SEME-ALABEKIKO HARREMANEAN EMOZIOEKIN LOTUTA DAGOEN ALDERDIAZ HITZ EGITEA TOKATZEN ZAIE GURASOEI, PSIKOLOGOAREN USTEZ; BEREZIKI SEXUALITATEAZ ARI DIRENEAN. EGITEKO HORRETAN SENTIMENDUETATIK ABIATUZ ARI DIREN AITEK JOKATZEN DUTEN ROLA NABARMENTZEN DU.
Sexu-heziketaren arloan, osasunaren eredurantz jotzeko premia ikusten du Amaia Vazquez psikologoak eta sexologoak. Horrek esan nahiko baitu umearen adierazpen sexualak errespetatzen direla, “gaur egun ez bezala”. Baina sexualitateaz ez ezik, heziketaz, hazieraz nahiz familiako harremanez ere mintzo da. Kritiko da gaurko gizartean zaintzari eta haurtzaroari ematen zaien garrantzia urriaz: “Umeen osasuna arazo politiko bat da, baina ez diogu izaera hori ematen”.

Zergatik esaten da haurtzaroa dela bizitzako arorik erotikoena?

Sexualitatearen bizipena definitzetik abiatu behar dugu hori azaltzeko. Jaiotzen garenetik lau emozioren inguruan mugitzen gara: tristura, amorrua, beldurra eta plazera. Gure disko gogorrean plazeraren, pozaren, alaitasunaren emozioa dago eta hori da gure iparra. Eta hori haurrengan oso nabarmena da.

Testuinguru horretan ulertu behar da sexualitatea, gorputzaren, energiaren eta emozioen bizipen gisara. Haurrek beti bilatzen dute ongizate hori: pozik egotea, plazera sentitzea, gozatzea, gustura bizitzea… Hain zuzen ere, plazeraren printzipioen errealitatean bizi direnez, garbi ikusten dugu sexualitatea oso presente dagoela haurrengan. Horregatik esaten da bizitzako arorik erotikoena dela.

Nola izaten dute haurrek plazeraren lehen bizipena? Zer-nolako garrantzia du bizipen horrek?

Jaiotzen diren momentuan aktibatzen zaie haurrei plazera sentitzeko gaitasuna. Jaiotza egoki bat da sexualitatearekin daukagun lehenengo bizipena. Jaiotzen gara, baina gorputz baten barruan sartzen gara berriro, besarkada baten bidez, titia hartzearen bidez… Eta hor, bat-batean oxitozina hormona aktibatu egiten da, eta, horrekin batera, baita haurrak plazera sentitzeko duen gaitasuna ere.

Ume batentzat sexualitatea ez da sexu-harremanak izatea, oso inportantea da hori kontuan izatea. Adibidez, ume bat txirrista batetik jaisten denean eta energiaren karga eta deskarga hori guztia bizitzen duenean, berak sekulako plazera sentitzen du eta esan dezakegu energia mugimendu horrek orgasmo baten funtzioa bete-tzen duela. Garbi dago aho-orgasmoak ere existitzen direla umea jaioberria denean. Bularra hartzen duenean, edota gurasoaren gorputz eta azalarekin ukipen zuzenean dagoenean, edota begiradaren kontaktuarekin ere bizitzen du plazera.

Hortaz, gure sexualitateak badu gaitasun hori: emozioekin harremanetan jartzen gara eta harreman horren barruan bizitzen dugu gure gorputza.

Sexualitatearen bidez bizitzen al ditu haurrak emozioak?

Hori da sexualitatearen ahalmenetako bat. Izan ere, gure sexualitatearen bizipenak hiru gaitasun inportante ematen dizkigu: alde batetik, emozioa bizitzea; bestetik, harremanetan jartzen gaitu, norbere buruarekin nahiz beste pertsonekin, hori da animaliengandik desberdintzen gaituena eta hor beti egongo da afektibitatearen osagaia; eta, azkenik, ugalketa-gaitasuna, baina horretaz nerabezaroan hitz egiten dugu, ez aurretik.

