Garrasia, ipurdikoa, juizioa... gainezka egiten dute sarri gurasoek, nahi ez luketen eran jokatuz haurrekin. Familiako harremanak begirunezkoak izan daitezen bi oinarri dituzte: norbere burua
errespetatzea eta haurren garapen-premiak asetzea.

Errespetuzkoak al dira familiako harremanak? Adeitsuak, begirunezkoak, demokratikoak, parekideak al dira gurasoen eta seme-alaben arteko erlazioak? Goizean goiz etxe ugaritan ikus daitekeen erretratu bati begiratuko diogu: “Egon geldi!”, “ez jo anaiari (geuk ipurdikoa ematen diogun bitartean)“, “ez jantzi jertse hori galtza horiekin, jantzi hau!”, “mugi azkar! Beti azkena izaten zara!”, “ez baduzu gosaria bukatzen eguerdian telebista gabe geldituko zara!”. Zenbat agindu, exijentzia eta zenbat juizio etiketa, konparaketa, xantaia entzuten ditu haur batek bere gurasoen ahotik ateratzen, ia oharkabean, goiz batean, egun batean, haurtzaro osoan zehar?

Nola bilakatu maitasunezko sentimenduak jarrera eta harreman txeratsu? Seme-alabekiko harremanak (ikasleekiko hartu-emanak nahiz bilobekikoak) errespetuzkoak izan daitezen nahi badugu, ez da aski desio izatea, ariketa kontziente bat egin behar da, Miren Camison filosofo eta irakasle eta Nerea Mendizabal psikopedagogoaren arabera, kulturalki eta sozialki jaso dugun eredua ez baita adeitsua izan: “Garrasia, zigorra, zaplaztekoa… ateratzen zaizkigu nahiz eta ez dugun inolaz ere horrela jokatu nahi;  haurrak ginenean guk geuk ez genuelako beste jokaera bat bizi izan. Gure gizartean ez dagoenez errespetuzko kultura bat, elkarrizketaren kultura hori ez daukagunez, ziurrenik haur ginenean ez genuen errespetua osoki bizi izan, eta hori daukagu barrenean”. Mendizabalen arabera ere, testuinguru benetan demokratikoa bizi ez izana dago deitoratzen dugun baina ateratzen zaigun jarrera horren muinean: “Belaunaldiz belaunaldi jaso dugu egoera gatazkatsuak juiziotik, eginbeharretik, erruduntasunetik eta zigorretik kudeatzeko automatismoa. Ez dugu jakin izan beste era batera egiten, eta gaur egun, hau da gure garunean oso ondo programatua daukagun jokaera”.

“Ez da jostailua kendu behar (eskuetatik kentzen diogun bitartean)”, “ez egin garrasi!(builaka gurasoa)”... Desioa eta jokaera ez datoz, bada, bat usu. “Etorkizunari begira, nolako seme-alabak nahi ditugun galde-tzen dudanean, zoriontsuak, askeak, jatorrak, errespetuzkoak, baliabideak dituztenak, autonomoak, ardura-tsuak, kooperatiboak, enpatikoak, lagunkoiak, kriterio propioa dutenak... nahi ditugula entzuten dut. Baina, une batean, haurrak nahi duena eta guk nahi duguna bat ez datozenean eta berearekin ‘temoso’ jartzen denean, ‘inkonformista, kapritxoso eta egoista’ bilakatzen da gure begien aurrean eta bene-benetan, gure barrenean nahiago genuke ‘menpekoa, konformista eta obedientea’ izatea, gure egunerokoa ikaragarri erraztuko ligukeela amesten baitugu”. Beraz, lehenik eta behin, benetan haurrak euren garapen, gaitasun, gabezia guztiekin errespetatuko dituen harreman-eredu bat nahi duen ala ez  galdetu beharko lioke gurasoak bere buruari, eta hala bada, lehen esanda bezala, desioa bideratzeko ariketa kontziente bat egin. “Gelditu, hausnartu eta kontzienteki jokaera aldatzen ez badugu, boterea erabiliz harribitxi eder bat lortuko dugula pentsatzea alferrikakoa da: kooperazioa, elkar errespetatzea, apoioa, erraztasuna, armonia... bilatzen ditugu harremanetan, baina sarritan, haurrak ikasten duena ez da izaten guk nahi genuen harribitxi hori, baizik indar gehien duena —boterea duena— berearekin irteten dela”.

