Umeei kalean edo etxean aurkituko ez dituzten aukerak eskaintzea da haur-eskolaren funtzioa, pedagogoaren iritziz; eta egiten zaizkien proposamenekin ikertzeko, esperimentatzeko, irudikatzeko, sortzeko... bideak ireki behar zaizkiela dio.  

Haurraren beharrez hitz egin baino nahiago du eskubideez mintzatu Alfredo Hoyuelos NUPeko irakasle eta Iruñeko haur-eskoletako taileristak. Zein eskubide ditu haur batek? Eta ondorioz, zer aurkitu behar du haur-eskolan? Galdera horien erantzunetatik abiatuz hautematen du hezi-tzaileen jarduna: “Haurrari presentzia eman behar zaio”. Presentzia ematea da haurrari konfiantza ematea, arreta jartzea, alboan egotea, bere sentimenduak kontuan hartzea, haren denbora errespetatzea, erlazioari intentsitatea ematea...

0 eta 3 urte arteko haur asko joaten da haur-eskolara. Umearen garapenerako berebiziko garrantzia duen adin tartea izanik, haurraren ezaugarrietatik zein eduki behar ditu kontuan haur-eskolako hezitzaileak?
Umea ezezagun bat da hezitzailearentzat. Hortaz, nire ustez, lehen baldintza da umearengan sinestea. Baina aldi berean, behaketa lan handia egin behar da, haurra ahalik eta gehien ezagutzeko eta horrekin batera baita hezitzaileak jokatzen duen rolari ñabardurak jartzeko ere. Batzuetan ez dugu iker-tzen, ez dugu probatzen, ez dugu esperimentatzen, beldur garelako. “Beti horrela egin izan dugu, eta hortaz, zertarako aldatu orain?” Horixe izan ohi da sarri gure argumentua. Baina hezitzaileen lanean funtsezkoa da gauza berriak probatzea eta esperimentatzea. Arlo horretan, maiz, beldur handiegia antzematen dut nik. Baina zergatik ez arriskatu? Hori bai, beti baldintza bat kontuan izanik: emozioekin ezin da esperimentatu. Hau da, ezin dugu inoiz esan: “Umea negarrez uzten badut zer gertatzen den esperimentatuko dugu”. Inondik inora ere ez. Printzipalena haurraren ongizatea da.

Eta nola ziurta daiteke haurraren ongizatea haur-eskola batean?
Hezitzailearen eta haurraren artean sortzen den loturarekin, erlazioarekin eta konfiantzarekin du horrek zerikusia. Batzuetan prozesu luzea izan ohi da; beste batzuetan aldiz, egun batetik besterakoa. Helduen artean gerta-tzen den legez, haur batzuekin, akaso, segituan konektatzen duzu, eta beste batzuekin ez. Ni eskolaz eskola ibil-tzen naiz eta batzuetan eskola batera iritsi eta umeek ezagutzen ez nauten arren, berehala, ez dakit zergatik, enpatia sortzen da. Kasu horietan oso erraza da ongizatea ziurtatzea: nabaritzen dut euren burua nire gainean uzten dutela, barre egiten didatela, bizarra ukitzen didatela… Aldiz, bi urte eta erdi daramatzat beste haur batekin harremana estutu nahian, eta oraindik ere nirekin beldurtu egiten da. Baina horrelakoak helduon artean ere gertatzen dira; batzuetan konektatzea izugarri kostatzen zaigu.

Umeak elkarren artean oso ezberdinak direla konturatu behar dugu, eta ezin dugula errezeta berbera aplikatu guztiekin. Baina edozein kasutan ere inportantea da konfiantza lantzea, eta ez ume jakin horrekin soilik, baita bere gurasoekin, aitona eta amonarekin, edota gainontzeko haurrekin ere, hala ume horrek ikusiko baitu bere inguruko harremanetan konfiantza dagoela eta bera ere ireki egingo baita.

