Hik Hasik liburu monografikoa aurkeztu du.

 

Hik Hasik EAEko Hezkuntza Legea. Biharamunerako koordenatuak liburua aurkeztu du aste honetan Hernaniko Orona Fundazioan. Bertan parte hartu dute, alde batetik, liburuan parte hartu duten adituetako batzuk, besteak beste: Olaia Jimenez (Huhezi), Mariam Bilbatua (Huhezi), Maialen Oiartzun (EHU), Bergarako Udala; Lesakako Udala; Iñigo Salaberria (Heize), Gotzon Barandiaran (Euskal Kultur Transmisioa). Eta beste aldetik, hezkuntza eta gizarte eragile ugari ere aurkezpenean izan dira: Nekane Artola eta Zigor Ibarzabal (EHI); Iñigo Salaberria (Heize); Kepa Altube (Ikaslan); Maria Rengel (Kristau Eskola); ELA eta LABeko ordezkariak; Haritz Alberdi eta Garazi Urdanpilleta (Udalbiltza), Axier Mingo (Uema eta Hernaniko udala); Olatz Osa (Elkar), Mikel Antia (Ikaslekar); Hezten; Idurre Eskisabel (Kontseilua); Idoia Aldekoa (Elhuyar); Kepa Sarasola (UEU); Beatriz Akizu (Eusko Ikaskuntza).

 


“EAEko Hezkuntza Legearen aukerak baliatu behar ditugueuskal hezkuntza-sistema propioa lortzeko bidean”

Ainhoa Azpirotz, Hik Hasiko eragiletza arduraduna eta liburuaren koordinatzailea.


 

Ainhoa Azpirotz Hik Hasiko eragiletza arduradunak eta liburuaren koordinatzaileak aurkeztu du liburua eta liburuaren atal bakoitzari buruzko azalpenetan honakoek hartu dute hitza:

  1. Gobernantza eredu berri bat: Olaia Jimenez Huheziko irakaslea eta Maite Usabiaga Bergarako hezkuntza zinegotzia
  2. Euskara euskal hezkuntzan: Xabier Sarasua irakaslea eta Hik Hasiko kidea.
  3. Autonomia: Maialen Oiartzun, EHUko ikerlaria.
  4. Ikasleak eta irakasleak: Iñigo Salaberria, Heize.

 

Ainhoa Azpirotzek kokatu du liburua:

“EAEko Hezkuntza Legea. Biharamunerako koordenatuak du izenburu Hik Hasiren 36. monografikoak.

Ia hiru urteko prozesuaren ondoren, 2023ko abenduaren 21ean onartu zen EAEko Hezkuntza Legea; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza-sistemaren marko berria jarri duena. Hor kokatu da Hik Hasi eta legearen irakurketa egin du.

Abiapuntua Hik Hasiren Hezkuntza Proposamena izan da, 2017an Hik Hasik aurkeztu zuen dokumentua. Bertan, euskal hezkuntza hobetzeko 10 gako jaso genituen, euskal hezkuntza-sistema propiora iristeko bete beharreko 10 gako.

Orain, 2024an, EAEko Hezkuntza Legeak gako horiek jaso dituen edota nola jaso dituen aztertu du Hik Hasik. Legeak zer aukera eskaintzen dituen gako horiek garatzeko; zer bide irekitzen dituen; zer muga egon daitezkeen; eta muga horiek nola gainditu daitezkeen,

Hezkuntza Proposamenaren talaiatik begiratuta egin dugu ariketa. Eta helburutzat denontzat eta denona izango den euskal hezkuntza sistema propioa hartuta; sistema publiko edo komunitario bateratzailea, anitza, parte-hartzailea eta inklusiboa.

Jakin badakigu Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako legea izango dela, zatiketa administratiboak Euskal Herri osorako hezkuntza-sistema garatzea galarazten digulako gaur gaurkoz. Azken jomuga hori izan arren, eremu bakoitzean sortzen diren aukerak baliatzea dagokigu, eta Lege hau abagune horietako bat dela uste dugu.

Hik Hasik uste du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lege berri bat ateratzea ez zela aukera bat, baizik eta ezinbesteko urratsa, euskal hezkuntza etorkizunera begira jarri nahi bada”.