Errespetuzko harremanak definitu aurretik, errespetua bera zer den definitu behar da, Mendizabalan hitzetan: “Errespetua ez da ondo tratatzea soilik, jo gabe, irainik gabe… Errespetu hitzaren benetako esanahia begiratzea, pertsona hori bizitzen ari dena begiratzea da, kontuan izatea, aintzat hartzea eta unean unean haur bakan horrek eman dezakeen adina eskatzea, ez gehiago eta ez gutxiago”. Camisonek eta Mendizabalek bi gako ezartzen dituzte errespetuzko harremanen oinarrian: batetik, norbere buruarekiko begirunezko harremana, eta, bestetik, haurraren garapen-faseak errespetatzea.

 “Errespetuzko harremanen oinarria norbere buruarekiko harremanetik abiatzen da”, Camisonen hitzetan. “Norbere burua nola dagoen gakoa da ondokoekin ondo edo okerrago egoteko”, Mendizabalen aburuz: “Batzuetan egunaren, nekearen arabera hobeto edo okerrago ase dezakegu haurraren behar berdina”. Horregatik, psikopedagogoaren hitzetan, beharrezkoa da norberaren beharrei ere begiratzea: “Oinarriz-koa da guraso edo hezitzaileen beharrei ere garrantzia ematea, norbere burua zaintzea eta beharrak errespetatzea”. Izan ere Mendizabalen irudiko ahantzi egiten gara sarri geure burua zaintzeaz: “Eta hau, hegaldietan garbi erakusten digute, lehendabizi nork jarri behar du oxigeno maskara? Gure premiak zaindu gabe, beharbada aurrera egin dezakegu baina ez gara egongo behar adina indar, presentzi eta bizitasunekin. Eta horrek gure automatismoa, nahi ez dugun baina oso barneratua dugun jarrera ateratzeko baldintzak ezartzen ditu”.

Camisonek ere argi du bakoitza nola dagoen begiratzea beharrezkoa dela ondokoari begiratu aurretik. “Beti besteei gauzak eskatzeko ohitura daukagu, haurrei, nerabeei... Ez diogu gure bizi-esperientziari, gure nortasunari begiratzen. Nondik gatoz? Zein izan da ama edo aita bakoitzaren historia guraso izatera iristen garenean? Heldu horiek haurrak zirenean errespetatuak izan al ziren? Errespetuzko harremanak bizi izan zituzten? Gure gizartean ez dagoenez errespetuzko kultura bat, elkarrizketaren kultura hori ez daukagunez, ziurrenik haurra ginenean ez dugu errespetua osoki bizi izan”. Camisonen aburuz, guraso izatean, ispilu bat dugu: “Seme-alabek, ama edo aitari gure izatearen isla bueltatzen digute, gure argi-ilunak ikusteko prest baldin bagaude behintzat”.