Hezitzailearen eta haurraren arteko konfiantzan jartzen duzu arreta. Nola eraiki dezake hezitzaileak haurrarekin harreman egokia?
Hasteko eta behin haurrari presentzia eman behar zaio. Nik presente egotearen eta presentzia ematearen artean desberdindu egiten dut. Ni leku batean presente egon naiteke, baina presentzia ematea hori baino gehiago da. Haurrari konfiantza ematea esan nahi du, arreta jartzea, alboan egotea, bere sentimenduak kontuan hartzea, haren denbora errespetatzea, intentsitatea ematea erlazioari.
Era berean, “haurrari begiratzea” eta “haurra behatzea” ere desberdindu egiten ditut nik. Haurrari begiratzea ez da nahikoa gure lanbidean. Beha-tzeak, aldiz, eskuartean plangintza bat edukitzea esan nahi du, hasteko eta behin zer behatu nahi dugun jakin behar dugulako. Hori jakiteko, batetik, hezitzaileak bere buruari galderak egin beharko dizkio; beste aldetik, berriz, dokumentazio lana egin beharko du, datuak hartu eta interpretatu. Hortaz, begiratzea da albo batean begira egotea; aldiz, behatzeak jarrera profesionalagoa hartzea eskatzen du: zerbait ulertu nahi dut, zerbait hausnartu nahi dut, zerbait konprenitu nahi dut, nire praktika hobetu nahi dut... Behaketa ekintza aktiboa da, ondo planteatuta dagoena, sistematikoa, eta hezitzaileari, beti, egiten duen horren inguruko aztarnak uztea exijitzen diona.

Urarekin, buztinarekin edota irinarekin jolasak, argi edota pintura tailerra, baratza... edozein jarduera da baliagarria haur-eskolan?
Haurrak entretenituta edukiko dituen edozer gauzak ez du balio. Uneotan adibidez, Iruñeko Printzearen Harresia haur-eskolan musikaren gaineko proiektu bat ari gara lantzen. Hasteko galdera nagusi bati erantzun diogu: zer eskainiko diegu? Esate baterako, konturatu gara orain arte beti danborrak edo perkusio-instrumentuak eskain-tzen genizkiela umeei eta horrek muga bat du berekin: “danba, danba, danba” jotzeko aukera bakarrik ematen du eta metal-hotsa eta zarata ateratzekoa. Horrexegatik, erabaki dugu, beste instrumentu mota batzuk ere eskaintzea, musika-ñabardura gehiagori bidea emango diotenak: ukelelea, okarinak, urezko danborra… sartu ditugu, eta haurrek kolpeak emateko erabiltzen zuten metala kendu egin dugu, gainontzeko instrumentuen soinua estali ez dezan. Haur-eskolan proposamen egokiak egin behar zaizkie haurrei.

Haurrari kalitatezko proposamenak egin behar zaizkio hortaz, haur-eskolan. Zer-nolako lana eskatzen dio horrek hezitzaileari?
Proposamen egokiak prestatzeko behaketa lan handia egin behar da aurretik. Eta beste kontu bat ere oso argi izan behar dugu: hezitzaileok haurrentzat ustez munduko proposamenik onena prestatuta ere, haurrak erabakiko du proposamen horretan parte hartzen duen edo ez. Ez ditugu inoiz behartuko. Horrek esan nahi du hezitzaileak prestakuntza handia izan behar dudala frustrazioak jasotzeko. Adibide bat jarriko dut:  duela zazpi bat urte ordubeteko tailer-proposamena prestatzeko sekulako lana hartu nuen: buztina, material mordo bat… Tailerrera joan eta haurrak han hasi ziren nik bideo-kameraz plano zenitalak grabatzeko erabiltzen dudan eskailerarekin bueltaka. Kasu hartan zein zen umeen interesa? Eskailera igotzea eta jaistea. Nik denbora mordoa presta-tzen eman nuen proposamen hura ez zuten ukitu ere egin, baina kontua da eskubidea dutela horretarako.

Haur-eskolako testuinguru horretan, hezitzailearen zein balio eta jarrera azpimarratuko zenituzke?
Irakasleak lehenik lotura afektiboa bilatu behar du haurrarekin, konfian-tza, presentzia, atxikimendua… baina errespetuz, behartu gabe. Horrexegatik, hezitzaileak kontuan izan beharreko beste jarrera inportante bat da presarik ez izatea, itxaroten jakitea. Orain jaiotzen diren ume asko ehun urte biziko dira, hortaz denbora sobera dute aurretik. Zer dira bi urte ehun urteren baitan?

