Tolosan Altxa burua! izeneko ekimenari esker sakelako telefonoaren erabilera ahalik eta gehien atzeratzea erabaki dute.

Tolosa burua altxatzen ari da. Pixkanaka, baina atsedenik gabe. Herri osoak egin du bat Altxa burua! izeneko ekimenarekin: herritarrek, merkatariek, udalak, gurasoek eta ikastetxeek baietz esan diote sakelako telefonoaren erabilera ahalik eta gehien atzeratzeari.

 

Gutxitan gertatzen da herri oso bat ekimen beraren inguruan biltzea, denak batera, denak ados eta helburu berarekin. Ez dugu halako argazkirik askotan ikusten, baina Tolosan lortu dute. Gero eta kezka handiagoa sortzen duen gaiak eman du horretarako aukera: haurren eta gazteen sakelako telefonoaren erabilerak. Gurasoen kezkatik abiatuta, udalak, ikastetxeek eta merkatariek ekimenarekin bat egin dute, guztiak burua altxatzearen alde agertu dira, eta lanean hasi dira. Lierni Armendarizek, Ixiar Aranak, Lurdes Oiartzabalek eta Olatz Amonarrizek azaldu dizkigute Altxa burua! egitasmoaren nondik norakoak. Ikastolako guraso dira Armendariz eta Arana, eta Herrikide ikastetxeko guraso, berriz, Oiartzabal eta Amonarriz. 

Herriko hiru ikastetxeetako gurasoak batu ziren kezka bertsuak elkartuta, eta hori izan zen Altxa burua! ekimenaren hazia. Laskorain ikastolako, Orixe-Samaniegoko (Samaniego herri ikastetxeak eta Orixe BHIk osatua) eta Herrikide ikastetxeko gurasoak 2021. urtean elkartu ziren, eta hirugarren ikasturtea dute honakoa. 

 

"Pentsatu genuen zentzu handiagoa zuela, ikastetxe bakoitza bere kontura aritu beharrean, ekimena herri mailakoa izateak"

Olatz Amonarriz, Altxa burua!

 

Laskorainen eta Herrikiden, Miren Rosekin abiatu zuten prozesua; Samaniego-Orixen, berriz, Telmo Lazkanorekin. Bakoitza bere aldetik ari zen, baina une batean horretaz jabetu, eta elkarlanean hastea erabaki zuten. Samaniego-Orixen, No phone challenge ekimena ere martxan jarri zuten, Telmo Lazkanoren laguntzarekin.

Oiartzabalek azaldu du nola hasi zen guztia: “Herrikiden, DBHko ikasleak beste eraikin batera joaten dira, eta bazirudien, aldaketa horrekin batera, seme-alabei sakelakoa ematea arau bihurtuta zegoela. Gurasook kezka genuen, eta nahiago genuen adina atzeratzea. Miren Rosek Zarautzen izan zuten esperientziaren berri (Gure aukera, guk 16) eman zigun guraso eskolan; gustatu zitzaigun, eta kezka bera genuen gurasoak mugitzen hasi ginen. Gero jakin genuen ikastolako guraso talde batek ere kezka bera zuela”.  

“Gure seme-alabak, ikastetxe berera joan ez arren, eskolaz kanpoko jardueretan edo kalean elkartzen dira, eta pentsatu genuen zentzu handiagoa zuela, ikastetxe bakoitza bere kontura aritu beharrean, ekimena herri mailakoa izateak. Ikastolan eta Samaniegon horretan ari zirela jakinda, poz handia sentitu genuen, denok elkarrekin urrunago iritsiko ginela pentsatuta”, aipatu du Amonarrizek. Elkartu egin ziren, beraz, eta, modu horretan, indarrak bildu zituzten. Topic-en, Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroan, egindako bilera izan zen horren guztiaren abiapuntua. Amonarrizek azaldu du nolakoa izan zen bilera hura: “Miren Rosekin, Telmo Lazkanorekin eta Jon Bustillorekin egin genuen bilera, eta udalari ekimena kudeatzeko eskatu genion. Udaleko eta ikastetxeetako ordezkariak bileran izan ziren, eta hasieratik izan genuen haien babesa”. 

 

"Seme-alabei sakelako telefonoa ez emateko konpromisoa hartzen dugu, eta eskolak epe horrekin bat egin dezagun laguntzen digu"

Lierni Armendariz, Altxa burua! 

