Amaia Cuesta Zigorraga, Erizaina, psikologoa eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea

Andreen osasun mentalean gaindiagnostikoa eta gainmedikazioa gertatzen direla erakusten dute datuek, osasungintzak antiojo androzenstristak dituelako. Zaindu ezean, amatasuna etapa zaurgarria izan daiteke, Cuestaren aburuz.

 

Mendekotasunean aditua da Amaia Cuesta Zigorraga erizain, psikologo eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea (Donostia, 1991). Emakumeek gizonek baino bi bider gehiago hartzen dituzte psikofarmakoak, “erro soziala duten egonezin emozionalak artatzeko”. Aldiz, Cuestaren ustez, tratamenduak ere soziala izan beharko luke, hau da, emakumeen ahalduntzeak izan behar luke giltza, baita osasungintzan ere.

 

‘Generoak mendekotasunetan duen eragina’ hitzaldia eman zenuen EHUren Udako Ikastaroetan. Drogak, jokoa, alkohola… gizonen artean mendekotasun handiagoa ikusten da alor horietan, eta emakumeen kasuan psikofarmakoetan. Zergatik? Nola eragiten dute generoak edo gizarteak ezarritako rolek mendekotasunean?

Drogen kontsumoaren errealitatea ezberdindua da. Farmakoen kontsumoa eta beste drogena —hain zuzen ere normalizatuago ditugun beste drogena, tabakoa, alkohola, cannabisa, kokaina…— oso ezberdina da generoen arabera. Emakumea gizonen aurretik dagoen droga mendekotasun kasu bakarra psikofarmakoena da, eta gainera, distantzia hori bikoitza da, gainontzeko drogetan ez bezala. Errealitatea da: emakumeok gizonezkoek baino bi aldiz gehiago kontsumitzen ditugu psikofarmakoak. Eta datu horrek azalpenak behar ditu. Errealitate ezberdindu horren erroa soziala da eta, beraz, hor ipini behar dugu begirada. Gure gizartean egiturazko ezberdintasuna dago bi generoen artean, eta emakumea gizonaren mendeko izendatzen da. Horrek eragina dauka osasunean. Genero arauaren arabera, emakumezkoa eta gizonezkoa bizi estilo ezberdinetara kondenatuta gaude eta emakumezkoari atxiki zaion rolak sufrimenduarekin erlazio estuagoa dauka (zainketa lan amaiezinak, emakumeak pairatzen duen biolentzia…). Egiturazko ezberdintasunak erlazio zuzena du ongizatearekin eta, hortaz, osasun mentalarekin, genero arautik eratortzen baitira, askotan, zauri emozionalak. Ebidentzia zientifikoak adierazten duenaren arabera, emakumeak min emozional horiek diagnostikatzeko boterea duten osasun profesionalen aurrean adierazten dituenean, gaixotasun gisa interpretatzen dira, medikalizatu egiten dira eta konponbide gisa farmakoak eskaintzen dira. Emaitza ondorengoa da: emakumezkoak gizonezkoekin alderatuz, bi bider gehiago jasotzen ditugula depresioa eta antsietatea bezalako diagnostikoak eta bi aldiz gehiago kontsumitzen ditugula, oro har, preskripziopean gomendatzen diren psikofarmakoak. 

 

Zein dira psikofarmakoetara jotzeko arrazoi nagusiak? Zauri emozionalak aipatu dituzu, antsietatea eta depresioa… Zein da ohiko sintomatologia? Zeren, agian, patologiaren aurretik sintomatologiaz hitz egin beharko litzateke?

Guztiz. Sintomatologia da pertsona batek nola adierazten duen bere egoera, bai fisikoki, gorputzak nola erreakzionatzen duen eta baita emozioak nola bizitzen eta espresatzen dituen ere. Horietan oinarrituta, profesional klinikoak patologia bat diagnostikatu dezake eta tratamendu bat proposatu. 

Emakumeek eta gizonek modu ezberdinean bizi eta espresatzen ditugu gure sufrimenduak eta min emozionalak. Emakumezkoak maizago joaten gara sare soziosanitariora laguntza eske eta tristura edo larritasuna espresatzeko muga gutxiago ditugu. Gizonek egonezina isilpean eta isolatuz bizi ohi dute, eta, ondorioz, horrelako egoerak detektatzea zailagoa izaten da. Hori guztiz lotuta dago genero aginduekin. Horrez gain, mahaiaren beste aldean diagnostikatzeko eta preskribatzeko boterea duen profesionalak gure gizartean gainontzekook jantziak ditugun betaurreko berdinak ditu jantziak, osasungintza eredu androzentristan oinarrituta baitago. 