Gure eredu historikoan, sexualitatea ugaltzearekin parekatu izan bada ere, eremu horretan konkista bat gertatu da. Gaur egun garbi onartzen dugu sexualitatearen ahalmen inportanteena plazerarekin eta pozarekin konektatzea dela, eta, aldi berean, harremanak eraikitzen laguntzea, gure emozio eta sentimendu guztiak bizi ahal izateko.

Jaiotzatik haur batek bere sexualitatea osasuntsu gara dezan zer hartu behar da kontuan?

Oso oinarrizko gauza bat izan behar dugu kontuan: umearekin gorputzetik gorputzera erlazionatzea. Haurraren bizipen guztiak gorputzetik pasatzen dira: umea gorputza da. Eta, gorputza diodanean, esan nahi dut haurra emozioa eta sentimendua dela. Hortaz, ume bat ezinegonik dagoenean, beldurrez dagoenean, pozez dagoenean… gorputz bat topatzea, eusten dion eta babesten duen gorputz bat topatzea oso garrantzitsua da. Segurtasuna ematen dio horrek eta kode bat ikasten hasten da: nola erlazionatu besteekin.

Besteak beste, horregatik azpimarra-tzen dugu horrenbeste umea besoetan eduki behar dugula, kulunkatu, besarkatu, musukatu egin behar dugula… Hain zuzen ere, gorputz hizkun-tzarako oinarriak ezartzen ari garelako, eta hori oso baliotsua izango da haurraren autoestimurako. Azken finean, sexualitateaz hitz egiten ari garenean gorputzaz mintzo gara. Umeak bere gorputza maitatzeko lehenengo guk maitatu behar dugu haren gorputza, eta umearen gorputzak dituen beharrak ase behar ditugu. Izan ere, neurri handi batean, ume horrek bere gorputzarekin izango duen harremanaren zutabeak ezartzen ariko gara horrela. Gorputza ahazten badugu, ume horrek bere gorputzarekin eta sexualitatearekin edukiko duen harremana eskasagoa izango da. Ikasiko du, baina urriagoa izango da.

Behin oinarri hori ezarrita, nolakoa da sexualitatearen garapena?

Umeak lehenengo urtean bere autoirudia eraikitzen du. Bi urterekin bere Ni-aren garapena hasten da eta momentu horretan jada bere gorpu-tza ezagutzen du. Aho-fasetik lehen genitalitate-fasera pasatzen da. Une horretan haurra oso pozik agertzen da bere gorputzarekin. Energia sexuala ere genitaletara jaisten da eta eszitazio egoera batzuk gertatzen dira. Egoera horietako batzuk haurrak berak ere eragiten ditu, gainera. Orain arte, kontaktuaren bidez, bularra edo biberoia ematen, besarkatuz… eszitazioa kanpotik etortzen zitzaion, baina pixkanaka eszitazioaren protagonista bera hasten da izaten. Oso pozik sentitzen da, eta horregatik exhibizionismo-fasea bizitzen du.

Prozesu horretan, bere sexu-organoak aurkitzen ditu eta aurkikuntza horiek guztiak haurrarentzat sekulako goraldia dira. Sexu organoekin jolasten hasten da autoestimulatzeko edo masturbatzeko. Eta horrek badu bere zentzu psikologikoa. Horrela, haurra genitalak dituen gorputz baten jabe egiten da eta horrek identitatea ematen dio: identitate sexuala. Testuinguru horretan, helduak, hots, haurraren atxikimendu figurak oso garrantzitsuak dira, eta haurrak haien aurrean exhibitu nahi izaten du: “Begira zer aurkitu dudan”, edo “begira zer ondo pasatzen dudan”. Horregatik, askotan euren organo genitalak erakusten dizkigute. “Begira zer zakila daukadan, begira zer bagina, begira zer bulba”, “usaindu” esaten digute, zeren beraientzat usaina ere oso plazer inportantea da.

Sexualitatearen bizipen-prozesu horretan nolakoa izan behar luke sexu-heziketak?

