286 znb | Esperientzia

Hormak higatu, arrakalak loratu. Esaldi hori irakurriko du Gasteizko Koldo Mitxelena institutuko sarrerara iristen denak. Eta, barruan ere, horretan ari dira: metodoak iraultzen eta arrakalak loratzen. Joan den ikasturtean hasi ziren eremuka lan egiten, eta orain artekoaz balorazio ezin hobea egiten dute.

 

Zortzi lerroko ikastetxea da Gasteizko Koldo Mitxelena. Ikasle eta irakasle ugari hartzen ditu egunero, eta, kopuru altu horiek maiz aldaketak egiteko zailtasunak handitzen badituzte ere, erronkari heldu, eta eremuka lan egiten hasi ziren 2022- 2023 ikasturtean. DBHko 1. mailan hasi ziren eremuka lanean, eta hala jarraitu dute ikasturte honetan ere. Irailetik aurrera, berriz, DBHko 2. mailara zabalduko dute egitasmoa, ordura- ko materialak prest izango dituztela aurreikusi baitute.

Epe laburrean, ez dute maila gehiagotara zabaltzeko asmorik, Sergio Tejero GasteizkoKoldo Mitxelena institutuko BeA (Berrikun- tzako Arduradun) eta eremuen koordinatzai- leak adierazi duenez: “Sendotu, aztertu eta ebaluatu ondoren erabakiko dugu bigarren ziklora eramango dugun edo ez. Bi irakasle sartzen dira ikasgelan, eta horrek langileen baliabideak bikoiztea eskatzen du. Hori dela eta, gaur-gaurkoz, ezinezkoa zaigu DBH osora zabaltzea”.

DBHko 1. mailan, 16 irakasle ari dira eremuka lanean, eta tutoreak dira guztiak. Koordinazio-lanak berebiziko garrantzia hartzen du, eta hiru saio egiten dituzte astero. Horietako bat hautazkoa da, baina irakasle guztiak joaten dira, Tejeroren esanetan: “Inplikazioa oso handia da. Lan egiteko modu horretan sinesten dugu, eta nabaritu egiten da. Irakasleon arteko koordinazioa benetako iraultza izan da”.

 

Bi eremu

Ez dituzte ikasgai guztiak modu horretan lantzen, eta bi eremutan egiten dute lan, Tejerok azaldu duenez: “Eremu soziolinguistikoa eta eremu zientifiko-matematikoa ditugu. Eremu zientifiko-matematikoan, Matematika eta Natura Zientziak ikasgaiak sartzen dira, eta eremu soziolinguistikoan, Euskara eta Literatura eta Geografia eta Historia ikasgaiak. Iaz, Gaztelania eta Literatura ere txertatu genuen, baina, aurten, eremu soziolinguistikotik ateratzea erabaki dugu. Dena den, eremu soziolinguistikoko eta Gaztelania eta Literaturako edukiek lotura izaten jarraitzen dute. Edukiak ikas-egoeren bidez lantzen ditugu, eta ikasturte honetan eremu soziolinguistikoan landu dugun lehenengo ikas-egoera Munduari itzulia izan da. Kasu horretan, Gaztelania eta Literatura jakintzagaian landu ditugun testuek zerikusia izan dute munduaren itzuliarekin”.

Eremuak eta zeharkako proiektuak bereizten dituzte Koldo Mitxelenan. Urte asko daramatzate zeharkako proiektuak egiten, baina eremuka lan egitea desberdina dela dio Tejerok: “Eremuka aritzean, bi irakaslek ematen dituzten jakintzagaiak jakintzagai bakar bihurtzen dira. Hirugarren ebaluazioan, esaterako, Baserria landuko dugu. Planoak egiteko, Matematika erabiliko dute, baina, baserri hori jasangarria izan dadin, Natura Zientziak landuko dituzte. Bakoitzak bere espazioa du, eta, ondoren, espazio komun batean elkartzen dira”.

 


"Inplikazioa oso handia da. Lan egiteko modu horretan sinesten dugu, eta nabaritu egiten da. Irakasleon arteko koordinazioa benetako iraultza izan da"

Sergio Tejero, Koldo Mitxelenako BeA eta eremuen koordinatzailea


 

Koldo Mitxelenan eremuka aritzea zergatik erabaki duten ere azaldu digu Tejerok: “Alde batetik, legeak agintzen duelako. Legeak hala egin behar dugula dio, baina ez du zehazten nola. Eta, zertarako? Bi helburu nagusi lortzeko: lehenik, LHtik DBHrako trantsizioa atseginagoa izan dadin ikasleentzat eta, bigarrenik, hezkuntza pertsonalizatuagoa izan dadin eta ikasleek tutorearekin denbora gehiago pasatu dezaten. Ikasleen ongizate emozionala bermatzea eta bultzatzea dugu helburu”. Tutorea eta tutorekidea dituzte ikasgela bakoitzean, eta ikasleek egun batzuetan biekin pasatzen dituzte eskola ordu guztiak. Horrela, irakasleek informazio ugari jasotzen dute, eta harremanak sendotu egiten dira.