Krisi momentuetan, gainezka

Garrasia, zigorra, zaplaztekoa... nahi ez duten jarrera hori, normal-ki, krisi momentuetan ateratzen zaie gurasoei: “Ariketa kontziente bat egiten ez badugu, gehienoi automatismoa ateratzen zaigu. Gurasook krisi momentuan gaudenean gainezka egiten dugu, ez baitaukagu tresnarik beste modu batera egiteko gauzak. Nahi duzu beste modu batera egin, baina nahi ez duzun modu horretan ateratzen zaizu (seme-alabei ipurdiko bat ematea, edo oihu egitea, zigor-tzea)”. Camisonen aburuz gustuko ez den jarrera horretaz kontzientzia hartzea aldatzen hasteko abiapuntua da: “Automatismoa, beraz, jarrera inkontzientea da eta haziera kontzientearen bideari ekin nahi badiogu gure erantzukizun mota hauetaz jabetzea eta kontzientziara ekartzea izango da biderik interesgarriena, errespetuzko harremanetan pausoak emateko egunero. ‘Nola sortu da hau nire barruan?’, ‘Zerk ekarri nau nire seme-alabekin puntu honetaraino lehertzera?’, ‘Eta egoera hau errepikatzen denean engantxatzen naiz behin eta berriro... Zein da nire historia?’”. Horren guztiaren muinean helduaren gabezia emozional bat dago, adituen iritziz: “Aita edo ama hori ez dago emozionalki disponible. Denok, intentsitate handiagoz edo txikiagoz, guztiok ditugu gabezia emozionalak”.

Automatismoa, mehatxua, zigorra, oihua, konparazioa, juzkua gailendu ez dadin, helduak, hasteko, bere barnera jo behar du, Camisonen hitzetan. “Ez dugu horrela jokatu nahi, baina desio hori kognitiboa da, arrazionalki ez dugu errespetua galdu nahi, baina emozionalki ez badugu landu, jokaera automatiko hori ateratzen zaigu”. Haustura bat dago pentsatzen dugunaren eta bizi izan dugunaren artean, irakaslearen iritziz: “Ez gaude integratuak osotasun batean, eta lanketa pertsonal bat egin behar da emozioak eta diskurtsoa lotzeko. Kognitiboki gertatzea nahi dugun hori gertatzeko mundu emozional bat landu behar dugu. Guk beste modu bat jaso ez dugunez, tresnarik ez daukagunez, biluzik gaude, gabezia emozional horiek ditugulako. Lehenengo gure esentziarekin konektatu behar dugu ondoren haurraren esentziarekin konektatu ahal izateko”. Camisonen arabera, haurrekin adeitsu izateko lehen urratsa  “norbere burua ezagutzen, ulertzen eta ahalik eta koherenteen jokatzen saiatzea da, esaten ditugun gauza horiek guk betetzea haurrei eskatu baino lehen; eta apalak izatea, den-denok baikaude haziera eta hezkuntza prozesu batean”.

Geure burua errespetatzetik hasten da, bada errespetuzko harremana. Horretarako,  Camisonek eta Mendizabalek garrantzia ematen diote gurasoak ere heldu bezala, familia-sisteman errespetatuak izateari, norbere beharrak —“benetako beharrak”, zehazten du Camisonek— aintzat hartzeari, bakoitzak hitza eta espazioa ematea bere premiei eta ondokoenari, bai bikote barruan bikotekidea izanez gero, eta baita familia-sistema osoan ere. “Lehen ariketa norbere burua errespetatzea da, ulertzea, ez epaitzea ez kulpabilizatzea da, eta onartzea nondik gatozen, eta gure argi-ilunak lantzea”. Camisonek dioen ariketa hau, era berean, seme-alabekiko harremanetan “pozoi bat” den sentimendu bat (kulparen sentimendua) saihesteko bide osasungarri bat da. “Batez ere emakumeok kulpabilitate handia sentitzen dugu gure amatasuneko hainbat momentutan, eta hori desktruktiboa da geure buruarekiko eta harremanetarako; hori erauztea abiapuntu osasuntsu bat izango da guztiontzat”.

0-3 errespetatzea, oinarri sendoak ezartzea

Norbere buruarekiko errespetuaz eta zaintzaz gain, haurrekiko begirunezko harreman baten beste oinarria haur bakoitzaren beharrak kontuan izatea da. Seme-alaba bakoitzaren nortasuna eta bakantasuna errespetatzetik hasirik, unean unean, bizi duen garapen-fase bakoitzeko beharrak asetzea eta dagozkion ardurak eskatzea.