 

Ikastetxeen babesa

Gurasoak hasi ziren gaia astintzen, baina herriko hiru ikastetxeek berehala agertu zuten gaia lantzeko prestutasuna. Gurasoek ikastetxeei konpromisoa sinatu zezaten eskatu zieten, eta hala egin zuten ikastetxeek. Armendarizek zehaztu du zein den ikastetxeetan egiten ari diren lana: “Seme- alabei sakelako telefonoa ez emateko konpromisoa hartzen dugu, eta eskolak ezarritako epe horrekin bat egin dezagun laguntzen digu, guraso guztiei mezua helaraziz: ikasturte hasieran, Gabonak arteko konpromisoa hartzen dugu, Gabonen ondoren, Aste Santura artekoa… Bestela, guretzat oso zaila da guraso guztiengana iristea”. Ikastetxeek gurasoei laguntzen diete, beraz, baina ez dute prozesuaren gidaritzarik hartu. Hori bai, haien azpiegitura eta baliabideak uzten dizkiete gurasoei, esate baterako, bilerak egiteko edota hitzaldiak antolatzeko. Bestelako neurriak ere hartu dituzte ikastetxeetan: sakelakoa jolastokian erabiltzearen gaiari heldu diote, eta, hainbat kasutan, adin jakin batera arte jolastokian sakelakoa erabiltzerik ez dagoela adostu dute. Amonarrizek zehaztu du erabakia: “Eskola eremuetan eta eskola ordutegian ezin da sakelako telefonorik erabili, hori arautua dago, eta guk ulertzen dugu jolastokiak, eskolako eremua izanik, arau berdinen mende egon behar duela”. 

Ikastetxeetara soilik ez, ekimena kalera ere iritsi da, eta Tolosako merkatariak burua altxatzen laguntzeko prest dira: 100 dendatik gora batu zaizkio jada Altxa burua! ekimenari, eta atean edota erakusleihoan “Gurea erabil dezakezu” mezua duen eranskailua jarri dute. Umeren edo gaztetxoren batek etxera deitzeko beharra baldin badu, eranskailu gorria duen saltokiren batera sartzeko eta handik telefonoz deitzeko aukera du. Amonarrizek azaldu du nola bururatu zitzaien eranskailuaren ideia: “Guraso batzuek esaten zuten beldurra zutela, euren seme-alabek autobusa galduz gero, adibidez, nola jarriko ote ziren haiekin harremanetan. Eta pentsatu genuen, garai batean bezala, umeak nonbaiten sartu eta handik deitzeko eska zezaketela. Haurrek eta gazteek leku horiek identifikatzeko, eranskailuak jartzea bururatu zitzaigun. Tolosa&Co merkatarien elkartearekin harremanetan jarri ginen, eta oso harrera ona izan zuen ideiak. Udalak eranskailuak egin zituen, eta gero eta denda gehiago ari dira ekimenera batzen”.

 

"Adina pixkanaka atzeratzen ari dela ikusten dugu, eta poza ematen digu horrek"

Olatz Amonarriz, Altxa burua!

 

Helburuak lortuz

Hirugarren ikasturtea dute hau, eta balorazio ona egiten dute denek ere. Hala dio Amonarrizek: “Neurketa egiteko eskatu genion Herrikideri. Bagenekien DBHko 1. mailara ikasle asko sakelako telefonoarekin iristen zirela, eta hurrengo urtean, laurdenak egin zuen DBHko 1. maila, sakelako telefonorik izan gabe. DBHko 2. mailan ere bada halako gailurik ez duen taldetxo bat, eta, orain, beste neurketa bat egin dezan eskatu diogu ikastetxeari. Adina pixkanaka atzeratzen ari dela ikusten dugu, eta poza ematen digu horrek”.  

Sakelako telefonoa izateko adina 16 urtera arte atzeratzea da helburua, baina garbi dute helburu hori lortzea ez dela batere erraza. Sakelakoen eta gailu digitalen erabilera murriztu nahi dute, erabilera egokia bultzatu, baina inori ezer inposatu gabe, Amonarrizek azpimarratu duenez: “Guk pentsatzen duguna esaten dugu, baina gero bakoitzak erabaki behar du zein den bere bidea, familia bakoitzak bere beharrak baititu”. 

 

Pantailak ikasgelan?

Sakelako telefonoa edukitzeko adina atzeratzeari buruz ari gara, ikastetxeetan erabilera gero eta gehiago arautzen da, baina pantailek leku handia hartzen dute, bai ikasgelan, bai etxean ere. Armendarizek kezka jarri du mahai gainean: “Pantailen erabileraren arriskuei buruz eta sakelako telefonoa izateko adina atzeratzeaz ari gara, baina DBHko 1. mailara iristen dira, eta ikastetxe askotan chromebooka ematen diete. Kontraesan handia da”.

