288 znb | Esperientzia 

 

Ziklo bereko ikasleak elkartuta, irakaskidetzaren bidea hartu dute Zangozako ikastolan. Edozein aldaketa prozesutan erronkak eta zailtasunak izaten diren arren, pausoa ematea errazagoa izan da, ikastola txikia denez eta klaustro egonkorra dutenez; irakaskidetzak bizirik irauteko aukera berria zabaldu die gainera. 

 

Irakaskidetzaren aldeko hautua egin dute Zangozako ikastolan. 2021-2022 ikasturte amaieran, egokitu beharra zutela ikusi zuten, begi bistan zituzten aldaketa guztiei aurre egiteko. Zuzendaritza aldatu zuten; LOMLOE legea zetorren, eta ikusi zuten pandemia garaian ezarri ziren eta ikastolarekin bat ez zetozen hainbat arau apurtu beharra zutela. Ikastolaren berezko ibilbidea berreskuratzeko gogoa zuten, eta horri guztiari, gainera, arazo demografikoa gehitu behar zitzaion. Testuinguru horretan, irakaskidetzaren bidea hartzea erabaki zuten.

Zangozako ikastolako zuzendari pedagogiko eta irakasle Nagore Oriak azaldu digu hautuaren zergatia: “Inguru honetan, oso jaiotza tasa baxua dugu, eta despopulatzea mahai gainean daukagu etengabe. Ikasgela txikiak ditugu, eta, etorkizunera begira, txikiagoak izan daitezke. Gainera, Haur Hezkuntzako itun bat galdu genuen une hartan; horren ondorioz, hiru irakasle izatetik bi izatera pasatu ginen. Horrek guztiak ikastolan aldaketak egitea eta egoera berrira egokitzea eskatu zuen”. Eta, testuinguru horretan, irakaskidetzaren aldeko apustua egin zuten: “Ideia azaldu genion guraso batzordeari; haren babesa jaso genuen, eta, ondoren, inplikatutako familiekin bildu ginen, gure asmoaren berri emateko”. 

Irakaskidetzaren aldeko hautua bizirik iraute kontua izan zela dio Eneko Alkortak. Irakaslea, Lehen Hezkuntzako koordinatzailea eta LHko 5. mailako tutorea da Alkorta, eta irakaskidetza bizirik irauteko aukera modura ikusi zutela azaldu du: “Gure ikastolara, Zangozako eta inguruko herrietako haurrak etortzen dira. Gainerako ikastetxeetatik bereizten gaituena euskara da, zalantzarik gabe. Baina, euskaraz gain, gainerakoetatik bereiziko gintuen beste zerbait behar genuen, eta horregatik egin genuen irakaskidetzaren aldeko apustua. Lan egiteko modu hori gertu dago geure identitatetik, beti izan baitugu taldeak elkartzeko joera”. Zangozako ikastolan, betidanik izan dute taldeak nahasteko joera, Oriak azaldu duenez: “0-3 zikloa dugu, eta badira bi urteko haur batzuk, handiagoekin ere oso gustura egoten direnak. Moldatzen joaten gara. Taldeak nahasten eta haien arteko interakzioa bultzatzen saiatzen gara”. 

Irakaskidetzak bereizgarri bat du Zangozan: ez dituzte maila bereko ikasleak elkartzen, ziklo berekoak baizik. Haur Hezkuntzan, elkarrekin daude 3, 4 eta 5 urteko ikasleak, eta Lehen Hezkuntzan, berriz, 1. eta 2. mailetakoak eta 3. eta 4. mailetakoak. Irakaskidetzarako aldaketa pixkanaka ari dira egiten, eta, datorren ikasturtean, LHko 5. eta 6. mailak elkartuko dituzte. Ondoren, DBHren txanda izango da, eta 2026-2027 ikasturterako irakaskidetza ikastola osoan ezartzeko asmoa dute. Bide horretan, prestakuntzaren aldeko apustua egin dute hasieratik. Prestakuntza horren garrantzia azpimarratu nahi izan du Alkortak: “Prestakuntzak bultzada handia eman digu. Klaustro osoak jaso du, eta ikusi dugu askotariko esperientziak daudela eta aurrera egitea posible dela. Jendeak beldurrak eta kezkak azaleratu ditu, eta zer indargune dituen ere ikusi du”.

 


"Prestakuntzak bultzada handia eman digu. Klaustro osoak jaso du, eta ikusi dugu askotariko esperientziak daudela eta aurrera egitea posible dela"

Eneko Alkorta, Zangozako ikastolako irakaslea


 

Koordinazio lanaren garrantzia

“Irakaskidetzan, koordinazioaren gaia mahai gainean dago etengabe”, azpimarratu du Oriak. “Irakasleok batera joan behar dugu denbora guztian. Lehen, lanak bakarrik egin zenitzakeen, baina orain ez. Lankideekin adostu behar da dena”, gaineratu du Alkortak.

Ikastola txikia da Zangozakoa. HHtik DBHra bitarteko ikasleak dituzte, 159 denera, eta 22 irakaslek osatzen dute klaustroa. Klaustro egonkorra dute, eta ongi ezagutzen dute elkar. Horrek asko laguntzen duela diote, elkarren artean konfiantza handia dutelako. “Hilean behin edo bi hilean behin, behintzat, elkarrizketa pertsonalak egiten saiatzen gara. Ez plangintzari buruz hitz egiteko soilik, baizik eta gure artean norberaren indarguneei, ahuleziei, gustuko dugunari eta gustuko ez dugunari buruz hitz egiteko. Lankidetzari garrantzi handia ematen diogu. Ikastolan dugun taldea oso indartsu dago une honetan, eta, horri eusteko, ezinbestekoa da elkar zaintzea”, adierazi du Oriak.

