Liburu monografikoa ondu du Hik Hasik.

 

Euskal hezkuntza sistema propioa helburu izanik, EAEko Hezkuntza Legeak norabide horretan zer aukera eskaintzen dituen aztertu du HIK HASIk monografiko batean. Aukera horien garapena proposatu dute gaian adituak diren ikerlariek, tokian tokiko ereduak eta Europakoak ekarriz. Legeak dituen mugak ere kontuan izanik, marko berriaren abagunea baliatu nahi duten irakasleei eta hezkuntzan ardurak hartu dituztenudalei eta eragileei zuzendua dago Hezkuntza Legea. Biharamunerako koordenatuak liburua.

 

Hik Hasiren ustez, EAErako Hezkuntza Lege berri bat ateratzea ez zen aukera bat, ezinbesteko urratsa baizik, etorkizunari begira euskal hezkuntza propioaren bidetik heldu nahi baldin bazaio. Ikuspegi horretatik, Euskal Herri osorako hezkuntza sistema lortzeko bidean egindako urrats gisa baloratzen du.

Balorazio horretan gehiago sakondu nahi izan du eta horren emaitza da EAEko Hezkuntza Legea. Biharamunerako koordenatuak liburua. Abiapuntua Hik Hasik 2017an plazaratu zuen Hezkuntza Proposamena da. Dokumentu ireki hartan hezkuntza hobetzeko hamar gako proposatu ziren eta geroztik beste hamaika ekarpen egin dira Euskal Herri luze zabalean; azkenekoa Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako Hezkuntza Legea izan da, 17/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzarena.

 


"Denontzat eta denona izango den hezkuntza sistema erdiesteko bidean lege berriak zein aukera irekitzen dituen aztertu dugu"

Ainhoa Azpirotz, Hik Hasiko eragiletza arduraduna eta liburuaren koordinatzailea


 

Hik Hasik EAEko Hezkuntza Lege berria aztertu du eta Hezkuntza Proposamenean zehaztutako oinarrietatik abiatuta egin du, han mahaigaineratutako gakoak legean nola jaso diren ikusiz. “Denontzat eta denona izango den hezkuntza sistema publikoa, bateratzailea, soziala eta inklusiboa erdiesteko bidean lege berriak zein aukera irekitzen dituen aztertu dugu, zer aurrerapauso dakartzan eta zer geratzen den egiteko, herri gisa eta haurrak erdigunean jarrita, geure buruari mugarik jarri gabe”, azaldu du Ainhoa Azpirotz Hik Hasiko eragiletza arduradunak eta liburuaren koordinatzaileak.

Legeak dakartzan aukera batzuk legearen garapenak ahalbidetuko ditu. Beste aukera batzuk errealitate bihurtzeko, ordea, hezkuntzaren eremutik at dauden hainbat lege ere aldatu beharko dira eta horrek denbora eskatuko du. Liburu honetan aukera horien garapen posibleak irudikatzeko saiakera egin da, batzuk legearen markoan eta beste batzuk legetik harago egin beharko direla jakitun. Beste zenbait gai edo esparru garatzeko, ordea, muga batzuk ikusi zaizkio legeari eta gai horietan mugak gainditzeko bideak arakatu beharko dira. 

Legearen irakurketa egiteko begirada irekia eduki du Hik Hasik, gertukoa zein urrunekoa, baina irekia. Tokian tokiko esperientziak eta ereduak jaso ditu, tartean Nafarroako eta Iparraldeko esperientzia esanguratsuak. “Legea Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako den arren, aurrera begira aztergai geratzen da Nafarroan eta Iparraldean zer eragin izan dezakeen eta herrialde desberdinetako ikastetxeen arteko lankidetzak eta proiektuak garatzeko zein bide ireki daitezkeen. Egiazki, ikastetxeen arteko harreman sarea eta elkarlana funtsezkoak baitira Euskal Herri osoko hezkuntza sistema osatzeko”, gehitu du Azpirotzek.

