Artikulu honetan, partaidetzak dituen esanahi batzuen inguruko ikuspegi bat ematen saiatuko naiz —dagoeneko hamaika ikuspegi daude—. Horretarako, haurren hezkuntzan hain garrantzitsua eta beharrezkoa den gai horren inguruan Loris Malaguzzi, Carla Rinaldi eta Sergio Spaggiari egileek garatutako zenbait ideia interpretatuko ditut, nagusiki. Aditu horiek hein batean zaila eta anbiguoa den kontzeptu horri zentzua eta etorkizuna ematen saiatu dira, Reggio Emiliako udal haur-eskoletako teoria eta praktika abiapuntutzat hartuta.

Gai konplexu honi heltzeko orduan, elkarren mendekoak diren hainbat esparru eta testuinguru kultural har ditzakegu: legegintzakoa, politiko eta soziologikoa, filosofikoa, psikologikoa, pedagogikoa… Idazki honetarako erreferente gutxi batzuk aukeratu ditut; horiek partaidetzaren kontzeptua kokatu eta bere oinarria finkatuko dute printzipio jakin batzuetatik abiatuta. Nire ustez, printzipiook ezinbestekoak dira ekintza pedagogikoa hezkuntza-ikuspegi zehatz baten barruan funtsatuko duen filosofia eratzeko. Helburua gai zail hau lantzeko orduan ikuspegi ez-mugatzailea izan duten egile batzuen hainbat ideia jorratzea da.
 
Partaidetzak dituen esanahi batzuk
Partaidetzaren benetako esanahiari heltzeko orduan, anbiguotasunak eta erronkak sortzen dira. Termino labainkorra da partaidetzarena, esanahi bakarrean bildu ezin daitekeena. Hori dela-eta, haur hezkuntzako proiektuak adierazten duen guztia hartu behar da kontuan. Hala, heterogeneotasun semantikotik abiatuta, bere esanahia zehazten saiatuko gara. Edonola ere, eta zenbait ideia komunetatik hasteko, bi definizio emango ditut. Loris Malaguzzik  honela definitzen du gizarte-kudeaketa (partaidetzaren kontzeptutik banandu ezin daitekeena): «prozesu parte-hartzaileen, demokratikoen, erantzukizun partekatukoen eta arazoetan sakontzekoen multzoa laburbiltzeko balio duen forma kulturala eta antolakuntzakoa… familiek, langileek, administrazioek eta politikariek adostutako borondatezko eta idealak bateratzeko hitzarmenari esker». Bestalde, Sergio Spaggiarik  modu honetan adjektibatzen du partaidetzaren kontzeptua: «apur bat zehaztugabea: hezkuntza-zerbitzuak bideratzeko 
eginkizunean ekarpen aktiboa egiteko herritarrek (gehienetan amek) duten aukera da, beren botereak eta erantzukizunak beste norbaiten esku utzi gabe».
Gure eskoletan, ikastetxeetako partaidetza eta kudeaketa luze eta zabal daude araututa. Baina, ikastetxe horietan, oso ordu gutxi eskaintzen zaizkie familiekiko harremanei; Europako Batasunean batez beste baino askoz ere gutxiago.
Segur aski, praktikan, partaidetza ez da hezkuntza-proiektu integratu baten zati unitarioa izatera iritsi. Zentzu horretan, partaidetza ezin da eranskin gisa ikusi; ezin da proiektuari berari, didaktikari gehitzen zaion zerbait gisa jo. Ez eta horrez gain egin behar den zerbait izan. Partaidetza, funtsean, ezinbestekoa eta egiturazkoa da; ezin da ez osagarria, ez aukerakoa izan. Nire iritziz, hezkuntza-balioen kategoriara igo nahi dugun ideia, prozesu edo jarduketa praktiko oro familiei eta herritarrei berehala jakinarazi, eta horiekin eztabaidatu behar da. Taxonomiari dagokionez, hezkuntza ezin da haurrekin egon ostean egin beharreko zerbait gisa hartu. Hezkuntza-jarreraren abiapuntua dela uste dut. Egokia da partaidetzazko uneak ikastetxeak kudeatzeko beharrezko organoetan instituzionalizatzea, baina, hezkuntza-jarreraz hitz egiten dudanean, esan nahi dut ikasgelek —banan-banan hartuta—, sarrerek, korridoreek, sukaldeek, irakasleek, laguntzaileek, bedelek eta abarrek partaidetzazko ideia hori hedatu eta praktikan jarri behar dutela. 
