284 znb | Esperientzia

Ikastetxeetan dagoen aniztasunari erantzuteko gida pedagogikoak sortu ditu Bizipoza elkarteak, eta Bizipoza eskola webgunean bildu ditu. Gaiak lantzeko eta elkarteak ezagutzeko jarduerak eta baliabideak eskaintzen ditu hezkuntza formalerako, ez-formalerako eta herrigintzarako.

 

Zer gertatzen da ikastetxeko haur bati minbizia diagnostikatzen diotenean? Familiaren esku gelditu behar eskolan al du gaitzaren gaia lantzeak? Bizipoza elkarteak argi du ezetz, Nerea Godoy elkarteko kideak esandakoaren arabera: “Ikasgelara ekarri behar dugu minbiziaren gaia; hitza esan egin behar da; minbizia entzun egin behar da. Haurrei ere entzun egin behar zaie minbiziari buruz hizketan, eta haurrek gaiarekiko izan ditzaketen beldurrak, espektatibak eta proiekzioak entzun eta landu egin behar dira”. Haur baten kasutik harago, ikasgelara eraman zuen begirada Godoyk ondoren: “Zer egin dezakegu ikasgelan daukagun aniztasunarekin? Nola hitz egin dezakegu ikasgelan daukagun kultura aniztasunari buruz? Nola bilakatu dezakegu aniztasuna ikaskuntza, ikasle guztiek eurena ere garrantzitsua dela senti dezaten?”. Hainbat gai ikasgelan eta ikastetxean lantzeko material pedagogikoa sortu eta bildu du Bizipoza elkarteak, Bizipoza eskola proiektuan: gaixotasunak, generoa, transexualitatea, heriotza edota kultura-aniztasuna.

Bizipozaren 7. jardunaldietan aurkeztu zuten Bizipoza eskola proiektua, Usurbilen, iragan azaroaren 18an. Bizipoza elkarteak lantzen dituen gaiak eta materialak gizarteratzeko webgunea da Bizipoza eskola, eta gida pedagogikoak eskaintzen ditu. Godoyk adierazi zuenez, Bizipoza osatzen duten elkarteak sortu ziren arrazoi berberagatik sortu da orain Bizipoza eskola webgunea: “Badaude bete gabeko eskubide batzuk, eta familiak eta pertsonak batu ziren orduan elkarteak sortzeko; guk gauza bera egin dugu orain: behar bat zegoen hezkuntzan, eta elkartu egin gara gaian adituak eta arituak garen pertsonak, eta gida pedagogikoak sortu ditugu elkarrekin eta elkarrentzat”. Hiru norabidetan bideratu dituzte Bizipoza eskola proiektuaren edukiak: alde batetik, hezkuntza formalari begirako materialak bildu dituzte; bigarrenik, hezkuntza ez-formalari bideratuak; eta herrigintza izan da jorratu duten hirugarren esparrua. 

Bizipoza eskola webgunea abenduan ireki baldin badute ere, aurrez proba pilotuak egin dituzte hainbat ikastetxetan, gida pedagogikoak diseinatzeko, sortzeko, eta elkarrekin osatzeko. Gida pedagogikoak egiteko garaian, arituak eta adituak elkarrekin aritu dira lanean. Lehendabizi, jasotze lanak egin ditu Bizipozak. “Bagenekien zer behar genuen, baina ez genekien nola gauzatu behar hori, eta adituekin elkartu ginen horretarako, irakasleekin, zuzendariekin, gida didaktikoak diseinatzen dituztenekin, eta, haien ekarpenak jaso, eta gidak diseinatu dira”. Ondoren, gidak prestatu direnean, ostera ere, hezkuntza komunitateei helarazi zaizkie berriro, eta horrela sortu dira webgunean dauden gida pedagogikoak: “Gida guztiak irekiak eta malguak dira, bakoitzak bere testuingurura egokitu ditzan, eta eskola txiki batera zein eskola handi batera egokitzen dira, baina baita bestelako errealitateetara ere”. Hernaniko Aratz ikastolan, Amaiurko landa eremuko eskolan, Bilboko Urretxindorra ikastolan eta Uribarri eskolan, eta Donostiako Añorga auzoko Amassorrain eskolan egin dituzte proiektu pilotuak, besteak beste, eta ikastetxe guztietako ordezkariek biziki interesgarritzat jo zituzten webguneak eskaintzen dituen gida pedagogikoak. Nork bere errealitatera egokitu ditu materialak, eta bakoitzak bere kasa landu ditu jarduerak.