 


"Hemengo ereduez gain, eredu gehiago badaudela ikustea da helburua"

Ainhoa Azpirotz, Hik Hasiko eragiletza arduraduna eta liburuaren koordinatzailea


 

Begirada goratu eta Europara begira jarri da Hik Hasi. Europako hezkuntza sistema publikoetan dauden ereduak eman dira ezagutzera monografikoan, helburu xume eta argi batekin: “Hemengo ereduez gain, eredu gehiago badaudela ikusaraztea eta jabetzea erreferentzia izan daitezkeela eraikitzen ari garen eta denontzat eta denona izan beharko den hezkuntza sistemarako”. 

Monografikoak lau atal ditu: Gobernantza berri bat, Euskara euskal hezkuntzan,  Autonomia eta Ikasleak eta irakasleak. Atalak osatzeko, gaia oso aztertuta duten adituen ekarpenak jaso dira, besteak beste: Huheziko Mariam Bilbatua, Olaia Jimenez, Jon Sarasua eta Karmele Perez; EHUko Xabier Aierdi eta Maialen Oiartzun; Iñaki Iurrebaso; GEPS zentroko Xavier Bonal; Iratxe Retolaza; Gotzon Barandiaran eta Nafarroako 0-3 Plataformako Isa Irigibel eta Eider Garde. Liburua atalka irakurtzeko pentsatua dago.

 

Hezkuntza Proposamena

Hezkuntza Proposamena. Kalitatezko hezkuntza bermatzeko zoru pedagogiko eta etikoa: hezkuntza hobetzeko gakoak (2017) dokumentua urtebeteko hausnarketa partekatuaren emaitza izan zen, unibertsitateetako eta ikastetxeetako adituekin elkarlanean osatua eta hezkuntza komunitateko eragileekin kontrastatua. Proposamen irekia zen, gure herriko hezkuntza-
egoera hobetu nahi duten guztiekin partekatzeko.

 

1. Gobernantza berri bat

Hezkuntzak gertuagoko kolaboratzaileak eta solaskideak behar ditu: hurbilago dagoen tokiko administrazioa, ikuspegi hezitzailea duen herria, inplikatuago dauden familiak eta herritarrak, segregazioari aurre egingo dioten herri eta herritar inklusiboak, euskaran eta euskal kulturan murgildutako autoktonoak zein herritar etorkinak... Eta horrek guztiak gobernatzeko kultura berri bat eskatzen du, partaideen pentsamenduetan, balioetan eta jarduteko moldeetan aldaketak egitea. Hezkuntza, hezkuntza komunitateko partaide guztien eguneroko politiketan, praktiketan eta bizimoduan integratzea, azken batean.

Hezkuntza komunitate zabalaren parte-hartzea sustatze aldera, EAEko Hezkuntza Legearen printzipioetan eta artikuluetan bideak ireki dira udalen eta tokiko administrazioen esku-hartzea ahalbidetzeko: euskal hezkuntza sistemaren gobernantzako erakundetzat hartu dira udalak, hainbat eginkizun ezarri zaizkie eta udal eskola kontseiluak sortzeko aukerak zehaztu dira, besteak beste.

Eginkizun nagusia ikastetxeen eta herriko eragileen arteko elkarlana eta sinergiak bilatzea izango da, eta nola ez, gaur egungo segregazio egoerei aurre egiteko bideak bilatzea. Arlo horretan legeak urrats esanguratsuak dakartza. 

Hik Hasiren liburuak dagoeneko bide horiek urratu dituzten hainbat esperientzia ekarri ditu: Errenteria-Orereta, Gasteiz, Zaldibia, Lesaka, Baztan, Durango, Bergara eta Eibar.

 


“Bergaran segregazioaren lantaldea sortu genuen 2022an eta identifikatutako bi erronkak eta zazpi lan ildoak garatzen ari gara”

"Gobernantza berri bat garatzeko, aurrerantzean hezkuntza mailako erabakiak udalei bizkar eman gabe hartu beharko lirateke, era koordinatuan eta elkarlanean"

Nagore Narbaiza, Bergarako Udaleko Gazteria, Hezkuntza eta Partaidetzako teknikaria


 

2. Euskara euskal hezkuntzan

Hizkuntzari buruzko artikuluak legearen IV. tituluan landu dira, eta horrez gain, hizkuntzen trataerari buruzko aipamenak jaso dira zioetan eta bosgarren xedapen gehigarrian. Kontraesana sortu dute, zalantzan geratzen delako gaur egun martxan dauden hizkuntza ereduei lotutako eskubideak eta printzipioak mantentzeak ahalbidetzen ote duen lege honek planteatzen dituen helburuak betetzea edo horiek lortzeko bideak martxan jartzea.