Istilu, zigor, ipurdiko, konparaketa eta mehatxuetatik harago, haur bakoitzaren garapen-faseak ez kontuan izatea haurrarekiko begirune gabeko harremanaren erakusle da bi adituentzat. Haurraren beharrak garapen-fase bakoitzean zein diren jakin eta ulertzeak asko lagunduko digu errespetuzko harreman bat garatzen. “Prozesuak aurreratzea ez da garapena errespetatzea —dio Mendizabalek—. Txikiak direnean, lehenbailehen haurrak ‘autonomia’ konkista dezan nahi dugu, eta horretara bultzatzen dugu, gero eta lehenago jaten hastera, bere kabuz lo egitera, oinez ibiltzera, pardela kentzera… eta gero eta azkarrago ‘lortu’ orduan eta harroago sentitzen gara guraso bezala”. Haatik, prozesuak aurreratzeak berak dakartza arazoak Camisonen ikuspegitik: “Batzuetan prozesuak aurreratu nahi izaten ditugu haurra fisiologiko eta biologikoko prest ez dagoenean, eta arazotan sartzen gara; adibidez, urtebete edo bi urteko haur batek arauak ulertzea eta errespetatzea nahi badugu, gauza zaila eskatuko diogu, nahiz eta muga bera behin eta berriz errepikatu, ezin baititu arau gutxi batzuk bertzerik erretenitu, ulertu, barneratu eta onartu hiru bat urte bete arte”. Haurrak berak azalduko digu zer behar duen, entzuteko prest baldin bagaude, Mendizabalen hitzetan: “Haurrak, jaiotzen denetik, bera entzuteko eta bere erabakietan protagonista izateko aukera asko jartzen dizkigu”.

Seme-alaben eta gurasoen arteko harremanak begirunezkoak izatea ala ez, ez da soilik berba kontua. Hitzez beste transmititzen dira ulermena, goxotasuna, maitasuna, onespena, aintzat hartzea, mugak, beldurrak, konplexuak, etiketak, hegoak moztea… bizitzako lehen zazpi urteetan eta bereziki lehen 3 urteetan. Emozioen garai petoa da 0-3 etapa, eta esan liteke haur jaio berriek usaindu bezala egiten dituztela emozioak, geruza horretan bizi baitira, 3 urtetik aurrera iritsiko duten neocortexaren garaira igaro aurretik. Neurozientziak erakutsi duen eran, burmuin linbikoa du haur jaioberriak, eta garai honetan esaten zaiona baino gehiago hitzik gabe transmititzen zaiona jasotzen du, emozioen bitartez.

Camisonen eta Mendizabalen iritzian funtsezkoa da 0-3 etaparen garrantziaz jabetzea, bai haurraren bizitzan duen pisuagatik, baina baita helduekiko eraikitzen ari den harremanagatik ere. Camisonen hitzetan, etapa hau haurraren eta helduaren arteko “lotura osasun-tsu” bat egiteko etapa da: “Ikerketa neurozientifikoek erakusten dute haurrek, jaiotzen direnetik 3 urtera arte, lotura osasuntsu bat gara-tzen badute euren gurasoekin (beti ere argi edukiz perfekziorik eta harreman idealik ez dagoela), haurra plazerez eta ongizate batean bizi baldin bada gurasoekiko harremanean, burmuineko zelulen artean egiten diren sinapsiak (zelulen artean informazioa zabaltzeko errepideak) bere bizitza osoan iritsiko duten maila gorena iritsiko dutela, eta sinapsi aniztasun horrek, bere bizitzako adimen kognitibo zein emozionalaren oinarriak ezartzen ditu, osasuntsu hazteko aukera baliagarriak direnak.”

