285. znb | Gai Nagusia

 

Ikasturte hasieran hainbat ikastetxetako jangeletan oso kalitate txarreko elikagaiak topatu dituzte haurrentzako ziren otorduetan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola publiko batzuetan izan dira inzidentzia larrienak eta kasu guztietan kudeaketa zuzeneko catering enpresa berri baten eskutik. Gertakariek jangela-ereduaren eta elikagaien gaineko hausnarketa bultzatu dute. Hain izan dira larriak egoerak kontratuak etetera iritsi direla bi aldeak: Eusko Jaurlaritza eta Serunion. Kudeaketari dagokionez, alde handia dago Euskal Herriko eskoletan.

 

Ikasturte hasieran hainbat ikastetxetako jangelak notizia izan dira: oso kalitate txarreko elikagaiak topatu dituzte umeentzako ziren menuetan. Alarmak pizteko moduko gertakariak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publiko batzuetan izan dira, eta kasu guztietan kudeaketa zuzeneko catering enpresa berri baten eskutik gertatu dira: Serunion catering enpresa. Oso larriak izan dira gertakari batzuk, harrak ere agertu dira menu batzuetan, eta, ondorioz, utarrilaren 24an jakinarazi dute bertan behera utzi dituztela Hezkuntza Sailak eta Serunionek zituzten hainbat kontratu. Etete horiek hamazazpi ikastetxe publikori eragingo diete otsailaren 5etik aurrera. Gertakari larriek haurren eta nerabeen, gurasoen eta guraso elkarteen, irakasleen eta hezitzaileen artean jangela-ereduaren eta elikagaien gaineko hausnarketa bultzatu dute. Nola kudeatu jantokiak elikaduraren, heziketaren eta hezitzaileen lan baldintzen ikuspegitik guztien premiak asebetetzeko?

Euskal Herriko ikastetxeetan oso modu desberdinean kudeatzen dira ikastetxeetako jangelak, lurraldearen, sarearen eta tamainaren arabera. Ipar Euskal Herrian, ikastola itunpeko, zein ikastetxe publiko, jangelen kudeaketa deszentralizatua da eta ikastetxeek autonomia dute kudeaketa ereduan, menuen diseinuan eta elikagaien hornikuntzan. Nafarroan itunpeko ikastetxeek jangela kudeatzeko eskuduntza dute, eta haien esku gelditzen da jangela ereduaren aukera: catering garraiatua, catering bidezko hornitzea eta in situ  kozinatzea, tokian tokiko erosketa egitea eta bertan kozinatzea… Nafarroako ikastetxe publikoetako jangelei dagokienez, horiek arautuko dituen lege berria amaitzen ari da Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua, eta ikastetxeen eta guraso elkarteen ekarpenak jasota, hobekuntzak espero badira ere, indarrean dagoen araudiak ere aukera anitzak eskaintzen dizkie ikastetxeei: catering bidezko zerbitzua aukeratzen dutenen artean, janaria beroan garraitzea edo soilik elikagaiak garraiatzea izan daitezke aukerak, ikastetxeak kozinatzeko aukera duen ala ez; eta horien kasuan ere, catering lizitazioak ez direnez sorta handietan banatzen, tokian tokiko enpresek edo kooperatiba txikiek lehiarako aukera izan dezakete. Badira ikastetxe publikoak, bertan kozinatzeaz gain, tokiko hornikuntzarako autonomia baliatzen dutenak ere, hau da, erosketa publikoak egiten dituztenak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kasuan, Nafarroan bezala, itunpekoek eskuduntzak eta autonomia osoa dute kudeaketa eredua aukeratzeko, eta ikastetxearen erabakia izango da, beraz, catering enpresa handi baten zerbitzuak kontratatzea ala tokian tokiko elikadura eta sukaldea baliatzea. Aldiz, ikastetxe publikoen kasuan, kudeaketa zuzena deiturikoa —catering bidezkoa— da araua eta lizitazioak eskaintzen direnean, eskolak sorta handitan banatzen dituztenez, zazpi enpresa handiren artean kudeatzen da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publiko guztietako hornikuntza. Kudeaketa zuzen hori hiru modalitatetan bereizten da: garraiatuen kasuan, kanpoan kozinatu eta ikastetxean zerbitzatzen da; in situ sukaldea daukatenen kasuan, catering enpresak hornitzen ditu ikastetxeak eta elikagai horiekin eskolan kozinatzen da, eta hirugarrenik, mistoak daude, ikastetxe berean, zikloen edo eraikinen arabera, otorduak kanpoan prestatzen dizkiete ala in situ ikastetxeko sukaldeetan egiten dute.

