur Hezkuntzako jardunaldietan ere, 
azaroan, Durangon eta Donostian, ESPAZIOen antolaketa haurraren autonomia garatzeko izenburupean egindako jardunaldietan. Alabaina, espazioak haurrak bere autonomia gara dezan egokitzeko, lehenik eta behin, umearen beharrak, gaitasunak eta garapen ebolutiboa oso ondo ezagutu behar ditu hezitzaileak. Joxe Ramon Mauduit psikologo eta prebentzioan adituak haurraren garapena zer nolakoa den azaldu zuen, espazioak bilakaera horren beharretara egokitu eta antolatu ahal izateko.
Haurtzaroari, eta, ondorioz, Haur Hezkuntzari, berebiziko garrantzia ematen dio Mauduitek. Bere aburuz, pertsona heldutasunera ondo irits dadin, umezaroan ezarri behar dira oinarriak, prebentzioa landu behar da, ondoren traumarik edo gaixotasunik tratatu beharrik ez izateko. Horretarako, txiki-txikitatik umeak dituen gaitasunetan sinestu behar dela dio, “historikoki, haurtxoak batez ere, pasibo, ez sozial eta autista biologiko gisa hartzen ziren interakzioarekiko; gaur egun, ordea, badakigu jakin ere, haurtxoak hautematen duela, komunikatu egiten dela, soziala dela, besteekiko lotzen dela, intersubjektiboa dela, autoerregulatua eta auto-organizatua dela”.
Abiapuntuan, beraz, haurraren gaitasunetan konfiantza eduki behar dela dio psikologoak,  baina baita hezitzaileak ere bere buruarengan: “Hezitzaileak eduki dezala konfiantza eta autoestimua bere buruarengan, eta gabeziaren bat edo mugaren bat  dugunean, irtenbideak bilatu beharko ditugu, beste hezitzaileekin hitz eginez soluzioa bilatuko zaio egoerari, hezitzaileek dituzten beharrak, arazoak eta kezkak mahai gainean jarriz; hori egin ezean, guk ezartzen dugun koraza edo oskolak —nork bere buruaren defentsarako sortzen duen oskola psikiko eta gorputzekoak— haurraren garapena eta gaitasuna mugatu eta murriztu dezakeela presente eduki behar dugu beti”.
Nor bere lekuan kokatzen hasteko, hezitzailearen rolaz eta gurasoenaz hausnarketa txiki bat egin zuen Mauduitek, ondoren espazio desberdinei buruz mintzatzeko. Haurraren garapenean eta bilaketan haren lagun egitea da hezitzailearen egitekoa, Mauduiten arabera: lagun egitea eta jarraipena egitea. Haur eskolako hezitzaile guztiek irizpideak bateraturik eduki behar dituztela nabarmendu zuen. “Hezitzaileen lana baina, ez da haurrarengana mugatzen”, gurasoak ere oso kontuan izan behar ditu, Mauduiten irudiko, “hezitzaileak adostuak dituzten irizpideak azaldu behar dizkio gurasoari”. Horrez gain, eta gurasoei begira baita ere, psikologoak ikusten du hezitzaileak ekarpen handia egin dezakeela berak izan dezakeen informazio guztia gurasoei zabaltzen eta sentsibilizatzen; eta informazioa beste norabidean etortzeak ere, hau da, aita-amek euren haurrari buruz duten informazioa hezitzaileari emateak ere, gauzak asko errazten dituela azaldu zuen prebentzioan aditua den psikologoak.
Gurasoen esku hartzeari dagokionez, haurraren garapenean zeharka esku hartu behar dutela dio, garai bakoitzean haurra nondik lagundu behar duten jakin behar dutela  –barrenetik lehenengo, ondotik gero, eta atzealdetik hirugarrenik—. Guraso izateko egitekoan, aitek eta amek, gaur egun, laguntza behar dutela nabarmentzen du 
psikologoak, bakardadean ezin baitute hausnartu gertatzen zaien horri buruz. Horregatik, bere hitzaldi osoan nabarmendu zuen hezitzaileen eta gurasoen arteko komunikazioaren garrantzia:  “Haurrak hezitzailea erreferentziazko pertsonatzat har dezan, errespetuzko heziketa nahi badugu, gurasoen eta hezitzaileen arteko komunikazioak aberatsa eta konfiantzazkoa izan behar du, horrek segurtasuna eta lasaitasuna emango baitizkio umeari”.
