Bakardadea, kulpa sentimendua... ez dira hormona-koktelaren kausa, gizarte-eredu honen ondorio baizik. Hausnarketa horretatik abiatuta, indibidualismoak eta kontsumismoak haurren zaintzari nola eragiten dioten azertu du filosofoak ‘¿Dónde está mi tribu?’ liburu kritikoan.

Pentsamendu kritikoaren tradiziotik dator Carolina del Olmo (Madril, 1974). Gizarte-eredu honek, sozioekonomian edo nazioarteko politikan ez eze zain-tzan eta amatasunean eragiten zuela ohartu zen bere lehen semea jaio zenean. Zaintza-eskubidea aldarrikatzen du ¿Dónde está mi tribu? liburuan eta adituen boom-ari, haziera korronteei, biberoi eta haurtzaindegiei, edoskitzeari, esplikazio naturalistei, feminismoei eta kulpa sentimenduari zorrotz begiratzen die. Hiru seme-alabaren ama da eta Madrilgo Arte Ederretako Zirkuluko kultura zuzendaria, eszedentzian.

Zure liburuak, orain eta hemen hazierak dakartzan zailtasunak plantea-tzen ditu, baina hazierako laguntza-liburuek ez bezala, ez haurrengan ez helduengan ez du bilatzen zailtasun horien arrazoia; ezta hormonen koktelean ere… Gizarte egituran baizik. Zergatik?

Nire lehen semea jaio zenean erantzun bila jotzen nuen laguntza-liburu horietara, eta haserretu egiten nintzen, bai antipatikoekin baina baita sinpatikoekin edo nire lerrokoekin ere. Burbuila batean flotatzen dabiltzan pertsona-tzat hartzen dituzte gurasoak, isolaturik aztertzen dute haziera, eta horrek ez dauka inolako zentzurik. Sarah Blaffer Hrdyren artikulu bat izan zen leherrerazi ninduena. Hark zioen animaliei buruzko ikerketa erabat aldatu zela animalia horiek euren testuinguruan behatzen hasi zirenean eta ez kaiolan, laborategiko arratoiek ere oso ezberdin jokatzen zutela kaiolan edo euren habitatean. Isolamenduan behatzea, ama eta haurra mundutik aparteko diadatzat hartzea artifiziala eta absurdua iruditzen zitzaidan. Animalien azterketan beharrezkoa baldin bada testuinguruari erreparatzea, haziera-liburuetan ere ezinbestekoa behar luke bizi-baldintzei begiratzea. Horregatik, testuingurua eman nahi nien amatasunaren inguruko arazoei eta, era berean, gaia bergizarteratu nahi nuen, bere erroetatik aterea izan baita artifizialki. Egiturari begiratuz ohartzen gara gizarte hau haur baten beharren aurka doala. Gizarte honek ezartzen dizkigun exijentziak bateraezinak dira haur txiki baten beharrekin, gizarte hau haurren etsai baita.

Nola iritsi zinen ondorio horretara?

Pentsamendu kritikoaren tradiziotik nator, filosofia estudiatu nuen eta formazio nahiko marxista izan dut. Ama izan aurretik, ordea, nazioarteko politikan edo ekonomian nuen interesa, ideia horiek ez nituen eremu per-tsonalera ekarri, “pertsonala politikoa da” hori ez nuen erabat neure egin… ume bat izan nuen arte. Bitartean, esan liteke, XXI. mendeari dagokion bizimodua nuela, single-arena nahiz eta bikotekidea izan. Pertsona kritikoa izan arren, nire bizimodua oso ondo lotzen zen sistema honekin. Baina haur bat izan nuenean, nire bizitzako piezak erori egin zitzaizkidan, gainera, gure gurasoen zahartzea ere garai berean hasi zen, dena batera. Orduan ikusi nuen argi sistema hau sistema antropologikoaren beraren oinarrien kontra ari dela, eta ez soilik ordura arte ikusten nuen bezala maila teorikoan, baizik eta neure azalean bizi nuen.

Amatasuna, beraz, bizi-eredua zalan-tzan jartzeko talaia izan liteke.