 


“EAEko Hezkuntza Legeak marko bat ezarri du, ez da behar genuen legea, lege ausartagoa behar genuen, irmoagoa, euskaldunagoa, sozialagoa eta inklusiboagoa. Baina dauzkan aukerak baliatu behar ditugu euskal hezkuntza-sistema propiorantz joateko. Denontzat eta denona izango den euskal hezkuntza-sistema nahi dugu, publikoa eta komunitario bateratzailea, anitza, parte-hartzailea eta inklusiboa; gure gizartearen aniztasuna kontuan izango duena, aniztasuna zentzurik anitz eta zabalean ulertuta”.

Ainhoa Azpirotz, Hik Hasiko eragiletza arduraduna eta liburuaren koordinatzailea.


 

Hik Hasik legeak dakartzan aukerak aztertu ditu. “Badakartza aurrerapausoak eta aurrerapausoak urrats estrategiko eta esanguratsu bilakatzeko lanean jarraitu behar dugu.Euskal Herri osorako hezkuntza sistemaren bidean urratsak egiteko.Eta eragile guztiak norabide berean arraun egitera iristeko.

Horregatik, legearen aukerei begiratu diegu, ikuspegi kritikoz, ateak ireki daitezkeela ikusten dugulako, baina benetan behar den garapena gertatzen baldin bada soilik. Egikaritzetan, baliabideetan, ebaluazioan... arreta jarri behar da.

Legeak sareen arteko konfrontazioa eta lehia gainditzeko balio behar du.Legeak segregazioari aurre egiteko eta aniztasuna balioan jartzeko balio behar du.

Aztertu behar da legeak zenbateraino ahalbidetuko duen hezkuntza komunitarioa, tokiko kudeaketa, herri mailako sinergiak eta eragileak elkarrekiko konfiantzan lankidetzan aritzea.

Legeak belaunaldi berriak euskaldun eleaniztun bilakatzeko balio behar du, bestela, ez-nahikotzat jo beharko dugu.

Legeak eskolaren antolaketa parte-hartzailea izan dadin eragin behar du, eta hezkuntza-proiektu indartsuak eta anitzak sustatu behar ditu.

Liburu hau bide horretan akuilu eta hausnarketarako tresna izan dadin nahi du Hik Hasik.

 


"EAEko Hezkuntza Legeak sortzen dituen aukerak baliatu behar ditugu denontzat eta denona izango den euskal hezkuntza-sistema propiorantz joateko”.

Ainhoa Azpirotz, Hik Hasiko eragiletza arduraduna eta liburuaren koordinatzailea.


 

Liburuaren ezaugarriak

Beraz, eta lege berri honen markoan kokatuta, berau aztertzeko ariketa egin dugu Hezkuntza Proposamenaren gakoak abiapuntu hartuta.

Liburua lau atal nagusi ditu eta atalka irakurtzeko pentsatua dago:

  • Gobernantza berri bat
  • Euskara euskal hezkuntzan
  • Autonomia
  • Ikasleak eta irakasleak

Atal bakoitzean legeak esaten duena aztertu dugu, esperientziak bildu ditugu (hemengoak nahiz Europakoak) eta aurrera begira legearen garapenean zein norabidetan sakondu beharko litzatekeen baloratu dugu.

Errealitatetik abiatu gara, baina etorkizuna irudikatu ere egin dugu. Dauden legeetatik eta mugetatik harago ere joan nahi izan dugu, denontzat eta denona izango den hezkuntza sistema lortzeko bidean nondik jo dezakegun marrazteko.

Ariketa horretan begirada irekia eduki dugu. Esate baterako, autonomiaren gaian Europako hezkuntza-sistema publikoen argazki bat egin dugu, ezagutzen dugun hemengo ereduaz gain beste eredu batzuk badaudela ikusteko, errealak direla jakiteko eta hemen ere beste eredu inklusibo eta sozialago bat posible izango litzatekeela jabetzeko. Jakina bidea ez dela erraza, legeek gaur gaurkoz ez dutela posible egiten, baina etorkizunean beste modu batera izan daitekeela uste dugu. Hor kokatu da Hik Hasi.