Sexu-heziketan, batez ere, hiru eredu azpimarratuko nituzke. Horietako bat eredu kontserbatzailea da. Haren arabera, sexualitatearen funtzio bakarra ugalketa da. Bestetik, eredu normalizatua dago, eta eredu hori da, nire ustez, gaur egun nagusi dena. Ez dugu sexualitatea erreprimitzen bekatu, zikinkeria edo antzeko kontzeptuekin, eta normaltzat hartzen dugu. Baina horrek ez du esan nahi errepresiorik ez dagoenik. Gaur egungo hainbat guraso nahiz hezitzaile, eta oro har, gizartea, errepresio sexual gogorra ezartzen ari da, baina oso modu ezkutukoan eta zolian. Adibidez, ume bat exhibitzen denean, normalitatearen ereduaren barruan, ez zaio esaten gorputza ez dela erakutsi behar; “zuretzat bakarrik gorde behar duzu”, guri esaten ziguten bezala. Horren ordez, zera esaten zaio: “Jantzi zaitez hoztu egingo zara eta”. Baina umeak bere gorputza erakusten digunean, zeren bila dabil? Errekonozimenduaren bila. Horrexegatik, nire ustez hirugarren eredu baterantz jo behar genuke: osasunaren eredurantz, hain justu. Horrek esan nahi du umearen adierazpen sexualak errespe- tatzea, eta umeak momentu jakin batean jokaera edo jarrera sexual bat agertzen badu, zer esan nahi digun interpretatzen jakitea.

Adibiderik jar dezakezu?

Esate baterako, exhibizionismo-fasean umea oso harro dago bere gorputzarekin eta harrotasun hori esperimentatu behar du bere autoestimurako oso inportantea delako. Beraz, haurrak helduen aldetik ez du espero eta ez du behar “hoztu egingo zara” esaldirik edo antzekorik, nahiz eta hotza egin. Lehenik esan behar diogu: “Zer gorputz polita daukazun, zer pozik zauden zure gorputzarekin, zenbat gustatzen zaizun zure gorputza eta ni oso pozik nago zure gorputza gustatzen zaizulako”. Gero, hotza egiten badu, ondokoa gehitu dezakegu: “Eta zer irudi- tzen zaizu jertse bat jantziko bagenu?”. Onarpenetik eta modu positibo batean jardun behar dugu.

Haurtzaroan pizten da bestearekiko desioa eta erakarpena ere?

Bai. Kontuan izan behar dugu lau urte ingururekin sozializazio prozesua hasten dela. Momentu horretara arte haurrak elkarren ondoan egon zitezkeen, baina aro horretatik aurrera, jada, elkarrekin egongo dira eta elkarrekin jardungo dute. Gai izango dira elkarrekin gauzak eraikitzeko. 2-3 urtetatik aurrera izugarrizko jakin-mina izaten dute besteen gorputzekiko ere eta hor hasten dira esaten: “Ea zure ipurditxoa, ea zure zakiltxoa…”. Jakin-min hori oso inportantea da, baita era horretako jolasak bizitzea ere. Izan ere, ez da hain erraza norbere identitate sexuala eraikitzea, horretarako beste umeen nahiz helduen gorputzak ikusi behar dituzte. Joko sexual horiekin eta jakin-min horrekin batera bestearekiko desioa eta erakarpena agertzen hasten dira.

Joko sexual hori adinkideekin gertatu ohi da, baina gurasoekin ere esperimentatu nahi izaten dute. Baina hor daude helduak “ez” esateko. Adibidez, “ni zure neska-laguna izango naiz”, esaten badigute, osasunaren eredu honetan zer egingo genuke? Ez diogu esango “txikia zara oraindik mutil-laguna edukitzeko”, baizik eta niregana jotzen duenean esango diot: “Ez, begira, zure gelan seguru badaudela neskatoak eta mutikoak, zoragarriak, eta baten bat seguru gustatzen zaizula, zergatik ez duzu berarekin jolasten?”. Guk ez dugu desioa erreprimituko, baizik eta bere adinekoekin bizitzera bultzatuko dugu.

Baina, gaur egun, haurrek badaukate heldurik gabeko intimitaterako espaziorik?

Ez. Jolas sexual horiek bizitzeko ere izugarrizko errepresioa daukate haurrek. Sarri, ez daukate norekin bizi hormonalki sentitzen duten hori guztia. Zeren hormona sexualak adin horretan puri-purian daude, pubertaroan bezalaxe. Eta norekin esperimentatu ez daukatenez, askotan helduengana jotzen dute.