Bai, amatasuna aukera ona da begiak irekitzeko. Kuriosoa da, baina pentsamendu kritikoak edo ezkerrak, nahi duzun bezala esan, salbuespen esanguratsuak salbu, familiaren ikuspegi nahiko ezkorra izan du, eta feminismoak amatasunarekin izan duen harremana ere nahiko zalan-tzazkoa izan da… horrexegatik neuk ere ez nuen gizarte eredua zalan- tzan jarri ikuspuntu horretatik. Neuk ere familia zerbait atzerakoia bezala ikusten nuen, seme-alabak izatea zerbait zaharkitua iruditzen zitzaidan, ez zetorren bat emakume libreaz nuen ideiarekin. Baina gero, haurrak eduki nahi izan nituen, eta bestelako gauzak ikusten hasi nintzen, eta daramagun bizimodua, lan ordutegiak, baldintzak, gizarte sareak, kontsumitzeko premia... kakazahar bat dela konturatzen zara.

Haziera fenomeno isolatu gisa aztertzea zentzugabekotzat duzu, baina egia da ama asko, burbuila batean bezala, oso bakarrik sentitzen direla haurra jaiotzean. Zuk ere kapitulu oso bat eskaini diozu bakardadeari. Zergatik senti daiteke emakumea hain bakarrik ama izatean?

Neuk ere ez nuen halakorik espero! Liburuan kontatzen dut: Guille jaio aurretik horrek ez ninduen batere arduratzen; erditzeak eta edoskitzeak bai, baina bakardadeak? Batere ez, ustez oso gustura nengoen nire lekuan, nire etxean, nire mutilarekin…

Zure bizitza ordura arte nahiko modu faltsuan eta hutsalean antolatua zegoela ikusarazten dizu haur batek, eta beharrezkoak ez zirela uste zenuen lotura haiek uste baino garrantzitsuagoak zirela. Orain ikusten dut ustez independente izanik gustura sentitze hori zela arraroa, bakarrik eta autonomia-burbuila horretan geundeneko hura zela arraroa. Haur batek, haren zaintza-premiek, nolabait, zure lehentasunak eta bizi-eredua bera zalantzan jartzea eskatzen dizute –baita adinekoen zaintzak edo beste zaintza errealitate batzuek ere—.

Haur bat hazteko tribu oso bat behar dela aldarrikatzen duzu izenburuan. Gaur egun nola josi ditzakegu haur bat hazi ahal izateko gizarte sare berriak?

Haur bat hazi ahal izateko, soilik egitasmo horretarako gizarte-sare bat sortzeari arazoak ikusten dizkiot. Ez dugu tribua behar seme-alabak hazteko soilik, tribua behar dugu gauza guztietarako. Uste genuen ez geneukala tribuaren premiarik, eta piezaren bat erortzen zaigunean ohartzen gara zeinen beharrezko dugun.

Niretzat egokiena ez da hazierarako sare bat jostea, edo hezkuntzarako sare bat, edo behar zehatz batzuetarako sare zehatz batzuk sortzea. Niretzat egokiagoa da senidetasun harremanak berreskuratzea. Bai, badakit senidetasuna ez dagoela modan, baina berreskuratu beharko genuke kontzeptu hori.

Merkatu gizartearen garapenak ekarri duen sareen suntsiketa hori oso mingarria izan da eta oso zaila izango da berreraikitzea. Hortaz, hobe izango da beti haziera talde bat edukitzea ezer ez edukitzea baino, hobe izango da eskolako guraso-elkarteko kide izatea ezer ez baino, helburu zehatz batera bideraturiko gauzetan parte hartzea ezer ez egitea baino hobe izango da, baina benetan behar duguna denerako balio izango digun ehundura sozial berri bat da. Niri ez dit balio 12 lagunekin gelditzea hezteko, beste 8 lagunekin produzitzeko eta beste 4 lagunekin pote batzuk hartzera joateko. Lehen zena behar genuke, nahasketa bat.

Lehen zena?

Lehen zena, orduko morrontzarik gabe. Ikasi dugu, inork ez digu ziria sartuko lehen egon ginen lekura itzul gaitezen. Nire ustez, gaur egungo gizartearen erronka handia elkartasun eta senidetasun modu berriak bilatzea da, iraganeko sumisio eta menpekotasunik gabe.

