Martxoaren 8an nerabeekin hezkidetza eta feminismoa lantzeko irakurgai aproposa. 

 

Hik Hasik argitaratutako Chimamanda Ngozi Adichiren ‘Guztiok izan beharko genuke feminista’ liburuxka nerabeekin hezkidetza eta feminismoa lantzeko irakurgai aproposa da.

 

Martxoaren 8a morez edo gorriz, baina ongi markatzeko eguna da, oraindik ere eskolako egutegian. Martxoaren 8ak gogorarazten digu, mundu guztian, emakumeak gizonak baino okerrago daudela. Sinple bezain gordin. Emakumeak gizonak baino egoera okerragoan daude garapen iraunkorreko adierazle guztietan, Nazio Batuen Erakundearen datuen arabera. Genero desberdinkeriak alor guzti-guzti-guztietan gertatzen dira: munduko analfebetoen hiru herenetik bi emakumeak dira. Pobreziaren aurpegia emakumezkoa da, munduko pobre gehienak emakumezkoak direlako, eta oinarrizko zerbitzu sozialetarako irismen gutxiago daukatelako. Planetako lur pribatuen %98 gizonen izenpean daude. Munduko 30 herrialdetan emakumeei mutilazio genitala egiten jarraitzen dute. Pertsonen salerosketak emakumeei eragiten die bereziki, kasuen bi herenetan eta esplotazio sexuala helburu izan duten pertsonen salerosketen % 94 emakumeei gertatu izan zaie. Bi segundoz behin, neskato bat ezkontzara behartua dago munduan. Eta urrutira joan gabe, gurean ere egunero-egunero salatzen dira biolentzia matxistako kasuak. Soldata-arrakala, batez beste, % 30ekoa da. Eta abar, eta abar...

Baina beste desberdinkeria batzuk sotilagoak dira, egunerokoagoak… eta hautematen zailagoak. Horiek ere identifikatzeko, beharrezkoa da betaurreko moreak janztea.

 

Chimamanda Ngozi Adichi, euskaraz

Helburu horrekin idatzi zuen Chimamanda Ngozi Adichi idazle nigeriarrak Guztiok izan beharko genuke feminista liburuxka, TED talk saio baten ostean. Adichi jabetzen da feminista hitzak konnotazio txarra duela jende askorentzat, aldiz, argi zeukan gizarte honek guztiok feminista izateko beharra duela justuagoa izango bada, eta emakumeen eta gizonen eskubide berdintasuna jokoan dagoelako oraindik ere. Beraz, lan zaila jarri zion bere buruari. Xede hori lortzeko, egunerokora jo zuen idazle nigeriarrak. Esate baterako, eskola garaiko kontuak jaso zituen: umetan ikasgelako notarik onena ateratzen zuenak ikasgelako begiralea izateko aukera izan behar zuen, baina Ngozik notarik onenak aterata ere irakasleak esan zion begiraleak mutila behar zuela izan, ez neska. Helduaroko gertakari ugari ere jaso zituen; adibidez, Nigeriako jatetxeetan gizonekin sartzen den bakoitzean zerbitzariak gizona agurtzen duela eta, ez emakumea. Nigeriako kontuak biltzen ditu saiakeran, eta Europako ikuspegitik hainbat egoera gainditutzat dauzkagula iruditu dakiguke, baina beste hainbat adibide oso ezagunak eta gertukoak egingo zaizkigu. Bere nahia, egunerokotik, ia oharkabean pasatzen diren txikikeria horiek, ohiturak, erabakiak eta jarrerak argitara ateratzea izan zen, eta horien aurrean jarrera feminista izateko deia egiten du liburuan, eta zirimiriaren moduan, ideia feministekin bustitzen du irakurlea. 

Plazara Goaz euskara elkarteak sustatu zuen itzulpena eta Euskaratuk, AEKren Itzulpengintza eta Zuzenketa zerbitzuak, itzuli zuen. Hik Hasik 2017an argitaratu zuen liburuxka, Lorea Agirreren sarrera eta kokatze bikain batekin. Geroztik, hainbat eta hainbat ikastetxetan irakurri dute, irakurri ez ezik landu eta mamitu ere bai, generoaren eta hezkidetzaren gaiak lantzeko aukera handia ematen baitu Adichiren lanak, baina bereziki ikasleek erraz eta gustura barneratzen dutenez, eragina uzten die eta inplikatu egiten dira. Eserialdi bakarrean irakurri eta blaitzen ditu neskak zein mutilak. 

Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko, DBHko, Batxilergoko nahiz Lanbide Heziketako ikasleentzat ispilu den liburua da Guztiok izan beharko genuke feminista. Datorren martxoaren 8rako lanketa egiteko, ikastetxeetara bidalketa garaiz egin ahal izateko liburuen eskaera otsailaren 21a baino lehenago egin behar da. www.hikhasi.eus webgunean dago salgai. 

 

Feminista izateko hamaika arrazoi

Gaur egun Emakumeen Nazioarteko Eguna esaten baldin bada ere, jatorrian Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna ospatzen da martxoaren 8an. Emakumeen eskubideen aldeko borroka ugariak gogorarazteko eta eskubideak betearazteko eta aldarrikatzeko eguna da. Clara Zetkin sozialistak 1910ean  aldarrikatu zuen Kopenhageko II. Emakume Sozialisten Nazioarteko konferentzian Emakume Langilearen Eguna ospatzeko beharra. Hurrengo urteetan izandako hainbat gertakari lazgarrik egunaren beharra ikusgarriago egin zuten. Batetik, 1911ko martxoaren 25ean New Yorkeko Triangle Shirtwaist oihalgintzako fabrikan izan zen sutean 149 emakume hil ziren, eta gertakari horrek mundu guztiaren begi bistan utzi zituen emakume langileen lan eta bizi baldintza eskasak. Bestetik, 1917ko martxoaren 8an, Errusiar inperioko hiriburuan, Petrograden (gaur egungo San Petesburgon), ostera ere oihalgintzako emakume langileek hainbat manifestazio egin zituzten eta hiri guztia hartu zuten, Errusiako Iraultza piztu zuten ekintza nagusia izan zelarik. Azkenik, 1975ean Nazio Batuen Erakundeak martxoaren 8a izendatu zuen Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna.

 

 

Eskuratu liburuxka gure dendan

(Martxoaren 8an eskuartean edukitzeko eskaera egiteko azken eguna Otsailak 21)