Hik Hasik legeak ezartzen duen helburuan egin du azpimarra: ikasleek Derrigorrezko Hezkuntza amaitzean gutxienez B2 maila lortu behar dute bi hizkuntza ofizialetan. Horretarako, legearen markoan ireki diren aukerak garatu eta bermatu behar dira: besteak beste, ikastetxeetan hizkuntza proiektuak garatzea; hainbat esku-hartze egitea eskolaz kanpoko jardueran, hezkuntza ez-formalean eta aisialdian esku-hartzeak egitea; irakasleen prestakuntza arduraz gauzatzea; eta euskal kulturaren transmisioa bermatzea. Horrek denak eskatzen du ondo zehaztea nolakoak izango diren ebaluazioa, esku-hartzeak, neurri zuzentzaileak, ondorioak —kolektiboak zein norbanakoak— formazioa... Adituek liburuan adierazi duten moduan, hor fin aritu beharko da, eta eragile guztien inplikazioa —eta adostasuna— beharko da.

 


“Ikasleak euskaraz B2 maila izatera irits daitezen nahi baldin badugu, eskoletan eraginkorragoak izan behar dugu hizkuntzen ikaskuntzan eta irakaskuntzan”

Karmele Perez Lizarralde, Huheziko irakaslea


 

3. Autonomia

Atal honetan Hik Hasik Europara begiratzeko gonbita egin du. Europako hezkuntza sistema publikoetan ikastetxeek duten kudeaketan duten autonomia maila aztertu da. Abiatu aurretik, ikastetxe publiko kontzeptuari buruzko gogoeta egin da, eta ondotik Europako argazki bat erakutsi da, ikastetxe publikoek funts publikoen kudeaketan, funts pribatuen kudeaketan eta ikastetxeko langileen hautaketan eta kontratazioan zer autonomia duten ikusteko.

“Ezagutu ditzagun inguruan ditugun ereduak, ez gaitezen mugatu Frantziako eta Espainiako estatuetako ereduetara. Muga horiez gaindi eredu interesgarriak daude eta bideragarriak izan daitezke, denontzat eta denona izatea nahi dugun euskal hezkuntza sistema berria eraikitzen joan gaitezen”, dio Azpirotzek. Errealitate berri bat irudikatzera iritsi da Hik Hasi, horra iristeko proposamen batzuk eginez.

Ibilbide horretan mugarri izango da legearen garapenak ekarriko duen Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa (EHZP). Hik Hasik jauzi kualitatibotzat hartzen du EHZPren sorrera, titularitate desberdinetako zentroak bat egiteko aukera eskaintzen duelako, EHZPn sartzeko betebeharrak agertzen direlako, eta zerbitzu horretan sartzeko baldintza guztiak betetzen dituzten ikastetxe guztiei % 100eko finantzaketa eskainiko zaielako. Hala ere, aurrerapausoa benetan esanguratsua izan dadin hiru baldintza bete beharko lirateke: ikastetxe guztiek eskubide eta betebehar berberak izatea arlo guztietan, Hezkuntza Sailaren, alderdi politikoen eta hezkuntza-eragileen artean adostutako epean; kontrolak arautzea eta ondorioak zehaztea; eta titularitate publikoko eskolentzat hobekuntza plan integrala adostea eta martxan jartzea.

 


“Europako hezkuntza sistema publikoetan irakasleak hautatzeko erabiltzen den sistema hedatuena sistema irekia da, oposizioak oso herrialde gutxitan erabiltzen dira” 

Maialen Oiartzun, EHUko ikerlaria


 

4. Ikasleak eta irakasleak

Hezkuntza Proposamenean ikasleei, irakasleei eta zuzendaritza-taldeei buruz esaten zenak isla izan du EAEko Hezkuntza Legean. Ikasleen ezaugarriak aintzat hartzea eta hezkuntzako profesionalen prestakuntzari behar duen tokia ematea azpimarratzen ziren, eta lege berriak jaso ditu.

