Hego Euskal Herriko gaur eguneko amatasuna aztertu du antropologiako irakasleak bere tesian. Nola bilakatzen diren andreak ama, eta jendarteak nola eragiten duen gurasotasunari buruzko erabakietan. Historia, ereduak eta esperientziak jaso ditu.  

Amatasuna eraldatzen ari dela, eta amak eurak eraldaketa horren protagonista direla sentitzen dute Elixabete Imazen ikerketan parte hartu duten emakumeek. Haurdunalditik haurraren lehen hilabeteetara jarraitu ditu 11 emakume antropologoak, eta haien bizipenak, prozesu biologikoa eta soziala jaso ditu tesian. ‘Convertirse en madre’ (Catedra) liburura moldatu du gero tesia.

Amatasunari buruzko tesia egin duzu; ama izatearen prozesua eta gizartearen eragina ikertu dituzu besteak beste. Zergatik?

Ikerketa gai guztiak bezala, hau hasierako preokupazio pertsonal batetik sortzen da: gaur egun amatasuna emakume guztiek resolbitu behar duten gai bihurtu da. Galdera sinplea izaten da: “ama izango zara?”  Nire kasuan doktore tesiaren forma hartu zuen kezka horrek. Beste batzuen kasuan, litaratura forma hartzen du eta beste batzuek amatasunaren bitartez konpontzen dute. 

Duda hori teoria feministetako planteamenduetara ekarri nuen. Amatasuna feminismoarentzat irtenbiderik aurkitu  ezin izan dion gai bat baita, askotan aparte utzi duena. Aurreiritzi asko egon dira feminismoaren barruan amatasunaz hitz egiteko. Gaur egungo emakumeek, maila pertsonalean erabaki beharreko gaia da amatasunarena, baina baita feminismoak ere, maila kolektiboan.

 

Hego Euskal Herriko lau herrialdeak aztertu dituzu. Zein dira Hego Euskal Herriko amatasunaren ezaugarriak?

Euskal Herrian kokatu nuen ikerketa ez leku berezi bat zelako amatasunari dagokionez, baizik eta nire ingurunea delako eta gehiago ezagutu nahi nuelako. Mendebaldeko amatasun ideologiaren barruan, Euskal Herrikoak ez ditu  espresuki konnotazio oso bereziak, baina izan baditu ñabardura batzuk Mendebaldeko eredu hegemonikoaren baitan. Ñabardura horiek oso lotuta daude matriarkatuaren mitoarekin. Antropologia feministatik asko kritikatu da matriarkatuaren mitoa Euskal Herrian, ze azken finean, ideologia horrek protagonismo bat ematen dio emakumeari eta pen-tsarazten du emakumeak izan duela protagonismo hori, eta norberari errespontsabilitate plus bat ematen dio. 

Euskal Herriko amatasun-eredua ez da gehiegi bereizten Frantzian edo Espainian gerta daitekeen eboluzioarekin, baina Euskal Herriko ezaugarri bat bada haurren jaiotze-tasa baxua. Europako tasa-baxuenetakoa da. Europak baby-boom bat bizi izan zuen Bigarren Mundu Gerraren ondoren, eta Espainiako baby booma 70-75eko tarte horretan gertatu zenari deitzen zaio. Eta interpretatu zen, Espainia beti beranduago datorren zerbait denez, Europako herrialdeetako tasaren gora-beheraren antzeko zerbait gertatuko zela: igo, jaitsi eta gero errekuperatuko zela berriro ere, Frantzian, Norvegian, Eskandinabian... jaitsieraren ondoren errekuperaketa etorri zen bezala. Baina Espainian inoiz ez zen errekuperatu, eta Euskal Herrian ere ez. Hegoaldean muturrekoak dira kopuru horiek. Oso baxua da emakume bakoitzak daukan ume kopurua, eta aldiz, ama izateko adina, batez beste, altua da. Lehen umearen jaiotzean amaren adina, eta adin-media oso antzekoak dira, (amatasunaren adin media 32 urtekoa da, eta lehen amatasun adin media 30 da). Horrek esan nahi du emakume askorentzat lehen umea eta azkena berdinak direla. Hori bada Euskal Herriko ezaugarria. Datuetan ikusten da amatasunarekin problema bat dagoela. Jendeak —eta emakumeek eurek ere— amatasunaren oso estimazio handia daukate, baina praktikak bestelakoak dira.