Horregatik esaten diegu gurasoei beste haurrak, lagunak, auzokoak… hartu eta etxera eramateko, eta uzteko bakarrik jolasean; helduak aparte direla, euren kasa ibiltzen. Orduan jada, bi balio sartzen hasten gara: batetik, ezin da minik eman eta ezin da minik jaso; eta, bestetik, ezin da besteak nahi ez duen ezer egin. Horrekin poliki-poliki jada sexualitatearen barruan nagusi diren bi balio bultzatzen hasiko gara.

Autonomiaren eta autoestimuaren eraikuntzan zer-nolako garrantzia dute jolas sexual horiek?

Izugarria. Gainera, fase horretan beste gauza bat esperimentatzen ere hasten dira: gustatzen zaizkien neska eta mutil guztien artetik bat aukeratzen dute, nahiz eta momentu baterako izan. Eta ekintza hori autonomiaren eta autoestimuaren eraikuntzarako oso inportantea da. Nola baloratzen ditugu bi kontzeptu horiek? Bakoitzaren erabakitzeko gaitasunaren arabera. Zer da autonomia? Erabakitzen jakitea. Zer da autoestimua? Jakitea zer komeni zaidan eta komeni zaidan hori aukeratzea. Guztien artean gehien gustatzen zaiena aukeratzea heldutasun froga bat da. Geroago, pubertaroan ere, antzera gertatuko da. Honekin guztiarekin, sakon-sakonean zer ari dira lantzen? Identitate sexuala: “Ni gizona naiz”, “ni emakumea naiz”. Maskulinotasuna eta femeninotasuna, baina ez rol edo generoari dagokionez.

Eta nola eraikitzen dute identitate sexual hori?

Bisexualak jaiotzen gara. Horrek esan nahi du identitaterik gabe jaiotzen garela. Umeek hasieran euren gorputza eta emozioak beste edozeinekin bizi- tzen dituzte. 7-8 urterekin ikus dezakegu joera bat, joera heterosexual bat edo homosexual bat edo… baina joera besterik ez, zeren identitate sexuala lehenik ezartzen da haurtzaroan, baina gero pubertaroan eta nerabezaroan berriro aldatu egiten da, eta anbisexualitatearen fasea etortzen da atzera. Behin nerabezaroa igarota, esan dezakegu erabat ezarrita dagoela identitate sexual hori. Honekin esan nahi dudana da, adibidez, eskolatik planteatzen digutenean haur batek bost urterekin neska edo mutila izan nahi duela, oso kontuz ibili behar dugula. Badakit gai arantzatsua dela, baina psikologook jarraitzen dugu esaten bost urterekin mutiko batek edo neska batek ez dakiela oraindik zein den, ez daukala ezarria identitate sexuala. Gure ustez, kasu horietan apur bat itxarotea komeni da, haurra globaltasunean begiratzea eta gara- tzen uztea. Badakit, akaso, politikoki ez dela zuzena hau esatea, baina gaia oso delikatua da eta konplexutasun horretan tratatu behar da, ideologizazio azkarretan erori gabe. Garbi izan behar dugu identitate sexuala beharrezkoa dela osasuntsu egoteko eta bakoitzaren Ni-a garatzeko. Bizitza honetan gauzarik dramatikoena errekonozitzen ez duzun gorputz batean haztea da. Hortaz, kontu handia izan behar dugu egiten ditugun esku-hartzeekin.

Nola ulertu behar da nerabezaroko inflexio puntua?

