Gurasoek, aitona-amonek, irakasleek... agertu dute horrelako aldizkari bat, etxeari bideraturiko heziketa aldizkari bat sortzeko premia. Familia ereduak, amatasun eta aitatasun ereduak bereziki, aldatu diren garai honetan, galdera berriak dauzkate gurasoek, eta haiek mahai gainean jartzen eta erantzuten saiatuko da Hazi Hezi.Aldizkaria hiruhilabetekaria izango da, eta urtebeteko harpidetza  20 eurokoa izango da.

Honelaxe dio Hazi Hezi aldizkariaren lehen editorialak:

"Hik hasi egitasmoaren erraietan ernatu da Hazi Hezi. Sabela puztu barik ere, haurdunaldian nola, bete gara ilusioz, galderaz eta zalantzaz; borobildu gaitu pozak. Erditzea gogorra izan da, bai, baina ederra. Sortu da Hazi Hezi, etxekoentzako heziketa aldizkaria.

Etxekoentzako, bai. Baina komunitate edo tribu gisa hartuta etxea, non gurasoak, aitona-amonak, izebak, osabak, zaintzaileak, haurrideak... dauden.  Haiena eta guztiona baita haurraren heziketa, jendartea osatzen dugun bakoitzarena. Eta haiei— guztioi— eskaini nahi diegu haurrak hezten laguntzeko tresna hauxe.

Eta heziketari buruzkoa, baiki. Haurrak —pertsonak— bere nortasuna gara dezan, pertsona autonomo, solidario eta kritikoak sortzen lagundu nahi baitu aldizkari honek, umeen behar emozional, fisiko eta psikologikoak asetzen lagunduko duena.

17 urtez umearen heziketa hobetzeko proposamenak egin ditu hik hasi aldizkariak, eta orain, esku artean daukazu ekarpenik berriena, eskolako komunitateari zuzenduriko aldizkariaren osagarri izango den aldizkari hauxe, kritikoa, euskalduna eta Euskal Herrian sortua. Haurrak eta pertsonak hezten lagunduko duen tresna izateko bokazioz munduratu dena, garai zailetan, bai, baina itxaropentsuetan. Eta haziko bada, irakurle, zure parte hartzea beharko du. Zure iruzkinak, zalantzak, argazkiak... bidaliz; edo harpidedun eginez, edo erosle, edo iragarle... Hazi Hezi handituko bada, zurekin izango da.