 
 “Ezin da espazioa antolatu eta diseinatu haurraren garapena eta premiak ezagutu gabe”, adierazi zuen Mauduitek, hitzaldiaren sarreran. “Haurra kontuan izan behar da, bada, haur eskolako espazioak diseinatu eta antolatzeko garaian, bere gorputza nola osatzen ari den ezagutu behar da, tokiak umearen heltze prozesuari erantzun behar baitio”. Haurraren garapenari buruzko ezagutza beharrezkoa da, beraz, espazioaz hausnartzeko eta, horretarako, haurra bera behatzeak emango dio helduari informazio handiena, haren adierazpenak entzunez —hitzezkoak nola gorputzezkoak— erantzun ahal izango die ondoen haurraren premiei, eta egokitu ahal izango du ondoen bere eskura dagoen espazioa.
Haurraren garapenari eta premiei dagokienez, kontuan izan beharreko hiru ardatz edo behaketa-gune aipatu zituen hizlariak. Hezitzaileak garai desberdinetan oso kontuan izan beharko dituen hiru ardatz dira:
-Ardatz hormonala: ingurune, elikadura eta estimulazio egokia behar da hormonen jarioa egokia izan dadin. Hipotalamoak eta glandula pituitarioak hainbat hormona jariatzen dituzte. Hipotalamoa garunean kokatzen da, eta nerbio-sistema autonomoaren funtsezko egitura da.
-Ardatz afektiboa: umeak behar afektiboak aseak izan ezean zail izango du aurrera urratsak egitea. Behar afektiboa, lehenik eta behin, gurasoek aseko diote, haien bidez egingo baitu munduranzko sarrera. Haur eskolan, ordea, ardatz afektiboari loturiko premiak kontuan izan behar ditu hezitzaileak, eta haurra hartzeko, tratatzeko eta ukitzeko modua, hau da harremana, zaindu egin beharko du adin guztietan. Harremana loturak eta banatzeak osatzen dute, eta bi alorrak zaindu behar ditu helduak. Haurraren eta helduaren arteko harremanaren eta egoera psikoafektiboaren inguruan kontzientzia handia eduki behar dela dio Mauduitek, haurrak sentitu egin behar du bere ingurunean kontuan hartzen dutela eta errekonozitua dela. 
-Ardatz korporala: hezitzaileak uneoro kontuan izan behar du haurra —haren gorputza— osatzen eta hazten ari dela. Jaiotzen den unetik beretik nerbio sistema garatzen ari dela, eremu motorra,  zentzumen guztien eremua —ikusmena, usaimena, entzumena, ukimena eta dastamena— lantzen ari dela, baita mintzamenarena eta eremu psikomotorra ere;  hezur egitura osatzen ari dela kontuan izan behar da, eta integrazio sentsoriala bizitzen ari dela, hau da, ingurunetik eta gorputzaren esperientziatik datozen sentsazioak ulertzen eta ordenatzen ari da haurra, eta osoki, gorputz eta buru, hurrengo urratsak emateko prestatzen ariko da. Hasieratik beraz, garapen integratua bizi izan dezan, aukerak eman behar zaizkio ume jaio berriari. 
Haur eskolako espaziora iritsi aurretik, umea hainbat espaziotatik igaroko da, eta espazio bakoitzeko esperientziak hurrengoaren aurrean kokatuko du; horrela joango da haurra, umetokiko espaziotik haur eskolara eta gero mundu zabalera, kokapen bat bilatzen. “Munduan norbere lekua bilatzeko eta norberak egoki ikusten duen espazioa betetzeko, arreta eta maitasuna behar ditu umeak jaiotzen den unetik beretik”, Mauduiten arabera. “Haurra bere garapenaren protagonista izan behar da, bere gorputzaren bizipenak sentitu, behatu eta integratu behar ditu, horrek lagunduko dio 
ekintzak ulertzen eta kokatzen”. Mauduitek espazioaren inguruko hausnarketa bizitza esperientziarekin lotzen du erabat: “Gutako bakoitzak munduan lortu duen espazioa gure haurtzaroko esperientziaren araberakoa da. Garrantzitsua da barne-espazioa (gorputza eta bere bizipenak) eta kanpo espazioa esploratzea, haurraren nahiak eta erritmoak errespetatuz”.