Ideia hori izan ezean, nire ikuspegitik, hezkuntzak eskolako murruetatik ihes egingo du halabeharrez. Gizabanako bakoitzak hezkuntzako partaide izan nahi du. Eta, beste gauza askoren artean, partaidetzak —behar eta eskubide gisa— pertsona bakoitzak bizi eta jardun duen sistemaren zati gisa onartua izateko aukera edukitzea esan nahi du. Partaidetzak subjektu guztien elkarrenganako konfiantza du euskarri, beren trukeetan esanahi anizkunak eta partekatuak bilatzen dituztenak.
Haur-eskola «gizarte-sistema zabalean integratutako komunikazio-sistema»  da. Era horretan, gizarte-kudeaketaren helburua hezkuntza-proiektuaren edukia eta metodoa aukeratzeko lanen osagaia eta zati unitarioa da. Hala, langileen, haurren, familien eta gizartearen arteko komunikazio-harremana ezar daiteke. Pentsamolde horretan sakonduz, hezkuntza-proiektua elkartasunean eta pertsonen arteko harremanetan oinarritzen da, irismen handiko elementu kulturalak eta politikoak diren aldetik. Eta, beraz, hezkuntzaren inguruko ideia jakin bat aktibatzen duen paradigma-aldaketa da.
Kontzeptu horien guztien sakontasuna ulertzeko, beharbada egokia izan daiteke Gadamer edo Antaki bezalako egileak berriro irakurtzea. Horien arabera, benetako esperientziak elkarrizketan, dialektikan eta partaidetza partekatuan gertatzen dira; alderdiok elkarrenganako ulermenaren mugimendu zirkularra elikatzen dute, harremana eta partaidetza gure espeziearen behar sakonei dagozkien desioak direla baieztatuz.
Nire ustez, partaidetzarako aukera handienak eskaintzen dituzten eskolak ume gutxi izaten dituztenak dira; herritarrengandik gertu dauden administrazioen mende daudenak. Eta, hor, xehetasun berri bat agertzen da: haur-eskolak familiei harrera egiteko duen modua. Zentzu horretan, badira euren seme-alaben eskoletako kide izatearen sentimendua lagundu edo oztopatu dezaketen hainbat elementu. Adibidez, giroen eta eremuen adeitasuna, ate irekiak —ideia hori umeak eskolatik kanpo abandonatzearen aurkakoa da erabat; batzuetan, lerro militarrak osatuz horietara sartu eta irten behar dira umeak—, gardentasunak, zentroaren irisgarritasuna eta ordutegi malgutasuna. Komunitate bateko kide zarela kontziente izateak bizitasun 
eta segurtasun emozionalaren sentsazioa sortzen du, eta horrek identitate pertsonala eta soziala eraikitzen laguntzen die haur zein helduei. «Dagozkion espezifikotasunak gaineratzen eta elkar lotzen dituen giro segurua. Printzipio gisa familiartekotasuna, elkarrizketa, mugak ezabatzea eta estilo irekia eta demokratikoa legitimatzea sustatzen duen giroak, berez, familien partaidetza egituratu eta horretarako bide ematen du erabat. Eta partaidetza iragankorra eta ausazkoa ez izateko, instituzionalizatu beharra dago, bizikidetza egituratu eta zentzua eta jarraitutasuna emango dizkion antolakuntza eratu.»  
Izan ere, Malaguzzik behin eta berriro errepikatu duen bezala, proiektu bat familiekin batera bideratzen eta partekatzen denean, orduan soilik existitzen da hezkuntza. Zentzu horretan, zenbait ikerketak erakusten dute hezkuntza-proiektu batean gurasoek aktiboki parte hartzen dutenean, eta familian hezkuntzarekiko sentikortasun berezia sortzen denean, orduan bakarrik eskaintzen zaiela haurrei garapen egokia. Beraz, ezinbestekoa da partaidetza eta hezkuntza erabat integratzea; etenik eta banantzerik gabe; barrualdea eta kanpoaldea bereizi gabe. Eta ezein lekurik hezteko pribilegio esklusiboa ez duela aitortzea. Aitzitik, hezkuntzak trukatzeko eta alderatzeko ahalmenean du sorburu. Horrek esan nahi du proiektuan ez dagoela protagonista edo erdigune bakar bat; horren ordez, haurrek, eskolako langileek, familiek eta gizarteak osatutako erlazio-sistema bat daukagu. Horrela, hezkuntza-prozesu oro elkarren mendekoak diren erlazioen sare horretan sartuko da, ezinbestean. Gogora ditzagun Batesonen ideiak: haren iritzian, terminoen aurrean, harremanek dute lehentasuna.