Bakarrik eta liburu bakan batzuekin hezi nahi izaten dugu emakume ba-tzuk haur bat, agian besotan hartzen dugun lehena... Zergatik jotzen ote da laguntza-liburuetara, amarengana, ahizparengana, bizilagunarengana jo beharrean?

Gure belaunaldiko emakumeak, ia beti, haurrak haurtzaindegian utzi zituzten emakume horien alabak gara, edo-eta esne artifizialaren alde egin zuten horien alabak —erabakimenez edo esne artifiziala sartu egin zietelako—, haziera eredu hotz edo desitsatsiagoa bizi izan zuen belaunaldi baten alabak gara, eta horrek ez digu balio. Belaunaldi oso baten arbuioa dago: asko eta askori ez zaigu gustatzen gu geu nola hazi gintuzten. Elkar ez ulertze bat dago; gure belaunaldiko zenbat andrek entzun behar izan dute euren amaren edo amaginarrebaren ahotik, “baina oraindik titia ematen diozu? Ez ote da hobe biberoia ematea?”. Gure aurreko belaunaldian haustura erabatekoa gertatu zen hazieraren inguruko jakintzaren transmisioan emakumeak lan mundura sartzean.

Horrez gain, gizartean, oro har, bada adituengan eta zientzian konfiantza. Nik neuk gure amari galdetzen nion loaz, eta hark erantzuten zidan nik eta nire neba-arrebek ez genuela lo ondo egiten urtea bete arte... beste zerbait egon behar zela eta liburuetara jotzen nuen erantzun bila, harrapatzen nuen guztia irakurri nuen, ea inork ezer deskubritu ote zuen gaiaz.

Beraz, nik uste dut bi gauzek ekarri dutela adituen boom hau: batetik, gure erreferente izan zitezkeen adineko horiengan konfiantza falta dugu askok, ez baitigu haien eredu desitsa-tsiak balio; eta, beste alde batetik, gu geu belaunaldi formatua gara, ikasiak, eta oro har aurrerapen zientifikoetan badugu konfiantza hainbat alorretan, nahiz eta gero ohartzen zaren, haziera ez dela zientziak hainbeste aurreratu duen esparru horietako bat.

Lehen bakardadeaz hitz egin dugu, mintza gaitezen erruaz. Gai horretaz lerro asko idatzi dituzu, hazierari buruzko alde bateko zein besteko literaturak amak errudun sentiarazten dituela diozu. Zergatik sentitzen dira edo sentiarazten dituzte hain errudun amak?

Alde batetik begibistakoa iruditzen zait kulpa gainetik kendu behar dugula. Ez da posible bi urteko neskato batek beste bati horzka egin badio, lehenaren ama errudun sentitzea, bezperan, demagun, errieta egin ziolako izan daitekeela pentsatzen duelako. Obsesionaturik gaude gure seme-alabengan dugun boterearekin eta egin diezaiekegun mesede eta kaltearekin. Funts gabeko kulpa hori gainetik kendu behar dugu.

Baina erruak badu beste adar bat interesatzen zaidana: ahaztu behar ez genukeen zerbaiten sintoma ere bada kulpa. Demagun, lanetik bueltan nekaturik eta umore txarreko nagoela; nire semea bainura bidaltzean kasurik egiten ez didalako akabatu nahiko banu bezala oihu egiten badiot, eta gero horrela oihu egin izanagatik errudun sentitzen banaiz, bada arrazoizkoa iruditzen zait, eta ez dut kulpa hori gainetik kendu nahi, horretxek erakusten baitit egiten ari garenak ez duela zentzurik; ez duela zentzurik lanetik 7etan ateratzeak, nekaturik eta umore txarreko elkartzea ordu mordoa eskolan eman duten seme-alabekin, haiek ere nekaturik eta umore txarreko... Kulpa horrek erakusten dit hau guztia kakazahar bat dela, eta erakusten dit eskandalagarriki gaizki antolatua daukagula sistema hau. Ezin ditugu gure seme-alabak hazi iluntzeko 7etatik aurrera, nekaturik eta haserre.

Eta nola kendu beste kulpa hori gainetik, haziera-liburuetatik eratortzen den kulpa hori?