Ahots ugari entzun dira azken urteetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxe publikoek ere jangela ereduan eskuduntza eta autonomia gehiago izan dezaten, bereziki elikadura eredua aukeratzeko eta catering enpresa handien katetik ateratzeko. Izan ere, gertakari larrienak Serunion enpresarekin gertatu baldin badira ere, beste enpresekin ere kexak izan dituzte. Irailetik hona, EHIGE Guraso Elkarteen federazioak deituta, ikastetxerik ikastetxe, inzidentziak jasotzen ari dira jangelak ere, kasu askotan gurasoek eurek txandak egiten dituzte menuak dastatzeko. Behin epe batean inzidentzia guztiak bilduta, horiek aztertu eta erabakiko dute nora joan. Bitartean, dagoeneko, eskola batzuek lortu dute aldaketa, protestei esker.

 

"Irabazi asmorik gabeko elkarteak gara eta bitartekaririk gabe erosten dugu. Horri esker, % 35 arte gehiago ordaindu dezakegu elikagaiengatik"

Dabid Zelaia-Zugadi, gurasoa

 

Pilotuak, salbuespen

Baina egon, badaude salbuespenak ikastetxe publikoen artean ere. 2000. urtetik indarrean dagoen ereduak ez du uzten, aurretik egiten zen moduan, eskola bakoitzak bere funtzionatzeko modua arautzea eta eskola komunitateak jangelaz arduratzea —Larrabetzukoa eta Erandioko eskola izan dira urte hauetan guztietan beren kudeaketari eutsi dioten bakarretakoak—. Orduko “anabasa”-ren aurrean, “eskola publikoetako jangeletako eredua eta zerbitzua unibertsalizatzeko asmoarekin” egin zuen dekretua Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Dekretu hark jangela “zerbitzu osagarri” moduan kudeatzeko aukera ematen du. 2013 ikasturtean zirrikitu bat ireki zieten lau ikastetxeri, eta “zerbitzu osagarri” moduan ez eta elikadura eta pedagogia eredu berri bat gauzatzeko aukera eman zieten proiektu pilotu moduan: Gernikako Allende Salazarri, Markinako Bekobentari, Laukarizko eskolari eta Urduñakoari. Jantokietan beste eredu bat posible ote den probatzeko proiektu pilotua izan zen, eta zazpi-zortzi urte geroago erakutsi dute baietz, posible dela.

 

Gernika eta Urduña, bi eredu

800 ikasle ditu Gernikako Allende Salazar eskolak, eta egunero 700 ikaslek bertakoa, garaian garaikoa eta, neurri handi batean, ekologikoa jaten dute, eskolako sukaldean kozinatuta. “Gure esperientziak erakusten du baietz, posible dela. Laurok, bakoitzak bere ereduan, Mungia txikia izanik, Markinakoa ertaina eta Urduñakoa Udal sukaldearekin, alternatiba posible dela erakusten dugu”, adierazi du Allende Salazar eskolako Guraso Elkarteko Dabid Zelaia-Zugadik.  Hasierako helburuak betetzat  ematen dituzte zazpi urteren buruan: “Elikadura osasuntsua sustatzea seme-alaben ongizaterako tokiko elikagaiak, sasoikoak eta kalitatezkoak eskainiz; elikadura-hezkuntza gauzatzea, jantokiaren ereduaren aldaketarekin batera eduki curricular berriak sortu baitira, hala nola eskolako baratzea edota familiei zuzenduriko kanpainen bidez; lehen sektorea suspertzea eta, laugarrenik, iraunkortasuna”. Datuek berresten dute Zelaia-Zugadik esandakoa: gaur-gaurkoz Allende Salazarreko haurrek jaten dutenaren % 45 Busturialdean bertan ekoitzia da, beste % 28 Bizkaian, beste % 12 Euskal Herrian eta gainerako % 15 Espainiako Estatuan. Horietatik % 44 ekologikoak dira, % 25 baserrikoak eta labeldunak eta % 22 naturalak, hala nola, arrain freskoa edota kontserbak. Urduñako datuak ere antzekoak dira. Ikastetxea txikiagoa izanik ere, tokian tokiko nekazariekin eta abeltzainekin kolaboratuz eta komertzio lokalean inbertituz egiten baitu hornikuntza Urduñako eskolak, guraso elkarteak kudeatuta. 

