288 | Hileko irudia

Hau ez da guztientzako egokitutako festa bat, hau hasieratik guztiontzako pentsaturiko festa bat da”, zehaztu zuen Pausoka elkarteko Amaia Irazustak Bizipoza jaiko ekitaldi nagusian, Hernanin, apirilaren 27an. Horra, ñabarduran dago Bizipozaren filosofia. Jai koloretsua, anitza egin zuten Hernanin, mundua den bezain koloretsua eta anitza, eta munduak izan beharko lukeen bezain alaia eta inklusiboa. Oholtza eta mikrofonoa hartu zuten Pausoka, Bihotzez, Aspanif, Arnasa, Ilargi Bihotzez, Ndank Ndank, Hiru hamabi eta beste hainbat elkartetako umeek eta gurasoek. Eta ñabarduraz ñabardura, irriz irri, bizitzako lezio bana zabaldu zuten bozgorailuetatik. Urtean behin ez, eta egunerokoan beharko luketen erdigunea hartuz.