Hezkuntzaren ondare historikoari zabaldutako ateaEHUko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Sailak hezkuntzaren ­gaineko ikerketak egiten ditu. Sail horren bulegoetan, ikerketa horiek egiteko hamaika dokumentu, liburu, testigantza eta abar pilatu dira urte hauetan guztietan. Dokumentazio hori Euskal ­Herriko hezkuntzaren historian ­interesa duen ororen esku jarri nahi zuen Hezkuntzarako Azterketa ­Historiko eta Konparatuetarako ­GARAIAN taldeak.

 

Gunea Donostian dago, ­Gipuzkoako Campusean ireki berri duten Carlos Santamaria Zentroan. 
Ez da, ordea, hezkuntzarekin hertsiki lotuta dagoen ondare hori guztia jendarteratzeko eta ­ezagutarazteko GARAIAN taldeak ­abian jarri duen ekimen bakarra; ­espazio fisiko horretaz gain, ­beste espazio bat antolatu du sarean ere: Euskal Herriko Hezkuntzaren ­Historiarako Dokumentazio-Gunearen ataria, hain zuzen. www.ehu.es/euskal-hezkuntza/euskara/ 
Gunea bizirik dago, eta orain ­arte bildutakoak eskaintzen ditu. Berorren helburua, ordea, Euskal Herriko eskola-ondarea bildu eta zabaltzea da. Horretarako, orain ­arte dutena osatu nahi dute. ­Egitasmoan parte hartu nahi ­dutenekin harremanetan jartzeko tresna ere bada web-orria.

 

 

Ikertzailearen bulegoan zegoena

 

Aktak, dokumentuak, ikasliburuak, ikasleen eta irakasleen koadernoak, ­agiriak, audio- eta irudi-grabazioak, liburu zaharrak eta berriak... Euskal Hezkuntzarekin lotura duten gisa horretako hamaika ale aurkitu, eskuratu, aztertu eta sailkatu dituzte EHUko Hezkun­tzaren Teoria eta Historia Saileko iker­tzaileek. 

80ko hamarkadan hasi ziren lan hori egiten, eta, ordutik, bulegoetan pila­tzen joan dira hezkuntzaren ondarea ­osatzen duten dokumentu horiek guztiak.

Bilketa horren sustatzaile nagusia Hezkuntzaren Historiako Katedradun eta GARAIAN taldeko ikertzaile ezagun Pauli Davila izan zen. Unibertsitateko sail horretan burutu ziren proiektuetatik eta ikerketetatik jasotako dokumentazio guztia sailkatu zuen.

Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Sailaren bulegoetan pilatzen ari zen material horrek dokumentazio-bilduma zabala osatu du pixkana. Dokumentazio guztia antolatzeko, datu-base bat diseinatu eta ezarri zuten dokumentazio eta bibliografia horrekin. Datu-base horrek, hain zuzen, bildutako materialaren funtsak bilatzea eta berreskuratzea ­erraztu zuen.

Bilketa- eta ikerketa-lanarekin batera, kezka bat sortu zen ikertzaileen taldean: nola ezagutarazi hezkuntza ondarea eta, horrekin batera, ikertzaile taldeek eta unibertsitateak berak egiten dituzten lanak? 

Ikerketak eta lanak jendarteratzeko beharra sortu zen, beraz: ikertzailearen bulegotik atera eta jendearen esku jar­tzekoa. Espazio bat sortzea izan zen bide horretan egin zuten lehen urratsa, interesa zuten guztiek bilduma eskuragarri izan zezaten. Dokumenturen bat ikusi nahi duenak ez du jada ikertzailearen bulegora joan behar; orain, ikerketa-zentro batera joan daiteke, dokumentazio-zentro batera. Zentro edo gune hori dagoeneko abian da Gipuzkoako Campusean, Carlos Santamaria Zentroan, hain zuzen.

Ondoren, sarean eskaini zen dokumentazio hori ezagutzeko aukera, web-orriaren bidez. Bai bata eta bai bestea Hezkuntzarako Azterketa Historiko eta Konparatuetarako GARAIAN taldeak koordinatzen ditu.