Liburua nori dago zuzendua?

  • Hasteko, legeak ekarri duen marko berrian aukerak bilatu nahi dituzten hezitzailei, zuzendariei eta zuzendaritza-taldeei eta ikastetxeei.
  • Eta horrez gain, hezkuntza ez denez irakasleen erantzukizuna soilik, hezkuntzan ardurak hartu dituzten udalentzako, hezkuntza eragileentzako, gizarte eragileentzako eta eragile politikoentzako ere bada.

 

Liburua atalka:

1. atala: Gobernantza berri bat

Ainhoa Azpirotzek azaldu zuenez, atal honetan hezkuntza-komunitate osoari begiratu nahi izan zaio, “begirada zabaldu eta komunitate horretako kideen partaidetzan sakondu nahi izan da. EAEko Hezkuntza Legeak gobernantza eredu berri baterako hainbat bide irekitzeko aukera utzi du eta bide horretan nondik norako ibilbidea egin daitekeen aztertu dugu.

Olaia Jimenez Huheziko irakaslea eta Mariam Bilbatua Huheziko irakasle ohia aritu dira azterketa hori egiten, gai horren lanketan adituak eta arituak direlako. EAEko Hezkuntza Legeak gobernantza berri bat abian jartzeko eskaintzen dituen aukerak eta mugak aztertu dituzte aditu biek.

Gobernantza eredu berriaz hitz egiten dugunean, eredu desentralizatuagoaz ari gara, tokiko administrazioen parte hartzeaz. Udalek, herriko eragileek, hezkuntza ez-formalak, aisialdiak... zer zeregin eta eskumen izango dituzten, denok onartuta baitaukagu hezkuntza ez dela eskolaren zeregina soilik.

Horregatik, ekarri ditugu liburuaren orrialdeetara Euskal Herriko hainbat herritako esperientziak: udaletatik bultzatuta sortzen ari diren Hezkuntza Mahaiak, herri hezitzaile izateko egiten ari diren urratsak, segregazioari aurre egiteko abian dauden prozesuak eta abar.

Atal hau segregazioari buruzko gaiarekin amaitzen da. Lege berrian leku esanguratsua hartu du, segregazioaren aurkako ituna egiteko konpromisoa hartu zen legearen aurretik sinatu zuten Hezkuntza Akordioan, matrikulazio irizpide berriak ezarri dira, ikastetxe segregatuez eta ez segregatuez hitz egiten da... Hori dena hemen daukagu, errealitatea da. Oraindik erantzunak baino galdera gehiago sortzen dituen gaia da, baina zenbait hausnarketa eta erantzun azaleratzen hasiak dira. Besteak beste, Xabier Aierdi eta Xavier Bonal adituen hausnarketak eta proposamenak jaso ditugu, eta baita Bergarako eta Eibarko esperientziak ere”.

Olaia Jimenezek sakondu zuen gobernantza ereduaren atalean. Jimenez Huheziko irakaslea da eta azken urteetan hainbat herritan ibili da aholkulari gisa.

“Gaur egun gobernantza berri baten beharra agerikoa dela uste dugu. Hezkuntza guztion ardura den heinean, hezkuntza-prozesuak beren ingurune soziokulturalean integratzeko beharra ikusten dugu. Begirada horretatik so eginda, EAEko Hezkuntza Legeak zera jaso duela ikusi dugu:

  • Euskal hezkuntza-sistemaren printzipioak jaso direnean, badaude printzipio batzuk komunitatearen esku-hartzea behar dutenak.
  • Gobernantza- ereduari dagokionez, gobernantza esparruan sartzen diren erakundeak zein diren zehazten da eta EAEko udalak aipatzen dira, —ikastetxeetatik hurbilen dauden erakundeak direlako—, udal hezkuntza-kontseiluak eta eskola-kontseiluak.
  • Udaleko hezkuntza-kontseiluen sorrera ere aipatzen da, toki-administrazioek eratu ahal izango dituztela jasoz.
  •  Beste hainbat ataletan tokiko administrazioaren eginkizunak jaso dira.