Etapak duen garrantziagatik Mendizabalek haur txiki horien beharrak asetzeko premia ezinbestekoa nabarmentzen du, bai loari, elikatzeari, higieneari loturiko beharrak, baina baita ulermen, errekonozimendu, maitasun, onarpen beharrak eta psikomotrizitateari loturikoak ere. “Haurraren beharrak asetzea eta lotura osasuntsu bat garatzea bere antolatzaileak osatzeko oso garrantzitsua izango da, gainontzeko alor guztietan segurtasunez eta konfiantzaz beterik agertzeko oinarria emango baitio, bere ikasketa eta garapenean, eta baita oraingo eta etorkizuneko harremanetan eragin zuzena izango duena ere”.

Adinean aurrera, gizartean sartuago

Baina haur txikia, apurka-apurka, ingurukoen erritmoak, ordutegiak, ohiturak bereganatzen ari da hazten doan neurrian eta baita, gero eta gehiago, gizartearen balioak (elkartasuna, kooperazioa), baina baita arauak eta eskariak ere (janzkerak, ohiturak, normak, mugak, presioak…): 2 urterekin eskolan hasi, pardela kendu, mutilak baloiarekin jolastu, neskak arrosaz jantzi, 5-6 urterekin idazten eta irakurtzen ikasi (baldintzarik gabe, haur guztiek), bi egunez behin dutxatu, jatorduetan ez abestu, abestu behar denean denek abestu, orain denak patiora, orain inork ezin du atera… Haurrek egunean zehar, haurtzaro osoan eta nerabezaroan, arau, norma eta muga ugari jaso-tzen dituzte, eta horietako askok eta askok beren beharrekin, garapenarekin eta osasunarekin ez dute batere zerikusirik. “Haurra errespetatu nahi badugu, eta  barrenetik dakarren hori guztia eman dezan nahi badugu, autoerregulazioa izan behar dugu erdigunean”, dio Camisonek. Autoerregulazioa kontzeptu biologiko bat da; bizirik dagoen organismo batek bere kabuz erregulatu dezake bere burua, baldintza egokiak eskaintzen bazaizkio. “Haurra ere, baldintza egokiak ematen bazaizkio autoerregulatzeko gai da, loratzeko gai da; ez zaio zuzendu eta irakatsi behar, baizik eta giro egokia izan behar du horretarako, eta berari utzi barrutik antolatzen berak bere garapenerako behar duena”.

Arau batzuk bada, Camisonen arabera, ez dira autoerregulazioari begira ezarritakoak, haurraren garapena mugatzen dutenak baizik. “Muga batzuk zentzudunak dira haurraren beharrei eta autoerregulazioari begira, adibidez arrisku bat dagoenean muga bat jarriko dugu”. Beste batzuk muga sozialak dira, eta hauen artean bereizketa egiten dute bai Camisonek eta bai Mendizabalek. “Muga sozial batzuk elkarbizitzarako beharrezkoak dira; baina beste muga batzuk errepresiboak dira, eta horiek ez daukate zerikusirik haurraren beharrekin”, azaldu du Camisonek. “Noiz dira arau sozialak eta noiz dira errepresio sozialak? Arau sozial bat izan daiteke ez dugula elkar jotzen. Baina sei urteko mutiko batek zer arropa jantzi behar duen oso erabaki pertsonala da. Garapen fasearen arabera, haurrek eta nerabeek beraien erabakiak hartzea eta ardurak beren gain hartzea ezinbestekoa da, autonomian aurrera egiteko. Barrutik kanporako indarra baimenduz beti. Kanpoko exigentziak edo harreman errepresiboak gailentzen badira, nola izan daitezke gero arduratsuak, ziurrak edo adeitsuak?”. Irakasleak onartzen du guztion ongizaterako muga sozial batzuk jarri behar direla, baina, haren iritziz, beste gauza bat da haurrak “normalizatzeko” edo normaren barruan sartzeko gizarteak ezarri nahi dituen arauak. “Niretzat hor errepresio puntu bat dago, haurraren edo nerabearen beharrak ez dituena kontuan hartzen”. Helduak muga bat jarri nahi duenean bere buruari honako hau galdetzeak lagunduko lioke, Camisonen aburuz: “Muga hori haurraren beharrekin doa ala ez doa?”.