Beste alde batetik, mendekotasunak dependentzia harremanari egiten dio erreferentzia: dependentzia fisikoari, sozialari edo emozionalari. Farmakodependentzia medikazioa kontsumitzen den denborarekin dago lotuta. Psikofarmakoen kasuan, ebidentziak adierazten du, kontsumitzaileen gehiengoak gida terapeutikoetan adierazitakoa baino denbora luzeagoz kontsumitzen dituela, tratamendu gehienak kroniko bihurtuz. Aldiz, luzerako kontsumoak eraginkortasunarekin loturarik ez duela frogatuta dago. Psikofarmakoak eraginkorrak dira, noski, horien indikazioak jarraituz (insomnioaren kasuan 2-4 astez kontsumituz eta antsietate egoeran 12 aste gainditu gabe).  Medikazio ororen moduan, alboko ondorioak dituzte psikofarmakoek, mendekotasuna tarteko. Bestalde, tratamendu farmakologikoa soilik ezartzeak, gaitasun pertsonalak garatzea zailtzen du (antsietateari edo insomnioari aurre egitekoak, adibidez) eta, aldi berean, farmakoaren erretiratzea zailtzen du.

 

Mendekotasun guztiak ez dira berdinak, batzuk agerikoagoak dira, beste batzuk ezkutuagoak. Hor ere generoak badu zerikusirik?

Psikofarmakoekiko mendekotasuna isilpeko adikzio gisa izenda genezake. Batetik, gizarteak errealitate horren kontzientzia eskasa duelako, farmakoek duten mendekotasun potentziaren ezagutza faltagatik; eta, bestetik, kontsumitzaileak konponbide moduan eskaintzen zaion tratamendu gisa bizi duelako. Baina, gainontzeko drogen ezaugarri berdintsuak dituzte: garunean efektu psikoaktiboa dauka, sari sistema aktibatzen du eta tolerantzia edo abstinentzia bezalako fenomenoak gertatzen dira.

 

Mendekotasunari aurre egiteko orduan, ba al dago alderik gizonen eta emakumeen artean?

Erdigunean ipini behar dugu emakumezkoak bizitzako esfera eta espazio orotan genero rolen ondorioz errealitate ezberdindu bat bizi dugula, gure osasuna interpretatzeko eta, behar denean, tratatzeko. Hortaz noski, emakumezkoak gizonarekin alderatuz, ezberdin egiten dio aurre mendekotasun egoera bati. Estigma bikoitza da, zailtasun gehiago ditugu laguntza eskatzeko eta sarera ailegatzen garenean, gizonentzako diseinatutako interbentzioekin topatzen gara. Mendekotasun zentroetan lan egin izan dut, eta protokolo guztiak estandarizatuak daude emakumezkoaren errealitatea eta behar espezifikoak kontuan izan gabe. Emakumezko batek adikzio bat duenean edozein substantziarekiko, baita farmakoarekiko ere, laguntza bila doanean aurkitzen dituen tratamenduak gizonentzat diseinatuak daude. Gure eredu medikoa eta klinikoa androzentrista da guztiz, eta gizona eredu gisa ezartzen da tratamenduak diseinatzeko orduan. Emakumezkoaren beharrak bestearen beharrak bezala interpretatzen dira oraindik ere, eta emakumeentzat tratamendu bat planteatzen denean, haientzat diseinatua ez dagoen eredu bat ezartzen zaie eta egokitzea exijitzen zaie. Gizonak bizi eta espresatzen duen hori da araua. Horretan oinarritzen dira gaur egun Psikologian eta Psikiatrian erabiltzen diren oinarri terapeutiko guztiak, eta beraz, emakumearen bizipenak beste bizipen bihurtzen dira. Emakumeentzako propio diseinatutako interbentzioak egiteko behar handia ikusten dut, behar espezifikoak dituztelako, eta soilik hala izango delako benetan eraginkorra interbentzio bat. 

 

Emakumeen kasuan, mendekotasun handiena psikofarmakoekin dute. Baina psikofarmakoak ez dituzte eurek aukeratzen, errezetatu egiten dizkiete. Gehiegi errezetatzen ote dira?

