Eskola 2.0. proiektua ezartzeko lehen faseak datorren ikasturtean, “inolako arazorik gabe”, bukatuko duela segurtatu du Isabel Celaá Hezkuntza sailburuak. 80.000 ordenagailu bananduko ditu lau urtetan ikasle guztien artean 48 miloi euroko kostuarekin.

 Eskola 2.0. proiektuak euskal ikasleengan duen eraginari buruzko azterketa bat bidali dio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak, Isabel Celaák, Hezkuntza ministroari, José Ignacio Wert-i. Joan den ikasturtearen bukaeran proiektuan parte hartu duten sare publikoko irakasleen artean egindako inkesta batean oinarrituz egin da azterketa eta haren ondorioek ministroak duela gutxi horri buruz egin dituen adierazpenak  gezurtatzen dituzte. “Eskola 2.0 programa eraginkorra eta nahitaezkoa da, ez dago inolako zalantzarik“, azaldu du Isabel Celaák.

 Programaren aldeko apustua egiten hiru ikasturte daramatza Hezkuntza Sailak. 2009-2010eko ikasturtean ezartzen hasi zen, Lehen Hezkuntzako bosgarrenean eta 20.000 ikaslerekin, eta programarekin jarraitu du, urte bakoitzean maila berri bat gehituz. Gaur egun 60.000 ikaslek beren ordenagailua dute eta datorren ikasturtean programa DBHko bigarrenera hedatuko da, beste 20.000 ikaslerekin. Programa hau gauzatzeko prozesuak 48 milioi euroko inbertsio bat ekarri du lau urteetan eta Eusko Jaurlaritzak erabat finantzatu du kopuru hori, Euskadin lortu den hezkuntza-eskuduntzak banatzeko moduak ez baitzuen Ministerioaren fondoetara jotzeko aukerarik ematen.

 Hala ere, ordainketak “merezi izan duela “ argi du Hezkuntza sailburuak. “Eskola 2.0. ezartzeko prozesuaz jaso ditugun lehen adierazleak guztiz positiboak dira, ikasleen motibazio eta errendimenduari eta irakasleen inplikazioari begira “, argudiatu du. Inkestaren datuek bermatzen dutenez, kasuen % 96an ikasleek, ordenagailuak erabiltzeari esker, motibazio handiagoa dute gelako lanak egiteko, % 69k hobeto ikasi ditu arloko ezagutzak eta % 52ra arteko ehuneko batek errendimendu akademikoa hobetu du. Gainera, % 79 dagoeneko bere edukia sortzen ari da, tresna horiek erabiliz, testu formatuan (% 41), multimedian (% 28) edo web 2.0. aplikazioen bidez (% 10).

 Irakasleei dagokienez, % 87k oso maiz erabiltzen ditu ordenagailuak gelan eta ehuneko horren erdiak, gutxi gorabehera, haiek uste zutena baino gehiago erabiltzen dituzte. Pantaila digital interaktiboaren kasuan, irakasleen % 73k normalean erabiltzen dute, arbel tradizionala baino gehiago erabiltzen dute edo hori besterik ez dute erabiltzen. Areago: ezartzeko prozesuaren bigarren urtean, Eskola 2.0-k proposamen metodologiko berriak egitera animatzen zuen irakasleen % 41.

“Ke lainoa“

Arrazoi horiengatik guztiengatik, “Ministroak zergatik hitz egin duen gaizki programaz “ ez duela ulertzen azaldu du Isabel Celaák. “Agian ministerioari ezarritako aurrekontuaren murrizketa itzelak exijitzen dion aurrezte ekonomikoa bilatu besterik ez du nahi eta, horregatik, errealitatea ezkutatzeko ke laino bat bilatzen du “, zehaztu du Hezkuntza sailburuak. Edonola ere, ordenagailuak ezartzeak ez duela, berez, proiektuaren arrakasta bermatzen onartu du sailburuak. “Horregatik, irakasleen prestakuntzaren eta, ikasleek lan egin ahal izateko, ordenagailuetan software egokiak jartzearen aldeko apustua egin dugu Euskadin “, erantsi du.

 Bitarteko fisikoetan egindako inbertsioa 350 hezkuntza-objektu digital baino gehiago, formatu hirueledunean sortuak, garatzearekin osatu da, ordenagailuak erabiltzeko tresna egokiak irakasleei emateko. Guztiak Creative Commons lizentziapean liberatu dira, hezkuntza-erkidego osoak erabili ahal izateko. Gainera, ekipoek Linux sistema operatiboa eta Windows tradizionala dituzte instalatuta eta horrek aniztasun handiagoa ematen dio irakasleek dituzten aplikazio eta programen katalogoari.

 Irakasleen prestakuntzari dagokionez, datu hauek eman ditzakegu: ikasturte honetan 3.370 irakaslek hartzen dute Eskola  2.0-ri eta Informazio eta Komunikazio Teknologiei lotutako zenbait ikastarotan parte: Lehen Hezkuntzako 1.069k “oinarrizko Eskola 2.0. eta Eskola 2.0. aurreratua “ eskaintzetan; Bigarren Hezkuntzako 1.369k “Eskola 2.0-ri buruzko oinarrizko prestakuntza “ moduluarekin, eta bi zikloetako beste 932 parte-hartzailek, berritzeguneetako Informazio eta Komunikazio Teknologien arloko aholkulariek eskainitako mintegien bidez. Irakasleek lan egite duten ikastetxeetan gauzatu da, batez ere, eskaintza eta azken ikasturteetan dagoeneko egin den lana osatzen du.

Zuzentasunaren aldeko apustua

 Hezkuntza sailburuaren iritziz, Eskola 2.0. proiektua “zuzentasunaren aldeko apustu argia da“. “Zuzentasuna da, hain zuzen, euskal hezkuntza-sistemaren ezaugarri nabarmenena eta eragile desberdinek eta nazioarteko erakundeek, PISAk esate baterako, gehien goraipatzen dutenetariko bat “, erantsi du. “ Euskadiko hezkuntza-adierazleen arrakasta, estatuaren batezbestekoa baino askoz gorago daude, argi eta garbi egin den zuzentasunaren aldeko apustu horretan datzala ulertu beharko luke, agian, ministroak “, esan du Hezkuntza sailburuak.

 Eskola 2.0. proiektua ezartzeko lehen faseak datorren ikasturtean, “inolako arazorik gabe “, bukatuko duela segurtatu du Isabel Celaák. Izan ere, ekimena DBHko bigarrenera hedatzeko eta lau ikasturtetako zikloa osatzeko behar den zenbatekoa dagoeneko idatzita dago 2012. urte honetako aurrekontuan. “Gure proposamena proiektua orain arteko erritmoaren arabera, urteko kurtso bat gehituz, ezartzen jarraitzea da “, aurreratu du sailburuak.