288 znb | Ekarpena

 

Irakaslea funtsezko erreferentzia da haurren garapen kognitiboan, sozialean eta emozionalean, eta irakasleen eta ikasleen arteko harremanak berebiziko garrantzia du haurren garapenean. Hortaz, garrantzitsua da irakasleek ikasleekin lotura afektiboak eraikitzea eta ikasgelan seguru senti daitezen lortzea. 

 

Gizakiok lehenbiziko lotura emozionalak haurrekiko inplikaziorik handiena eta jarraituena duten pertsonekin ezartzen ditugu (normalean, pertsona horiek zaintzaileak izaten dira). Halaber, haurrak euren garapen testuinguruak dibertsifikatzen joaten diren heinean, testuinguru horietan sortzen diren pertsonen arteko harremanak esanguratsuak izaten dira, garapen afektiboari dagokionez. Aipatutako testuinguru horien artean, jakina, eskola dago. Haurrek ordu kopuru handia igarotzen dute eskolan, eta, gainera, gero eta goizago hasten dira.

Sarri eredu produktibista eta akademiko hutsera mugatu den arren, eskola ikasleek bizitzarako gaitasunak ikas ditzaten funtsezko ingurune gisa identifikatu izan da hainbat ikerketatan; izan ere, alderdi sozio-emozionala eta jokabideak eraikitzeko ongi hornitutako sozializazio testuingurua da. Aldi berean, berriki, haurren garapen sozio-afektiboa hezkuntza sistemaren xedeen artean jaso da, Haur Hezkuntzan zein Lehen Hezkuntzan. Horrenbestez, badirudi zentzuzkoa dela ondorioztatzea irakasleen rolak berebiziko eragina izango duela ikasleen garapen sozialean eta garapen pertsonalean.

 

Irakaslearen rola ikasleen garapen sozio-emozionalean

Ikerlan ugaritan, ikertzaileak bat datoz honetan: zaintzaile helduek haurrei ematen dieten sostengua eta lotura emozionala ezinbestekoak dira haurren garapen osasuntsua lortzeko. Esparru horretan, irakaslea funtsezko erreferentzia gisa hartu izan da haurren garapen kognitiborako, sozialerako eta emozionalerako. 

Egun adituen artean eztabaidak jarraitzen duen arren, oraino ez dago argi irakasleek atxikimendu erreferentzien hierarkian rol jakin bat betetzen duten ala ez. Aitzitik, ukaezina da irakasleek haurren garapen sozio-afektiboan duten eragina. Alderdi horietan oinarrituta, argi esan daiteke ikasleen eta irakaslearen arteko harremanak atxikimendu osagaiak dituela. Haurrak irakaslearengana jotzen du sostengu bila; atxikimendu horrek portaera soziala sustatzen du, eta emozioen erregulazio prozesuak gidatzen ditu. Izan ere, irakasleak, askotan, oinarri seguru moduan jokatzen du, eta haurrak harengana joaten dira une estresagarrietan kontsolamendu bila. Orobat, irakaslea sostengu iturri gisa aritu daiteke, ikasleek mundu sozialean araka dezaten eta elkarri eragin diezaioten. Hau da, irakasleen eta ikasleen arteko harremana oso garrantzitsua da, haurrengan eragina izateko. Hortaz, harreman hori garapenaren alderdi gisa hartu behar da, ezinbestean.

Irakasleek ez dute zertan atxikimendu erreferentziaren papera euren gain hartu, baina, haurrak gelan onartuak eta seguru sentitzea nahi badugu, konfiantza senti dezaten saiatu behar dute irakasleek, eta haien segurtasun emozionala indartzen lagundu. Horri dagokionez, segurtasun emozionala sustatzen duen eredu positibo bilakatu daiteke irakasleak haurrekin sortzen duen elkarreragin mota. Halaber, irakaslearekiko loturaren kalitateak eragina izango du haurren enpatian, garapen sozialean, ikasgelan duten jokabidean eta baita haien gaitasun kognitiboetan ere.

 

Ikasleen eta irakasleen arteko elkarreragina, atxikimendu moten arabera

Gaitasun emozionalak haurtzaroan ikasten dira, familia eta eskola testuinguruetan. Eskolan, irakasleak erreferentzia moduan jokatzen du, eta haren jokaera funtsezkoa izaten da haurraren garapen egokirako. Hori dela eta, beharrezkoa da irakasleen eta ikasleen arteko harremanak sakon aztertzea.