Italian gauza oso antzekoa gertatu da. ‘Mama italiana’-ren mitoak pisu handia dauka, eta teorian amatasunari garrantzia handia ematen zaio gizartean. Praktikak, ordea, erakusten du Italiak oso ugalkortasun-tasa baxuak dituela. Non —Espainian bezala— dirudienez katolizismoak indar handia daukan, familiak indar handia daukan... Arazoa zera da, herrialde hauetan ez dela eman familiaren asuntzio publiko bat, hau da umeak edukitzea ez da denen arazoa, eta ez dira  zerbitzuak eskaintzen gizarte osoak asumi dezan kostu hori. Zerbitzuen eskasiaren aurrean, Italian emakumeek estrategia pertsonalak egin dituzte familia eta euren bizitza kontziliatzeko, eta estrategia horietako bat da umerik ez edukitzea, gutxitzea eta atzeratzea.

Ikerketara etorriz, tesian diozu lehendabiziko haurdunaldian, haurraz gain,  ama ere sortzen dela. Emakumeak bizi duen bilakaera fisikoaz gain, eraldaketa sozialaz hitz egiten duzu.

Ama izateko modu diferenteak egon daitezke, baina nik tradizionalena eta legitimitate gehien duena ikertu dut nire tesian eta liburuan: emakume bat haurdun gelditzen da eta seme-alaba bat izaten du eta bere ama da. Amatasun aproblematikoena hartu dut —batzuk “naturalena” esango lukete—. Ez gara ama besterik gabe bihurtzen, haurdunaldia prozesu fisiko bat izateaz gain, ikasketa- eta sozializazio-prozesu bat da. Hauxe ikertu dut: Zer gertatzen da haurdun dagoen emakumearen ingurunean 9 hilabete horietan? 

Ikasi egiten dugu ama izaten, ez da bat-batean gertatzen. Eredu bat jasotzen dugu, eta sozializazio-eredu bat aktibatzen da. Gizartearen aldetik exijentziak daude, eta norberak ere eredu bati erantzun nahi dio. Ikerketan zehar  ikusi nahi izan dut eredu horren aurrean zer bizi duten emakumeek, zer errebelamendu dituzten,  dudak, kezkak... eta nola duda eta egonezin horiei soluzio-bideak ematen dizkieten euren eguneroko praktikan, eta praktika horiek proposamen berri bihurtzen diren. Zentzu batean nire lana optimista da, ze nik pentsatzen dut gauzak aldatzen direla pixkanaka-pixkanaka, ez hainbeste gure pentsamoldea aldatu egin delako, baizik eta gure praktikek egiten dutelako gure pentsamoldeak eta amatasun-kontzeptuak aldatzea.

Amatasuna eraikuntza bat dela diozu. Historiografiari begiratuz, nola eraiki da amatasuna Mendebaldean? 

Historiari begiratzea inportantea da amatasuna desnaturalizatzeko. Oso interesgarria da amatasunaren historia bat egitea eta historiak daukan beste objektu bat bezala ikustea. Frantzian eta Ingalaterran nahiko garatua dago historia sozialaren barruan amatasunaren eta familiaren historia ikertzea. Konturatzen zara oso momentu diferenteak egon direla amatasunaren historian, ideologia, interes eta botere desberdinek eragina izan dutela. Emakumearen historiaren parte bat denez —emakumearen parte den guztia bezala—, ez du izan atentzio zuzenik, eta historia-liburuetan eta dokumentuetan ez da zuzenki idatzi amatasunaz. Baina beste gauza batzuetan islaturik azter dezakezu nola zen amatasuna Atenasen edo Erroman edo Erdi Aroan. 

