Gauzak bakarrik egiteko gaitasunari deitzen zaio, maiz, autonomia. Adituek, ordea, argi diote: umeak berak askatasunez eta barne gogoari jarraiki eskuratu gabeko ‘autonomia’ ez da autonomia, autonomia faltsua baizik. Txanpon beraren bi aurpegiak dira. Baina zein da bien arteko aldea? Zer da autonomia eta zer autonomia faltsua?

Haurra bi oinen gainean jartzen hasten denean, bi eskuak eman, eta oinez ibiltzen irakasten dio maiz helduak. Bere kabuz ibiltzeko gai ez den txiki horri urratsak ematen laguntzeak, egiatan ume horren autonomia sustatzen du? Edota kontrakoa gertatzen da? Baliteke, era berean, oinetakoen lokarriak bere kabuz lotzeko gai izan dadin, behin eta berriz errepikaraztea ekintza hori haur txiki bati. Kasu horretan, ordea, zer ariko litzateke gertatzen haur horren autonomiarako gaitasunarekin? Indartzen ala ahultzen ariko litzateke?

Umeek egin beharrekoak, eurek bakarrik, laguntzarik gabe egiteko gaitasunari deitzen zaio, maiz, autonomia. Adituek, ordea, argi diote: umeak berak askatasunez eta barne gogoari jarraiki eskuratzen du autonomia; gainerakoa ez da autonomia. “Horri umea bakarrik uztea esaten zaio”, adierazten du Katty Homar pedagogo eta psikomotrizistak, eta hala eransten du: “Nahi gabeko autonomiak izen bat du: bakardadea. Haurrak nahi duelako eskuratuz doan autonomia, berriz, konkista bat da, lorpen bat, garaipen bat”.

Autonomia lortzeko bidean, maiz, garrantzi handiagoa eman ohi zaio haurraren portaerari eta jokabideari haren barne askatasunari eta gogoari baino. Ondorioz, haurrekin landu beharreko trebezien zerrenda luzeak egin ohi dira, errepikapenaren poderioz, “gauzak bere kasa egiten” ikas dezaten: bakarrik janztea eta eranztea, kremailera igotzea eta jaistea, botoiak lotzea eta askatzea, motxilatik gauzak ateratzea eta sar-tzea… Umeekin praktikatzen diren zenbait jardueren adibideak baino ez dira horiek. Baina xede jakin bera dute guztiek: umeak gauzak berak bakarrik egiten ikastea. Xabier Tapia psikologo klinikoak dioenez, ordea, autonomia ez da ikasketa bat, ez da kanpotik irakasten den zerbait, ezta entrenamendua edo ariketa ere, ez azturaz edo ohituraz barneratzen den zerbait; baizik eta barne-prozesu bat da, norbera izatera iristeko haurrak egiten duen ibilbidea.

Autonomia balio preziatua den arren, eta hitzetik hortzera darabilgun arren, ondo ulertzen ote dugu bere esanahia? Autonomian hazten ditugu haurrak? Edota, ustezko autonomia hori ez da erreala?

Autonomia faltsua edo pseudoautonomia deitzen dio Myrtha Chokler psikomotrizistak egiazkoa ez den autonomiari. Helduaren desioen eta itxaropenen aurrean erantzutera eta obeditzera behartuta sentitzen delako, haurrak zenbait gauza bere kabuz egitea litzateke autonomia faltsua. Eta haurraren iniziatibaz jaiotzen ez diren ekintzak lirateke autonomia faltsu horren ondorio. Pentsatzekoa baita kasu horietan haurra ez dela behar beste heldu eta trebe sentitzen helduak proposatu edo agindu dion hori egiteko. Txanpon beraren bi aurpegiak dira autonomia eta autonomia faltsua. Baina zein da bien arteko aldea? Zer da autonomia eta zer autonomia faltsua?

Autonomia vs. autonomia faltsua

Jaiotzen den unetik haurrak autonomia zantzuak ditu, adituen esanetan. Izan ere, haurrak ekintza-subjektu dira jaiotzatik eta ez soilik erreakzio-subjektu. “Haurrak ez dira estimuluen aurrean erantzuten duten subjektu pasiboak, baizik eta euren ekimenez jarduteko gai diren subjektu aktiboak”, argitzen du Choklerrek. Baina jaiotzen den unetik haurra erabat mendekoa dela pentsatuz gero, eta autonomia zantzuren bat izan dezakeela eta momentu jakinetan autonomoki jarduteko gai dela ohartu ezean, duen autonomia apurra zapaltzeko arriskua egon liteke.