Elikadura, loa, higienea aipatu ditugu lehen, baina haurraren ideiak, interesak eta ekimena errespetatzea ere, haurrak eurak errespetatzea da, kontuan izatea eta aintzat har-tzea da. “Sarritan ez gara ohar-tzen zenbat aldiz ukatzen ditugun haurraren sentimendu eta beharrak. Haurrak hotzik ez duela esan dezake baina guk: ‘nola ez daukazula hotzik? Hotza egiten du eta jantzi egin behar duzu’; goserik ez badu ‘ezin du izan, goizetik ezer jan gabe zaude’, haurrak ez du oheratu nahi ‘lo egiteko ordua da eta egin lo oraintxe bertan’ (hain erraza izango balitz bezala...). Nire iritziak eta ekimena kontuan hartzen direnean, ikusia naiz, eta balorazio eta konfiantza betekada hartzen ditut”, dio Mendizabalek. “Ez da aski hitzen bidez balorazioa eta konfiantza azaltzea, haurrak bizitzen duena ikasten du: kontuan izana bada, ondokoak kontuan izan ditzan lagunduko diogu; errespetuz hartua bada, besteekin errespetuz jokatzen ikasiko du”.

Eta ez soilik 0-3 etapan. Haurraren nortasunaren zutabeak eta ingurukoekiko dituen harremanen oinarriak ezartzeko garai funtsezkoa bada ere lehen hiru urteko epea, hortik nerabezaro aurrera arteko garapen-prozesua ere gerora bizitza osoan izango duena baino handiagoa da. Evania Reichertek Infancia, la edad sagrada liburuan jasotzen dituen ikerketa neurozientifikoetan oinarriturik, Camisonek dio 3-10 urte bitartean burmuineko zelulen arteko sinapsien orekatzea gertatzen dela. “Jaiotzen garenetik 3 urtera arte  maila gorena hartzen dute sinapsiek. Bikoizten dira 3 urterekin. Gero, ekoiztea eta ezabatzea orekatzen da”. Horretarako baldintza egokiak behar ditu haurrak, eta horregatik, haurtzaro osoan zehar ikertzea eta esperimentatzea funtsezkoak dira Camisonen hitzetan, haurrak bere potentzialtasun osoa gara dezan, “esperientzia gero eta ugariagoek, harreman eta giro aberatsek, sentsorialtasun guztiak garatzeko askatasunak gero eta konexio neuronal gehiago egiteko aukerak emango dizkio haurrari eta, era berean, bizitzan aitzinera egiteko oinarri sendoagoa izango du”.

Gurasoaren beharrak, helduaren mugak

Sarritan, alabaina, haurraren beharrekin, garapenarekin eta autoerregulazioarekin loturik ez eta berau mugatzera datorren araua ezartzea helduaren behar bat da. Muga horiek sarri, helduaren beldur eta beharretatik datoz, bi adituen arabera, eta seme-alabengan proiektatzen dira. “Batzuetan gure nortasunagatik jartzen ditugu muga batzuk. Batetik, helduok jaso ditugun zamak ditugu; eta bestetik, guk ere gizartearen presio eta errepresioak bizi ditugulako, ez baikara askotan uste bezain autonomo eta askeak, eta  gabezia emozionalak baititugu, hainbat alorretan ez gara ziurrak; eta horrek gure haurrari esperimentazioa baimentzea eta autonomia konkista dezan galarazten diogu”. Mendizabalek garrantzia ematen dio helduak muga hori norberarena dela jakiteari, “norbere nortasunarekin edo gabezia emozionalekin doan muga ezartzen diedanean seme-alabei ni lasai egoteko egiten diedan eskari bat da, badakit ez dela haurraren beharra. ‘Badakit ez duzula dutxatzeko gogorik, baina nik ezin dut eraman bost egunez dutxatu gabe joatea eskolara’”. Camisonek garrantzia ematen dio norbere muga horiek ezagutzeari,  baina oreka beharrezko ikusten du: “Gurasook ardura izan behar dugu, kontziente izan behar dugu hau ez dela on egiten dion muga bat eta agian errebelatu egingo da arau horren aurrean, eta guk baimenduko dugu espresio hori, garrasi egitea, haserretzea... baina nik muga hau jarri behar dut nire beharrengatik”.