Sarri, ordea, hezitzaileok sekulako presa izaten dugu. Batzuetan emai-
tzak berehala ikusi nahi izaten ditugu. Horren erakusle da umea baloratzeko erabiltzen dugun modua: “Oraindik ez du katuka egiten… oraindik ez da hasi hizketan… oraindik ez daki ibiltzen…” edota “asko falta zaio solidoa jaten hasteko… hilabete falta zaio esfinterraren kontrola egiteko…”. Umea hu-tsuneetan, falta zaion horretan edota oraindik egiten ez dakien horretan baloratzen dugu, ez bere gaitasunetan, dagoeneko egiten duen horretan, dakien guztian.

Inportantea da haurra presarik gabe hartzea. Askotan haur-eskoletan zer gertatzen da? Denbora gutxi igaroko dugula umeekin. Hemen Nafarroan hiru urte, EAEn berriz, bi bakarrik. Epea oso motza denez, maiz, emaitzaren batzuk ikusi nahi izaten ditugu, eta horregatik, batzuetan, etapak eta prozesuak azkartu egiten ditugu.

Haurrarekin lotura afektibo egokia lantzeaz gain, bada haur-eskolako hezitzaileak aintzat hartu beharreko beste funtzioren bat?
Bai. Heziketaren plano politikoa aipatu nahi nuke. Loris Malaguzziren iritziz, —eta ni ados nago— hezitzailea aktibista politikoa da. Politika zentzu aristotelikoan ulertuta, eta ez  alderdikeria gisa. Adibidez, haurtzaroaren kultura oraindik errekonozitu gabe dago gizartean, hezitzaileen lana ez da baloratzen… Hortaz, maila ideologikoan ere, garrantzitsua da gure lanbidearen eta haurtzaroaren kulturaren alde borroka egitea. Nola? Hitzaldietan parte hartuz, egunkarietan idatziz, herri-mailako bileretara joanaz… Gure egitekoa da gizartean balio horiek transmititzen parte-hartzea. Ildo horretan, hezitzaileok, gure lanbideak eskatzen digulako, taldean lan egiteko gai izan behar dugu. Guk ez ditugu gure lankideak aukeratzen, baina gai izan behar dugu bikote pedagogikoka lan egiteko, kideekin adostasunetara iristeko, bestearen zenbait ikuspuntu ulertzeko, eta guztiaren gainetik, ez ditugu ez beste hezitzaileak, ezta haurrak ere etiketatu eta epaitu behar.

Horrek norbere jardunaren gaineko hausnarketa handia eskatuko die hezitzaileei, ezta?
Bai, noski. Horrexegatik, egunero-egunero, eskolatik ateratzean norbere buruari galderak egitea garrantzitsua iruditzen zait. Horietako bat, lehen mailan jarriko nukeena dibertsioaren ingurukoa da: “Gaur nola dibertitu naiz?” Heziketaren kalitateaz hitz egiten dugunean, nire ustez oso inportantea da umeekin gozatzea, gauza dibertigarriak egitea, umorea edukitzea… Lana karga bat baldin bada hezitzailearentzat eta disfrutatzen ez badu, gauzak ondo ez doazen seinale da. Dibertsioaz gain, dibergentzia ere garrantzitsua da: “Espero ez nuen zer gertatu zait gaur?” Hau da, gaur eskolan izugarri disfrutatu dut, baina zergatik? Ezusteko handiak jaso ditudalako.
Malaguzzik bezalaxe, nik ere uste dut asperraldiek eta errutinek eskolatik urrun egon behar dutela, gauzak gertatu aurretik guztia nola joango den aurreikus dezakeen pedagogia profetiko guztien aurka nago, pedagogia mota horrek haurrei erakusten baitie egun guztiak berdinak direla eta ez dagoela sorpresarik. Hori hala, hezitzaile izateko apur bat ero izan behar dugula uste dut.

Zein beste galdera egin behar lizkioke hezitzaile on batek bere buruari?
“Gaur zer ikasi dut?” ere galdetu behar dio irakasleak bere buruari. Ni haur-eskolara ez naiz joango irakastera, baizik eta ikastera. Horrek izan behar du hezitzaileon jarrera. Gure lanbide honetan uneoro aritu behar dugu gauza berriak ikasten. Hortaz, gure prestakuntza ezin da izan behin betikoa: “Gaur zer ikasi ahal izan dut umeekin?” galdetu behar diogu geure buruari, baina baita ere “Gaur zer irakurri dut?” eta “Gaur zer hausnarketa egin ditut?”. Nik pentsatzen dut egunero irakurri behar ditugula gauza berriak, beste toki batzuetako esperientziak ezagutzeko, beste pertsona batzuen ideiak jakiteko… Malaguzzik esaten zuen moduan, irakasle ona izateko pedagogiako, psikologiako eta didaktikako liburuak itxi behar genituzke, eta kultura, artea, arkitektura, kimika, biologia, antropologia, estetika… gehiago eta hobeto ezagutu, horrela jakingo baikenuke umeak hobeto behatzen eta interpretatzen. Era berean, inportantea da geure buruari galdetzea: “Egiten dudan hau beste modu batera egin dezaket? Nola egin dezaket beste modu batera? Badago beste modurik hau egiteko?” Batzuetan beldurrarengatik edo ohiturengatik edo errutinengatik ez ditugu gauzak probatu eta aldatu nahi izaten, horregatik da garrantzitsua galdera horiek planteatzea.