Bi espazioek dokumentazio kopuru esanguratsua biltzen dute. Eta, bertan, askotariko materialak aurki daitezke: etengabeko gaurkotze-lanak dituzten bibliografia-funtsak, argazkiak, legeria, ikasliburuak eta ikus-entzunezko hainbat material. 

 

Denoi zabaldutako gunea

 

Dokumentazio-zentroan lanean topatu ditu hik hasik Pauli Davila, Joxe Garmendia eta Luis Mari Naya irakasle eta ikertzaileak. GARAIAN taldeak Carlos Santamaria eraikinean bertan antolatu eta ikusgai jarri zuen “Eskola Koadernoak” erakusketa jasotzetik etorri berriak dira. Dokumentazio-zentroa zer den, zertan den eta aurrera begira zer asmo dituzten azaldu dute. 

Euskal Herriko Hezkuntzaren Historiarako Dokumentazio Guneak hiru helburu argi ditu:

1. Euskal Herriko hezkuntzaren ondare historikoa osatzen duen dokumentazioa berreskuratzea eta zaintzea.

2. Ikerketa-lana erraztea, lehen mailako iturrien eta bestelako dokumentazio-materialaren bidez.

3. Euskal Herriko hezkuntzaren historiari buruzko dokumentazioa hezkuntza-sistemaren eta, oro har, herritar guztien esku jartzea.

Helburuei buruz hasi dira lehenik, eta helburua “hemen daukagun materiala jendeak ezagutzea eta erabiltzea” dela adierazi du Pauli Davilak. Jendeak nola erabil dezakeen ere azaldu du: ­“Era guztietako materialak ditugu, hainbat jatorritakoak. Web-orriaren bidez ezagutaraziko dugu materiala: norbait tesi bat egiten ari bada, edo beste ­era bateko lanen bat, web-orrian material horren berri izango du, eta, gunera etortzen bada, dokumentua bera ikusi ahal izango du. Informazioa eskain­tzen dugu guk, baina, era berean, erreferentzia eskaintzen dugu, lehen mailako iturria lortzeko”.

Gunean dauden dokumentu gehienak sarean daudela azaldu du gero. Dokumentuak ez dituzte sarean osorik ipini: “Dokumentuen lehen orrialdeak soilik daude sarean, interesatuak ikusteko zein dokumentuz ari garen, eta non dauden esango diogu: gunean dauden, edo beste nonbait; eta azken kasu horretan, hemendik bideratuko ditugu dokumentua dagoen lekura”. 

Gunearekin, ate bat zabaldu dute, Unibertsitateko Sail horrek hezkuntzaren ondarearen gainean osatu duen bilduma ikus dezan jendeak. “Bada jendea hainbat lan egiten ari dena, eta hona etorri, eta ikertzaile gisa hasten da. Haientzat, oso erraza da gure lan egiteko modua, eta ez du dokumentu baten bila handik hona ibili beharrik”, dio Davilak, guneko apalen artean gidari-lana egiten ari den bitartean.

Eta dagoeneko badira ate hori zeharkatu eta dokumentu horien artean murgildu diren lagunak. “Une hauetan, guregana hurbildu dira masterrak edo doktoregoak egiten ari diren lagun ba­tzuk, zenbait institututako irakasleak, eta gure ikasleak”, dio Joxe Garmendiak. Gaur egun, guneak baditu erabil­tzaileak, beraz. “Dugun ondarea osatu eta sozializatu nahi dugu “, gaineratu du Garmendiak.

Bildu duten hezkuntza-ondarea Euskal Herri osokoa da: hau da, Arabako, Bizkaiko nahiz Gipuzkoako ondarea bildu dute, baina baita Nafarroakoa, Lapurdikoa, Nafarroa Beherekoa eta Zuberoakoa ere. Izan ere, herrialde guztietan dituzte harremanak eta kontaktuak: Bizkaiko ARAKA ikerketa-taldearekin eta beste hainbat unibertsitatetako eta erakundetako taldeekin.