Ideia hori azaltzeko, oraindik bere kabuz esertzen ez dakien zortzi hilabeteko haur baten adibidea jartzen du Choklerrek: “Haurra espontaneoki eta autonomoki eser-tzeko gauza ez den arren, zortzi hilabeterekin gai da biraka ibiltzeko, herresta-tzeko eta interesatzen zaizkion objektuen bila bere kasa joateko. Haurrak objektuak aukeratzen eta aldera-tzen ditu, beroien ezaugarri fisikoak esploratuz edota harreman logiko-espazialak eginez”. Aldiz, Choklerrek azaldutako eran, haur hori bera helduak eserita ezartzen badu —aulki batean sostengatuta edo kuxinen bidez eutsita, adibidez—, justu kontrakoa gertatzen da: “Umea bere kasa eserita egoteko nahiko heldua ez bada, gorputz-enborra okertu egingo zaio, orekarik ez du lortuko eta sekulako ezegonkortasuna eta ziurtasun-gabezia sentituko du. Postura horretan, zurrun eta mugitu ezinda sumatuko du bere burua, eta alde batera zein bestera eror ez dadin alerta egongo da denbora guztian. Eta deskuiduan erortzen bada, izugarrizko ezintasuna sentituko du, bere kabuz ezin delako posturaz aldatu”. Horrek, era berean, haurrari helduarekiko mendekotasuna areagotzen diola gaineratzen du psikomotrizistak, edozein mugimendu egiteko edota desio duen objektu hori eskuratzeko heldua behar duelako. Gainera, haurra bere gorputz-enborra tente mantentzeko tentsioan dagoenez, bere manipulazio-gaitasuna moteldu egin daitekeela dio eta esploratzeko aukerak ere murriztu egiten zaizkiola.

Etsenplu horren bidez, mugimendu askearen ideia oinarri harturik, haur autonomoaren eta haur mendekoaren artean dagoen diferentzia azaltzen du Choklerrek, hots, egiazko autonomiaz diharduen eta autonomia faltsua erakusten duen haurraren arteko diferentzia esplikatzen du. Izan ere, psikomotrizistaren arabera, autonomiak esan nahi du bizitzako momentu bakoitzean dagoeneko eskuraturik duen heldutasun motorraren, emozionalaren eta kognitiboaren arabera jarduten duela haurrak, eta bitartean, oraindik eskuratu gabe dituen, baina etorkizunean lortuko dituen gaitasunetarako prestatzen dela.

Beraz, haurra oraindik eskuratu ez dituen gaitasunak erabiltzera bul- tzatzea edo behartzea ez da komenigarria, eta kalterako ere izan daiteke, adituaren hitzetan: “Kontua ez da jokabide horrek haurraren heltze-prozesuari ez diola laguntzen, baizik eta prozesu hori oztopatu ere egin dezakeela. Gainera, haurra egokiak ez diren eskemak erabiltzera derrigortzen badugu, ez-gauza sentituko da, moldakaitz, eta izugarrizko segurtasun-gabezia sentituko du. Jarduera solteak egingo ditu helduak hala eskatu diolako, baina ekintza horiei ez die inolako zentzurik aurkituko”.

Horren guztiaren kontrara, haur autonomoa etengabe ingurunearekin elkarreraginean egon ohi da, bere bitartekoen bidez eraiki ohi du, orain eta hemen duen heldutasunaren eta ezagutza-mailaren arabera: “Bere esfortzuz eta iniziatibaz jarduten duenean, haurrak begiratzen ikasten du, ekiten, bere gorputza erabiltzen, bere jardueren ondorioak aurreikusten, bere ekintzak eta mugimenduak eraldatzen, inguruneak jartzen dizkion mugak kontuan izaten, zuhurtziaz jokatzen eta bere burua zaintzen; finean, ikasten ikasten du”.

Auto-konfiantza, gakoa

Baina horrekin guztiarekin batera beste gauza oso inportante bat ere barneratzen du haurrak bere ekimenez diharduenean: bere buruarenganako konfiantza, hain zuzen. Konfiantzaren garrantzia azpimarratzeko, mugimendu askean oinarrituriko beste adibide bat jar-tzen du Choklerrek: haurra paretaren kontra jarri, eta helduak distantzia jakin batetik beregana joateko keinu egiten dioneko egoera, hain zuzen. Kasu horretan, haurra oinez ibiltzen ikusi nahi duen helduaren plazera da ekintzaren akuilu, psikomotrizistaren hitzetan. “Helduak haurra erakar-tzen du sekulako irribarrearekin eta umea helduaren desioa betetzeko pauso batzuk ematen saiatzen da”. Baina Choklerrek gaineratzen duenez, horretarako bere gorputzaren pisua, oreka, sostengurako oinarria… antolatu behar ditu umeak eta eror ez dadin egin beharreko guztia kontrolatu behar du. Baina oraindik horretarako gai ez bada, sekulako antsietatea senti dezake. “Pertsonok bizitzan lehenik sentitzen dugun beldurretariko bat erortzeko beldurra da. Horrek sekulako ezinegona eragiten dio haurrari eta erabat desantolatzen du”. Izan ere, haurrak aurreraka pausoak eman ditzan, heldutasun kognitibo zehatz bat izan behar du, eta ibili, buruarekin ez, baizik eta oinekin egiten dela jakin behar du. Hau da, gutxi asko, gorputz-eskema antolatuta eduki behar du. Baina heldutasun funtzionalaz, biologikoaz eta neurologikoaz gain, heldutasun emozionala ere behar du haurrak erortzeko beldurrak pizten dion ziurtasun-eza kudea dezan. Gainera, heldua zein distantziara dagoen neurtu behar du, hau da, denbora eta espazioa organizatzeko gauza izan behar du.

