Martxoaren 27an, Donostiako Magisteritza Eskolan, SAREAN hezkuntza eragileak antolatutako jardunaldia egin zen.M. Soledad Esteban Galarza Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuak eta Idoia Chorro Martinez Hezkuntza Saileko Informatika Aholkulariak hitz egin zuten.

 PRENTSA OHARRA

SAREAN Elkarteak martxoaren 27an Donostiako Irakasle Eskolan  XXXI. TOPAKETAK burutu ditu. SAREANek EAEko Haur eta Lehen Hezkuntzako 178 ikastetxe publiko biltzen ditu eta beren helburu nagusiak, bai ikastetxeen artean baita Administrazioarekin ere harremanak eta elkarlana bultzatzea dira, nagusiki ikastetxeen eta sistemaren antolakuntza arloari dagokionean.

Jardunaldi hauetan nagusiki zuzendaritza esparruan eta ikastetxeko aholkularitzan  dabiltzan kideek hartu dute parte, baina beste Topaketetan bezala, guraso, sindikatu, unibertsitateko irakasle eta Hezkuntza Administrazioko kideen ekarpenak ere jaso ahal izan ditugu.

“Eskola kudeaketa digitala: aplikazioak”

 Jardunaldietako aztergaia  eskola bakoitzaren kudeaketa burutzeko eta eskola eta administrazioaren arteko gestioak burutzeko ezinbesteko bihurtu diren aplikazio informatikoen arloa  izan da. Zuzendaritza Taldearen eginbeharra  den  eskola  kudeaketan,  gaur egungo aplikazio informatikoek dituzten aukerak, hobetu beharreko atalak  eta  ezarpen prozesua  aztertu dira.

Topaketak Mª Soledad Esteban , Administrazio eta Zerbitzuetako Sailburuorde andrearen eta Idoia Chorro, Informatika Aholkulariaren hitzaldiarekin hasi ziren. Bertan azaldu zuten aplikazioen ezarpenean prozesu batean murgilduta gaudela eta nahiz eta onura batzuk ikusi oraindik bide luzea gelditzen dela erabilpen osoa garatuta izateko. Sinesten dute aplikazioak erabiltzaileen (Administrazioa eta eskolak) beharrei erantzuteko sortu behar direla eta horretarako teknikari adituen laguntzaz gain ikastetxeko ordezkariekin lan taldeak sortzeko asmoa dute.

Bestalde, adierazi dute une honetan aplikazio batzuen inguruan ikastetxeetan sortu den egonezina ulertzen dutela eta estimatzen dutela ikastetxeetatik egiten ari diren ahaleginak.

Bukatzeko eskertu dute Topaketetan jasoko diren proposamenak helaraztea.

Sarrerako hitzaldia baliagarria izan zen aplikazioarekiko  Hezkuntzaren ikuspegi orokorra izateko, etorkizunean izango diren aukerak ezagutzeko  eta partaideek zituzten proposamenak eta zalantzak zuzenean  azaltzea ahalbidetu zuelako.

Ondoren ekitaldiaren zatirik garrantzitsuena burutu zen, hau da, lan-taldeen jarduna. Bertan, Topaketetako partaideek, aplikazio informatikoak  ikuspuntu desberdinetatik aztertu zituzten.

 

 Aplikazioen ezarpen prozesuan detektatutako hutsuneak konpontzea beharrezkoa .

      Aurreko hamarkadaren bukaeran hasi ziren lehenengo aplikazioak eta oraindik bukatu gabe izateak,  ez du lana errazten, aldiz zailagoa bihurtzen  du. Hezkuntza Sailaren aplikazioen behin behinekotasuna eta arazoen ugaritasunak,  ikastetxe asko  enpresa pribatuen zerbitzuak kontratatzera bultzatu ditu.

Aplikazioak diseinatzerakoan, Hezkuntza Saila ez da harremanetan jarri  ikastetxeekin  beraien beharrak ezagutzeko.  2011n, ikastetxe batzuei aukera eman zitzaien aplikazio batzuk  frogatzen joateko, baina inork ez zien bere iritzia galdetu. Topaketako partaideen iritziz,  aplikazioak aurretik frogatzea eta parte hartu duten ikastetxeen iritziak jaso eta behar diren zuzenketak egitea beharrezkoa da.

      Aplikazioak nola bete behar diren jakiteko  informazio saioak egon dira eta informazio liburuxkak eskuragai jarri dira. Informazioa eman da baina egoera berri honetan sortu diren zalantza eta arazo anitz erantzun gabe geratu dira; horretarako zerbitzu eraginkor   baten beharra ikusi da.

Aplikazioekin lan egiteko unean  konektibitate arazo larriak egon dira. Ikastetxe guztiak egun  eta ordu berdintsuetan aplikazio berberekin aritzean konexioak erori egin dira ikastetxearen lana oztopatzen eta arduradunengan etsipena sorrarazten.

 

Aplikazio informatikoen diseinuak   Hezkuntza Administrazioa  eta ikastetxeen beharrak uztartzeko tresna.

Aplikazioen diseinua  aztertu  ondoren, XXXI. Topaketen partaideen iritziz diseinua itxia da, batez ere Administrazioari begira egina daudelako  eta aukera gutxi ematen du ikastetxeen beharretara egokitzeko. Horregatik, ikastetxeek bi gestio paraleloak eramatera behartuta daude, bat Administrazioak eskatzen duena eta bestea ikastetxeko kudeaketak eskatzen duena, honek suposatzen duen  lan bikoizketarekin.

Aplikazio desberdinen arteko loturak egotea komeniko litzateke, hau da aplikazio bateko datuak beste batean erabiltzeko aukera izatea. Horrela, ez genituzke  sartu behar  datu berberak aplikazio desberdinetan.

Aplikazio informatikoek ematen dituzten aukera guztiak erabili ahal izateko seguritate arazoak teknikoki gainditu ahal izateko  ahalegin berezia egin behar dela azpimarratu da.

Aplikazioak bete ondoren dokumentuak inprimatzea eta korreo arruntez bidaltzea eskatzen da batzuetan. Topaketen partaideen iritziz gaur egungo teknologiak prozesu hau errazteko bidea ematen du behar diren tresnak eskura izanez gero. Horregatik  sinadura elektronikoaren aukera aztertu behar dela uste dugu.