Geure buruari egin beharreko beste galdera bat zera da: “Zenbat aztarna utzi ditugu gaur? Zer eta nola dokumentatu dut? Nola utzi dut nire lanbidearen presentzia gaur? Zer datu bildu ditut?” Batzuetan memoria txarra izaten dugu, gauzak ahaztu egiten zaizkigu; horrexegatik da inportantea dokumentatzea. Narrazio bat eraiki-tzea esan nahi du dokumentatzeak. Ez da bakarrik idaztea, baizik eta narrazio bat eraikitzea, gure bizitzari zentzua emateko.

Haur txikiekin aritzen diren hezitzaileentzat nekeza izan ohi da norbere emozioak umearen emozioetatik desberdintzeko distantzia hartzea. Zer gomendatuko zenuke kasu horietan?
Hezitzaile lanetan aritzeko, Claudio Naranjok esaten duen moduan, oso inportantea da autoanalisirako gaitasuna edukitzea. Zergatik diot hori? Batzuetan, eta nik barne, zenbait teoria defendatzen ditugulako —“Umeak errespetatu behar ditugu, entzun egin behar diegu…”—, baina gero egiatan, beste era batera joka-
tzen dugulako. Adibidez, haurrari mukiak kentzerakoan, teorian badakigu denbora eman behar diogula, aurrez egitera gijoakizkionaren berri eman behar diogula, zergatiak azaldu behar dizkiogula… baina gero praktikan juxtu kontrakoa egiten dugu. 

Kasu horietan zer egin? Oso umilak izan behar dugu. Garrantzitsua izan liteke horrelakoetan gure buruak grabatzea eta beste batek ni nola ikusten nauen entzuteko prest egotea… Ni oso pribilegiatua naiz, tailerista bezala nire lana besteak kanpotik beha-tzea delako, eta gero irakasleari, ados baldin badago, bere balioak zeintzuk diren esatea, baina era berean, baita kontraesanak edo inkoherentziak azpimarratzea ere. Baina horrekin ez da nahikoa, ez da basta erretorikarekin, baizik eta praktika behar da. Eta ezin dugu ondo hezi gure emozioak ez baditugu tratatzen.

Adibidez, gerta daiteke hezitzaile batek umearen negarra ezin jasan izatea eta negar hori mozteko bitartekoak jartzea. Kontua da, ordea, negarra ezin dela moztu, baizik eta bideratu eta akonpainatu egin behar dela. Gerta-tzen dena da, ordea, akaso haurraren negarra ezin dudala jasan, nik neure negarrarekin arazoak ditudalako. Askotan norbere emozioak, tristurak, haserreak, saminak… ezin izaten ditugu jasan, eta geureak jasan ezin ditugunez, haurrarenak isilarazten ditugula. Gainera, pentsatzen dugu umea beti dibertitzen aritu behar dela, edo ez duela frustraziorik sentitu behar, edo ez duela kasketarik harrapatu behar, etab. Baina haurraren frustrazioak, negarrak, kasketak… akonpainatzen jakiteko, gure frustrazioak, negarrak, kasketak analizatu behar ditugu. Hortaz, batetik oso garrantzitsua da autoanalisia egitea, eta bestetik, gure emozioak ulertzea, bestela ezin dugu hezitzaile onak izan.