Lehenik pubertaroarekin egiten dugu topo. Guk desberdindu egiten ditugu pubertaroa (11-16 inguru) eta nerabezaroa (16-21 inguru). Zergatik? Pubertaroa oso aro fisiologikoa da. Eta, fisiologikoa esaten dudanean, hormonalaz ari naiz: hormonek agintzen dituzte gure emozioak. Hortaz, izugarrizko iraultza gertatzen da eta iraultza horrek blaitzen du gure eremu guztia. Lehen ezaugarria da, akaso inportanteena, gorputza aldatzen hasten dela. Horrek izugarrizko eragin psikologikoa dauka. Izan ere, orain arte gure gorputzaren lagunak ginen, gure gorpu-tza ezagutzen genuen, baina hemendik aurrera gure gorputz hau arrotza egingo zaigu. Horri gehitu behar diogu, gizartean edertasun ereduak oso ezarriak daudela eta horiek pubertaroan eta nerabezaroan izugarrizko eragina dute, oso ahul harrapatzen baikaituzte. Ahul, zergatik? Gorputza aldatzen ari delako, galdera existentzialistak hasten direlako: “Nor naiz ni?”, eta automatikoki autoestimua krisian sartzen da. Gainera, aurrez aipaturiko oinarrizko lau emozio horiek oso presente daude uneoro: orain haserre, orain triste, orain beldurtuta, orain pozik… Horri gehitu behar zaio gizarteratzeko prozesuan ere, aldaketa horiengatik guztiengatik, krisia datorrela: identitate krisiaren ondorioz, ahuldu egiten da lagun-taldearekiko atxikimendua eta partaide izate-sentimendua: “Nongoa naiz ni?”. Gainera, une horretan desio sexuala borborka dago, hormona sexualak berriz ere haurtzaroan bezalaxe daudelako.

Zer egin krisi egoera horretan?

Hasteko, gurasoei isiltasun handia eskatzen die, hau da, ez hastea seme-alaben kontrako borrokan, baizik eta behatzea eta elkartasuna adieraztea. Oso solidarioak izan behar dugu, lagun egin behar diegu, baina isiltasunetik: “Hemen gaude, gauza asko ez zaizkigu gustatzen, baina onartzen dugu nolakoa zaren”.

Era berean, kontuan izan behar da krisialdi horretatik nola ateratzen diren nerabeak: hain zuzen, aukeratuak izaten direnean, hau da, pertsona bat hurbildu eta “gustuko zaitut” esaten dienean. Barneko zauri nartzisistikoa sendatzen hasten da hala. Adin horretan matematiketan ‘bikain’ ateratzearekin soilik edo igeriketan oso ona izatearekin ez da konpontzen autoestimuko zauria, eta amak eta aitak ere ez digute balio horretarako. Horregatik utzi behar diegu gure gazteei maitasuna, sexualitatea, desioa, bikotea edukitzea… esperimenta-tzen.

Bestalde, aro horretan masturbazioak, berriz ere, oso funtzio garrantzi-tsua betetzen du. Zeren gustatzen ez zaidan gorputz horretan, nik laztantzen dudanean eta jolasten dudanean, orgasmoak bizitzen ditut eta plazera sentitzen dut. “Kontxo! Hain txarra ez da izango nire gorputza”, pentsatzen dut. Era berean, norbere sexualitatearen ahalduntzerako ere balio du masturbazioak. Izan ere, harreman bat dudanean nik badakit nola gustatzen zaidan laztandua izatea, nola gustatzen zaidan klitoria edo zakila ukitzea. Horrek benetako boterea ematen digu.

Maiz, komunikabideetatik datorkigun eredua koitozentrista denez, sexualitatearen ikuspegi murritza izatera eraman gaitzake horrek. Gainera, askotan ditugun sexu erreferentziak helburu komertzialen arabera moldatutako gorputz ederrenen ereduak izaten dira. Horren guztiaren aurrean zein aholku emango zenituzke?

Duela urte asko jada konturatu ginen komunikabideak sexualitatearen lanketarako etsaiak zirela. Sexualitatea kontsumo produktu bat bailitzan saltzen dute. Non geratzen dira nire emozioak, nire sentimenduak, nire bizipenak… Geroztik, Internet eta sare-sozialak agertu dira, eta horrekin arazoa areagotu besterik ez da egin.

Bost orgasmo jarraian nola izan, bibradoreak, pastillak... hori da gaur egun saltzen dena. Zer ari da gerta-tzen? Problematika maila izugarrira ari garela iristen gure sexualitatearekin, eta hau nonbaitetik lehertu egingo da. Agian berriro hasi beharko dugu, orain dela 20-25 urte bezala. Izan ere, konturatu ginen informazio sexuala ematea soilik ez zela nahikoa. Emozioez hitz egin ezean, norbere bizipenez mintzatu ezean, sentipenak kontuan hartu ezean… ez genuen ezer aurreratzen.