Gernikan, Mungian eta Laukarizen aldean, beste bide bat urratu du Urduñak, ikastetxe ugarirentzako eredu izan daitekeen alternatiba eskainiz: Urduñako eskolak sukalderik ez daukanez, herriko udal sukaldea baliatzen du jangelako jana kozinatzeko (ikastetxearen ondo-ondoan dago). Udal sukaldean adinekoen egoitzarako jana ere kozinatzen da, eta Udalak hura erabiltzeko baldintza jarri zuen udalak: tokian tokiko hornitzaileei lehentasuna ematea. 

Horri datu ekonomikoa erantsi behar zaio: Gernikako kasuan, ikasturtero 200.000 euro inguru gastatzen dituzte elikagaietan, eta zazpi ikasturte eta erdi daramatzate eredu berriarekin, beraz, milioi euro eta erdiko inbertsioa egin dute lehen sektorean. “Erdia eskualdean gastatu dugu, eta beste kopuru handi bat Bizkaian”, zehaztu du Zelaia-Zugadik. Urduñako eskolako Guraso Elkarteak ikasturtero 45.000 euro inguru gastatzen ditu elikagaietan, “hortik kopuru handiena herriko edo inguruko ekoizle txikientzako da, nekazarientzat edo kooperatiba txikientzat”, adierazi du Eba Colomino Guraso Elkarteko kideak. Eta Enartze Larrakoetxea eskolako zuzendariak zehaztu duen moduan, “menuen prezioa aldatu gabe”, egin dute jangela ereduaren aldaketa; “gainerako eskola guztietan bezala kobratzen zaie menua familiei, eta langileen lan baldintzak ere berdinak dira”.

 

"Elikadura burujabetzaren eta agroekologiaren gainean urtetan landutako kontzeptu teorikoek lur hartu dutejangela ereduari esker, jendeak ulertu du zertaz eta zertarako ari ginen"

Marijo Imaz, Urduñako teknikaria

 

Jangelaren eragina, hezkuntzan

Nola da posible? Nola liteke, menua gainerako ikastetxe publikoetan bezala, 4,60 euro kobratuz, tokian tokikoak, sasoikoak eta neurri handi batean ekologikoak diren elikagaiak kontsumitzea bai Urduñako eskolan eta Gernikako Allende Salazarren, eta baita Mungiako Bekobentan eta Laukarizko eskoletan? “Eredu honekin ez delako negoziorik egiten”, erantzun dute Zelaia-Zugadik eta Colominok. “Familiek berdin ordaintzen dugu eta administrazioak gurekin ez dauka catering bidezko kudeaketaren aldean aparteko gasturik. Zein den bideragarritasunerako gakoa? Negozio helburuak ekuaziotik atera ditugula —adierazi du Zelaia-Zugadik—. Irabazi asmorik gabeko elkarteak gara eta bitartekaririk gabe erosten dugu. Letxuga batek euro bat balio baldin badu, euro bat ordaintzen dugu, ez baitago bitartekaririk. Horri esker, % 35 arte gehiago ordaindu dezakegu elikagaiengatik, eta hori kalitatean inbertitzen dugu”. Bat dator Colomino: “Posible da, zenbakiak ateratzen dira. Menuak egokitu egin behar dira; lehentasuna gure seme-alabek inguruko eta kalitetatezko produktuak kontsumitzea denez, hor egiten da inbertsioa”. 