Hezkuntza formalari dagokion atalean, etapaka egokitu dituzte gidak, Haur Hezkuntzara, Lehen Hezkuntzara, Bigarren Hezkuntzara, ikasgela egonkorrera eta Goi Mailako Hezkuntzako ikasgeletara begira. Hezkuntza maila guztietarako gai berak proposatzen ditu Bizipoza eskolak, “baina barruko jarduerak eta planteamenduak adin tarteari egokitzen zaizkio”. Ikastetxeetan dagoen aniztasun guztiari erantzuteko leihoak —jarduerak, materialak, bideoak, kantuak…— eskaintzen ditu webguneak. “Ikastetxe guztietan, ikasgela guztietan, herri txikietan zein handietan aurkituko dugulako aniztasuna, eta aniztasun horri erantzun bat eman behar zaio. Hori ere curriculumaren barnean sartzen da, eta dagokion lekua hartu behar du aniztasunak, ikasle horiek gure ikasleak direlako, eta irakasle, hezitzaile eta hezkuntza sistema moduan erantzun bat eman behar zaie, eta Bizipozak material ugari eskaintzen du, euskaratik eta euskaraz”.

 

 

Zortzi gai, gida pedagogiko eta material ugarirekin

Bizipoza eskolaren webgunean zortzi gairi buruzko gida pedagogikoak aurki daitezke, etapari egokituta. Atal guztiek sarreran aurkezpen jarduera izango dute, egingo duten jardueran murgiltzen laguntzeko. Gaiaren helburua eta gaiari loturiko egun garrantzitsuak ere zehazten dira, gaiak hizpidera ekartzeko lagungarriak baitira. Jarduera bakoitzak jorratzen dituen konpetentziak zehazten dira baita esperientzia eremuak eta zehar-gaiak ere. 

 

· Bizipoza. Elkartearen balioak eta izaera azaltzeko baliabideak daude bertan, eta hainbat konpetentzia lantzeko materialak eta jarduerak proposatzen dira. 

· Norbere buruaren ezagutza eta taldekidetasuna. Norbere burua lantzeko materiala eskaintzen dute gidek: “Gai hauek beti hirugarren pertsonan lantzen ditugu, atzerritik datozenak, gaixoak… baina nor naiz ni? Galdetu behar diogu lehendabizi geure buruari”. Proposatzen diren jardueren helburua “autoestimua lantzea, norbere buruaren ezaugarri fisikoak eta nortasunari dagozkionak ezagutzea” da.

· Identitatea, genero rolak eta transexualitatea. Atal horren helburua “emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun orokortuak egia ez direla ohartzea” da; “neska eta mutil bakoitzak izaera bat duela eta hori ez doala bat neska edo mutil izatearekin”. 

· Familia aniztasuna. Sexu-orientazioa eta heriotzari keinuka. “Amak, aitak eta seme-alabek osatutako familiaz gain, familia osatzeko beste modu asko ezagutzea eta onartzea” da atal horren helburua. Gehitu, Agipase, Beroa harrera familien elkartea, Ume Alaia elkartea edo Ilargi elkartea daude bertan. 

·vKulturartekotasuna: Euskal Herrian bizi diren euskaldunen kulturaniztasunaz ohartzea” da atal horren helburua. Etiopia-Utopia, ndank-ndank edota Kale Dor Kayiko ijitoen elkartearen lana ezagutzeko materiala dago.

· Aniztasun funtzionala. Gaitasunak eta gabeziak. “Denok gaitasunak eta gabeziak ditugula ohartzea eta elkar laguntzearen garrantziaz jabetu eta lantzea” da atal horren xedea. Atal horretan Bizipozako elkarte gehienak lantzen dira, Pausoka, Sanfilippo, Juneren hegoak elkartea, Down Sindromea fundazioa...

· Gaixotasunak. Bizipozan gaitz larriak jorratzen dituzten elkarteak daude: Aspanogi, Aspanovas, Izan inurri edota SuperH, minbizia jorratzen duten elkarteak adibidez, edo Bihotzez bihotzeko kardiopatiak dituztenen elkartea, Arnasa Fibrosi kistikoa dutenen elkartea…

· Boluntariotza eta Bizipoza jaia. Boluntariotzaren kontzeptua ulertzea, barneratzen hastea eta Bizipozaren jaia antolatzea da atal horretako proposamenen helburua.