Atzera ere benetan inportantea den hori lantzen hasi beharrean gaude. Nik zertarako hitz egingo diot nire semeari kondoiaz, nik baino gehiago jakingo du eta 14 urterekin! Nik esan behar diodana da: “Beno, eta zer sentitzen duzu?”. Guri tokatzen zaigu emozioekin lotuta dagoen alderdi horretaz hitz egitea. Hori da benetan balio diena.

Intimitatearen esparruan azaltzen dira gero segurtasun emozional ezak eragindako oztopoak?

Bai. Adibidez, gazteengan desioaren inguruko arazoak izugarri ari gara behatzen. Izan ere, zer da desioa? Ez da gorputzean zerbait sentitzea, baizik eta desioa da sentitzen dudana bizi ahal izatea, adierazi ahal izatea, komunikatzea, esperimentatzea… eta horrek garamatza harreman bat eraikitzen eta esperimentatzen hastera. Hor hasten dira arazoak. Sexu harremanak izatea oso erraza da, baina desiratzen duzun horrekin leiala izatea, desioari bidea ematea, plazerean abandonatzea… hori guztia jada ez da hain samurra.

Jaiotzatik, premia emozional horiek asetzeko zer izan beharko genuke kontuan?

Lehenik, helduok atxikimendu segurua eskaintzea haurrari. Horrek esan nahi du txiki-txikitatik bere behar emozionalak asetzea, hau da, beldurrez dagoenean, triste dagoenean, pozik dagoenean eta kasketekin dagoenean lagun egitea. Horrez gain, mugak jartzen jakin behar dugu, hori izango da euspen psikologikoa. “Ezetz” esaten jakin behar dugu eta ez dugu “ezetz” esaten nahi dugulako, baizik eta umeek sarri disper-tsioa bizitzen dutelako: dena nahi dute eta ez dakite zer nahi duten. Haurrari dispertsio horretan lagundu behar diogu eta “honaino” esan behar diogu. Umeak sekulako lasaitua hartzen du eta esaten du: “Badago heldu bat eusten nauena, segurtasuna ematen didana”.

Beste ezaugarri inportante bat da esperimentatzen uztea: ligatu nahi duela, zabura igo nahi duela, irakur-tzen hasi nahi duela… bada, eman bidea. Ez duela egin nahi? Bada, errespetatu. Bestalde, haurrek ordu gehiago pasa behar lituzkete gurasoekin. Hori oso inportantea da. Garai batean, haurrekin ordu gutxi pasatzen genituela eta, nolabait, kulpa gainetik kentzeko, kalitatea errebindikatzen genuen. Baina denborak argi erakutsi digu kalitateari kantitatea gehitu behar diogula.

Prestatuta al gaude kalitatezko denborari kalitatea eransteko?

Gizarte hau ez dago prestatuta umeen osasun emozionala zain-tzeko. Nire ustez, horixe da etsairik inportanteena. Umeak oso babesgabe daude, eta guk behin eta berriz esaten dugu asko zaindu behar dugula abandonuaren sentimendua, zeren haurtzaro osoan presente egongo da sentimendu hori. Abandonuak ez du esan nahi hor utziko zaitudala eta banoala; abandonua da haserretu zarela berarekin eta gaizki sentitzea pentsatzen duelako ez duzula maiteko, lanera joaten zarenean ez jakitea itzuliko zaren… egoera horietan haurrek sekulako larritasuna bizitzen dute. Horixe da emozionalki gehien zaindu behar duguna.

Abandonu emozionala aipatuta, haurrek gizarteratze prozesua egoki egin dezaten behar beste baliabide emozional badituzte?