Irakasleak talde lanean aritzen dira, eta hori ikasleentzat eredugarria dela nabarmendu nahi izan du Alkortak: “Talde lanean aritzen ikasi behar dutela eta gatazkak konpondu behar dituztela esaten diegu, eta, orain, gu gara horren guztiaren eredu”.

HHn eta LHn, gustura ari dira bikoteka lan egiten. Dena den, ikasgelan ez dira batera egoten denbora osoan, giza baliabideek markatzen baitituzte aukerak. Ratioak txikiak dira: LHko 1. eta 2. mailetan, 18 ikasle dira, eta 3. eta 4. mailetan, beste hainbeste; 5. eta 6. mailetan, berriz, 22 ikasle dira guztira. Ikasle kopuru txikiekin aritzeak asko errazten du lana, eta, harremanei dagokienez ere, oso aberasgarria da ikasleentzat; baina badu alde txarrik ere. Hala dio Alkortak: “Nik zortzi ikasleko ikasgela dut 5. mailan. Alderdi sozialari erreparatzen badiogu, eta helburua haurren interakzioa izanik, ez da batere onuragarria. Denbora guztian zortzi pertsonarekin soilik egoteak zailtasunak ere baditu. Rolak betikotu egiten dira, eta zaila izaten da ikasgelan sortzen den gizarte txiki horretan bakoitza bere roletik ateratzea. Adibide bat jartzearren, haserretzen den ikaslea urtero izango da haserretzen dena; etiketa hori izango du. Taldean ikasle gehiago daudenean, ordea, rolak gehiago banatzen dira; ez daude hain markatuta”. Bestalde, talde txikiekin lan eginez gero, behaketarako denbora eta aukera gehiago dago, eta irakasleak gauza asko ikusteko aukera duela dio Alkortak: “Ikasgelan bi irakasle baldin badaude, garbi dago lau begik bik baino gehiago ikusten dutela. Eta aniztasunaren trataerari dagokionez, horrek asko laguntzen digu”. 

“Ikasgelan bi irakasle daudenean eta rolak banatzen direnean, aldatu egiten da lan egiteko modua. Behatzaile moduan zauden denbora tarte horretan, gauza asko ikusteko gai zara, eta gauza asko ikas ditzakezu lankideengandik”, azpimarratu du Oriak. “Ebaluatzean ere, desberdina da irakasle bakoitzaren begirada, eta horrek ebaluazioa aberastu egiten du, dudarik gabe”, gaineratu du Alkortak.

 


"Ikasgelan bi irakasle daudenean eta rolak banatzen direnean, aldatu egiten da lan egiteko modua "

Nagore Oria, Zangozako ikastolako irakaslea


 

Ebaluazioa, irakasle taldearen esku

Ebaluazioa bi irakasleren artean egiten dute orain. “Ikasgelan, bi mailatako ikasleak ditugu; garbi izan behar ditugu ebaluazio irizpideak, eta ongi mailakatu behar dira. Orain, adibidez, 3. mailan dagoen ikasle bat 4. mailako helburuetara bideratzeko aukera dugu, eta ikasgelako jarduna ikasleen gaitasunen arabera egokitzea aztertzen ari gara”, aipatu du Alkortak.

Ebaluazioa bi irakasleren artean egiten dute; baina, ondoren, irakasle taldearekin kontrastatzen dutela azaldu du Oriak: “Ebaluazioa lankidearekin batera egiten dugu, alde batetik, eta, bestetik, ikasgelan ordu gehien pasatzen ditugun irakasleak elkartzen gara, eta lau, bost edo sei begirada izaten ditugu ebaluazioa egiteko”. 

“Lehen, nork bere ebaluazioa egiten zuen; baina, orain, ebaluazio hori indartu egiten da, eta, ikasgela barnean erreferentzia diren bi irakasle direnez, gurasoei iristen zaien mezuak indar handiagoa du. LHko irakasle taldeak uste duena helarazten diegu familiei, ez irakasle batek edo bik uste dutena soilik, eta taldearen ikuspegia izateak indarra ematen dio esaten ari garenari”, adierazi du Alkortak.

 


"Lehen, norberak bere ebaluazioa egiten zuen; baina, orain, ebaluazio hori indartu egiten da, eta, ikasgela barnean erreferentzia diren bi irakasle direnez, gurasoei iristen zaien mezuak indar handiagoa du"

Eneko Alkorta, Zangozako ikastolako irakaslea


 

Pozik emaitzekin

“Oraindik ez dugu laginik akademikoki hobekuntzarik egin dugun ala ez esateko. Hori denborak esango digu, baina sentsazioak oso onak dira. Ikasleak talde txikietan egoten ziren, eta, orain, jende gehiagorekin egoteak arnasa eman die”, esan du Alkortak. Familiak ere pozik daude egindako aldaketarekin. 

Aurrera begira, hainbat erronkari heldu beharko diete: despopulatzearen gaia mahai gainean dute Zangozan, arazoa larria baita. 2023an, 17 haur jaio ziren herrian, eta, orain arteko joerari eutsiz gero, horien herenak hartuko du ikastolarako bidea. Taldeak gero eta txikiagoak izateko aukera zabalik dute, beraz, eta unean uneko egokitzapenak egiten jarraitu beharko dute; baina pozik daude orain arte egindako lana ematen ari den emaitzekin.