Bost espazioren berri eman zuen psikologoak, haurrak bere bizitzako lehen hiru urteetan bere izate eta pertsonaren oinarriak ezarriko dituen urteetan igaroko dituen espazioak.
Lehen espazioa: utero barrukoa
Umeak bizi eta sentituko dituen lehen esperientziak utero barrukoak dira, eta esperientzia horrek, dagoeneko, ondorioak izan ditzake, esaterako, esperientzia estresatu bat bizi duenean. Beraz, utero barruko estresa saihestea izango da lehen egitekoa, ama —bikotea— lasaitasunera eta arnas erritmo egokietara ekarriz. Amaren gorputza haurrari leku egiten ari zaion bezala, gurasoek ere, sinbolikoki, aurki jaioko den haurrari lekua egin behar diote, habia prestatu behar dute. Etapa honetan gurasoek euren emozioei arreta jar diezaieten gomendatzen du, datorrenaren aurrean konfiantza eduki dezatela gurasoek.
Garai berean, uteroz kanpoko lehen espazioa izan behar dena prestatu behar dute gurasoek: etxea. Horixe izango da haurrak lehenengo esploratuko duen lekua. Habiaren goxotasunari lehentasuna eman behar diote gurasoek, intimitatea eta komunikazioa erraztuko dituen lekua izan behar du, eta estimulu maila haurraren mailara eta gaitasunera egokitu behar da. Lehen errepresentazio espaziala etxean bertan egingo du haurrak eta, horregatik, oso inportantea da etxea ondo ezagutzea, eta etxeko gauzetan parte hartzen uztea eta integratua sentiaraztea.
Bigarren espazioa: erditze-jaiotzearen esperientzia
 Oso ondo zaindu beharrekoa da erditze-jaiotzeko esperientzia, kasu askotan esperientzia horretako ondorio negatiboak arrastaka eramaten baitituzte umeek, trauma gisa, erditze zailen ondorioz, baina baita gurasoek ere —bereziki amek— ; une horretako esperientzia bat edo beste izan, sarri jarrera bat edo beste hartuko dute, jarrera protekzionistagoa adibidez. Erditzea ezagutzeak, beraz, haurrari buruzko informazioa eman dezake zenbait kasutan.
Behin haurra munduratutakoan, haurraren eta gurasoen erritmoak uztartzea 
izango da lehen egitekoa, lehen harremana finkatzea. Gurasoen lasaitasunak konfiantza emango dio haurrari, mundua ezagutzen eta munduarekiko konfiantza hartzen hasten baita lehen hilabeteetan.
Hirugarren espazioa: 3. hilabetetik 9. hilabetera
Haurra oraindik ere garatzen ari da. Azken zerbikalak garatuko ditu etapa honetan, eta, era berean, integrazio sentsoriala landuko du, begien eta eskuen arteko koordinazioa lantzen ari baita. Fase honetan lurrak duen garrantzia nabarmendu du Mauduitek: “Lurra garrantzizko erreferentzia bihurtuko da, lurraren bitartez kokatzen baitute haurrek beren bertikaltasuna. Lurrarekin kontaktuan delarik, gorputza biratzen hasiko da haurra, eta aurrera eta atzera arrastan ibiltzen, esertzen eta lau hankatan ibiltzen gero”. Lurrak egokia izan behar du horretarako.