Gure kultura giroan oso bizi dago psikoanalisi light-a eta literatura teraupeutikoak mozkortu egin gaitu. Barrura begirako esplikazioen inflazio bat bizi dugu, norbere barrura begiratu behar da min egiten digun hori ikusteko... eta kanpokoa ahazten dugu!

Haur bat edukitzea ikaragarria da, eta hari zerbait gerta dakiokeela pentsa-tzeak, azalpen horien indarra hamaika aldiz areagotzea dakar... “ea kolikoak izan behar dituen nik tripan nuela hau edo beste egiteagatik, ea gaizki lo egiten ote duen nire segurtasun faltagatik...” Ez, mesedez.

Aitek, ordea, ez dirudite hain errudun sentitzen direnik, eta normalki ez dira ba hainbeste arduratzen euren seme-alaben zaintzaz. Zer esplikazio aurkitu diozu horri?

Nik ere irudipen hori bera daukat, baina datuak falta zaizkit. Eta inguruan behatu izan dut, aitak zaintzaile nagusi diren kasuetan ere, ez zait iruditzen hain errudun sentitzen direnik. Jose Ramon Aparicio elactancia.org blogaren arduraduna da eta Tu eres la mejor madre del mundo liburuaren egilea, eta hark dio amak guztiagatik sentitzen garela errudun, aldiz aitek ez dutela euren errutzat hartzen haurrei gertatzen zaien hori.

Alde batetik nabarmena da emakumezkoak gaudela diskurtso terapeutiko horren jomugan, eta bestetik, tradizio patriarkalak oso gogor egin du emakumearen aurka, emakume izanik gutxiago balio dugula sentiarazi digu; beraz, tuntuna baldin bazara denerako, nola haziko duzu bada haur bat?

Adituen gaira itzuliz, bi korronte bereizten dituzu: heldua erdigunean jar- tzen duena bata eta haurrari begirakoa, bestea. Biak gerran daudela diozu. Zu haurrari begirako korronteaz aritu zara, gertuago sentitzen duzulako. Korronte bakoitzari zer ikusten diozu on eta zer txar?

Helduak erdigunean jartzen dituen korronteak gauza bat du ona: emakumeen kexak entzun dituela. Horixe baita haurrengan zentraturikoak falta duena; Rosa Jove bezalako autoreengan pentsaturik diot hau. Gutxietsi egiten gaituzte: “zure haurra ohean sartu eta urtebetera ezin ateratzeak kezkatzen zaituela? Baina akaso ikusi duzu inor 16 urterekin gurasoen ohean lo egiten?”; bada bai, ni kezkatzen nau. Haur jaio berriarekin zaudenean, kezkak eta antsietateak gain hartzen dizute askotan, eta egoera horretan dauden gurasoen beldurrak mespretxatzea ez zait bidezkoa iruditzen. Niretzat hori da haurrengan zentraturiko korrontearen arazo potoloa eta, era berean, horixe da helduengan zentraturiko literaturaren puntu on bakarra. Badakite gaizki lo egiten dugula, larriturik gaudela, nekaturik... hori aintzat hartzen dute, entzun egiten dute, baina proposatzen dituzten irtenbideak gogorregiak dira umeekiko.

Haurrengan zentraturikoak, esan bezala, gorraize hori du txarra, eta baita testuingurua falta zaiela, eta amen bizkar botatzen dutela egoeraren ardura; ez dute uzten gure etxean gaizki doan horri testuingururik jartzen. Ama eta haurra burbuila isolatu batean baleude bezala ematen dituzte aholkuak. Eta noski, ona du korronte horrek haurrak pertsonak bezala tratatzen dituela, oinarrizkoa eta begibistakoa da, bai, baina oraindik esan beharra dago. Gure gizarteak heldua jartzen du erdigunean, erabat, eta horregatik funtsezkoa iruditzen zait haurrengan zentraturiko ikuspegi hau. Haurra arrazoizko lekuan jartzen du, begira- tzeko, entzuteko... eskatzen du, eta eskaintzen ditu baligarriak diren hainbat tresna ere. Eta puntu garrantzi- tsua iruditzen zait, baita ere, hazierari buruzko jakinduria herrikoia berreskuratu izana eta ezagutza berriarekin uztartzea.