Gauzak horrela:

  • Hasteko, EAEko Hezkuntza Legeak udalei eta hezkuntzari zein bestelako eragileei tokian tokiko hezkuntza gobernantzarako elkarlan kultura berri bat eratzeko erronka jarri die.
  • Kultura berri bat abiatzeko, partaideen pentsamenduetan, balioetan eta jarduteko moldeetan aldaketak egin behar dira, ondoren, egiturazko moldeetan zein lan- eta harreman-moldeetan aldaketak egiteko.
  • Tokiko administrazioen lehendabizko urratsa da hezkuntza eguneroko politiketan integratzea. Udalak ez dira hezkuntza-administrazio, baina badira administrazioak, eta legeek aitortutako eskumenez baliatzea dagokie. Aurrerantzean, hezkuntza mailako erabakiak udalei bizkar eman gabe hartu beharko lirateke, era koordinatuan eta elkarlanean”.

Bergarako Udaleko hezkuntza zinegotzi Maite Usabiagak hartu zuen ondoren hitza. Hezkuntza Mahaiaren barruan segregazioari aurre egiteko lantalde iraunkor bat sortu zuten 2022an eta geroztik egindakoa laburbildu dute.

“Bergaran, 2021. urtean sortu genuen Hezkuntza Mahaia, eta han elkartzen gara herriko hezkuntza formaleko eta ez-formaleko eragileak. Udalaren helburua zen haurra eta nerabea erdigunean jartzea eta hezkuntza formaleko eta ez-formaleko eragileekin hezkuntza proiektu komunak lantzea.

Lehenbiziko urtean, 2022an, bi lantalde sortu genituen, bakoitzean gai bat lantzeko eta horietako bat segregazioa lantzeko taldea izan zen. Segregazioaren auziari konponbide bat emateko helburuarekin sortu zen lantalde hau. 2022an herriko hezkuntza errealitatearen gaineko diagnostiko partekatua bat egin zen. Handik ateratako ondorioetan oinarrituta, bi erronka eta zazpi lan-ildo identifikatu ziren. Erronkak:

  1. Herri kohesioa, aniztasuna eta parte-hartzea sustatzea.
  2. Eskola segregazioari aurre egitea eta ikasleen partaidetza sustatzea.

Bergarako Udalaren helburua da uneko erronka sozialak eta behar komunitarioak aintzat hartuz, Bergara kohesionatu, iraunkor eta justuago bat eraikitze bidean herritarrak ahalduntzea eta ikuspegi komunitarioa indartzea”.

 

2. atala: Euskara euskal hezkuntzan

Azpirotzek adierazi moduan, “komunikabideetan zeresan handienetakoa eman duen gaia da euskararena eta kontraesana sortu dute hizkuntzen trataerari buruzko aipamenek, zalantzan geratzen delako gaur egun martxan dauden hizkuntza-ereduei lotutako eskubideak eta printzipioak mantentzeak ahalbidetzen ote duen lege honek planteatzen dituen helburuak betetzea edo horiek lortzeko bideak martxan jartzea.

Zalantzak zalantza, Hik Hasi legeak ezartzen duen helburuan egin du azpimarra: ikasleek Derrigorrezko Hezkuntza amaitzean gutxienez B2 maila lortu behar dutela bi hizkuntza ofizialetan.

Atal honetan legearen artikuluak eta adituen hausnarketak eta planteamenduak bildu dira. Eta lantzeko garrantzitsutzat jotzen ditugun esparruak azpimarratu dira”.

Xabier Sarasuak azaldu zuen edukia. Sarasua irakaslea eta Hik Hasiko talde eragileko kidea da eta liburuaren koordinatzaileetako bat.