Haurra hirugarren etapan honetan dagoenean hasten da, kasu askotan, haur eskolan. Mauduitek ohartarazten du, alabaina, haurraren heldutasun-premia ez datorrela bat ingurune berriak eskatzen dion heldutasun mailarekin. “Oso ondo zaindu behar da egokitzapena, haurrak amarengandik banatzean aldaketa bortitzik jasan ez dezan”. Familiaren eta haur eskolaren arteko koordinazioa, komunikazioa eta konfiantza beharrezkotzat jotzen ditu egokitzapen hori egokia izan dadin.
Etxetik haur eskolara igarota, han ere lurrak garrantzia izan beharko lukeela dio Mauduitek. “Lurra erreferentzia izango da, haurrak beren mugimenduak koordinatzen hasten dira, eta organoak ere beren lekuan jartzen joango dira. Aukera ematen baldin bazaio, haurra bere gaitasunak garatzen hasten da”. Aukerak ematea espazioak prestatzea da, bere mugimendua egiteko eta gorputza osatzeko aukera emango dioten espazioak prestatzea. Haurrak etzaulkietan geldi eduki beharrean, lurrean edukitzeak umeek senti dezaketen eta hezitzaileek transmititu diezaieketen estresa saihesten duela azaldu zuen Mauduitek. “Haurrak lurrean gaitasunak abian jartzen ditu, eta baita ikertzeko gaitasuna ere; eta noski, lasaiago egoten dira egoera horretan”. 
Laugarren espazioa: 9.etik 36. hilabetera
Haurraren garapenari dagokionez, garai honetan gorputz-egituraren koordinazio globala lantzen ari da haurra, gerri-ornoen, pelbisaren eta hanken egituratze bioenergetikoa garatzen ari da, esfinterra kontrolatzeko gaitasuna garatuko du, eta sexu-organoak ernatuz joango dira. Lau hankatan ibiltzetik, apurka-apurka, kukubilko egotera igaroko da, bi hanken gainean egotera gero, eta oinez eta korrika egiten hasiko da ondoren. 
Haur eskolako espazioan egonagatik ere, ardatz afektiboa ez dela ahaztu behar dio psikologoak. Ardatz afektiboa, lehenik eta behin, amak eta aitak osatuko diote, eta ondoren, gurasoengan duen segurtasun hori guztia hezitzailearengan erreflejaturik ikusiko du umeak, gurasoen eta hezitzaileen artean komunikazio ona dagoela sentitzen duen neurrian. Haurrarentzat haur eskolako esperientzia gogorra izan ohi da, ez soilik gurasoen eskutik hezitzaileen eskuetara igarotzen delako, baita beste haurrekin elkarrekintzan hasten delako ere. Haurrak etxean hainbat gaitasun dituela frogatu badu 
ere, haur eskolan besteen esperientziak ikusten ditu, eta sarri konparazioan sentituko da, besteek egiten duten hori ezin dutela egin sentituz. Hori izaten da haur eskolara ez joan nahi izateko arrazoietako bat; etxean seguritatea eta konfiantza berreskuratu ostean itzuli ohi dira gustura haur eskolara. “Baina gurasoek eta hezitzaileek tarte hori errespetatzen ez badute, estres uneak bizi izaten ditu umeak”.
Garai honetan haurrak bizi duen aldaketa oso handia denez, etxean gertatzen dena eta amatasuna bera ulertzea eta babesa ematea eskatzen die hezitzaileei. “Umea ondoen bere gurasoekin dagoela ulertu behar dugu; beraz, hezitzaileak oso gertu egon behar du gurasoengandik”.
Bosgarren espazioa: 36. hilabetetik aurrera
Etapa honetan ama inkorporatua dauka haurrak dagoeneko; “ama, zu gelditu etxean” esaten hasten den garai hori izan ohi da, hau da, sozializazio garaia. 
Mauduitek azaldu zuenez, haurra espazio berrietara ondo egokituko da, unean uneko kokapena ondo egiten bada, hau da, bere oinarrizko premiak ondo ase baldin badira, eta bere gorputza eta ingurua esploratzeko aukera eman baldin bazaio. “Biziaren hasiera-hasieratik, esperientzia bakoitza ondo integratuz joan den neurrian emango du hurrengo espaziora bidean urratsa”.