2024-2025 ikasturtean Euskal Herriko ikastetxeetara bisitak egingo ditugu proiektu pedagogiko desberdinak ezagutzeko.

 

Hik Hasik 2024-2025. ikasturtean bisita pedagogikoak eskainiko ditu Euskal Herriko zazpi ikastetxetara bertako proiektu pedagogikoak bertatik bertara ezagutzeko. Bisitak larunbata goizetan izango dira, 9:00-13:00 bitartean. Interesa duen orok izena emateko aukera izango du, baina hikhasitarrek izango dute lehentasuna. Plaza mugatuak izango dira.

 

  • Urrian
    Kattuka haur eskola
    Arbizu, Nafarroa
    0-3 urteko haurrentzako proiektu pedagogikoa

    0-3 urteko haurrak eta haien garapena osotasunean, modu integralean eta errespetutik abiatuta lantzen duten hezkuntza proiektuak badira, eta horietako bat da Arbizuko haur eskolakoa. Zainketa, materiala, espazioak, harremanak, denbora... guztia ongi hausnartua eta zehaztua daukate eta horren baitan bizitzen dute eguneroko martxa. Horrez gain, hezkuntza proiektuaren ardatz diren gaiak binaka berritu, eraldatu eta gaurkotu egiten dituzte ikasturtez ikasturte.
     
  • Azaroan
    Arberoa ikastola
    Donamartiri, Nafarroa Behera
    Komunikazio Ez Bortitza

→ Donamartiriko (Nafarroa Beherea) Arberoa ikastolako hezkuntza-proiektuaren ardatzetako bat da Komunikazio Ez Bortitza. Egunerokoan praktikan jartzen dute eta aitzinera eramaten dituzten jarduera guztietan islatzen da. Elkarbizitza lantzeko eta bizitzeko lagungarri diren ekintzak burutzen dituzte; hala nola, sentimenduen xokoa, arartekaritza, biltzarrak, biltzar borobilak eta errutinak. Baloreak erdigunean dituzte, elkarbizitza arauak barneratuta dituzte eta eskerrak ematearen garrantziaz jabetuta daude. 

Bisita pedagogikoan hainbat tailer egingo dira ikastolan egiten duten lanketa bertatik bertara bizitzeko.
 

  • Urtarrilean
    Arizmendi ikastola
    Arrasate, Gipuzkoa
    DBHren eterngabeko eraldaketa

    → DBH beste modu batera antolatuta daukate Arizmendi ikastolan: LH5-6 mailak eta DBH1-2 mailak alde batetik eta DBH3-4 mailak eta Batxilergoko 1-2 mailak bestetik. Lehendabizikoak BATU egitasmoan biltzen dituzte eta bigarrenak IZEN egitasmoan. Bisita pedagogikoan BATU egitasmoa ezagutuko dugu, zeinak pertsona eredua garatzen laguntzeko testuingurua eskaintzen dien ikasleei, ikaskuntza-esperientziak biziz eta gizartearen eraldaketan parte hartuko duten herritar aktiboak garatzen lagunduz.
     

  • Otsailean
    Aranbizkarra ikas-komunitatea
    Gasteiz, Araba
    Aniztasunari erantzuten

    → Gasteizko Aranbizkarra ikas komunitatearen hezkuntza-proiektuaren ardatza eredu dialogikoa da. Eredu dialogikoaren printzipioetan —elkarrekintza— oinarrituta jarduera arrakastatsuak prestatzen dituzte —besteak beste tertulia dialogikoak— eta ikuspegi horrekin lan egiten dute gelako aniztasunari, hizkuntzen lanketari eta ikasleen arrakasta akademikoari erantzuteko.

    Bisitan Aranbizkarrako hezkuntza-proiektua ardatzen duten printzipioak azalduko dira eta nola aplikatzen dituzten gelako aniztasunari erantzuteko, euskara lantzeko, ikasleak ebaluatzeko eta familien partaidetza bultzatzeko. Bisitaren amaieran tertulia dialogiko bat egingo da parte-hartzaile guztien artean.
     

  • Martxoan
    Herrikide ikastetxea
    Tolosa, Gipuzkoa
    Emozioak eta gatazkak

    Emozioak eta gatazkak lantzeko ibilbidea diseinatuta eta praktikan jarria daukate Herrikide ikastetxean eta lau urratsetan egiten dute:
  1. Garunaren funtzionamendua aztertuz: emozioen eta gatazken arteko erlazioa eta gatazkaren nondik norakoak.
  2. Ikastetxean egindako ikerketez baliatuz: konpetentzia sozioemozionalen lanketaren eraginari buruzkoa bata eta gatazkaren eraldaketari buruzko formazioaz bestea.
  3. Prebentzioa oinarritzat hartuz: konpetentzia sozioemozionalak garatzeko programa aurrera eramanez: sistematikoa, sekuentziatua eta curriculumaren baitan kokatua.
  4.  Gatazka era baketsuan eta elkarrizketaren bidez eraldatzeko estrategiak eta tresnak praktikan jarriz.
     
  • Apirilean
    Luzaide-Arnegiko mugaz gaindiko eskola
    Luzaide, Nafarroa Garaia
    Arnegi, Nafarroa Behera
    Euskararen, frantsezaren eta gaztelaniaren lanketa

    → Euskal Herrian dagoen mugaz gaindiko eskola bakarra da Arnegi-Luzaidekoa. Nafarroa Behereako eta Nafarroa Garaiko haurrek elkarrekin ikasten dute eta horrek herri bietako biztanleen arteko harremanak sendotzea ekarri du. Euskara, frantsesa eta gaztelania dira eskolako hiru hizkuntzak, egunerokoan eleaniztasuna praktikara eramaten dutelarik ahozkotasunean oinarrituz.
     

  • Maiatzean
    Lekeitioko ikastola
    Lekeitio, Bizkaia
    Zaintza: haurren, irakasleen eta familien zaintza

→ Gizarteko esparru askotan entzuten da zaintza erdigunera ekarri behar dela, eta Azkue Lekeitioko natura ikastolan hezkuntza proiektuaren erdigunera ekarri dute zaintza. Haurrak, irakasleak eta familiak elkar zaintzeko jarduerak zehaztu eta praktikan jarri dituzte, guztion ongizatea helburu.