Hezkuntza erreformatzeko aurreproiektua errefusatu eta eskola kontseiluen hauteskundeetan parte hartzera animatzen du EHIGEk. Informazio geheagorako, 688 689 877 telefono zenbakira deitu (Lurdes Imaz) .

Euskal Eskola Publikoak dituen erronka eta beharrei erantzuten ez dien Hezkuntza erreforma (LOMCE) zentralista, atzerakoia, elitista eta homogeneizatzailea proposatu du Hezkuntza Ministerioak. PPren ideologiari erantzuten dio erreforma honek, ez hezkuntza arloko hobekuntzei.

 

Zentralizazioak, familien parte-hartze txikiagoak, hezkuntza desberdinduak, ebaluazioak neurtzeko modu bakar gisa, irakasleriarekiko mesfidantzak, banaketa goiztiarrak 13 urterekin... argi erakusten dute aldaketa ideologikoa dela.

 

Autonomia gutxiago planteatzen duen Lege berria da (Estatuak %75eraino erabakiko du zer ikasten den ikastetxeetan), azken urteetan euskal curriculumaren inguruan landutako guztia baztertzen du, euskara ez da existitzen eta ez dira kontuan hartzen Europako gomendioak hizkuntzen ikaskuntzari dagokionean ezta orain arte egindako esperientziak, azterketa bateratuak aurrikusten dira Estatu osorako (Europan ez dago halakorik), eta abar.

 

Besteak beste, autonomia eta erabaki-ahalmena kentzen die ikastetxeei. Izan ere, Eskola Kontseiluei erabakitzeko ahalmena kentzea planteatzen du. Ikastetxeetako erabaki organo gorenak dira Eskola Kontseiluak eta bertan parte hartzen du hezkuntza-komunitate osoak (familiek, irakasleek eta ikasleek).

 

Eskola Kontseiluen eginkizuna funtsezkoa da, bertan hartzen direlako ikastetxeko erabaki garrantzitsuenak eta Eskola Publikoaren antolakuntza demokratikoaren adierazle handienak direlako. Ezin da ahaztu, ezta ere, seme-alabek eskola-arrakasta lortzeko ezinbestekoa dela familien parte hartzea haien heziketan.

 

Hezkuntza-sistemak egonkortasuna eta adostasuna behar ditu eta aurreproiektu hau hezkuntza-komunitateak jakin gabe idatzi da, ez die erantzuten gaur egungo erronkei eta ezegonkortasuna sortuko du.

 

Eskola publiko parte-hartzaile eta demokratikoa erasotzen duen ekimen honen aurrean zera eskatzen diegu:

 

FAMILIA ETA HEZKUNTZA-KOMUNITATE OSOARI:

-Hezkuntza-erreforma errefusatzea.

-Masiboki parte hartzea urriaren 15etik 18ra ikastetxe publiko guztietan ospatuko diren Eskola Kontseiluen hauteskundeetan.

-Hezkuntza-sistema propio, publiko, euskararen transmisore eta guztiak arreta berdinaz hartuko dituenaren alde lan egitea, ekitatearekin eta aniztasunarekin, aukeren berdintasuna bultzatuz baita balore humanista eta hiritarrak ere. Adostasun politikotik jaio eta sostengatuko den sistema azken finean, gizarteak eskatzen dituen erronkei eta aldaketei erantzungo diona.   

 

PARTIDU POLITIKOEI:

-Erreforma honen inguruko iritzia eman dezatela urriaren 21a baino lehenago.

-Indarrak batu eta erreforma kentzea eska dezatela.

-Kalitatezko Euskal Eskola Publikoa berma dezatela, murrizketarik gabea eta parte-hartzailea, aukeren berdintasuna bermatuko duena.