Datuak analizatzen baditugu, psikofarmakoak modu masiboan errezetatzen ari direla interpretatu dezakegu. Emakumearen egunerokotasunetik eratortzen diren minei medikuntza eredu hegemoniko batekin erantzuten zaie, emakumeen gorputzak eta buruak kontrolatuz psikofarmakoak aginduz. Emakumezko kolektiboan gaindiagnostikoa eta gainmedikazioa gertatzen ari da. Ikerketek erakusten dute emakumezko eta gizonezko bana gure osasun zentroetako profesionalengana sintomatologia berdinarekin iritsiko balira, emakumezkoak aukera handiagoak lituzkeela osasun mentalarekin lotutako diagnostiko bat jasotzeko, depresioa, antsietatea… Eta, era berean, diagnostiko berberaren aurrean, emakumezkoak aukera handiagoak dituela tratamendu gisa medikazioa jasotzeko. 

 

Guraso izan berritan, ama asko ikusten ditugu estresak jota. Adin-tarte hori zaurgarriagoa da buru osasunari dagokionez?

Badaude buru osasunarekin psikofarmakoen kontsumoarekin zuzenki lotuta dauden aldagai soziodemografikoak. Batetik, adina. Adina aurrera doan heinean, psikofarmako gehiago kontsumitzen ditugu eta, gainera, emakumezko eta gizonezkoen kontsumoen arteko distantzia handitzen joaten da. Are gehiago, zahartzaroan, emakumezko izatea bera medikamentu potentzialki desegokiak kontsumitzeko arrisku faktore bat da, batetik, eta bestetik, osasun mental okerragoa izateko faktore bat da. 

Amatasunera etorrita, amatasuna etapa berri bat da, eta horrek identitate berri baten sorrera dakar. Askotan ama onari buruzko narratiba zurrunak ditugu eredu, sozializazio eredu tradizional eta patriarkaletatik jasoak. Badirudi emakume orok senezko indarra izan behar duela, beren seme-alaben mesedetan erabateko abnegaziora eta sakrifikaziora bultzatzen dituena. Aurreikuspen horiekin betetzeko presioak, ama onaren narratibara egokitzeak alegia, eta, norberaren beharrak seme-alaben arretarengatik ordezkatzeak, errealizazio pertsonalarekin gatazkan sartu dezake emakumea. Egokitzapen zailtasun horrek, oreka mantentzeko ezintasun horrek, frustrazio sintomak edota antsietatea sortzen dituzte emakumearengan. 

Datuetan erreparatzen badugu, erditze osteko depresioaren intzidentzia mundiala emakumeen % 10 eta % 15 artean kokatzen da. Erditze osteko konplikaziorik ohikoenetakoa da eta erabateko tabua da oraindik ere. Erditze osteko tristura (maternity blues) andreen % 50-70 artean agertzen da, nahiz eta nahasmendu izatera ez iritsi. Ondoez hori antsietatea eta frustrazio sentimendu multzo bat dira. Aldaketa hormonalek eragina izan badezakete ere, eredu sozialetara egokitzeko presioa eragile pisutsu gisa seinalatzea berebizikoa da. Garrantzi handikoa da jaiotzaren inguruan amak bizi ditzakeen nahasmendu emozionalak ikusaraztea eta haurdunaldiaren eta amatasunaren idealizazioa murriztea. 

 

Umeak kozkortuagorik ere, ama asko ikusten ditugu denera iritsi ezinik. Horrek sortzen duen frustrazio edo tristurak erditze ostetik harago luze iraun dezake, ezta? 

Tristura horren oinarrian jarriko nuke begirada, orekaren galeran, ordura arte andreak pertsona bezala zituen autoerrealizazio ekintza horietan. Amatasuna badakigu noiz hasten den, baina ez dakigu bukatzen den… Prozesu horretan autoerrealizaziorako ekintza asko zokoratu baldin baditugu eta gure seme-alaben zaintzagatik ordezkatu baldin baditugu, gatazkak sor diezazkiguke eta emakume askorengan hutsunea sortzen da. 

 

Estres horrek eta genero rolek eraginda, psikofarmakoetara gero eta emakume-ama gehiago igarotzen ote dira?