Europako tradizioak emakumea menperatu egin du, bere ustezko gutxiagotasun fisiko eta morala justifikazio gisa erabiliz. Justifikazio horiek sustrai grekoerromatarrak eta judeokristauak dituzte.Erromak legeetan gaur arte utzi du emakumearen menpekotasunaren  arrastoa,  hortxe dago ‘patria potestad’ delako agintea. Seme-alaben gainean gizonak eduki du ia gaur egunera arte agintea eta hori Erromatik dator. ‘Patria potestad’-ak aita, bere domusaren (etxearen) soberano absolutu izendatzen du, bere etxeko guztiaren —gauzen, pertsonen, abereen...— gainean erabakitzen du, bere boterea absolutua baita etxean. Amatasuna ez da legislatzen, domus horretako beste parte bat besterik ez baita. Horrek ez du esan nahi ama objektu bezala tratatzen zenik, baina ez zeukan soberaniarik. Erromako bizimoduan amak ez dauka inongo aginterik bere gorputzaren produktuetan —bere seme-alabetan—. Ez dauka erabakitzeko eskubiderik. Noski aita ere ez da edozein gizon, etxeko jabe diren gizonez bakarrik ari gara. 

Edoskitzearen inguruan ere historiari begiratuta ikus dezakegu historian zehar ikaragarri manipulatu izan dela. Estrategia gisa erabili izan da historikoki emakumeen ugalkortasuna txikitzeko edo handitzeko; azken kasu horretan titia ematea ukatu zaie emakumeei, ernaltzeko aukerak handitzeko. Erroman ohitura handia zegoen inudeak hartzeko. Hainbat historialarik diote Erroman inudeak erabiltzeko ohitura aiten estrategia bat dela emakumeek umeengan daukaten eragin hori ezabatzeko, amaren eta semearen –semeez hitz egiten ari gara- artean distantzia bat ezartzen baduzu, amaren eragina txikitu egingo da seme horrengan.

Beste kultura batzuei begiratzea ere interesgarria da amatasuna desnaturalizatzeko. Brasilgo leku batzuetan, adibidez, emakumeek ez dute euren esne propioa ematen, ze norbaitek esnea erosten badizu sozialki askoz onartuago zaude, babestuko zaituen norbait baitaukazu.

Historiografiari begiratuta, zure liburuaren arabera, 18. mendean ezar-tzen da amatasuna emakumearen izatearen erdigunean. 

Oso garai interesgarria da 18. mendea amatasunari dagokionez eta baita familiari dagokionez ere. 18. mendea baino lehen, familia ez zen gure babes emozionalaren gunea. Funtzio hori adin-taldeak edo sexu-taldeak zeukaten. Gizarte komunitario batetik gaur egungo gizartera pasatzen gara une horretan, non estatuaz gain daukagun unitate bakarra familia den. Guk jaso dugun estatu eta antolaketa sozialaren iturria da.

Garai horretan amatasuna ‘h’ handia duen Historia horretan inportante bilakatu zen. Rousseauk Gizarte ‘Hitzarmena’ idatzi zuen, estatu modernoaren oinarrian dagoen testua, eta ‘Emilio (Emile ou de l’education’) izeneko testu hori da, era berean, pedagogiako testu ezagunena munduan. Estatu modernoarentzat oso garrantzitsua da nola hazten eta hezten dituzten hiritar berriak. Hor sortzen dira gaur egun erabat asumituak ditugun ohiturak. Adibidez egunero umea bainatzearena. Hau Rousseauk esaten duena da, estatu modernoaren teorikoak esaten du gauero umeak bainatu behar direla, eta hala egiten dugu. Baina ohituraz egiten ditugun gauzek jatorri eta arrazoi historikoak dituzte. 

18. mendean estatu eta teoria politiko berri guztiarekin pertsonak hazteko eta hezteko modu berriak sortzen dira. Garai horretan, Ilustrazioarekin natura bihurtu zen guztiaren oinarri eta kausa. Horrek ez du esan nahi ordura arte ez zela pentsatzen amak naturalki zirela ama, baizik eta ez zela termino horietan pentsatzen. Momentu horretan hasten dira esaten emakumearen lekua hori dela, bere natura propioak horrela esaten duelako, eta emakumeak egin behar duena bere naturarekin batera joatea dela. Horrek ekartzen du dena naturaren bidez justifikatzea; jaungoikoari tronua kendu diogu eta natura bilakatuko dugu guk egiten ditugun gauzen justifikazio, kausa eta arrazoia. Momentu horretan amatasuna naturalizatu egiten da. 