Argi eta garbi, ideia horrek kontra egiten dio irakasle baten gelako bakartasunari, zerbitzu eta sukaldaritzako langileen isolamendu tradizionalari. Ildo horretan, Malaguzzik behin baino gehiagotan galdetzen dio bere buruari zer-nolako gizarteratzea bizi dezakeen ume batek, bere lan baldintzak direla-eta isolatuta eta goibelduta bizi den irakasle batekin, giro pobre eta apalgarrian, lehiakortasuna nagusi denean eta gurasoak eskolatik aldenduta daudenean.
Partaidetza eta gizarte-kudeaketa hezkuntza-esperientzia burokratizatzearen aurkako defentsa gisa hartzen dira, hezkuntzako erakundeak gizarte-ehunduratik banantzearen kontrako erronka gisa. Baina, egiaz, lurraldean, hirian esku hartzeko elementuak dira, hiria haurrentzat ere bizitzeko modukoa eta demokratikoagoa bihurtze aldera. «Partaidetzak bizikidetza demokratikoa bermatzen du… Eta Lasch-ek dioen bezala, demokrazia diferentziak mantenduz jendeari bizitzeko aukera ematen dion sistema legala da.» 
Partaidetzaren kultura berri horrek elkarrizketa, bat etortzea eta bat ez etortzea, eztabaida, erantzukizun partekatua, berdinak ez homogeneoak ez diren jarrerak alderatzea eta subjektibotasunekiko errespetua (trukean intersubjektiboak bihurtzen direnak) onartzen ditu esku hartze sozialaren balio didaktiko moduan; hala, bizikidetzaren dialektika sortzen du, dimentsio ideal eta posible gisa.
Partaidetza bultzatzeko, besteak beste, informazioa eskaini behar da. Familiek informazioa jasotzeko eskubidea daukate. Desinformazioa oso arriskutsua da demokrazientzat; aberastasunaren banaketa desorekatua bezainbeste. Hortaz, familien eskubidea izateaz aparte, erantzukizun etikoa eta profesionala ere bada gurasoei ikastetxean garatzen diren gertaera eta alderdi guztien gaineko informazioa ematea. Baina informazioa ezin da hor amaitu. «Kontua ez da gurasoak informazio-bileretara joatea bakarrik; bere seme-alaben hezkuntzan aktiboki parte hartu behar dute, eta parte-hartze aktibo horrek eskolako didaktikan eta metodologian aldaketak egitea eskatzen du» . Informazio egokia behar bezala ematea, askotariko kanalak erabilita —askotarikoak diot, familiak askotarikoak direlako—, familiek beren seme-alaben hezkuntza-esperientzian parte hartzeko eta beren iritzia emateko bitarteko bat baino ez da. Izan ere, ezin ditugu familiekiko harremanak lankidetzaren erretorika moduko bat bezala hartu, familia egintza pedagogikoa era pasiboan besterik erabili ezin duen mendekoa balitz bezala.
Praktikatik begiratuta, ezin dugu partaidetzaz hitz egin «ez badugu erlazionatzen eremu eta ordutegien antolakuntzarekin, programazio didaktikoarekin, langileen laneko ordutegiarekin, birgaitzearekin, eztabaida kultural eta politikoarekin, arazo ekonomikoekin» . Horrek ohitura berri bat sortzen du gure buruan, bestelako pentsamolde bat, ohituta ez gauden eskola mota bat eraginez zenbaitetan: tradizionalki, irakasleak kanpoan gertatzen zena aldentzen eta ekiditen saiatzen ziren —birus kutsakorra izango balitz bezala—, barrukoa ez kaltetzeko.
 
... jarraitzen du. 
 
181. hik hasi aldizkariko "Galdeidazu" atalean duzu osoa.