Atxikimendu ez-segurua eta abandonuaren sentimendua gero ezaugarri nagusi batean nabaritzen da: harremanak eraikitzeko ezintasunean. Gaur egun harremanetan sekulako arazoak dituzte gazte askok, atxikimendu ez-seguru batetik datozelako. Ez dira gai konpromiso bat hartzeko, ez dira gai errespetuzko harreman bat eraikitzeko… Eta ez naiz ari bikote harremanez soilik, gizarteko era guztietako harremanez baizik. Lanera joaten dira eta ez dira gai autoritatea onartzeko, gizarteko hierarkiak errespetatzeko, lagunarte solido bat eraikitzeko… Duela urte asko soziologo batek “belaunaldi giltzarriaz” —“trantsizioaren aroa” ere deiturikoa— hitz egiten zuen, “belaunaldi hauek koxkortzen direnean…” esaten zuen. Belaunaldi haiek dagoeneko heldu dira, eta askok eta askok zailtasunak dituzte harreman osasuntsuak eraikitzeko. Izan ere, nola eraikitzen ditugu harremanak? Haurtzaroan familian harremanak bizitzeko eduki dugun moduaren arabera. Txikitako harreman bat segurua izan ez bada, gero ezin dituzu harreman osasuntsuak eraiki. Gero, akaso, bat batean bikote bat eraiki nahiko duzu, edo familia bat osatu, eta hor hasten dira ezintasunak: abandonatua izan bazara, gero baliteke oso posesiboa izatea edo etengabe ziurgabetasunean sentitzea, etab. Nola ulertu, bestela, jarrera posesiboak nerabezaroan? Eta ez naiz zeloez ari, baizik eta “zu nirea zara” ikuskeraz. Hor atzean zer dago? “Ni ez nauzu utziko zeren nik ez dut birbizitu nahi nire haurtzaroko historia”, pentsatzea.

Trantsizioaren aroaz ari zarenean, emakumea etxeko lanak egiteaz gain, kanpoan ere lanean hasi zeneko garaiaz ari zara? Eta haien seme-alabez?

Bai, baina kontuz! Inola ere ez da emakumearen arazoa. Kontua da gizonezkoak ez zuela zegokion ardura hartu garai hartan. Aitatasunetik erabat apartatu zen gizonezkoa. Gizona absente zegoen eredu batez ari naiz.

Haur eta gazteen arazo askoren jatorria atxikimenduan jarri duzu. Baina gaur egun daukaten presio izugarriak ere ez ote du eraginik izango?

Egia da, izugarrizko presioa daukate. Niretzat gaur egun umeak zikira-tzen ari gara. Eskakizun gehiegi dituzte. Behin eta berriz errepikatuko dudan kontua da: ume batek jolastu eta sozializatu egin behar du; ingelesa, musika eta informatika ikasiko ditu aurrerago. Eta umeek ez dituzte zuzendutako edo programatutako horrenbeste ekintza behar: orain Gazte Txokora, han aktibitateak; gero ingelesa, ariketak; ondoren musika, jarduera egituratu gehiago; hurrena udalekuak, han berriz ere aktibitateak… horrela etengabe, denbora osoa programatuta dutela. Eta parkera, plazara, kalera, lagunekin ibiltzera noiz joango dira? Harremanetan ikasteko kalean ibili behar dute, euren kasa, beste umeekin, gurasoak apur bat aparte direla: elkar jo, elkarrekin eztabaidatu, elkarrekin gatazkak izan, horiek konpondu, negoziatu, konpartitu, eraiki… Nik harreman bat eraikitzen baldin badakit, ziur ingelesa ikasiko dudala tokatzen zaidanean. Frogatuta dago. Umeak emozionalki ondo dagoenean, lasai sentitzen denean, desioekin konek-tatzen duenean, zer nahi duen kontziente denean… ikasiko du eta ondo joango dira gauzak.

Haurren ongizate emozionalerako familiak daukan garrantzia azpimarratzen duzu. Baina emakume asko oraindik oso bakarrik sentitzen da haurren hazkuntzan.

Bai, izugarrizko erruduntasun sentimendua dago. Akaso, geuk nahi gabe eta kontziente izan gabe ere sortu ditugu halako eten emozionalak. Nire ustez, gure lehen egitekoa heziketa, haziera, zaintza… maskulinizatzea da. Arlo hori emakumeen esku dago, oso femeninoa da, eta hori kaltegarria da bai emakumezkoentzat bai gizonezkoentzat.

Aita arduratsuekin ari da egoera hori aldatzen?