Lehen aipatu duzu feminismoak amatasunarekin izan duen harreman zalantzatia... Gaur egun ama izaten ari den emakumeen belaunaldiak garrantzia handia eman izan dio garapen pertsonalari, karrera profesionalari, independentzia ekonomikoari, bizitza sozial handia izateari... eta behin ama izatean, andre askok dute zuk liburuan agertzen duzun sentipena, “nire haurrak ez dit ni neu izaten uzten”. Nola ezkontzen dira gizarteak exijitzen dituen bi ereduak, hau da, emakume autonomoaren ideala eta ama sakrifikatuarena?

Erdibide bat bilatu behar dugu, baina, hala ere, uste dut bide hori feminismoaren alderdi bateko emakume askok nahi luketena baino gertuago dagoela ama sakrifikatu horretatik —alderdi bat diot, ez dudalako uste feminismo guztiek horrela pentsatzen dutenik—. Askotan entzun izan dut, eta baita hainbat feministaren ahotik ere, atxikimenduzko haziera ezin dela inolaz ere patriarkatuaren aurkakoa izan, emakume esklaboaren ideia berreskuratzea dela... Ez, pertsona batzuek ez dute ikusi nahi: zaintzaren balioa berreskuratzea, obligaziorik gabea eta izaera femeninoari atxikirik ez doan balio gisa, patriakartuaren kontrakoa da, beharrezkoa da eta antikapitalista da.

Sakrifikatua esan duzu, niri ez zait sakrifikatuaren ideia gustatzen. Nik ama dedikatua izan nahi dut, ardura-tsua, eta nahi dut nire mutil-laguna ere ama dedikatua eta arduratsua izatea, eta eskolako atezaina ere ama dedikatu eta arduratsua izatea... nahi nuke mundu guztiak zeharo jaistea errealizazio pertsonala kontsumoaren eta enpleguaren bidetik lortzearen ideia eta guztiek igotzea zaintza-lanen garrantziarena, sareak sortzeko beharrarena eta konpromisoarena. Uste dut gizarte osoa erabat lerratua dagoela alde batera, eta nik uste dut beste aldera bira egin behar lukeela. Oraingoz emakumeak bakarrik egin dugula aldaketa? Bada, penagarria da. Honetan egiten dut beti talka feminismo klasikoekin: emakumeek euren karrera super interesgarriak alde batera uztea euren seme-alabak zaintzeko irabazten ateratzea dela iruditzen zait, noski garaipen horrek hamaika mila akats ditu. Elkar zaintzen ikasi behar dugu.

Liburuan beste hainbat puntutan ere urruntzen zara 70etako emantzipazio ideietatik, haurtzaindegien eta biberoien gaian, esate baterako. Esne artifiziala emakumearen askapenerako instrumentu gisa ‘saldu’ izana kritikatzen duzu, nahiz eta zehazten duzun ez lukeela inondik ere inoren jomuga izan behar biberoiak, baina bai haurtzaindegiak.

Harrigarria iruditzen zait hainbat zirkulutan biberoiaz zein gaizki hitz egiten den ikustea eta, aldiz, zirkulu horietan haurtzaindegiak ez direla aipatu ere egiten ikustea. Eta hori gure bizi-antolaketaren puntu garrantzitsu bat da. Askoz errazagoa da biberoiarekin sartzea. Horrek ez du esan nahi, ordea, nik haurtzaindegiekin sartu nahi dudanik. Haur eskolak leku zoragarriak izan litezke.

Jende askok aldarrikatzen du tribua ez eta behar duguna ongizate estatu handiagoa dela, instituzio gehiago... eta noski, hori guztia behar dugu, baina ez hori bakarrik. Hori da nik kritikatzen dudana. Zentzugabea da gaur egun haur eskolek —Madrilen bederen— duten antolaketa, hainbeste ordu, hainbeste ratio... Eta zentzugabea da ezarri digutela eta, aldi berean, saldu digutela emakumearen liberaziorako beharrezko tresna gisa. Barkatu, baina ez: jendeak haurra haurtzaindegian uzten du lanera joan behar duelako eta ez daukalako beste erremediorik, hori ez da liberazioa.

Beraz, beste behin, egitura da zalantzan jarri behar duguna.