Gaur egun ere asko erabiltzen da “natura” hitza, “erditze naturala”... Nik pentsatzen dut berez naturala ez dela ezer, beti dago prozesu sozial bat guk “natura” deitzen dugun horretan. Amazonia ere ez da gauza natural bat, baizik eta gizakiak nola kudeatu duen espazio hori horrek sortu du Amazonia.

Amatasuna eraikuntza sozial bat izanagatik ere, ugaztunak izaten jarrai-tzen dugu...

Bai, baina ugaztun klasifikazioa bera gizakiek egindako klasifikazioa da, eta badaude animalia batzuk gure klasifikazio horretan ez direnak sartzen. Niri “natura” hitzak beldur handia ematen dit, eta kontuz ibiltzekoa dela iruditzen zait. Natura/kultura banaketa hori guk egindako sorkuntza da. Guk “naturala” deitzen diogun hori gizarte-eredu konkretu bati eran-tzuten dion eredua da, baina izatez, eraikuntza bat da. Naturara buelta-tzea kritika sozial handiko gauza bat izan beharko litzateke. Ezin dugu pentsatu gizartea gauza txar bat dela, eta natura gauza onen lekua denik. Zergatik da naturala ona? Ilustrazio garaian halaxe erabaki zelako: Ilustrazioarekin natura bihurtzen da gauzen legitimatzaile, gauza bat naturala baldin bada ona da. 

Gaur egunera etorririk, uste duzu emakumeok askatasun handiagoa dugula geure amatasunaren gainean erabakitzeko?

Ez dakit askeago garen. Ez dakit ze puntutaraino gaur egun emakumeok askatasuna daukagun amatasunaz erabakitzeko. Datuei begiratuta, gaur egun duela 50 urte baino emakume gehiago dira ama. Horrek esan nahi du emakume gehienek aukeratu dutela ama izatea? Orain dela 50 urte ez zegoen askatasunik ama izateko eta erabakitzen zuten ama ez izatea? Badirudi presio sozial handi bat izaten jarraitzen dugula. Emakume guztiok planteatu behar diogu gure buruari ea ama izan nahi dugun ala ez. Emakume guztiek orain 30 urterekin erabakitzen dute ama izango direla, eta 25ekin  denek esaten dute ezetz. Duela 30 urte, 25ekin izaten zituzten umeak eta 30ekin oso zaharrak ziren. 

Diskurtso bikoitza dugu. Pentsatu izan dut emakume gutxiago izango ginatekeela ama menopausiarik izango ez bagenu. Emakumeok denbora aldetik muga bat daukagu ama izateko eta, gainera, diskurtso medikuak ama izateko adina 25-35 urteen artean ezartzen du. Emakumeok ama izateko presioa daukagu, batetik presio zuzena, lagunek eta gurasoek eragiten digutena “ez zara ama izango?”. Eta badago baita ere “damutuko zara”, presioa. “Ez baduzu orain egiten, gero ezingo duzu egin”. Etorkizuneko zigor horrek, nik uste dut, baduela baietzaren aldeko efektu bat. Emakumeek ez balute menopausiarik, emakume asko ez lirateke inoiz ama izango. 

Nire ikerketan parte hartu zuten emakume guztiek atzeratuko lukete amatasuna, baina denak dira ama. Jende gehienak ez du erabakitzen ama izatea, baizik eta ama ez izateari uztea.

Gizarteak nola ulertzen eta bizi du amatasuna? Batetik, gizartean ama izatea albiste pozgarri bat da baina amatasun-lana ez da baloratzen. Esate baterako, zure ikerketan parte hartu zuen bat kaleratu egin zuten lan egiten zuen ikastetxetik ama izango zela esatean. 