Monografiko honetan gako batzuk aurkezten dira haur txikienak (0-3 urtekoak) zein nerabeak erdigunean egon daitezen eta etapa horiek dituzten ezaugarri bereziengatik ikasleak kontuan hartuak izan daitezen. 

Legeak dioen moduan, Haur Hezkuntza bi ziklotan banatzen da (0-3 eta 3-6) eta Hik Hasik oso garrantzitsutzat jotzen du hori hala jasotzea, errealitatean ziklo horren haustura gertatzen ari delako eta tentuz zaindu behar den zikloa delako.

Zuzendaritzatik zuzendaritza-taldeetara gertatzen ari den aldaketa ere esanguratsua da, eta zuzendari ahaldunduen beharra gero eta ozenago entzuten da. Ikastetxe ahaldunduak eta autonomia dutenak nahi baldin badira, ezinbestekoa da zuzendaritza taldeak ere ahaldunduta egotea.

  • Errealitatean 0-3 zikloa hausten ari da; legeak zikloa 0-3 dela berretsi du.
  • Hezkuntza komunitatearen kide izateaz gain, hezkuntza proiektuaren motorra eta bermea da zuzendaritza taldea, eta, beraz, funtsezkoa.

 

Hezitzaileei begira

Hik Hasik argi dauka legea ez dela helburu bat, aurrerapauso bat baizik. Legea abiapuntu hartuta, lanean jarraitu beharko da; besteak beste, sareen arteko konfrontazioa gainditzeko, eskola segregazioari aurre egiteko eta herritar euskaldun eleaniztunak sortzeko.

Liburuaren hartzaileak eta irakurleak hezitzaileak dira, lehenik eta behin, Hik Hasi hezkuntza komunitateari begira dagoelako. Legearen ondorioz etorriko den marko berrian aukerak bilatu nahi dituzten irakasleentzako, zuzendarientzako eta ikastetxeentzako monografikoa da. Baina hezkuntza ez denez irakasleen erantzukizuna soilik, hezkuntzan ardurak hartu dituzten udalei eta hezkuntza eragileei zuzenduta ere badago liburua.

Hik Hasik garbi dauka, lanean jarraitu beharko dela, onartu den legea abiapuntu hartuta, legearen aplikazioko prozeduretan eta egikaritzetan hobetu beharrekoak hobetzeko. Hezkuntza Proposamenaren talaiatik begiratuta, hainbat mugarri ikusten ditu:

  • Legeak sareen arteko konfrontazioa eta lehia gainditzeko balio behar du, batetik hezkuntza zerbitzu publikotzat hartuz, eta bestetik bideak ipiniz guztiak baldintza beretan eta eskakizun berekin jarduteko, betiere aniztasunari eutsiz eta gurasoei hezkuntzarekiko duten ardura eta erabakimena ebatsi gabe.
  • Aztertu behar da legeak zenbateraino ahalbidetuko duen hezkuntza komunitarioa, tokiko kudeaketa, herri mailako sinergiak eta eragileak elkarrekiko konfiantzan lankidetzan aritzea.
  • Legeak eskola segregazioari aurre egiten lagundu behar du.
  • Legeak belaunaldi berriak euskaldun eleaniztun bilakatzeko balio behar du; bestela, ez- nahikotzat jo beharko dugu.
  • Legeak eskolaren antolaketa parte-hartzailea izan dadin eragin behar du, eta hezkuntza proiektu indartsuak eta anitzak sustatu behar ditu.
  • Legeak Euskal Herri osorako izan behar du lagungarri. Denontzat eta denona izango den hezkuntza sistema propioa eraikitzen laguntzeko eta eragile guztiak norabide berean arraun egitera bultzatzeko balio behar du. 

Liburu hau bide horretan akuilu eta hausnarketarako tresna izan dadin nahi du Hik Hasik.