Hori da. Eredu produktiboari, lan-ereduari, eredu ekonomikoari lehentasuna emate hori eztabaidatu behar dugu.

Eta biberoiarekin gauza bera gerta-tzen da. Biberoiarena aukera bikaina iruditzen zait, beti egongo dira titia eman nahi ez duten emakumeak, guztiz arrazoizkoa, errespetagarria; eta, gainera, ez zait batere inporta zergatik aukeratzen duten biberoia, horrexegatik gara guztiok aukera-tzeko eta erabakitzeko aske. Baina ez diezadatela biberoia liberazio tresna bezala saldu, horrek izorratzen nau. Titia emateak ez dakar esklabotza eta ezta biberoiak liberazioa ere.

Bularra emateak zentzu askotan asebetetzen du emakumea, zortea baldin baduzu eta ondo baldin badoa oso atsegina izan liteke. Gure gorputzetik eta animaltasunetik oso urrundurik bizi gara; izaki hori nire gorputzetik atera dela eta orain nitaz elikatzen dela ikustea, haurtxo jaioberria haur bilakatzen dela ikustea, oso interesgarria eta asebetegarria da.

Zaintzeko eskubidea aldarrikatzen duzu. “Zaintza eta elkarrenganako menpekotasuna ahultasun eta hauskortasun erakusle ez eta norberaren errealizaziorako nahiz errealizazio sozialerako aukera gisa” aurkezten dituzu. Puntu interesgarria dirudi, baina ez proiekzio handikoa...

Zaintzaren inguruan hausnarketa asko ari dira egiten gertuko senti-tzen ditudan zirkuluetan, baina sarri zaintza traba egiten duen zerbait bezala ikusten da. Egia da, emakume askok obligazio eta esklabotasun gisa bizi dutela zaintza, eta horren aurka borrokatu behar gara, noski baietz, zaintza ez dago emakume izatearen baitan. Baina beldurra ematen dit zaintza inposizio gisa bizi duten andre horien egoerari bakarrik erreparatzeak eta beste zaintza hori, “neuk zaindu nahi dut” ahaztea, “nire seme-alabak dira eta nik zaindu nahi ditut”; “nire aita da eta nik zaindu nahi dut”. Ez dut zahar-etxe bat nahi, ez ditut instituzioak bakarrik nahi... baizik eta baldintza duinak neuk zaindu ahal izateko, hala nahi badut.

Abortuarekin antzeko zerbait gertatzen da: hain da potoloa, hain da garrantzitsua aborto eskubidea aldarrikatzea, logikoa dela horren aldeko borroka egitea, baina tristea iruditzen zait erreprodukzioaren inguruan egiten den borroka osoa abortuan zentratzea. Non gelditzen da borondatezko amatasuna? Haurrak eduki nahi dituzten baina baldintza duinik ez duten emakumeen eskubideak? Emakume horiek talde eskuindarretan bakarrik aurkitzen dute babesa, eta niri hori tamalgarria iruditzen zait. Gauza bera gertatzen da familiarekin eta zaintzarekin ere. Ezkerra, pentsamendu progresista eta kritikoa ez baldin bada ardura- tzen familia birpentsatzeaz, eskuinak bereganatzen du familiaren esanahi osoa.

Euren seme-alabak zaintzeko hautua egiten duten emakumeei buruz, opting out edo lan mundutik atera-tzeko erabakiaz diozu ez dela, derrigor, mugimendu neomatxista eta atzerakoia, zenbaitek dion bezala.

Ziur naiz askok lana utzi dutela presio matxistengatik... baina beste askok ez.