Kalkulu horien guztien ondotik, haurra urrats bat egitera ausartu daiteke. Baina zer gertatzen da askotan? Umea gerturatzen ari zaion heinean, helduak beste urrats bat atzera egiten duela. Kasu horretan, zein mezu ariko litzaioke helarazten heldua haurrari? Choklerrek argi azaltzen du: “Ez dakizu kalkuluak egiten, ez dakizu pentsatzen. Zuk aurreikusi duzu bizpahiru urratsekin niregana iritsiko zinela. Kontua da, ordea, zuk aurrera egiten duzun arren, distantzia ez dela txikitzen. Beraz, hobe duzu zure kalkuluetan eta logikan ez fidatzea”. Choklerren hitzei jarraiki, helduak distantziaren kontzientzia hautsi egiten dio haurrari eta bere buruarengan izan zezakeen konfiantza apurra suntsitzen dio, bere kabuz pentsatzeko eta jarduteko gauza ez dela sinetsaraziz.

Baina haurrak autonomo izango bada, konfiantza izan behar du bere buruarengan, bere pertzepzioetan, bere interesetan, ateratzen dituen ondorioetan, egiten dituen erlazio logikoetan nahiz arazoak konpontzeko bere moduetan. Eta hori haurraren erritmoak errespetatuz eta “hemen eta orain” dagoen haurrak dituen premiei kasu eginez lortzen da. Kontrara, umeari zerbait eginarazteak, bere prozesuak bideratzeak eta motrizitatean nahiz alderdi kognitiboari dagozkion zereginetan aurrera egin dezan presionatzeak, lagundu beharrean, are eta mendekoago egiten dute haurra. Sentitzen du ez dela gai bere kabuz, heldurik gabe, ezer egiteko, ez dakielako eta ezin duelako.

Lehen begiratuan, zenbait ekintza bere kasa egiten dituelako autonomoa dirudien, baina funtsean sekulako mendekotasun duen haur horien kasuan dagoen “autonomiari” deitzen dio Choklerrek pseudoautonomia edo autonomia faltsua. “Hori gerta daiteke helduek aurrean duten haurraren ordez, izatea nahiko luketen haurra dutelako jomugan eta, ondorioz, haurraren erritmoak azkartzen eta lorpenak behartzen saiatzen direlako. Izan ere, haurrari gehiegizko eskakizunak egiten bazaizkio eta presiopean badago, ez da seguru sentitzen”.

Sentimendu hori, Choklerren iritziz, haurrak auto-desafioaren aurrean sentitzen duen pozaren erabat aurkakoa da. Auto-desafioaren pozak zera esan nahi baitu: “Nik ekintza hau bakarrik egin nahi dut, horretarako gai eta eraginkor sentitzen naizelako. Neure burua proban jarri nahi dut, hala neure auto-estimua estimulatzen dudalako, eta gainera, auto-estimu hori indartu egiten delako besteek nire lorpenak aitortzen eta goratzen dituztenean”. Horren kontrapuntua litzateke autonomia faltsuan hezitako haur batek sentituko lukeena: “Bakarrik sentitzen naiz, abandonatuta eta helduaren babesik gabe. Izan ere, heldu horrek oraindik gai ez naizen baina dirudienez izan beharko nintzatekeen gauzak egiteko exijitzen dit. Horrek ezgaitasun, ziurgabetasun eta mendekotasun sentimendu izugarria eragiten dit. Badirudi ez dudala merezi hurkoaren aitortza eta afekturik”.

Nork ez ditu nahi hezi haur autonomoak, euren buruaren jabe direnak, iritzi eta gustu propioak dituztenak, erabakiak hartzeko gai direnak eta aukera propioak egiten dituztenak? Horretarako, baina, adituek azaldu bezala, jaiotzatik errespetatu behar da haurra “hemen eta orain” den bezala, eta “hemen eta orain” dituen premiak ase behar zaizkio. Jakinik, giza garapena autonomia lortzeko egin beharreko prozesu luze eta neketsua dela, amaierarik ez duena.