Amatasunaren ondoriozko ondoezak emakumezkoaren bizi zikloaren ondoriozko min gisa interpretatzen dira eta aurretik azaldutako mekanismo berbera aplikatzen da osasungintzak horiek interpretatzeko eta irtenbide bat proposatzeko momentuan. Etapa horretan bizi ditzakegun ondoezak zerbait mediko eta patologiko moduan interpretatzen baditugu redukzionismo medikoagatik, ama horiei beharbada eskaintzen zaien soluzio bakarra psikofarmakoetan oinarritutako tratamendua izan daiteke. Begirada benetan zauri horien oinarrian jarriko bagenu, beharbada deskubrituko genuke badagoela zerbait sakonagoa gure gizartean. Espektatiba eta idealizazio horietara ailegatu ezin izatea etiologia edo faktore abiatzaile gisa detektatuko bagenu, horietara bideratu beharko genituzke gure indar terapeutikoak eta benetan konponduko genituzke, sakonetik, gure min horiek.

 

Nola gelditu genezake gurpil-zoro hori?  

Osasun sisteman ikuspegi sozialak mediku ikuspegiarekin bat egitea garrantzizkoa da, generoa osasunaren determinatzaile gisa interpretatuz. Ahalduntzeaz hitz egiten dugu feminismoan eta ahalduntzea aplika genezake osasungintzan ere, gure bizitzak eta gure gorputzak zaintzeko zientzia horretan. Emakumeak beren osasunean subjektu aktibo gisa ahalduntzeak min emozionala modu aktiboago batean maneiatzen lagun dezake eta urrats bat izan daiteke hauen eguneroko bizitzaren desmedikalizazioan. Emakumearen ahalduntzeak ondoez emozionala sortzen duen menderakuntza posizioa gainditzeko aukera ematen du. Gizartean ezberdintasun estruktural horretan betetzen dugun menderakuntza posizio horretatik eratortzen dira gure egunerokotasunean bete behar ditugun eginbehar horiek eta gure min guztiak. Posizio hori gainditzeko aukera eman dezake ahalduntzean oinarritutako interbentzioak. Azken finean, osasungintzan feminismoa aplikatzeak geure erabakien eta bizitzaren protagonistak izatea dakar, autozaintza eta autoeraginkortasunerako elementu zentrala dena. Osasun arretan ikuspegi soziala eta feminista txertatzea garrantzizkoa da eta, kasu honetan, psikofarmakoak erretiratzeko estrategia bilatzea. Emakumeak bere egunerokotasunaren kontrola lortzea eta horri aurre egiteko gaitasunak trebatzea, ahalduntzearen bitartez, interbentzio interesgarria izango litzateke. 

 

Emakumeak bere egunerokotasunaren kontrola izatea diozu. Ez dirudi erraza.

Emakumeak bere egunerokotasunaren kontrola edukitzea izango litzateke oinarrizko giltza. Gure egunerokotasuna aurretik diseinatua datorkigu neurri handi batean eta horri aurre egiteko estrategiak eta gaitasunak trebatzea oso garrantzitsua da. Hori ahalduntzearen bitartez egiten da, emakumea subjektu aktibo bilakatuz. Beharrezkoa da emakume taldeak sortzea eta  ahalduntzera bideratuta haiei zuzenduriko interbentzioak diseinatzea, eguneroko bizitzako estrategiak lantzeko, autozaintza, autoestimua, autoezagutza, emakumearen kontrako biolentzia… eta interbentzio horiek erabiltzea psikofarmakoak erretiratzeko estrategia moduan. 

 

Aitek ere horrela bizi al dute?

Nik ez dut aski ikertu gaiaz, baina egia da argia ipini behar dela baita prozesu horietan. Emakumezkoek amatasuna modu osasuntsuagoan bizi ahal izatea eta haien genero rolarekin haustea gizarte osoaren erantzukizuna da. Balantza orekatzeko gizonezkoek beste ardura batzuk hartu behar dituzte,hraien genero roletan barne hartzen ez diren beste funtzio batzuk. 

 

Gizonezkoek ere kontsumitzen dituzte psikofarmakoak?

Bai, kontsumitzen dituzte, baina emakumezkoen erdia baino gutxiago. Genero bakoitzak bere ezaugarri diren kontsumo mota ezberdinak ditu, eta hori guztiz lotua dago bizi ditugun rolekin. Gizonezkoek beste droga batzuetara jotzen dute gehiago. Argi dagoena da droga kontsumoa desberdina dela emakumezkoen eta gizonezkoen kasuan, eta horrek arrazoi sozialak aztertzera eraman behar gaitu, eta konponbidea, hain zuzen ere, esparru sozialean bilatzera.