Urtarrilaren 31n goizeko 10:00etan Bilboko EHUren Abandoibarrako paraninfoan jardunaldia egingo dute ikastolek "Aukera berriak euskal eskolarentzat" izenburupean. 

Legealdi berri baten atarian gaude. EAEko hauteskundeak gauzatu berri, lau urteko zikloa irekitzear. Testuinguru honetan Ikastolen Elkarteak hausnarketa bidean lehen txanpa bete nahi du. Gogoeta partziala, agian, baina beharrezkoa.

Abiapuntua, nolabaiteko diagnosia: Euskal Herriko Hezkuntza sistemen egungo zikloa agortzen ari da. EAEn eta Nafarroa Garaian egitura berritua behar dutelakoan gaude, are gehiago LOMCE bezalako arriskuak izanik gure ikusmugan; Ipar Euskal Herrian, aldiz, hastapenetan gaude, sistema baten ikuspegitik ez dugu erreferentziazko hezkuntza egiturarik.