 


"Euren erreferentziazko pertsonarekiko atxikimendu segurua duten haurrek irakasleekin modu seguruagoan erlazionatzeko joera izango dute"


 

Irakaslearen eta haurraren artean ezartzen diren elkarreragin prozesuak bi noranzkokoak dira, eta bataren eta bestearen ezaugarriek elkarri eragiten diote. Loturaren kalitatea, nolabait, irakaslearen ezaugarrien mende egongo da: esate baterako, haren historia pertsonalaren, pertzepzioen edo ikaslearekiko dituen espektatiben mende. Era berean, haurrak erreferentziazko pertsonarekin duen atxikimendu motaren arabera, ikasgelan irakaslearekin zein parekoekin erlazionatzeko duen modua era batekoa edo bestekoa izango da.

Euren erreferentziazko pertsonarekiko atxikimendu segurua finkatu duten haurrek irakasleekin modu seguruagoan erlazionatzeko joera izango dute. Orobat, elkarreragin positiboagoak ezarriko dituzte euren ikaskideekin, ikasgelako integrazio maila altuagoa izango da, eta egokitze akademiko eta sozial hobea erakutsiko dute. Horrek erraztu egingo du ikasleek irakasleak enpatikoagotzat zein trebeagotzat hartzeko joera izatea.

Segurtasun faltan zein konfiantza faltan oinarritutako atxikimendu ereduak garatu direnean, irakasleak, bere interakzio positiboaren bidez, harreman eredu alternatiboa sortu dezake. Halakoetan, irakaslearekin ezartzen den harreman positibo hori sendotzen bada, babes faktore bikoitz bihurtu daiteke, eta babes edo prebentzio harreman bilakatu. Horrek, alde batetik, atxikimendu ez-seguruen ondorio negatiboak konpentsa daitezen lagundu dezake, eta, bestetik, atxikimendu ez-segurua duten ikasleak irakaslearekin duten elkarreragin egokiaz balia daitezke eskolako doitze soziala zein doitze akademikoa hobetzeko. Gainera, irakasleen zeregina bereziki esanguratsua da tratu txar, abandonu edo arduragabekeria kasuetan.

 


"Irakasleek ikasleekin ezarritako interakzioak harreman eredu positibo bihurtu daitezen, alderdi hauek hartu behar ditu: sentikortasuna, eskuragarritasuna eta koherentzia"


 

Nola sustatu ikasleen segurtasun emozionala ikasgelan

Orokorrean, Haur Hezkuntzako irakasleek beste ezeri baino denbora gehiago eta ahalegin handiagoa eskaintzen diote ikasleekin kalitate oneko harremanak ezartzeari. Aitzitik, gainerako hezkuntza etapetan, irakasleek ardura handiagoa jartzen dute ezagutza akademikoak eskaintzean. Lehenengo irakasleekin ezartzen den interakzioaren kalitateak eragina izango du hurrengo ikasturteetako irakasleekiko harremanetan. Elkarrekintzaren kalitate horren garrantzian oinarrituta, Roman eta Morgado (2022) egileek proposatzen dute lehen urteetatik aurrera ere adin txikikoekin harreman positiboak sustatzeko ahalegina egiten jarraitzea. Horretarako, eskolan haurren segurtasun emozionala sustatzen lagundu dezaketen hainbat jarraibide iradokitzen dituzte: 

- Irakasleek kontzientzia hartu behar dute euren jardunaren garrantziaz. Irakasleak harremanetarako eredu direla jakitea eta interakzio positiboen onurak ezagutzea dakar horrek.

- Irakasleen berezko ezaugarriek ikasleekin ezartzen duten harremanean duten eragina dela eta, gomendagarria da norberaren espektatibei buruz eta ikasleekiko elkarrekintza estiloei buruz gogoeta egitea. Halaber, ezinbestekoa da irakasleen eta ikasleen arteko harremanak hobetzeko ahalegin esanguratsua egitea, zaurgarritasun egoeran edo arriskuan dauden umeekin batik bat. Interakzio positibo horiek onura handia ekarriko diete arrisku emozional, sozial edo akademikoren bat duten ikasleei.

- Irakasleek harremanen batuketaren emaitza gisa ulertu behar dute ikasleen jokabidea. Eta jokabide hori hezkuntzako profesionalek ikasleen beharrizanekiko duten sentikortasunari esker hobetu daiteke. 