Inpaktua ez da soilik ekonomikoa eta ikasleen ongizateari begirakoa izan. Pedagogian eragin du. “Elikadura burujabetzaren eta agroekologiaren gainean urtetan landutako kontzeptu teorikoek lur hartu dute jangela ereduari esker, jendeak orduan ulertu du zertaz eta zertarako ari ginen, eta ez soilik haurrek eta familiek, baita kaleko herritarrek ere”, adierazi du Marijo Imazek. Imaz Urduñako Udaleko dinamizazio agroekologikorako zerbitzuko teknikaria eta udal sukaldearen proiektuaren arduraduna da. “Hezkuntzari begira horrek guztiak badu inpakturik”, erantsi dio Larrakoetxeak: “Teorian, curriculumean esaten dieguna, egunero bizi dute ikasleek jaten duten horretan”. Gernikako eskolan ere, jangela ereduaren eraldaketaren hasieratik “jantokiko proiektua eskolako proiektua izatea eta curriculumera gerturatzea” izan da asmoa, Aritz Zearra zuzendariaren arabera: “Amara Berri proiektuaren barruan gaude, eta horrek testuinguru ugaritako gaiak antolatzean jangelako proiektuarekin lotzeko aukera ematen digu. Izan lehen sektorea, geografia, iraunkortasuna, osasuna, aniztasuna...”. Orain, ongizatea, iraunkortasuna edota lehen sektorea suspertzeko helburuak lortuta,  “zer jan” hobetu dutelarik, bi ikastetxeen erronka “nola jan” hobetzea da. 

 

 

Eskualde osoa,elkarturik

Proiektu pilotuetan parte hartzen ari diren ikastetxeak trakzio efektua egiten ari dira bai tokian tokiko lehen sektorea suspertzen, eta baita hezkuntza arloan ere, beste ikastetxeen eredu diren neurrian. Gernikako Allende Salazar eskolaren kasuan, inguruko ikastetxe guztiak mugitu ditu. Herriko Seber Altube ikastolarekin eta Barrutialde BHIrekin harreman ona duenez, hirurak batuta hainbat ildotan elkarlanean hasi ziren, eta jarraian, Busturialdeko 16 ikastetxeak (11 publiko eta 5 itunpeko) elkartu dituzte Janguria egitasmoan, “iraunkortasuna, elikadura osasuntsua eta tokiko ekonomia garapena helburutzat hartuta”. Lobby funtzioa eta elkartasun bokazioa dauka Janguriak eta elkarrekin adostasun estrategiak lortu dituzte. Sentsibilizazio kanpainak antolatu ditu Janguriak eta tokiko erakundeekin eta alderdiekin interlokuzioak izan ditu. Eusko Jaurlaritzari ere eskualdeko ikastetxe guztiek elkarrekin egin diote indarrean dagoen eredua aldatzeko eskaera.

 

Jangelaren eredu aldaketarako gakoak

Gernikako Allende Salazar eskolari askotan egokitu zaio jangela eredua hobetu nahi dutenei kezkak argitu beharra, eta aholku hauek eman ditu Dabid Zelaia-Zugadi gurasoak:

· “Eskola-komunitatea sentsibilizatu eta indartu, komunikazio eta kohesio lana eginez” 

·“Sukaldearen eskaera abiatu, sukalderik ez dagoen kasuan. In situ kozinatzea beti hobea baita”

·"Bertako produktuen proiektu bat egin, beste eskola komunitateekin, tokiko herri erakundeekin edo herri mugimenduekin lankidetzan"

·"Eskaera formalak egin"

 

 

Salbuespena, arau

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola publikoetan salbuespena da jangelan tokian tokiko elikagaiak eskaintzea. Inguruko eredu onak jarraituzraudia aldatzea eta aukerak zabaltzea eskatzen dute eragileek.

