Arantxa Urbe Irazusta, Irakaslea eta hikhasitarra.

 

Une egokian leku aproposean: Hik Hasik antolatutako Lehen Hezkuntza Eraldatzen graduondokoak sentiarazi didana. 

Bi urteko formazioan aukera izan dugu eraldatzen ari den hezkuntzari haurra begiratzeko modu berrietatik, emozioetatik, harremanetatik, konpetentzietatik, artetik, digitalizaziotik, feminismotik, komunikaziotik, eta beste hainbat erpinetatik begiratzeko. Formazio pertsonalaren bidez, haurren larruan jarrita, bizipenak gure gorputzetatik pasa eta bururaino iritsi gara, erantzunak eta ekintzak antolatzen diren garun harrigarrira. Usteak eta ezagutzak desikasi eta berriak eraiki ditugu, ikerketetan eta marko teorikoetan oinarrituagoak. Sentitu, pentsatu eta ekin egin dugu. Izan ere, hezitzaileok ere, ekin aurretik, bihotza eta burua ezinbesteko ditugulako. Hori guztia elkarrekin eginez gero, eraldaketa izugarria da.

Punta-puntako adituek eta arituek gidatu gaituzte, bertakoak. Hezkuntzaren teoria eta praktikaren jakintza handia baitugu hementxe, etengabe osatzen eta gorpuzten ari dena. Eta euskaraz, euskaraz transmititu eta elkarbanatu baitezakegu.

Harago iritsi da, ordea, graduondokoa. Taldea Euskal Herri osoko eta sare guztietako 36 lagunek osatu dugu, eta harreman horretan denok aberastu gara. Bakoitzaren eskarmentua eskainiz eta besteena entzunez, gogoeta eginez, hartu-emanean: emanez eta jasoz.

Ikusi dugu zeinen beharrezkoak diren gisa horretako espazioak, errealitate guztietako hezitzaileak bilduko gaituzten guneak, elkarren berri izateko, elkar ezagutzeko. Entzutea, elkarrekin eraikitzeko modu bakarra baita. Eta Hik Hasik, beste behin, asmatu du elkargune izaten. Zeinen eroso aritu garen gure kezkak eta gure ametsak besteekin partekatzen, taldean sortu den konplizitateari esker.

Horrek guzti horrek sentiarazi dit behar nuen tokian eta unean egon naizela. Gehiagorako gogoz geratu gara, ikasteko, hausnartzeko eta, batez ere, elkarrekin harremanetan jarraitzeko. Hik Hasi izan da azken 29 urtetan hezkuntzaren bazter guztietatik egiten ari garen ahalegina biltzeko eta sintonian jartzeko misioa beregain hartu duena. Eta euskaraz eta euskara zainduz egin du. Hezkuntzatik herria eraikitzen jarraitu nahi dugunon, eta HEZKUNTZAk kezkatzen gaituenon aterbea izaten jarraitu behar du, zaindu beharreko altxor preziatua da. Ametsen profesionalak eta gauzatzaileak izaten segitzeko, izan hikhasitar!