Oreka beharrezko ikusten du Mendizabalek ere, gurasoaren ezintasunek haurrari muga desegokiak jar-tzeaz gainera eta hegalak mozteaz gainera, ardurak hartzea galaraz baitiezaiekete. Gurasoek haurrek har ditzaketen erabakiak hartzen dituztenean gaitasunak kimatzen dizkiete, psikopedagogoaren hitzetan: “Erabakitzeko aukerarik gabe, zaila zaie euren gaitasunak deskubritzea eta mundu honetarako eta euren bizitzarako ‘konpetente’ sentitzea. Posible dugu haur bakoi-tzaren bizi proiektu horretan ikasten eta eboluzionatzen joango den alor horietarako prest dagoela adierazten joango den seinaleak jasotzen joatea, beti ere hanka sartzeko eta gauzak ondo ez egiteko aukera duela sinetsaraziz”.

Heldua, bidelagun

Helduek, beraz, seme-alaben ongizatea bermatzeko ardura dute, baina haurren iritzia eta ekimena kontuan izanik, eta akatsak egiteko aukerak emanik. “Ez gara aurrean jarri behar prozesua zuzenduz, irakatsiz edo euren ordez erabakiak hartuz, baizik eta utzi behar diogu haurrari bere ardurak hartzen, esperimentatzen, konexioak egiten, bere akatsetatik ikas dezan”, azaldu du Mendizabalek.  Helduak garapen-bidea erakutsiko diona ez eta bidelaguna izan behar duela diote bi adituek. “Ama, aita, irakaslea, edo haur edo nerabe horren inguruan dabiltzan helduak bidelagunak izan behar dira, haurraren prozesua akonpainatzen dutenak”.

Haur bakoitzaren garapen-fase bakoitzeko beharrak asetzearekin lotura handia du garaian garaiari dagozkion ardurak hartzeak. Ba-tzuetan seme-alabek hartu ditzaketen ardura eta erabakiak gurasoek hartzen dituztela ikusten baititue bi adituek: “Gauzak guk nahi ditugun bezala eta guk nahi ditugun bezain ondo eta azkar nahi ditugulako, batetik —azaldu du Mendizabalek—; eta, bestetik, ez dugulako beraien erabakien ‘akatsen’ arriskuetara exponitu nahi; eta, hirugarrenik, denbora eta pazientzia eskatzen duelako beraien kabuz egiten eta erabakitzen uzteak”.

Autoritatea eta autoritarismoa

Bidelagunak izateak ez du esan nahi gurasoak adiskide bihurtzen direnik, Mendizabalen eta Camisonen hitzetan gurasoak seme-alaben erreferente baitira. Biek ala biek guztiz errefusatzen dute guraso autoritarioen rola, eta erreferentzia edo autoritate naturala hobesten dute. “Autoritarismoa eta permisibitatea bazterturik, haurraren eta helduaren beharrak zaintzen ditu autoritateak, bere begietara haurrak eta helduak biek existitzen baitute —azaldu du psikopedagogoak—. Nik heldu bezala autoritate izatea irabazten dut haurrari konfiantza, ulermena eta kontuan hartzeko bizipenetatik. Guraso edo hezitzaile naizen heinean nire rola daukat, eta hortik erlazionatuko naiz, baina haurra, pertsona bezala, berdintasunetik tratatuko dut”. Camisonen hitzetan, autoritate naturala, “koherentzia erreferentzia bat da: esaten duzun hori egiten duzu. Gu haurren erreferenteak gara; non gauden jakin behar dugu, guri dagokiguna zer den eta haurrari dagokiona zer den bereiztu behar dugu”.