Gurasoak (lehen heldu esangura-tsuak) falta dituen haurrak etxean ez dauzkan zein premia ditu haur-eskolan?
Nik haurraren beharrez baino nahiago dut eskubideez hitz egin, desberdina baita. Ume batek beharrak bakarrik dituela pentsatzea, askoz ere ikuspegi pobreagoa iruditzen zait. Aldiz, zein eskubide dituen pentsatzen badugu, ikuspegia zabaltzen dugu. Zein eskubide ditu haur batek? Eta ondorioz, zer aurkitu behar du haur-eskolan? Galdera horiek planteatu behar ditugu. Nire ustez haurrak ongizatea aurkitu behar du haur-eskolan; beste ume batzuk eduki behar ditu elkarrekin jolasteko; talde txikiak osatzeko aukera izan behar du; bere aukerak egiteko modua eduki behar du; espazio ezberdinak aurkitu behar ditu, askatasunez nahi duena aukeratzeko; proposamen egokiekin egin behar du topo; material egokiekin: estetikoak, polisentsorialak, ertainak, handiak, txikiak, bolumetrikoak, ondo pentsatuak, ikertzeko eta esperimentatzeko aukera emango diotenak, asmatzeko bidea irekiko diotenak.

Fitxekin lan egitearen juxtu kontrakoa ari naiz proposatzen. Adibidez, haur bati marrazki bat eman eta barrukoa gorriz margotzeko esaten badiogu, haurrak ez du obeditzea beste aukerarik edukiko, eta ez dio pentsatzeko eta sortzeko eta bere mundua eraikitzeko biderik irekiko. Azken batean, nire ustez, era desberdinetako gauzak egiteko aukera emango dioten espazioak aurkitu behar ditu umeak haur-eskolan: lo egiteko, deskantsatzeko, pixoihalaren aldaketa egiteko, jateko, haizea egunero hartzeko… aukera emango dioten tokiak. Horiek dira eskubideak.

Umeak eskubideak izango ditu, baina atxikimenduzko pertsona erreferenteak faltako zaizkio haur-eskolan.
Umea jaiotzen denetik ez da monotropikoa, nire ustez, hau da, haurrak jaiotzen denetik harreman desberdinak egiteko gaitasuna du. Jaiotzen den unetik haurra politropikoa dela esango nuke. Psikologo batzuek diote haurrak lehenengo lotura amarekin egiten duela, gero aitarekin, gero beste familiarteko batzuekin, gero ezezagunekin… Baina niri esperientziak beste zerbait esaten dit: umeak lauzpabost hilabeterekin haur-eskolara iristen direnetik jarraipena eginda, —eskola hori kalitatezkoa bada eta haurraren ongizatea ziurtatzen bada— behatu dut umeek oso harreman ona izaten dutela amarekin, oso ona aitarekin, eta harreman diferentea, baina era berean oso ona, hezitzaile bietako bakoitzarekin, edota nirekin. Eta hori izugarrizko aberastasuna da umearentzat. Izan ere, haurrak erreferentziazko heldu bat baino gehiago izateko gauza dira, ez akaso 20, baina bai erreferentziaz-
ko pertsona desberdinak. Haurra ezin dugu predeterminatu haur-eskolara joan delako. Esan nahi dudana da haur-eskolako jarduna bateragarria dela ume-guraso loturarekin.

Etxeak eskaintzen ez dituen zein aukera eman ditzake haur-eskolak?
Asko. Adibidez, musika tailerraren adibidearekin jarraituz, zer da guk egin duguna? Bideo bat grabatu, eta ondoren, analizatu egin dugu guztion artean. Eta zer ondorioztatu dugu? Gure gizartean haurtzaroa perkusioarekin eta zaratarekin lotzen dugula, ez hainbeste bestelako soinuekin. Pentsatzen dugu haurrak oso perkusionistak direla eta segituan danborra ematen diegu, jo dezaten. Baina gure hausnarketa da haurrek hori edozein familiatan ziurtatuta daukatela eta hortaz, eskolak zerbait gehiago eskaini behar diela. Horrexegatik, ukelele bat, okarinak, behatzetako kriskitinak, platilo bat, gitarra, Panen txirula, etab. sartu ditugu guk. Instrumentu konplexuagoak dira horiek. Gainera normalean perkusioa sartzen dugunean, sekulako zarata entzuten da eta beste instrumentuak ez dira nabarmentzen, ez dira esperimentatzen, ñabardurak ezkutatu egiten dira.