- Irakasleak, ikasleekin ezarritako interakzioak harreman eredu positibo bihurtu daitezen, alderdi hauek hartu behar ditu kontuan: sentikortasuna, eskuragarritasuna eta koherentzia. Irakasleak entzuten badaki eta hurbilerraza, motibatzailea eta ulerkorra bada, hobera egingo du harreman horren kalitateak. Eta berdin elkarreragin positibo ugari eta indibidualizatuak sustatzen dituen heinean ere.

- Irakasleek ikasleari bere buruaren irudi positiboa eraikitzen lagundu diezaiokete, laguntza emanez, kasu bakoitzari egokitutako lorpen espektatibak sortuz eta onartua senti dadin saiatuz.

- Irakasleek haurren integrazioa sustatu behar dute parekoen taldean, besteenganako konfiantza indartuz; atxikimendu ez-segurua duten haurren kasuan bereziki.

- Eskolan hasteak egoera zaurgarria ekar diezaioke haurrari, ordura arteko atxikimendu erreferentziatik bereizteak larritasuna sortu diezaiokeelako. Hortaz, ikasle bakoitzaren egokitzapen erritmoa errespetatu behar da, bereziki Haur Hezkuntzan eta etapa batetik besterako trantsizioetan.

- Oso gomendagarria da ikastetxeak irakasleen eta ikasleen arteko harremanaren kalitatea hobetzen laguntzea, kideen artean giro positiboa eta goxoa sustatuz.

- Ratio baxuak izateak hurbilagoko harremanak errazten ditu. Irakasleek zenbat eta ikasle gutxiagori arreta eskaini behar izan, orduan eta denbora gehiago eskaini ahal izango diote ikasle bakoitzari, eta elkarreraginen inplikazioa eta maiztasuna areagotuko dira horrela.

- Komenigarria da familiekin harreman egokiak eta konfiantza giroa sustatzea eta ikastetxea ezagutu dezaten bultzatzea.

 


"Hainbat ikerketek berretsi dute irakasleek oinarri seguru gisa eta babesleku seguru gisa betetzen duten funtzioak ikasleen segurtasun emozionala sustatzen duela. Hori dela eta, irakasleen kolektiboak duen erantzukizuna onartu behar du"


 

Ondorioak

Eskolan haurtzaroko garapen sozio-emozionalari egiten zaion ekarpena jasotzen da indarrean dagoen araudian eta hori bultzatzea irakasleen funtzioetako bat dela zehazten da. LOMLOE legean, zehazki, hezkuntza emozionala hezkuntzako curriculumaren oinarri pedagogiko gisa eta funtsezko gaitasun gisa hartzen da. Gainera, hainbat ikerketak berretsi dute irakasleek oinarri seguru gisa eta babesleku seguru gisa betetzen duten funtzioak ikasleen segurtasun emozionala sustatzen duela. Hori dela eta, irakasleen kolektiboak duen erantzukizuna onartu behar da. Haurrentzat, harreman eredu bihurtzen da irakasleekiko elkarrekintza, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan bereziki. 

Hezkuntza testuinguruan ezartzen diren elkarreragin motak modu esanguratsuan eragingo du ikasleen hainbat alderditan: jarreretan, alderdi emozionalean, alderdi kognitiboan eta jokabideetan.

 


Erreferentzia bibliografikoak

BERGIN, Christi; BERGIN, David (2009). “Attachment in the Classroom”, in Educational Psychology Review 21: 141–170. https://doi.org/10.1007/s10648-009-9104-0. | GARCÍA-RODRÍGUEZ, Laura; IRIARTE, Concha; REPARAZ, Charo (2023). “Teacher-student attachment relationship, variables associated, and measurement: A systematic review” in Educational Research Review 38, 100488. https://doi.org/10.1016/j.edurev.2022.100488. | GIMBERT, Belinda; MILLER, Dustin; HERMAN, Emily; BREEDLOVE, Meghan; MOLINA, Citlati Estela (2023). “Social emotional learning in schools: The importance of educator competence” in Journal of Research on Leadership Education 18 (1): 3-39. https://doi.org/10.1016/j.edurev.2022.100488. | HOWE, David; BETTS, Lucy (2023). Attachment across the lifecourse: A brief introduction. Londres: Bloomsbury Publishing. | ROMAN, Maite; MORGADO, Beatriz (2022). “Construyendo vínculos afectivos” in Manual de psicología del desarrollo aplicada a la educación: 61-75. Madril: Ediciones Pirámide. | SABOL, Terri; PIANTA, Robert (2012). “Recent trends in research on teacher-child relationships” in Attachment & Human Development 14 (3): 213–231. https://doi.org/10.1080/14616734.2012.672262.