Haurrak ingurukoekin dituen harremanetan dago autoestimu indartsua eraikitzeko gakoa. Txikitatik, haur batek bere burua besteen pozgarri, gozamen-bide, plazer-eragile dela sentitzea da autoestimuaren oinarria. Bide horretan, haurra baliotsu sentiaraztea, errespetatzea eta ulertzea da helduaren egitekoa.

Hitzak berak ondo adierazten duen moduan, norbere burua estimatzea esan nahi du autoestimuak, norberarengan konfiantza izatea eta bizitzako erronkei aurre egiteko baliabideak eduki-tzea. Beraz, pertsona batek norbere buruarekiko agertzen duen jarrera da autoestimua, baina ez hori bakarrik. Bakoitzak bere burua onartzea eta maitatzea ere esan nahi du, eta bide batez, besteen aurrean modu positiboan azaltzea eta giza-harremanetan arrakastaz moldatzea.

Laudorioek, errietek, begiradek, irainek, zorion mezuek, zigorrek, mezu positiboek nahiz negatiboek… eragina dute autoestimuan. Horrexegatik, sarri, “haurrari autoestimua jaitsi egin zaio” edo “haurrari autoestimua igotzen lagundu behar diogu” tankerako esaldiak erabili ohi dira, autoestimua igotzea bizpahiru teknika aplikatzea bailitzan. Baina Xabier Tapia psikologo klinikoak aldizkari honen 10. zenbakian gogoratzen zuen moduan, autoestimua ez da umeak hala-moduzko zerbait egiten duenean animatzea eta oso ondo egin duela esatea, nahiz eta azken aldian “teknika” hori “modan” dagoen: “Normalean ume horiek koskortzen direnean hala diote: ‘Baina nire gurasoek zer uste dute, ni inozoa naizela, ala? Gaizki egin dudala jakingo ez banu bezala, eta hortxe datozkit oso ondo ari naizela esanaz, ni animatzeko asmotan’. Agredituta sentitzen dira. Izan ere, normalean gurasoen gorazarre horiek ez dira bat etortzen umeak egindakoarekin, eta askotan animatu beharrean areagotu egiten da umearen mina”.

Autoestimua haurra jaiotzen den unetik hasten da eratzen, eta beraz, umearen bizitzako lehen egunetatik izan behar da kontuan. Izan ere, txiki-txikitatik, haur batek bere burua besteen pozgarri, gozamen bide, plazer eragile dela sentitzea da, autoestimuaren oinarria. “Besteek nigan jartzen duten konfiantza hura da gero nik nire buruarengan izango dudana”, dio Tapiak. Haurrak ingurukoekin dituen harremanetan dago, beraz, autoestimu indartsua eraikitzeko gakoa.

Haurrak biologikoki zein psikologikoki helduaren beharra duela kontuan izatea, eta haurraren garapen prozesua errespetatzea dira autoestimuaren eraikuntzarako bi premisa nagusiak, Rosa Jové psikologoaren ustez. Lehen premisari dagokionez, psikologoaren esanetan, gizakiak jaiotzen den unetik besteen beharra du, bestela ez luke biziraungo, eta bizitzan aurrera egiteko haurrak darabilen mekanismoa negarra da. “Haurrak negar egiten du zerbait pasatzen zaiolako. Negarraren zergatia, ordea, askotan, desitxuratu egiten dugu, eta iruditzen zaigu, umeak guri adarra jotzeagatik egiten duela negar. Esate baterako, pentsatzen badugu, haurra ondo dagoela eta ez duela zertan negar eginik, eta ondorioz, bakarrik uzten badugu negarrez, horrek haurraren autoestimurako ondorio kaltegarriak izan ditzake”. Hala azaldu zuen Ttiklik elkarguneak maiatzean Beasainen antolatutako Autoestimuaren garrantzia haurtzaroan hitzaldian.

Bigarren premisari dagokionez, Jovéren arabera, giza-garunaren egituraketa —hiru zatiak— kontuan eduki behar da. Izan ere, haurra garunaren lehen bi zatiak —biziraupenerako garuna eta garun emozionala— erabat osatuta dituela jaiotzen da; hirugarren zatia ordea —kortexa edo arrazoimenaren garuna—, haurrak 2-4 urte izan arte ez da egituratzen hasten. Orduan gertatzen dira memoriaren, hizkuntzaren eta arrazoimenaren hastapenak. Ondorioz, psikologoaren irudiko, haurrekin “zenbat eta lehenago hobe” filosofia erabiltzeak “ez du ezertarako balio”. “Haurrak zenbat eta lehenago bakarrik lo egiten ikasten duen, hobe; zenbat eta lehenago pardela kendu, hobe; zenbat eta lehenago ibiltzen hasi, hobe… Barneraino sartuta daukagu pentsamendu hori, eta haurrak oraindik egiteko gauza ez diren ekintzak egitera behartzen ditugu, guri —eta ez haurrei— komeni zaigulako”. Adituak gainera-tzen duenez, gai izan gabe haurrak —eta edozein pertsona— zerbaitetara derrigortzen direnean, eraso bat egiten zaie, gaizki sentiarazten dira, ezgauza direla adierazten zaie, eta horrek guztiak eragin nagatiboa du haurraren autoestimuan. Beraz, Bi premisa horiek aintzat hartuta, zer egin dezake helduak jaiotzatik haurrari autoestimu sendoa eraikitzen laguntzeko?