Beste adibide bat jarriko dut: urarekin egiten ditugun tailerrena. Etxean ere badituzte bainuontziak, baina guk adibidez bainuontzi gardenak eta azpialdea libre dituenak eskain-tzen dizkiegu. Zein da hor diferentzia etxearekin alderatuta? Hasteko eta behin, haurra taldean dagoela. Gaur egun etxeetan ez da hori ohikoa, 1-2 seme-alaba izaten dituztelako guraso gehienek. Bestalde, hainbat material eskaintzen dizkiegu (kartoizko tutuak, kateak…)  flotazioa, ez-flotazioa, objektuak nola urperatzen diren, ur barnean azpialdetik edo goialdetik begiratuta zer nolako itxura duten, etab. esperimentatzeko. Gainera, bainuontzia gardena denez, sarri, haurrak bainuontziaren azpian jartzen dira urarekin zer gertatzen den ikusi nahi dutelako: erortzen ote den, bainuontziaren azpian zergatik ez diren bustitzen…. Zein etxetan dago bainuontzi komunitario garden bat? Zaila da. Aldiz, zenbait haur-eskolatan bai. Hori da nire ustez eskolaren funtzioa: kalean edota etxean ez dauzkaten aukerak ematea eta proposamen horiekin esperimentatzeko modua irekitzea. Guk haur-eskolan beste era bateko proposamenak eskaini nahi dizkiegu umeei, dagoeneko kalean edota etxean dituzten aukerekin bateratzeko.

Gurasoekiko (familiarekiko) harremana ere landu egiten da. Zer garrantzia dauka harreman horrek haurraren garapenari dagokionez?
Umeek bezala, gurasoek ere eskubide batzuk izan behar dituzte: egunero haur-eskolan sartzeko aukera, informatuta egotekoa, eta parte hartzekoa, adibidez. Eta parte-hartzea gauza emozionala ere bada, proiektu bateko parte izatearekin dauka zerikusia.  Zerbait holistikoa da. Hortaz, baldintza horiek guztiak errespetatzen badira, haur-eskolak aukera dezente ematen dizkie umeei nahiz gurasoei.

Nire ustez, eskola familien foro bat izan behar da. Gurasoei bidea eman behar die galdetzeko, hausnarketak egiteko, eztabaidatzeko... Sarri, bileretan irakasleek asko hitz egiten dute eta familiei umeek haur-eskolan zer egiten duten azaltzen die, baina gurasoek tarte gutxi izaten dute euren kezkak, zalantzak, bizipenak, esperientziak… besteekin partekatzeko, eta guraso asko ez dira entzunak sentitzen.

Eta zer egin dezake haur-eskolak gurasoek entzuten zaiela senti dezaten?
Iruñeko zenbait haur-eskolatan haurtzaroaren kulturan oinarritutako hainbat prozesu jarri ditugu martxan. Familiei ari gara hitza ematen. Zer ikusten duten, zein hausnarketa egiten dituzten, zer galdera dituzten… komentatzeko eskatzen diegu, eta harritzen ari gara hitz egiteko nolako gogoa eta beharra duten ikusita, eta baita aitek eta amek haurtzaroaren gainean zer-nolako kultura duten ikusita ere. Haien arteko harremanak estutzeko aukera ere ematen du.

Eskolak familien elkargunea izan behar du, non gurasoek gauzak planteatzeko eta batez ere emozionalki entzunak izateko lekua izango duten. Entzutearen pedagogiaz hitz egin behar da. Entzutea ez da bakarrik besteak zer esaten duen aditzea, entzuten duenak zerbait aldatu behar du, konpromisoarekin. Esate baterako, aita batek esaten badit —eta hau benetako adibidea da— berari haur eskola barruan zer gertatzen den ikustea gustatuko litzaiokeela, entzuteak esan nahi du eskola barrura sartzeko eta zer egiten dugun eta bere haurra zertan ari den ikusteko aukera eman behar diodala.

Zuri irakurria da: “Zenbait ikerketak erakusten dute hezkuntza-proiektu batean gurasoek aktiboki parte har-tzen dutenean, eta familian hezkun-tzarekiko sentikortasuna sortzen denean, orduan bakarrik eskaintzen zaiela haurrei garapen egokia”.
Ikerketek (batez ere Reggio Emilian egindakoek) erakutsi duten bezala, parte hartzeak alde batetik esan nahi du komunikatuta egotea, eta bestetik, konfiantzazko harreman bat eduki-tzea. Gurasoari kontatu diezaiokezu zuk haur-eskolan nola jokatzen duzun, eta galdetu ea berak etxean zer egiten duen, baina epaitu gabe. Epaituta sentitzen bada, ez baitu ezer kontatuko eta hezitzaileon eta gurasoen aurrean harresi bat eraikitzen ariko baikara. “Nik eskolan horrela egiten dut” esan diezaioket, baina ez diot esango berak nik egiten dudan moduan egin behar duenik. Hori ez da zentzuzkoa.