“Abiapuntua legearen markoa eta hark jarritako helburua izanik:

  • Ez da ahaztu behar euskarak EAEn duen hizkuntza ofizialaren izaera eta horrek zein ondorio dituen. Eta era berean, hizkuntza gutxitua izanik ere zer izaera eta ondorio dituen. Planteamendu guztietan gogoan izan beharreko ezaugarriak dira.
  • Legeak helburuak jarri izana ongi baloratzen dugu. Helburu anbiziotsua jartzea inportantea eta positiboa da. Eta irakasleek erronka argi bat izatea garrantzitsua da, hau da, ikasleen hizkuntza-profila hasieratik jomugan edukitzea.
  • Helburuak lortzen diren edo ez neurtzea ere funtsezkoa iruditzen zaigu. Eta beraz, ebaluazioa egitea garrantzitsua deritzogu. Ebaluazioa hobetzeko tresna gisa ulertuta, beti ere.
  • Ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza-proiektua garatu behar duela dio legeak eta hori ere garrantzitsutzat jotzen du Hik Hasik.
  • Irakasleen prestakuntzari dagokionez, legeak garrantzia ematen dio hasierako eta etengabeko prestakuntzari. Hizkuntzari dagokion formazioari helduz, argi dago irakasleen prestakuntzak ezinbestekoa izan behar duela. Gainera, irakasle guztiak dira haien ikasleen hizkuntza-garapenaren erantzule. Garrantzitsua da metodologia eraginkorrak erabiltzea, ikuspegi komunikatiboa sustatuko dutenak.
  • Euskararen ikas-irakaskuntzak euskal kulturaren transmisioarekin bat etorri behar du. Biak eskutik doaz eta euskal curriculumak bien transmisiorako tresna izan behar du. Hori gehiago landu behar dela irizten diogu, legean ez delako behar adina sakondu eta zehaztu. Gai hori Gotzon Barandiaran eta Iratxe Retolaza Euskal Kultur Transmisioko lantaldeko kideek sakon aztertu dute liburuan.
  • Eskolako eremutik ingurunerako jauzia ere egin du legeak. Hezkuntza formalaren eta ez-formalaren arteko harmonia eta osagarritasuna bilatzeari garrantzia ematen dio. Erronka garrantzitsua daukagu hor, denok.

Hik Hasik uste du lege berriak badituela oinarriak helburua ikasleen gehiengo handiak lortzea ahalbidetu dezaketenak. Horretarako, ordea, legearen aplikazioan fin aritu beharko da, eta eragile guztion inplikazioa —eta beraz, adostasuna— beharko da. Izan ere, legeak gutxienez B2 maila lortzeko jomuga eta hizkuntza-proiektua garatzeko beharra zehaztu ditu, baina horrek kontrol neurriak, ebaluazioak, neurri-zuzentzaileak, esku-hartzeak, ondorioak —kolektiboak zein norbanakoak—, formazioa... zehaztea eskatzen du. Beraz, norabide bat markatze aldera, helburuak betetzeko jarraitu beharreko 15 puntu zehazten dira liburuan.

Atalaren amaieran legeen konparaketa bat egin dugu. 1982ko Euskararen Legea, 1993ko Euskal Eskola Publikoaren Legea eta oraingoa, 2023ko EAEko Hezkuntza Legea konparatu dira, batetik bestera egin diren aldaketak ikusteko”.

 

3. atala: Autonomia

Autonomiari eskainitako atalean Hezkuntza Proposameneko gako batetik abiatu da Hik Hasi, Azpirotzek azaldu duenez: “Denontzat eta denona izango den euskal hezkuntza-sistema berria behar dugu; sistema publikoa, bateratzailea, soziala eta inklusiboa. Gure gizartearen aniztasuna kontuan izango duen euskal hezkuntza-sistema berria, aniztasuna zentzurik anitz eta zabalean.

Eta hiru oinarri izan beharko lituzke: publikoa, autonomoa eta gertuko administrazioaren inguruan antolatua.

Hori esan genuen Hezkuntza Proposamenean eta ikuspegi horretatik, legeak ekarri dituen berrikuntza batzuk jauzi kualitatiboak iruditzen zaizkigu. Esate baterako:

  • Sortu asmo den Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren bidez sistema publiko berri bateratzaile eta inklusiorantz joateko oinarriak ipintzea.
  • Ikastetxe publikoen autonomia bi urteko epean garatzeko konpromisoa hartzea.
  • Eta beste era bateko antolaketa administratiboari leiho bat irekitzea.

Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren sorrerari dagokionez, jauzi kualitatibotzat hartzen dugu:

  • titularitate desberdinetako zentroak bat egiteko aukera eskaintzen duelako;
  • bertan sartzeko betebeharrak agertzen direlako;
  • eta sartzeko baldintza guztiak betetzen dituzten ikastetxe guztiei % 100eko finantzaketa eskainiko zaielako.

Hala ere, aurrerapausoa edo jauzia benetan esanguratsua izan dadin, Hik Hasiren ustez EHZPren garapenean hiru baldintza bete beharko lirateke:

  1. Ikastetxe guztiek eskubide eta betebehar berberak izatea arlo guztietan, Hezkuntza Sailaren, alderdi politikoen eta hezkuntza-eragileen artean adostutako epean, gai hauek arautuz: ikastetxe guztiek irizpide bateratuak izatea autonomian, finantzaketan, segregazioari aurre egiteko prozeduretan, langileen plantilen antolaketan, soldatetan, ratioetan, aniztasunaren kudeaketan...
  2. Kontrolak arautu eta ondorioak zehaztu behar dira: betebeharrak benetan betetzen direla ziurtatzeko, kontrola nola egingo den arautzea eta onartutako baldintzak ez betetzeak zer ondorio ekarriko dituen zehaztea nahitaezkoa da.
  3. Titularitate publikoko eskolentzat hobekuntza plan integrala adostea eta martxan jartzea beharrezkoa da, EHZPko eskola guztiek antzeko baldintzak izan ditzaten.

Hori dena gauzatzeko ibilbide bat egin beharko da. Eta interesgarria iruditu zaigu Europan dauden ereduak ezagutzea, erreferentzia izan daitezkeelako bai finantzaketa arloan, bai udalen esku-hartzeari dagokionez, bai irakasleen sarbidearen gaia aztertzerakoan.

Europako herrialdeetako hezkuntza-sistema publikoen argazki bat egin dugu, nolako autonomia duten ikusteko hiru arlotan: funts publikoen erabileran, funts pribatuen erabileran eta giza baliabideen kasuan irakasleen hautaketan eta kontratazioan.

EAEko Legeak aldaketa batzuk ekarri ditu kudeaketa-atuonomiari dagokionez, eta bi urteko epean hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak ikastetxe publikoen autonomia arautu beharko du. Eurpako ereduak ikusita, kudeaketa-autonomia lantzeko eta garatzeko bi begirada daudela esan dezakegu:

  1. Espainiako eta Frantziako estatuetako eredu zentralista eta homogeneoa
  2. Eta Europako eredu irekiagoak.

Hik Hasik ikuspegi irekiaren aldeko aldeko hautua egiten du”.

Europako argazkia ateratzeko Maialen Oiartzun EHUko ikerlariaren laguntza izan du Hik Hasik, bukatzear duen tesian Europako ereduak aztertzen aritu delako, irakasle lanbiderako sarbideari dagokionez. Eta horri buruzko xehetasunak emango ditu.

“Autonomiaren atalean Europaren argazki bat egin dugu eta, besteak beste, Eurydiceren txostenetan oinarritu gara (School Autonomy in Europe. Policies abd Measures, 2007 eta Teaching careers in Europe. Access, Progression and Support, 2018).

Eurydicek kudeaketan autonomia maila desberdinak sailkatzen ditu: autonomia osoa, mugatua, batere ez edo eskuordetzeko aukera. Hiru arlotan neurtzen du maila hori: funts publikoen erabileran, funts pribatuen erabileran eta giza baliabideen kasuan irakasleen hautaketan eta kontratazioan. Herrialde bakoitzean eta arlo horietako bakoitzean zenbateko autonomia duten eta erabakiak nork hartzen dituen ikusten da egin dugun argazkian.

Giza baliabideen kasuan, ikastetxeko langileen hautaketa eta kontratazioari dagokionez, Europako hezkuntza-sistema publikoetako irakaskuntzarako sarbidean hiru eredu nagusi daude:

  • kontratazio irekiko sistemak edo hautaketa librea,
  • hautagaien edo izangaien zerrendak eta
  • lehiaketak edo oposaketak.