Gure gizartean, teorian hain indibidualista izanik eta askatasunaren ideia hain barneratua izanik, libre zara aukeratzeko ama izango zaren ala ez. Behin erabakitzen duzunean baietz, edo haurdun zaudenean, ez zaizu uzten erabakitzen nolako ama izango zaren. Deigarria iruditu zitzaidan entrebistetan jendearen zentsura soziala zenbat aldiz agertzen zen. Gertukoek, ingurukoek baina baita ezezagunek ere iritzia ematen diote haurdunari. Nola interpreta dezakegu hori? Gure indibidualismoak muga bat du, eta gizarteak ulertzen du  zure eskutan —zure gorputzean— ondasun bat daukazula gizartearentzat, eta exijentzia batzuk egiten dizkizu.  Umea jaiotzen denean ere gauza bera gertatzen da: mundu guztiak ematen du bere iritzia, umeak arropa gutxi edo asko daukan... Berez ume hori gurasoen ardura da, baina, beraiek ez dira zer dagoen ondo eta zer ez erabakitzen dutenak. Hori gizarteak markatzen dizu, historikoki markatu izan duen bezala. Emakume askorentzat zentsura sozial hori oso frustrantea da. Oreka oso kuriosoa da: gurasoek zaindu behar dituzte umeak eta bakarrik uzten dira egiteko horretan, baina, aldi berean, mundu guztiak erabakitzen du edo sartzen da erabaki horietan, nola gestionatu behar den, eta zeintzuk diren modu onak.

Emakumeon bizimodua aldatzen ari dela ukaezina da eta amatasuna ere aldatzen ari da, baina “ama ona”-ren ideia aldatzen ari da?

Nik uste dut ez dela asko aldatu. Gaur eguneko emakumeek amatasunaren beste kontzepzio bat bilatzen dute, baina nik uste dut berez pentsatzen dugula amatasun ona Rosseauk 18. mendean markatu zuen hura dela, hori da klabea: umeaz modu esklusiboan arduratzen den emakumea da ama ona, denbora guztian umearen gainean dagoena; uste dugu umeak pertsona erreferente bat behar duela, beretzako esklusiboa dena. Hezkun-tza, haur eskola, haurra beste batzuek zaintzea, norbaiti ordaintzea umea ateratzeko... horiek beste erremediorik ez dagoelako erabiltzen ditugun baliabideak direla pentsatzen dugu.  

Gaur eguneko emakumeek, ordea, ezin diote amatasun eredu horri jarraitu. Bizitzan zehar jaso dituzten baloreak (autonomia pertsonala, lan egin behar dugu, prestatu egin behar dugu, bizitza pertsonal aberats bat izan behar dugu, kulturaz gozatu behar dugu. Harremanez gozatu behar dugu...) ez datoz bat amatasun-
eredu tradizional horrekin. Emakume modernook ez dugu kunplitzen eta ez dugu kunplitu nahi ideial hori, beste espektatiba batzuk baititugu gure bizitzarako. Gaur egun ama eredu tradizionala jarraitzea frustrantea da emakume gehienentzat, baina beste alde batetik jarraitu nahi dugu pentsatzen gure umeek behar dutela ama tradizional hori. Barne borroka handia bizi dute amek.

Baina, egia da, era berean, umearen beharrizanei begira, umeak ez direla autonomoak euren lehen urtebetean bederen eta helduaren dependentzia handia dutela.

Ez urtebete, gizakiak bizitza osoan gizakiak inguruan izatea behar du. Hori gizakion ezaugarria da. Baina hori gizarteetan oso modu diferentean planteatu da. Eta gure gizartean esan izan da bat izan behar dela erreferentziazko pertsona, eta orain modernoak bihurtu gara eta esaten dugu bi. Nik ez dakit bat ala bi diren beharrezkoak. Baina bai desdramatizatu egin behar dela. Erreferentziazko pertsona baten ordez bi edukitzea baino askoz okerragoa da, erreferentziazko pertsona frustratu bat edukitzea. Eta hori saihestu behar da. Zenbait diskurtsorekin ama dedi-
katu frustratuak sortzeko arriskua dago.

Frustrazioarekin batera, errua behin eta berriz agertzen da zure ikerketako emakumeen ahotan. Haurdunaldiaren medikalizazioak ere areagotu egiten die erruduntasun sentimendua. Haurduna paziente bihurtu da, hainbeste kontrolek urduritasuna dakarte, eta medikuek diote ondo edo gaizki dauden andreak...  