Adibidez, Emmi Piklerri jarraiki, badakigu oso inportantea dela haurraren motrizitatea errespetatzea bere garapenerako, ez dela behartu behar berezkoak ez dituen posturak har-tzera, eta ondorioz, haurraren lehen aroan umea horizontalean edukitzea garrantzitsua dela: badakigu hasieran horizontalean egon behar duela, gero hortik abiatzeko bere mugimendu guztiak. Zer gertatzen da askotan? Guk gurasoei esaten diegu umea horizontalean edukitzen dugula haur-eskolan eta arrazoiak azaltzen dizkiegu. Baina guraso batzuek erabakitzen dute —edota askotan aitona-amonak, lagunak… ere tartean izaten dira— haurra posizio bertikalean edukitzea eta haur-eskolara ere bertikalean ekar-tzen dute. Kasu horretan, umearen esperientzia bertikala da etxean eta horizontala haur-eskolan.  Zer irabazten du umeak? Bi esperientzia dituela: bat gurasoekin eta bestea gurekin. Eta umeak ez du arazorik. Batzuetan esan ohi dugu koherenteak izan behar dugula umeekin jarreretan, jarraitutasuna eman behar diogula euren bizipenari. Teoriak hori esan arren, bizitza oso konplexua da, eta haurrek ez daukate inolako arazorik bi errealitateak uztartzeko.

Hala ere, parte-hartzea askotan zerbait osagarria bezala ikusten da, hautazkoa. Baina garrantzitsua da proiek-tu pedagogikoan txertatuta izatea, ezta?
Parte-hartzea, eskolako jardunaren barruan txertatu ezean, eta hezitzaileen hainbat ordu —derrigorrez bete beharrekoak ordainduta— hori kudeatzera bideratu ezean, partaidetza ez da eskola-proiektuaren barnean txertatuta egongo eta ez du zentzurik izango. Hezkuntza proiektua hezkun-tza soziala da, partaidetzako proiektu bat, gizarte proiektu bat. Eta ez bakarrik gurasoei begirakoa, gizarte osoari baizik. Zenbait ikerketak esaten dute, hezkuntza proiektu batek zerbait aldatu behar duela gizartean, gainon-tzean oso ibilbide motza izango duela, eta ondorioz, ez duela zentzurik izango ezer aldatzeak.

Askotan erabiltzen duzu “haurren kultura” kontzeptua. Zer esan nahi du?
Bizitza, mundua, errealitatea modu propioan ikusten dute haurrek, helduekin alderatuz, beste era batera, eta horri deitzen diot haurren kultura. Adibidez, guk mahai gainean boligrafoa ikusten dugunean, idazteko dela pentsatzen dugu. Haur batek, aldiz, bultza egin eta lurrera botako du. Zuk lurretik jaso eta atzera mahai gainean uzten baduzu, haurrak berriz ere gauza bera egingo du. Berarentzat boligrafoa botatzeko eta hotsa ateratzeko balio duen objektu bat delako, eta ea eror-tzen den baieztatzeko erabili nahi duelako. Haurtzaroaren kultura kontuan izateak esan nahi du, haurrek mundua ezberdin ikusten dutela, pentsatzeko euren modua dutela, iruditeria diferentea dutela, harremanak egiteko beste era bat dutela… horretaz guztiaz jabetu behar dugu haurren kultura errespetatu nahi badugu.

Haurraren kulturaz jabetzen lagun diezagukeen adibiderik jar dezakezu?
Esate baterako, gauza batek ikaragarri harritzen nau: guk, lankide edo lagun izanik, egunero elkartzen garenean, elkarri “egun on” esaten diogu eta bakoitza berearekin hasten gara. Haurrek, ordea, batak besteari sekulako besarkadak ematen dizkiote, eta denbora luzez ikusi gabe egon izan balira bezala jokatzen dute. Horixe da harremanak izateko euren modua. Hortaz, gauzak ikusteko, behatzeko, ulertzeko, planteatzeko… beste modu bat dutela onartu behar dugu.