Elisabeth Badinter filosofoak ama-maitasuna zalantzan jartzen duen liburu bat dauka, eta bertan amatasunaren historiaren errepasoa egiten du. Ama-maitasuna asmakeria bat dela frogatu nahian baliabide bat erabiltzen du: historian, aukeratu zezaketen emakumeek, hau da klase altukoek, euren seme-alabak inudeekin bidaltzea aukeratzen zuten, eurak gortean geratzeko. Horrela ikusarazten du Badinterrek aukeratu zezaketen emakumeek amatasuna ez gauzatzea erabakitzen zutela. Kontua da, gaur egun aukeratu dezaketenek edo dezakegunok, dirudunek edo formazio akademiko handikoek, nahi bada, lana utzi eta euren seme-alabak zaintzea erabakitzen ari direla —ari garela—. Egia da opting out hitza AEBetan egin dela ezagun, emakume dirudunek egin dutela fenomenoa ezagun, baina, nolazbait horiek lirateke XVIII. mendeko klase altukoen gaur egungo parekideak... hau da, aukeratu dezaketenak. Horien erabakia, ordea, gutxietsia eta mespretxatua da, “tuntun hutsak dira, burua jan die neomatxismoak”. Eta zergatik ez dugu Badinterren sistema hori gaur egunean aplikatzen? Libreen garenak, formatuen gaudenak edo dirua dutenak zergatik ari dira lana utzi eta seme-alabak zaintzen?

Zergatik ari zarete aukera hori egiten?

Lan merkatuaren egoeragatik. Inork ez dauka gogorik etxean 24 orduz bere seme-alabak zaintzen egoteko, ez dut halako emakumerik ezagu-tzen. Galdetzen baduzu, zer nahiago duzu, lanean jarraitu ala zure haurtxoa zaindu? Ia denek haurtxoa zaindu nahiko lukete, baina egoera egokiena zein den galdetuz gero, inork ez luke esango 24 orduz etxean haurra zaintzen egon nahiko lukeenik; jende gehienak lanaldi murriztua aukeratuko luke, baina baldintza onetan, ondo ordaindua... Hortxe dago gakoa: baldintza onak beharko genituzke lanean jarraitu eta seme-alabak zaintzeko. Eta ez soilik seme-alabak zaintzeko, baldintza onak beharko genituzke denbora edukitzeko, kaleko bizitzan parte hartzeko... baina baldintza duin horiek ez ditugunez, eta ez dugunez nahi lanaldi luze baten ondoren, nekaturik, haurrak hazi, bada denbora batez lana uzten dugu. Beste aukera lanaldi bikoitz madarikatu hori da; beste iruzur bat.

Baina eszedentzia hartzea, berriro ere, erantzun indibidual bat da. Nola hazi daitezke haurrak eurentzat astia hartuz baina lanpostua utzi gabe eta lanaldi bikoitzaren tranpan erori gabe?

Are gehiago, seme-alabei eta lanari, erantsi iezaizkiezu sei bat ordu militantziarako... ezinezkoa da! Senti-tzen dut, baina ezinezkoa da.

Benetan behar duguna erreforma serio bat da, erreforma on bat. 4, 5 edo 6 orduko lanaldi duina, oinarrizko errenta... horiek dira gure seme-alabak hazteko behar ditugun baldintzak, haziera liburuetan sekula agertuko ez diren gauzak... Eta bitartean, zer? Bada, tribu bat bilatu dezagun, artifiziala bada ere... Egitura sozioekonomikoaren oinarrizko aldaketa bat behar dugu gure seme-alabak baldintza egokietan hazi ahal izateko.

Akaso ez ote dugu amatasuna —amatasunak— birpentsatu behar?

Amatasuna sozializatzeko eta birpentsatzeko gizarte-egitura aldatu behar dugu, hori da nire ideia. Lanaldi motzagoak behar ditugu, esate baterako, hortik kanpo ez dut ikusten amatasuna birpentsatzeko modurik. Beharrezkoa da, baita ere, beste emakumeekin asko, asko hitz egitea, alde bateko zein besteko emakumeekin hitz egitea, taldea egitea, bata bestearengan babestea... eta tribua egitea. Gai hauei buruz hitz egitean ikusten duzu zuri gertatzen zaizun hori mundu guztiari gertatzen zaiola; zurea zela uste zenuen arazoa testuinguruan jartzean, eta zuri gertatzen zaizun hori hormonala dela irakurri duzunean hamaika liburutan, eta bat-batean ikusten duzunean ezetz, inguruak eragina duela, soziala dela, egiturak egiten duela benetan hain zail amatasuna eta haziera... bada ahaldundu egiten zara, indibidualtzat saldu diguten arazo hori kolektibo egitea oinarrizkoa da.