Autoestimua adinaren arabera

0-6 hilabete artean, haurrak norbait baliotsua eta preziatua dela sentitu behar du, Jovéren iritziz. Haurra amaren sabeletik atera berri da, eta bizitzako lehen hilabeteetan barruan zituen premia antzekoak ditu kanpoan ere: “Umea besoetan hartzen, laztantzen, eskatu ahala elikatzen, garbitzen, zaintzen… badugu, haurrak balio handikoa dela sentituko du; ‘zerbait nahi dudan orduko, negar egiten dut, eta hor etor-tzen zaizkit nire premia asetzera, sekulakoa naiz’, esango du haurrak”. Eta hala, haur horren autoestimua eta bere buruarenganako konfiantza forma hartzen hasiko dira.

7 hilabete dituenetik 2 urte ingurura arte, behin eta berriz oso balio-tsua dela adierazteaz gain, helduak errespetatzen duela erakutsi behar dio haurrari, Jovéren hitzetan. Baina zer esan nahi du, etapa horri dagokionez, errespetuak? Gauza bat edo beste egiten hasteko (ibiltzen, hizketan, bakarrik jaten…) etapa normalaren barruan dagoen behatzea, eta hala bada, ez ezertara behartzea. “Adibidez, gerta daiteke gure umea urtebete egin orduko artean bakarrik ibiltzeko gauza ez bada, gurasook urduritzea eta gure haurrari presa sartzen hastea, bere erritmoa errespetatu gabe. Errespetatzen ez gaituztenean autoestimuak behera egiten du, nola gure kasuan hala umeenean. Haurra etapa arruntaren barruan dagoela ikusten badugu, ez dezagun korrika egin, ez ditzagun umeak ezertara derrigortu. Gure haurra normala dela pentsatu behar dugu eta kito”.

3tik 5 urte ingurura, baliotsua eta errespetatua dela sentitzeaz aparte, gainontzekoek ulertzen dutela ikusi behar du umeak. “2-4 urte ingururekin arrazoitzen eta ideiak ematen hasten dira haurrak. Sarri, helduok ez ditugu arrazoibide edo ideia horiek ulertzen, baina inolaz ere ezin ditugu gutxietsi edota txorakeriak esaten dituztela pentsatu”. Adituak gaineratzen duenez, kasu horretan umeak sentituko du ez dutela ulertzen, eta bere ideiak hutsean geratzen direla; eta ondorioz, iritsiko da momentu bat haurrak bere ideiak azaltzeari utziko diona: zertarako esango du zerbait, inork aintzat hartuko ez badu eta ez ezertarako balioko ez badu?

3 eta 5 urteen arteko adin tarte hori kasketen, amorrualdien eta haserreen aroa izan ohi da. Haurraren desioa eta haur hori zaintzen duen helduaren desioa kontrakoak direnean sortu ohi da kasketa. Haurrak goxokia nahi eta gurasoak ezetz esaten dionean, adibidez. Izan ere, haurrak ez du ulertzen zergatik ezin duen goxokia jan. Berarentzat goxokia munduko gauzarik onena da, eta, gainera, beste batzuetan gurasoek inolako eragozpenik gabe ematen diote. Beraz, orain zergatik ez? Era horretako burutazioak izaten dituzte haurrek, eta helduek euren nahiari kontra egiten diotela ikustean setati jartzen dira.

Horrelako egoeren aurrean, “haurra lurrean ostikoka negarrez hasi arte itxaron gabe”, hiru urrats ematea proposatzen du Jovék: ulertu, azaldu eta aukeran eman. Adituari jarraiki, lehenik helduak umeari adierazi behar dio ulertzen duela, bere arrazoibideak balio duela eta bere ideia txarra ez dela (“Ulertzen dut zuk goxokia nahi izatea. Eskuen aurrean izan eta hori jan gabe uzteari ez diozu zentzurik aurkitzen, eta, gainera, beste batzuetan lasai jan badezakezu, orain zergatik ez?”); bigarrenik, azalpenak eman behar dizkio (“Kontua da, aurki bazkaltzeko garaia dela, eta orain goxoki hori jaten baduzu, gosea kenduko dizula”); eta hirugarrenik, haurrari aukeratzen utzi behar dio, ziur asko ez baita gauzak egiteko eta konpontzeko modu bakarra egongo (“Baina badituzu zenbait aukera: lehenik bazkaldu eta arratsalderako gorde dezakezu goxokia; edota bestela, utzi goxokia hurrengo baterako eta postrea zuk aukeratu”).

Helduaren jarrerak haurraren autoestimua eraikitzen lagundu badezake ere, autoestimua ezin zaio ezarri umeari kanpotik zenbait teknika aplikatuz; baizik eta norberak bizi beharreko zerbait da. Eta, horretarako, Tapiak dioen moduan, baldintza egokiak behar dira. Lehen urteetan umeari bere bidea egiten utzi behar zaiola azpimarratzen du: mugimendu autonomoa sustatu, grinak bideratzen lagundu, espazioak proposatu, objektuak eskaini… hortxe sendotuko baitu haurrak pixkanaka bere nortasuna eta halaxe hasiko baita bere buruarekiko konfiantza irabazten: bere lorpenek ematen dioten gozamenez, batetik, eta bestearen begiradapean eta gozamenean, bestetik.