Hiru ereduen arteko oinarrizko desberdintasuna ikusteko, galdera bat egin daiteke: zer hautatzen da, ikastetxe batean lanpostu jakin batean aritzeko irakasle bat ala edonon irakasle izan daitekeen irakasle bat? Hori da oinarrizko aldea.

Pentsatzen baldin badugu irakasle guztiek berdin balio dutela eta denak testuinguru guztietarako egokiak direla, oposizioen eredua da egokiena, hori delako homogeneoena eta neutralena. Aldiz, pentsatzen baldin badugu askotariko testuinguru konplexuak daudela eta eskolek gaitasuna izan beharko luketela haien testuingurura ahalik eta ondoen egokitutako irakasleak hautatzeko eta haien hezkuntza-proiektuarekin bat egiteko, orduan, hautaketa-sistema irekia da egokiagoa.

Oposizioen bidez funtzio publikoko kide bihurtzen dira, ez ikastetxe jakin bateko irakasle. Multzo edo kidego handi horretako guztiak irakasle izateko egokiak direla ulertzen da. Lanbiderako hautaketa egiten da; ez lanposturako hautaketa. Hori da desberdintasuna.

Europako hezkuntza-sistema publiko gehienetan sistema irekia erabiltzen da, hori da Europan hedatuen dagoen eredua. Sei herrialdetan soilik egiten dira oposizioak eta beste bitan oposizioak eta hautagaien zerrenda biak konbinatzen dituzte.

Irakasleen kontratazioari dagokionez, Europako herrialde gehienetan ikastetxeek kontratatzen dituzte irakasleak, 43 hezkuntza-sistemetatik 20tan. 9tan tokiko administrazioa arduratzen da (tartean EAEn eta Nafarroan), 8tan goi-mailako administrazioa eta 6tan aukera mistoaz baliatzen dira”.

 

4. atala: Ikasleak eta irakasleak

Liburuaren azken atalari ikasleak eta irakaslek izena eman dio Hik Hasik,” geletako benetako protagonisten egunerokora hurbilduz. Haien beharretan, ezaugarrietan eta egitekoetan zentratu gara, eta legeak ere jaso ditu hainbat artikulutan”, Azpirotzek aburuz.

“0-3 zikloaren kasuan, bat egiten dugu legeak dioenarekin: Haur Hezkuntzak bi ziklo dituela: 0-3 eta 3-6. Hik Hasik oso garrantzitsutzat jotzen duen 0-3 zikloa berariaz aipatzen du eta abiapuntu ezinhobea da, errealitatean eta praktikan ziklo horren haustura gertatzen ari delako: haur eskoletan 0-2 eta ikastetxeetan 2 urtetik aurrerakoak. Tentuz ibili behar den eremua dela uste dugu. Nafarroako 0-3 Plataformako kide biren ekarpena jaso dugu liburuan, 0-3 zikloa osorik mantentzearen garrantziaz jabetzeko. Nafarroan ere zikloa arriskuan ikusten baitute.

Atal honetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako nerabeen garaian ere arreta jarri dugu, uste dugulako:

  • nerabeen ezaugarriak kontuan hartu behar direla;
  • ezaugarri horien aintzat hartuta, etaparen antolaketa birmoldatu behar dela;
  • garai honetan euskal kultura lehenestea funtsezkoa dela;
    eta hautaprobak edo selektibitatea bezalako probek ikasketa-prozesua modu desegokian baldintzatzen dutenez, ebaluazioak beste modu batekoa izan behar duela aldarrikatzen dugu.


​​​​​​​Irakasleen prestakuntzari dagokionez, EAEko Hezkuntza Legeak kapitulu oso bat eskaini dio eta jasota geratu dira irakasleen hasierako eta etengabeko prestakuntzaren ildoak. Hik Hasiren Hezkuntza Proposamenean aipatzen ziren ezaugarri asko jasota geratu dira, eta adibidez, positibotzat jotzen dugu prestakuntza zientifikoaz gain alderdi psikopedagogikoak eta didaktikoak ere beharrezkotzat hartzea.

Hik Hasik garapen pertsonalari ere garrantzia ematen dio eta horri lotuta, begiradari, irakasleak eduki behar duen begirada, guztiaren funtsa hor dagoelako.