Baina, era berean, uste dut gauzak aldatzen ari direla. Uste dut momentu ona dela amatasunaren eztabaida plano publikoan jar dadin, eta ez dadila, berriro ere eremu pribatura mugatu. Hitz egin dezagun esfera publikoan zaintzaren garrantziaz, baina ez soilik zaintzaren obligazioaz, hitz egin dadila beste aldeaz ere, zaintzak norberaren errealizazioan izan dezakeen garrantziaz, eta jar dadila kontsumoari, lanari eta maila ekonomikoari loturiko errealizazio pertsonalaren gainetik.

Amatasunari buruzko diskurtso feminista berri bat behar dugula ere uste dut. Ni neu ama izan nintzenean diskurtso feministaren aterperik gabe sentitu nintzen. Hor dago diferentziaren feminismoaren tradizio osoa, baina nik arazo handiak ikusten dizkiot; batetik, ulergaitza da; eta bestetik naturalistaegiak dira: guztiaren arrazoia naturan bilatu nahi dute, naturaz irakurketa erabat arrosa eta onbera eginaz. Ikusten dut mugimendu feministak ari direla interes horri erantzuten, diskurtso gero eta ñabartuagoak entzuten dira.

Amatasuna historikoki emakumea menpean eta etxean edukitzeko tresna gisa erabili izan da, zeuk ere hala aitortzen duzu liburuan. Eta, oraindik ere, hala bizitzeak ama ez izateko erabakia hartzea ekar dezake...

Beti egon dira eta egongo ama izan nahi ez duten emakumeak, noski. Baina errealizazio pertsonalerako oztopo gisa hartzea amatasuna, nire inguruko zirkuluetan behintzat, beste belaunaldi bateko kontua da. Maria Rosa De la Costa feministak dioen bezala, orain 50 bat urte dituzten andre askok uko egin diote amatasunaren esperientziari ez zaintzeagatik, eta gaur egun euren guraso zaharrak zaintzen ari dira, zaintzaren alderdi eder hori bizi izan gabe. Nik uste dut gure belaunaldiko emakumeok ez dugula zaintzaren alderdi ederra bizi gabe gelditu nahi.

Eta non daude aitak?

Ari dira batzuk aitatasuna birpentsatzen... nahiz eta sinestezina den hainbeste denbora behar izana! Kalean, gutxinaka-gutxinaka ikusten dira gizon taldeak maskulinitatea eta aitatasuna birpentsatzen, eta maila akademikoan generoaren gaiari dagokionez, maskulinitatearen inguruan gero eta ikerketa gehiago ari dira egiten.

Egiturari dagokionez, berriro ere, ezinbestekoa iruditzen zait aitek gurasotasun baimen luzeagoa izatea, gutxien-gutxienez jaio berriarekin egoteko, haren presentziaz jabetzeko... presentzia horrek emakumeok aldatu baldin bagaitu, zergatik ez beraiek? Abantailak dituztela esaten da, bai noski, alor askotan ikaragarri dituzte, baina nik uste dut euren aitatasuna osoki bizitzeko esperientzia pertsonala lapurtzen zaiela. Egia da, aukera dutenean ere gehienek ez dutela ardura hartzen, egia da, ez dut zaintza emakumea menperatzeko eta etxekotzeko erabili izan den historia ahazten, eta ulertzen dut arrautzaundi asko dagoela... baina ez dut errealitate hori bakarrik ikusi nahi, iratzartzen ari diren beste errealitate batzuk ikusi nahi ditut. Aitonei begira ikus dezakegu, gaur egun euren bilobekin mundu berri bat ari direla deskubritzen.

Liburuan ez duzu lana eta familia uztartzeko kontziliazio neurriez hitz egiten.

Iruzur bat dela esateko bakarrik. Gaur egun kontziliazioa nola saltzen diguten iruzur hutsa da. Bizitza pertsonala lanaren azpitik ezartzeko neurriak besterik ez dira: eskolak 7:30etan zabaltzea, aste santurako udalekuak... zure haurra nonbait aparkatzeko gisa horretako neurriak besterik ez dira, zuk zerri baten pare lan egiten jarrai dezazun. Iruzur bat da. Noski, zerri baten pare lan egin behar baduzu, hobe gisa horretako neurriak egotea, baina hori ez da familia eta lana kontziliatzea. Nik argi daukat: lehentasunak irauli behar ditugu.