“Zalantzarik ez da: alderdi digitala landu behar dute eskolan, mundu digitalean bizi gara, eta gure seme-alabek inguru horretan moldatzen ikasi behar dute, baina pentsatu beharko litzateke zer neurritan eta zenbat ikasgaitan erabili behar diren pantailak eskolan, eta beharrezkoa ote den etxera egunero ekartzea”, dio Amonarrizek. 

Izan ere, ikasgelan ez ezik, etxean ere erabiltzen dituzte halako gailuak ikasleek, eta horren aurrean kezka azaldu du Aranak: “Etxe bakoitzak bere errealitatea du, baina ordura arte etxean pantaila lan zehatz baterako erabiltzen baldin bada edo pantailen erabilera oso araututa baldin badago, chromebooka kolpetik iristen da, eta dena berrantolatu beharra eta mugak jarri beharra dakar. Paperean egin dezaketen gauza bera pantailan egiteko, paperean egin dezatela”. 

Badira berriro paperera pasatzen ari direnak ere. Herrikide ikastetxean, adibidez, horixe egin dute ikasgai batean, Oiartzabalek esan duenez: “Semearen tutoreak aipatu zidan mintegian gaia lantzen ari direla, eta Gaztelania ikasgaian testuliburura pasatu dira berriz. Pixkanaka ari dira”.

 

 

Eskolan ere buruak gora

 

Gurasoak martxan jarri ondoren, lankidetzarako deia egin zieten Tolosako hiru ikastetxeei eta guztiek egin zuten bat ekimenarekin. Ahal duten guztian laguntzeko prestutasuna izan dute hasieratik eta denak eskutik helduta doaz elkarrekin bidean.

 

Ez da askotan gertatzen herri bateko ikastetxe guztiek proiektu baten inguruan bat eginda jardutea. Baina Tolosan lortu dute. Lehendik ere harremanetan zeuden ikastetxeak herrian Hezkuntzaren Mahaia osatua dutelako eta bertan elkartzen direlako, eta orain gai zehatz bati helduta batu dira. Julen Ezkiaga, Laskorain ikastolako Lehen Hezkuntzako zuzendariak, Samaniego-Orixe ikastetxeko Jone Iriarte irakasleak eta Herrikide ikastetxeko 0-12ko zuzendari Joseba Antxustegietxartek Altxa burua! ekimenaren garrantzia azpimarratu dute. 

Miren Rosekin elkarlanean aritzen dira Laskorain ikastolan eta Herrikiden, eta Telmo Lazkanorekin, berriz, Orixe-Samaniegon. Gurasoek abian jarritako ekimenaren berri izan zutenerako gaiari buruzko lanketa egiten ari ziren ikastetxeetan, baina oso garrantzitsua izan da denek bat egitea eta norabide berean jartzea. Gurasoek akuilu lana egin zutela azpimarratu du Ezkiagak: “Domina gurasoei jarri behar zaie. Guk bitartekari lana egin dugu, ahal izan dugun neurrian erraztasunak eman dizkiegu, baliabideak eskura jarri dizkiegu eta gure sareak baliatzeko aukera eman diegu proiektuari ahalik eta oihartzun handiena emateko”. 

“Ikastetxe bakoitzak beretik jarri du indarra, baina herria osotasunean hartuta landuz gero, egitasmoak herri hezitzaile gisa askoz ere indar handiagoa izango zuela ikusi genuen, eta helburua sakelako propioa izatea 16 urtera arte luzatzea izanik, zentzu handiagoa duela denek batera jotzea”, esan du Iriartek. “Kalean umeek eta gurasoek zirkulu nahasiak dituzte eskolaz kanpoko jardueretan, parkean… eta familiek oso garbi ikusi zuten herrian lantzearen eta sarea sortzearen beharra”, gaineratu du Antxustegietxartek. 

Seme-alabei sakelakoa edo smartwatch-a ematea gurasoen erabakia da eta zentzu horretan, eskolak lagundu dezakeela, baina lana etxetik hasten dela uste dute denek. Hala dio Ezkiagak: “Etxean ematen zaien tresna da eta bertatik eragin behar da. Ikastetxeetatik lagundu dezakegu, adibidez, formazioak edota hitzaldiak antolatuz, baina sakelakoa ematea edo ez, gurasoek erabakitzen dute. Bakoitzak beretik, baina denek norabide berean tira behar dugu”. 

 

Zer egin daiteke eskolan?