Euren emozioak jokoan jartzen ari dira eta horrek egoera aldatu du. Oro har, umeak zein irudi dauka zaintzaren inguruan? “Amonak, amak, arrebak, lehengusinak… zaintzen nau”. Eta aita? Eta beste gizonezkoak? “Aitarekin eta beste gizonezkoekin futbolean jokatzen dut”. Hori ez da ume bat zaintzea. Niretzat aita “berri” horiek heziketan parte hartzen hasi dira emoziotik, eredu emozional bat eskainiz, ez bakarrik futbolean jokatuz. Esaten dugunean heziketan gizonezkoak behar ditugula, ez dugu esaten futbolean jokatzeko, baizik eta beraien emozioetatik abiatuz eredu desberdinak eskaintzeko, bai neskatoei bai mutikoei.

Orain esan duzunaren haritik, bai aitatasunari bai amatasunari heltzeko zein modu egon daitezke?

Kontuan izan behar dugu, guraso izaten ere ikasi egiten dela. Denok ditugu irizpide arrazional batzuk gure haurren haziera eta heziketaren inguruan, baina gero denok marrazten dugu gure aitatasuna eta gure amatasuna, emozionalki. Izan ere, bakoitzak daukagu norbere biografia eta gure amatasuna zein aitatasuna biografia horren arabera eraikitzen ditugu. Adibidez, nik esan dezaket: “Titia emango diot 4 urtez”, baina hasten naiz eta nire emozioek ez didate uzten 4 urtez titia ematen. Hortaz, zergatik emango diot titia biberoi on bat eman diezaiokedanean? Edo pentsa dezaket hobea dela etxean geratzea umea zaintzen, baina zergatik utziko diot lanari, etxetik kanpo oxigenazio pixka bat hartuta gero umea hobeto zainduko dudala sentitzen badut? Argi izan behar dugu hazkuntzaren eta heziketaren inguruan inongo diskurtso ez dela baliagarria, baldin eta ez badira gizon eta emakume —guraso— horien emozioak, desioak eta beharrak kontuan hartzen. Printzipio hori jartzen badugu aurretik, kulpak eta erruduntasunak desegin egingo dira.

Zaintzaren, hazieraren, heziketaren inguruan teoria egin daiteke, baina errealitatean, horren guztiaren atzean pertsonak daude, euren emozioekin, sentipenekin, historiarekin, bizipenekin... Hortaz, bakoitzak bere hausnarketa pertsonala egin behar du bere izateko moduaren, premien eta nahi duenaren artean. Eta errealitate horren jabedun izanik, aukerak egin.

Presioa egon daiteke titia emateko edo beste hainbat kontutarako, eta horrexegatik diot mezuak argia izan behar duela: “Hazkuntza mota hauek daude, zuk aukeratu, baina beti kontuan hartuta zure burua”. Hau da, garbi izan behar dugu guraso izateko ez dagoela modu bakarra, eredu ezberdinak daudela, eta bakoitzak bere izaeraren, emozioen, premien, sentimenduen… arabera eraikiko duela berea.

Oro har, lan merkatuaren arabera antolatu dugu gizartea. Eta non geratu dira haurren premiak?

Zenbat manifestazio, protesta, eskaera... egin dira Euskal Herrian horren alde? Atera behar genuke esatera Norvegiako edo Finlandiako eredua nahi dugula, edo aldarrikatzera gizon eta emakumeok gure umeen premietara egokituriko lan-baldin-tzak nahi ditugula. Oso boladan dago “kontziliazioaz” hitz egitea, baina non dago benetan hain bogan dagoen kontziliazioa?

Akaso eremu pribatuan geratu den auzia da, familia bakoitzak modu pertsonalean bilatzen dio irtenbidea bere egoerari.

Gai honekin ez dugu egin arazo politikorik. Umeen osasuna arazo politiko bat da, baina ez diogu izaera hori ematen, Europan zenbait herrialdetan egin zuten bezala. Eta, zergatik hartu zuten erabaki hori? Duela urte asko ohartu zirelako gaur egun hemen daukagun errealitateaz: ume mordo bat medikatuta zituztela. Eta esan zuten: “Goazen haur prebentzioan inbertitzera eta diru pila bat aurreztuko dugu seguritate sozialean”. Badugu nondik ikasi.