Beste adibide bat jartzearren, haurrek gauzekin harreman animikoa edo poetikoa edukitzeko gaitasuna dute: “Zuhaitzak entzun ditut hitz egiten”, esan dezakete. Helduok, artista edo poeta izan ezean, esango dugu zuhaitzek akaso hotsa aterako dutela, baina ezin dutela hitz egin. Haurrek ere, heltzen doazen heinean, gaitasun animista edo poetiko hori galdu egiten dute.

Zer egin dezakegu helduok haurren kultura errespetatzeko?
Umeek euren kabuz mundu bat eraikitzen dute eta hezitzaileok ez dizkiegu mundu horretarako bideak oztopatu behar.  Zein da gure rola? Material ez egituratuak lortzea, haien eskura jartzea eta presentzia afektiboa ematea, eta Malaguzzik esaten zuen bezala, ondo esku-hartzen ez badakigu, hobe da ez interbenitzea. Hezitzaileak beti haurren arteko jardueretatik kanpo mantendu behar du, gauzak ez izorratzeko. Bere egitekoa da behatzea, dokumentatzea, haurrengan konfian-tza izatea, eta euren mundua eraiki-tzeko bitartekoak jartzea…

Adibide bat jarriko dut: hiruzpalau ume sukaldeko mahaiaren gainean saltoka eta dantzan ari badira eta guk mahai gainean ez ibiltzeko esaten badiegu, euren mundua mozten ari gara. Guk jakin behar genuke horixe dela haurren kulturatik mahaia ulertzeko modua: mahaia elkarrekin egoteko eta dantza egiteko tokia da. Horrexegatik, mahaia ez ibiltzeko eta handik jaisteko agin-tzen badiegu, aukera bat zapuzten ari gatzaizkie. Aukerak murriztu ordez, umeari proposamenak egin behar zaizkio, ateak ireki, bere mundua eraikitzen utzi eta hasitako bideak ez eten.

Estetikari berebiziko garrantzia ematen diozu. Zergatik?
Estetika ez da dekorazioa bakarrik. Gregory Bateson-ek ematen duen definizioa gustatzen zait niri. Haren esanetan, estetika gauzak eta gertaerak konektatzen dituen egiturarekiko sentiberatasuna da. Ideia oso iradokitzaile, erakargarri eta probokatzailea da. Loris Malaguzzik Bartzelonan eman zuen hitzaldi batean zera galdetu zioten: “Nola lantzen duzue umearen nortasuna edo gorputz eskema?” Eta berak hala erantzun zuen: “Nire ustez, nortasuna lantzeko haur-eskolako sukaldariak tarta bat prestatu behar du eta aitona-amonak gonbidatu behar ditu tarta hori jatera”. Eta zergatia ere azaldu zuen: normalean nortasuna ez da bakarrik nitaz zer pentsatzen dudan, baizik eta baita besteek nitaz zer pentsatzen duten ere. Besteek nirekiko itxaropen batzuk egiten dituzte eta baita nik neuk ere neure buruarekiko. Zenbat eta hobea izan nire buruarekiko irudia, orduan eta autoestimu handiagoa izango dut. Haur-eskoletako umeen gainean zer-nolako kon-tsiderazioa dute aitona-amonek? Sarri kontsiderazio oso baxua dute, baten batzuek pentsatzen dutelako haurrak etxean hobeto daudela. Hortaz, aitona-amonak haur-eskolara tarta jatera gonbidatzen baditugu —eta tarta oso inportantea da, janaren inguruan konfiantza estuagoak eraikitzen direlako gure kulturan—, eta bide batez, haur-eskolan umeek zer egiten duten erakusten bazaie, eta  bideo bat jarriz beren bilobak nola mugitzen diren edota zer nolako gauzak egiten dituzten ikusteko aukera badute, zoragarri. Izan ere, ikusten duten horrekin harritu egingo dira ziurrenik eta esango dute: “Zeinen ongi dauden, ez genuen uste, baina sekulako gauzak egiten dituzte gure haurrek eskolan”.  Orduan umeari gaitasun gehiago errekonozitzen hasten dira aitona-amonak. Eta hori nortasunarekin zuzenean dago lotuta. Malaguzzik haurren nortasuna aitona-amonekin uztartzen du tartaren bidez. Hori da estetika, erlazio ezberdin ikusezinak egiteko gaitasuna.