Adituen eskuetan uzten da amatasun osoa. Haurdunalditik hasi eta erditzera, eta gero hazieran pediatren eta psikologoen eskuetan uzten da. Emakumeari ukatu egiten zaio bere amatasunarekiko autonomia: ez dakit sekula eduki duen, baina une honetan ukatu egiten zaio. Paziente bihurtzen da, baina hori oso loturik dago arriskua asumitzearekin. Etxean erditzea erabakitzen duten emakumeen kasuan ikusten duzu beraiek egin behar dutela beste emakumeek egin behar ez duten zerbait: arriskua dagoela onartzen dute. Ospitalean ere badago arriskua, baina ez du emakumeak asumitzen. Dependentzia bat eta autonomia galtze bat ekarri dute gaur eguneko erditzeek, baina, era berean, gure ardura gutxitzeko modu bat da. Autonomia kentzen digute, baina guk ere uzten dugu autonomia hori ken-tzen, erosoagoa baita.

Ez dut uste ospitaletan erditu beharko litzatekeenik. Etxean edo umeak izateko leku berezietan erditu beharko litzateke. Herbeheretako sistemaren antzeko zerbait iruditzen zait egokiena, non ohikoena etxean edukitzea den, eta gero aukera zabala dagoen umeak edukitzeko norberaren egoera emozional eta fisikoaren eta erditze prozesuaren arabera. Baina hemen beldur handiak ditugu. 

Zergatik?

Transmisioa eten da, gure amek eta izebek esan diezaguketenak ez digu balio eta gure erreferentzia bihurtu dira prepartoko kurtsoak. Niretzat esplikaezina da zergatik erakusten diguten medikuek nola izan ama. Transmisioa behin erabat bukatu dela, zergatik ez sortu hitz egiteko espazioak? Hori da emakumeok behar duguna. Aditu medikuak etorriko lirateke, baina zergatik ez sindikalista bat, esango diguna zein eskubide laboral dituzun ama zarenean edo umearen zainketan; pedagogo bat etor liteke... zergatik erantzun behar dute erizaintzako pertsonek beraiek prestakuntzarik ez daukaten gauzei buruz? Gaur eguneko amatasunak beste behar batzuk ditu.

Zuk deskribatu dituzun barne borroketatik ateratzeko, ba al dute emakumeek eredurik? Gaur egungo emakume askok ez dute ama bakarrik izan nahi. Amatasunari lehentasun osoa eman arren ere, ez dute ama bakarrik izan nahi. Baina ereduak badaude?

Eredu horiek eratzen ari dira. Nik espero dut etorkizunean ez dela eredurik egongo, baizik eta aukera anitzak izango ditugula. Guk erreferenteak behar ditugu gure bizitza eredua planteatzeko. Ez baduzu ezagutzen inor homosexuala dena, agian ez duzu gaitasunik izango zure egoerari eta ezinegonari erantzun bat emateko. Ez baduzu ikusten beste emakume batzuek beste amatasun eredu batzuk bizi dituztenik, zure ezinegonari ez diozu hitzik jarriko. Nik uste dut gaur egun badaudela bestelako amatasun-eredu batzuk. Gurasotasunaren ereduak zabaltzen ari dira. Horretan zeresan handia izan dute homosexualek. Pertsonak barnera-tzen ari dira eredu hori, eta nahiz eta zu zerorri ez izan lesbiana, ikusten duzu ez dela ezinbestekoa gizonezko bat egotea pertsona garatzeko eta aitarik izan ez duen ume hori ez dela hiltzaile bat izango. Beste erreferente batzuk ikusten dira. Beste esperientzia batzuk egote hutsak familia tradizionalak ere aldatu egiten ditu, bide ematen dizu zuri ere zure gurasotasuna beste modu batean plantea-tzeko. Sortzen ari diren esperientzia hauek guraso izatearen panoramika zabalagoa ematen digute. Nik espero dut etorkizunean pertsonek aukera anitzak izango dituztela beren bizitza garatzeko, askatasuna izango dutela beren buruarekin gustura eta zoriontsu egoteko. Eta gaur egun amatasunarekin gertatzen da ez gaudela gustura. Beti zerbaitetan huts egiten ari garela sentitzen dugu. Ezinegon hori bizi dugu, eta bideak bilatu behar ditugu zoriontsuago izateko.