Aldaketa asko egin behar izan dituzte, lan egiteko modua aldatzearekin batera. Besteak beste, ordutegia aldatzea eskatu die eremuka lan egiteak: blokeak antolatu dituzte, eremu bakoitza lantzeko segidako bi ordu izateko. Eta ebaluazio prozedura ere aldatu egin dute. Jada ez dute zenbakirik erabiltzen, eta kon- petentzien araberako ebaluazioa eta kalifikazioa egiten dituzte: hasierakoa, erdikoa eta aurreratua. Horiek dira emaitzak. Azterketak egiten dituzte, baina hainbat ebaluazio irizpide erabiltzen dituzte orain.

Kataluniako Montgrós ikastetxea dute erreferentzia nagusi, eta prestakuntza saioak egiten dituzte hilero, Susanna Soler hango irakaslearekin. Eremuka Lantzen sarean partekatzen dute egiten dutena, baina sare horretako partaide diren ikastetxeek ez dute gauzak egiteko modu komunik. Pixkanaka ari dira bidea egiten, eta, Koldo Mitxelenan, “etengabe laborategian” daudela diote. “Hezkuntza Sailak ez du batere laguntzen. Eremuka lan egiten hasteko esan digu, baina ez digu esan nola, eta ikastetxe bakoitza geure bidea egiten ari gara. Irakasleei esker ateratzen ari da aurrera hau guztia. Talde lanak funtzionatzen duenean, gozatu egiten du jendeak”, dio Tejerok. 

 

 

“Ikasle guztiei erraztasunak ematen dizkie”

Eremuka lan egiten duten irakasleek oso balorazio positiboa egiten dute. Beste modu batera lan egiten ohituta zeuden, eta handia izan da aldaketa; baina orain segurtasun handiagoa dutela diote. Talde lana aberatsagoa, politagoa eta eraginkorragoa dela eta motibazio handiagoa dutela diote. Koldo Mitxelenan eremuka lanean ari diren irakasleen taldeak erantzun die Hik Hasik egindako galderei.

 

2022-2023 ikasturtean hasi zineten hainbat jakintzagai ere- muka lantzen. Nola aldatu du horrek lan egiteko duzuen era? 

Irakasleen arteko koordinazioak eskolak emateko askotariko pedagogia eta estrategiak irakatsi dizkigu, gure artean erdibideak topatzea sustatu du eta ikasleen aniztasunari hobeto egokitzen zaizkion erantzunak bultzatu ditu. Horrek guztiak, ordea, lanordu gehiago sartzea eskatu digu.

Izan ere, irakasleen arteko koordinazio lan handia eskatzen du eremuka lan egiteak. Nola egiten duzue koordinazio lan hori? Zenbat denbora eskaintzen diozue?
Astero, hiru ordu ditugu horretarako, eta hiru horietatik bat hautazkoa da; baina irakasle guztiok joaten gara saioetara. Gure ordutegiak bilerak egiteko jasotzen dituen orduez gain, ikasmateriala sortzeko eta lan pertsonalerako ditugun orduak ere tutoreen eta irakasle kideen arteko koordinazioa egiteko baliatzen ditugu. Eremuka biltzen gara: eremu soziolinguistikoko irakasleak, alde batetik, eta eremu zientifiko-matematikoko ira kasleak, bestetik; baina, guztiok koordinazio saioa une berean dugunez, beharrik izanez gero, elkartu egiten gara.

 


"Irakasleen arteko koordinazioak eskolak emateko askotariko pedagogia eta estrategiak erakutsi dizkigu, gure artean erdibideak topatzea sustatu du eta ikasleen aniztasunari hobeto egokitzen zaizkion erantzunak bultzatu ditu"

Koldo Mitxelenan eremuka lan egiten duen irakasle taldea


 

Hau bigarren ikasturtea da. Zer-nolako balorazioa egiten duzue?

Positiboa. Bidea luzea da, baina emaitza positiboak ematen ari da. Ikasleenganako eta familienganako gertutasun handiagoa lortu dugu. Irakasleen artean, balorazio inkesta egin genuen iaz, eta, 0tik 4ra bitarteko eskalan, batez besteko balorazioa 3koa izan zen. Inkestari erantzun zioten 13 irakasleen artetik 9k adierazi zuten eremukako lana errepikatuko zuketela.

 


"Bidea luzea da, baina emaitzak ematen ari da. Ikasleenganako eta familienganako gertutasun handiagoa lortu dugu"

Koldo Mitxelenan eremuka lan egiten duen irakasle taldea


 

Eta ikasleek? Nola hartu dute aldaketa? DBH- ko 1. mailan aritzen zaretenez, iristen direnek ez dute besterik ezagutu; zuek bai, ordea. Uste duzue lan egiteko modu hau egokiagoa dela ikasleentzat? Alderik ikusi al duzue emaitzetan?

Emaitza akademikoen gaineko balorazioa egiteko, goizegi da oraindik. Orain arte egindakoarekin, ordea, zera ikusi dugu: lehengo ereduak ikasle gutxiagori egiten ziela mesede eta behar bereziak dituzten ikasleei eragozpenak sortzen zizkiela. Lan egiteko modu berriak, berriz, ikasle guztiei erraztasunak ematen dizkie, DBHrako trantsizioa errazten duelako eta ikasleen eta irakasleen arteko harremanak estutzen dituelako.