Dituzten harremanez dihardugula, arlo horretan egin duten saiakera aipatu du Davilak: “Saiatu gara, nolabait, gure taldea finkatzen eta, gero, gure ­unibertsitate barruko eta kanpoko ­harremanak egiten. Beste zentroekin ­eta erakundeekin ere harremanetan gaude, eta elkarlanean ari gara: Auñamendi Entziklopediako taldearekin eta Eusko Ikaskuntzarekin, besteak beste”. Harremanetan daude Euskal Herritik kanpoko unibertsitateekin eta ikerketa-taldeekin ere. Harreman horien ­emaitza dira martxoan Donostian egin ziren “Eskola Koadernoa” erakusketa eta jardunaldiak, Bilbon ARAKA tal­deak antolatuta maiatzean egingo di­renak. 

 

Gunean jasotako dokumentazioa 

DOKUMENTUAK

-Ikastetxe publikoei, erlijiosoei, ekimen pribatuko fundazioei zein ikastolei 

buruzko dokumentazioa.

-Probintzia-erakundeetako akten kopiak.

-Diputazioen arteko posta-trukea.

-Ikuskapenen eta irakasleen inguruko espedienteak.

-Hainbat erakunderen arteko posta-trukea.

-Institutuen eta eskolen memoriak.

-Euskal Unibertsitatearen sorrera.

-Hezkuntza- eta alfabetizazio-zentroen gaineko estatistika-serieak.

-Euskara irakasteko testuak, eta abar.

-Gerrako haurrak.

-Ikastetxeetako argazkiak.

-Ikasliburuak.

-Maisu-maistrei egindako elkarrizketak.

 

EUSKAL HERRIKO HEZKUNTZAREN HISTORIARI BURUZKO BIBLIOGRAFIA

MEDIATEKA

Bideoak, argazki propioak.

 

IKASLIBURUAK

Eskolako liburuak: zaharrak eta berriak.

 

IKERKETAK, TESIAK

Hezkuntzan aurkeztu diren tesi gehienak.

 

Euskal Herriko Hezkuntzaren Dokumentazio Gunea irekita dago nahi duenarentzat; unibertsitateko jendeari ez ezik, jende guztiari zabaltzen zaio. Interesa duenak, beraz, GARAIAN taldearekin harremanetan jarrita, aukera du gunean dutena ikusteko eta iker­tzeko.

Oraingoz, gunearen espazioa Carlos Santamaria Zentroan dago.  Ikerketa-gunea egin dute, eta sarearen bidez jendarteratu dute. Aurrera begira, berriz, hauxe dio Davilak, esku artean aspaldiko ikasliburu zahar bat erakusten digun bitartean: “Denborarekin, egokia litzateke espazio bat antolatzea, dugun ondarea bistaratzeko; beste gune bat, zabalagoa, non erakusketa bat ­egongo litzatekeen”.

 

Hezkuntzaren bidez herria erakusten

 

Estatu Batuetan eta Ingalaterran, badira na­zioarteko hedapena duten eta hezkun­tzaren historiaz ari diren hainbat aldizkari, sona handikoak ba­tzuk, History of ­education, esaterako. Aipatutako ikerketei esker, Euskal Herriko hezkuntzaren historiari buruzko informazioa irakur daiteke aldizkari horietan. Berorietan, Europako eta munduko ikertzaile garrantzitsuenek argi­tara­tzen dituzte beren lanak. “Lanean­ ­ari gara nazioartera begira. Europan, behintzat, badakite ikerketa horiek guztiak ez direla herriko gauzak soilik”, esan du Davilak. Hemengo hezkuntza erakutsi nahi dute, Euskal Herrian eta munduan.

Horrek ospea ematen dio egindako ikerketari, eta, bide batez, Euskal Herria munduari erakusteko balio du. 

Etorkizunari begira ari dira, batez ­ere, ikertzaileak. Eta begiratu horretan, hainbat erronka definitu dituzte:

Euskal Herriko hezkuntzaren historia eta hezkuntzaren etorkizuna landu eta jendarteratu.

Eztabaida eta ikerketarako gunea zabaldu.

Euskal Herriko ondarea kontuan ­izanik, erakusketak antolatu.

Bildu duten eta bilduko duten ondarea sailkatu eta jendearen eskura jarri.

Beste erakundeekin eta instituzioekin elkarlanean aritu.