Baina autoritarismotik gatoz. Belaunaldiz belaunaldi, elizako, gizarteko, lantokietako, eskoletako hierarkiaren parekoa zegoen familia-egituretan; eta ez zen zalantzan jartzen. Zalan-tzan jartzen ez zen bezala gurasoek (bereziki aitek) indarkeria erabil zezaketela autoritate hori ezartzeko euren seme-alabengan. Hortik gatoz. “Konparazioa eta konpetibitatea sustatzen duen gizarte batetik gatoz —Camisonen iritziz—. Sistema kapitalistak eta eskolak barne, haurrak konparatu, notak ipini, etiketatu eta konpetibitate horretarako presta-
tzen ditu; hori onartzen dugu normala balitz bezala. Konparazioa eta lehiakortasuna, ordea, ez doaz bat haurren beharrekin”.

Eta mende luzeak dituen autoritarismoak gabezia pertsonal eta sozial eta kulturalak dakartza. “Indarkeria oinarrian duen gizarte batek bestelako tresnarik gabe uzten ditu pertsonak, eta geure gabezia horiek zigorren, mehatxuen, sarien, epaiketen, etiketen, konparazioen eta metodologia konduktisten bidez estaltzen ditugu”. Gaur egun, ordea, hitzez bederen baztertua dago autoritarismoa pedagogia manualetatik eta obedientzia ez da hezkuntzaren helburua. Hitzez bederen, obedientziagatik ez eta arduragatik nahi dute gurasoek euren seme-alabek jokaera batzuk hobestea eta beste batzuk gaitzestea. Gaur egun ez gurasoei ez irakasleei ez zaie haurren gaineiko botere oso eta totalitariorik onartzen. Baina horrek, autoritarismoaren bidea baztertzeak, bestelako bide batzuk bilatzea eta jorratzea esan nahi du.

Libertinajea edo erabateko permisibitatea dago autoritarismoaren beste muturrean, Mendizabalen eta Camisonen aburuz bide zaharra bezain kaltegarria dena. “Gurasoek euren ardurak ez hartzeak familia osoari egiten dio kalte”. Askatasuna erdian dago, eta askatasunak lotura zuzena dauka ardurarekin, Camisonen hitzetan: “Zu aske izateko zure ekintzen eta erabakien arduradun izan behar zara (horretarako gai zaren neurrian), eta horrek emango dizu autonomia, eta era berean autoestimua eta zeure nia defenda-tzeko segurtasuna. Baina haurra edo nerabea zaren neurrian, errespetuz akonpainatuko zaituen heldua behar duzu, hau da autoritate natural bat”. Autoritate naturalak erreferentzia ematen die gurasoei, baina ez haiek baino gehiago izatearen ustea, “heldutasunak bizi esperientzia bat eman dit, ardura bat errespetuzko marko hori ezartzeko, eta neure burua eta besteak —bikotekidea eta seme-alabak familia nuklearraren kasuan— kontuan izateko, aintzat hartzeko eta haien ongizatea begiratzeko ardura bat”.

Ez dira, alta bada, idealizazioetan erortzen Camison eta Mendizabal, helduen muga eta beldurrekin eta gizartearen arau eta exigentziekin, lan, ordutegi, baldintzekin, familia nuklearraren bakardadearekin, babes faltarekin eta bereziki emakumeengan ezartzen diren espektatibekin ez da erraza haurraren beharrak osoki asebetetzea. “Kontziente izate hutsa, aldatzeko abiapuntu da”, Camisonen hitzetan. “Hutsuneak non ditugun ikustea beharrezkoa da, baina baita geure buruarekin konpasiboak izatea eta ez kulpabilizatzea ere, unean unean ase ez dugunak ondorioak izango dituela kontziente izatea garrantzitsua da eta ondoren hutsune hori konpentsatzea, ulermen handiagoz”. Mendizabal: “Guztiok dugu entzunak eta ikusiak izateko premia. Hori aitortzea abiapuntu bat da”.