 

Arazoak sortu dituen jangela eredua, hau da, kudeaketa zuzena deituriko catering enpresa handien bidezko hornikuntza, araua da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetan, eta salbuespenezko edo pilotu dira tokian tokiko elikagaiak eta bertan kozinatuak eskaintzen dituzten eskolak. Gure Platera Gure Aukera elkartea, hain zuzen ere, kontrako norantzan eragiteko sortu zuten hainbat eragilek, Ehigek eta Bidezko Elikadurak, besteak beste. Gobernuz kanpoko erakunde horretako kide eta Gure Platera Gure Aukerako eleduna da Eneko Viñuela, eta argi dauka norantz jo behar den eskoletako jangela eredua hobetzeko: “Gero eta kudeaketa eredu deszentralizatuagoa izan, orduan eta gardenagoa eta hobea da sistema. Bidaia asko egin ditugu Europara eskoletako jangela ereduak ezagutzeko eta kanpoan ulertzen ez dutena, hain zuzen ere, ikastetxe publiko hauetan araua den eredua da. Proiektu pilotuek erakutsi dute posible dela jangela eredu osasuntsua, jasangarria eta bidezkoa edukitzea. Beraz, araudia aldatzea beharrezkoa da”. 

Italiako eredua jartzen du adibidetzat Viñuelak. Sare publikoko ikastetxeen jangelen kudeaketa deszentralizatua daukate, jangelak udalek kudeatzen dituzte, baina lizitazioetako baldintzak oso zorrotzak dira elikagaien kalitateari dagokionez, ekologikoa, sasoikoa eta tokian tokikoa izateak lehentasun ikagaragarria du enpresek bete beharreko lizitazio-eskakizunetan. “Italian honakoa galdetzen digute: zer egiten dute zuen nekazariek? Nola saltzen dute?”. Italiaraino joan gabe, Katalunian ere eredu oso deszentralizatua daukate, eta bereziki Ipar Euskal Herriko erreferentzia nabarmentzen du eredugarri moduan: “Normaltasun osoz bizi da bertako produktuak eskoletako menuetan egotea, betidanik hala izan delako eta ez delako bestelako eredurik ulertzen. Erosketa publikoak egiten dira diru publikoarekin eta oso ongi antolatutako zirkulu konzentrikoen bidez saretzen dira ekoizleak eta kontsumitzaileak, guztien onurarako”. 

Nafarroan ere egoera deszentralizatuagoa egoteak ahalbidetzen du, Gure Platera Gure Aukeraren aburuz, aldaketak egiteko aukera, eta udalen inplikazioarekin menuak hobetzekoa eta tokiko ekoizpena sustatzekoa. Aldiz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sare publikoan aurrera begirako hobekuntzak proposatu baldin badira ere, oraingoz ez da jakinarazi kudeaketa zuzena lehenetsiko ez duen eredurik. Gure Paletara Gure Aukerak hainbat agerraldi egin ditu Legebiltzarrean Hezkuntza Legearen prozesuan, funtsean ikastetxeek autonomia gehiago izan dezaten eskatzeko, horrek ahalbidetuko baitu “menuen kalitatearen hobekuntza, bidezko elikadura eta sukaldea lanabes pedagogiko bihurtzea”. 

 

Araudia aldatzeko beharra

Pilotu izaerarekin abiatu ahal izan zuten duela zazpi urte Gernikako, Laukarizko, Mungiako eta Urduñako eskolek jangela-ereduaren aldaketa, eta ordutik, “pilotu” edo “salbuespenezko” izaten jarraitzen dute, eredu jasangarriak gauzatuz. Gernikako eta Urduñako eskolek argi adierazten dute araudia aldatu behar dela, bai eurengatik, baina nagusiki “eredu alternatiboa eta osasuntsuagoa eskola gehiagotara zabaldu ahal izateko”, Dabid Zelaia-Zugadiren hitzetan. “Araudian kudeaketa osagarria deritzon aukera zabaltzea eskatzen dugu, kudeaketa zuzena nahi ez dugunok, proiektu bat aurkeztu, tokiko erakundeek parte hartzea eta trantsizio batean eskola komunitateek autonomia izatea eskatzen dugu”. Urduñan ere ados daude, jangela proiektuko teknikari Marijo Imazek dioen moduan: “Gure ardura bikoitza da; batetik, gure proiektua aurrera eraman behar dugu, baina gureak aurrera egin behar du beste batzuek ere eredua aldatzeko aukera izan dezaten”. “Aldiz, markoa aldatuko balitz, bidea ziurra delako, guri ere segurtasuna emango liguke eta nahi duten eta hala eskatu duten ikastetxe gehiagok izango lukete jangela eredu jasangarriagoa”, erantsi dio Enartze Larrakoetxea zuzendariak.