Azkenik, zuzendaritza-taldeei buruzko puntua jasotzen du liburuak. Zuzendarien kasuan, errealitate batekin egiten dugu topo: zuzendaritza-taldeak osatzeko zailtasunak daude. Eta, aldiz, ikastetxeetako hezkuntza-proiektuak bideratzeko berme nagusia dira zuzendaria eta zuzendaritza-taldea. Hezkuntza-komunitatearen kide izateaz gain, hezkuntza-proiektuaren motorra eta bermea da zuzendaritza taldea, eta, beraz, funtsezkoa.

Legeak zuzendarien funtzioak, zuzendaria eta zuzendaritza-taldea hautatzeko prozedurak, eta haien prestakuntza zehazten ditu. Hezkuntza Saila EAEko ikastetxe publikoen hezkuntza-lidergorako estrategia bat garatzen ari da. Horren baitan kokatzen da 29/2023 dekretua. Eta Heize Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen Federazioak eta EHUk Graduondo bat eskaintzen dute ikastetxeetako zuzendaritzak prestatzeko eta ahalduntzeko”.

Iñigo Salaberria Heizeko lehendakariak itxi zuen ekitaldia. “EAEko Hezkuntza Legeari dagokionez eta zuzendaritza organoen esparruari dagokienez, gure nahia eta ekina zuzendaritza izaera  unipertsonal horretatik zuzendaritza talderanzko bilakaerako trantsizioa egitearena. Hori komunitatearekin batera egiten da ezinbestean, komunitateak eskaintzen baitio zuzendaritza taldeari aldaketarako eta eraldaketarako indarra.  Komunitatetik zuzendaritza taldera egin behar da indarra. Bidelaguntza horretan baditugu  hainbat ardatz, Legean agertzen direnak: autonomia, eskumen propioak izatea, kudeaketarako erantzukizuna, eta ebaluatzeko gaitasuna ere ezinbesteko elementua da, hartzen ditugun erabaki guztiek eragina dutelako gure ikasleenga, irakasle taldearengan eta zerbitzen dugun komunitatean. Horretarako, komunitatearen beharra daukagu.

Legean errendimendu handiko pertsonen kontzeptua agertzen da zuzendaritzari lotuta. Gure nahia litzateke “errendimendu handiko pertsona” balizko horiek baliabide nahikoa izatea eskura, baliabide profesional eta pizgarri nahikoa izatea eta komunitatearen aitortza izatea ere bai, elkarrekin eraikiko dugun prozesu bat baldin bada, ezinbestean elkarrekin egin beharko dugu bidea. Daukagun erronka handia da: etapen kohesioari begira, eraldaketa pedagogiko eta aniztasun berrien, alegia, ziurgabetasun berrien aurrean nola kokatuko garen, dagoeneko egunerokoan landu behar dugu.

Aipatzekoa iruditzen zaigu burokraziaren apaltzea. Izan ere, burokrazia handia dago, eta horren apaltzeak ahalbidetuko du benetan eraldaketa pedagogikorako eta eraldaketa sozialerako zuzendaritza taldeek duten bokazioa.

Hezkuntza Legean gehiegi ez dira luzatzen zuzendaritza organoen esparruan, baina horrek badauka aurrekari bat: otsailean onartu zen zuzendaritza taldeen dekretua. Orain garatu egin behar da dekretu hori.

Gure lanabesa autonomiaren egikaritzean kokatzen dugu. Baina autonomiak arrisku larri bat dauka, eskola publikoentzako eta bestelako Euskal Hezkuntza Zerbitzuan parte hartuko duten balizko ikastetxeentzat ere: ikastetxeen arteko desregularizazioa. Akats horretan ezin dugu erori, zeren arrisku horrek ez luke bermatuko ikastetxe guztiak kalitatezko gutxieneko izendatzaile komun bat izatea. Euskal Eskola publikoetako ikuspegitik hitz eginda, ikastetxe ororen ibilbidea oparoa izan dadin, izendatzaile komun bateratuak bermatu behar ditugu, eta kontuz autonomiaren egikaritze lekuan lekukoekin, ikastetxeen arteko arrakala zabaldu baitezakete".