Irakasleek eskolan pantaila zenbat eta nola erabiltzen den arautu eta kontrolatu dezakete eta ikasleek ikasgelan pantaila gehiegi erabiltzen ote duten edo ez, eztabaida ere zabalik dago. “DBHko 1. mailan chromebook-a ematen diegunean zalaparta sortzen da batzuetan eta gero ikusten dugu 2. mailara ikasleen % 60 sakelakorekin iristen dela. Ikasleak pantailen erabileran hezi behar ditugu eta irakasleok ardura horretatik jokatzen dugula iruditzen zait, kontrolatutako eremuetan eta zeregin konkretuei erantzuteko erabiliz”, adierazi du Ezkiagak. 

“Mugak jarri behar ditugu, erabilera arautu behar dugu eta ondoren guk, horrekin koherenteak izan behar dugu”, gaineratu du Antxustegietxartek. Baina mugak jartzea ez da soilik ikastetxearen egitekoa; etxetik hasi behar da. Zentzu horretan mintzatu da Iriarte ere: “Gurasoek kontzientzia hartu beharko lukete eta irakasleekin enpatia izan, zeren sakelakoa ez da objektu pasibo bat eta kontrolatzen zaila da. Ikasle batzuei arretari eusteko gaitasun eskasa dutela nabaritzen zaie. Ondorioak nabarmenak dira: gelan aspertzen dira, jarduera arinak egin behar dira… Beharrezkoa da marra gorri batzuk jartzea”. 

Halako gailuek dituzten ondorioei erreparatu diete: “Sega pasatzen ari gara. Haurrei eta gazteei pertsona gisa garatzeko oztopoak jartzen dizkiegu eta ez gara jabetzen. Albo-kalteak handiak dira eta horretan ere pentsatu behar dugu”, adierazi du Antxustegietxartek. “Estrategien garapenerako gaitasuna oztopatzen diegu. Gizarte indibidualistagoa sortzen ari gara eta buru osasunarekin lotutako arazoak ere gorantz doaz. Ez da gehiegi hausnartzen tresna horien erabilera goiztiarrari buruz, baina beharrezkoa da berandu baino lehen gaiari heltzea” nabarmendu du Ezkiagak.

Aldaketa txikiak eginez, ohiturak aldatu egiten dira eta Iriartek azaldu duenez, jolastokiaren antolaketa egokiak pantailak alboratzen lagundu dezake: “Orixen hainbat jarduera antolatzen ditugu, jolasteko materiala eskura uzten diegu eta horrek jolasgaraian sakelakoren erabilera murriztu egin du”. 

 

"Etxean ematen zaien tresna da eta bertatik eragin behar da. Ikastetxeek lagundu dezakegu, adibidez, formazioak edota hitzaldiak antolatuz, baina sakelakoa ematea edo ez, gurasoek erabakitzen dute"

Julen Ezkiaga, Laskorain ikastola

 

Alderdi positiboari begiratzearen eta erabilera egokia bultzatzearen alde egin du Ezkiagak: “Nork bere buruaren antolaketan lagundu dezaketen tresna mordoa daude, adibidez. Kontua da zeri begira jartzen ditugun, zeren pantailek abantailak izan ditzakete, baina ez daude prest hori guztia euren kasa kudeatzeko. Kritiko izateko eta informazio fidagarria identifikatzeko entrenatu behar ditugu eta nik uste dut ikastetxeek horretan ardura handia dugula”. Antxustegietxartek, berriz, pantailen erabilera deabrutu gabe, inposiziorik gabeko hausnarketarako guneak zabaltzeak duen garrantzia azpimarratu du eta hau guztia modaz harago doala adierazi du: “Ikerketa, diagnosi, hausnarketa eta erreflexio gunea ere bagara”.

Natibo digitalaren kontzeptuarekin kritiko agertu dira, bestalde, gaur egun jaiotzeak ez duelako esan nahi haurrek eta gaztetxoek teknologia erabiltzen dakitenik: “Kalean kotxeak daude, baina denok ez dakigu kotxea gidatzen. Eta kotxea gidatzeko azterketa teorikoa eta azterketa praktikoa egin behar dira”, jarri du adibide gisa Antxustegietxartek. 

Pantailen erabilera egokia egiteko informazioa, formazioa eta baliabideak behar dituzte haurrek eta gazteek. Tolosan, bide horretan aurrerapausoak ematen ari dira, orain arte egindako ibilbidearen emaitzak ikusten hasiak dira eta ilusioz eta burua altxatuz begiratzen diote etorkizunari.