Fokua ikastean ez eta haurraren garapenean jarri behar dugula dio Huheziko irakasle eta ikerlariak. Familian, eskolan eta komunitatean instrukzioa alde batera utzi eta haurraren gaitasunak errespetatzea hobesten du.

Hezkuntzarekiko inplikazioa duten profesionalak hezi nahi ditu Huhezin irakasle gisa. Psikologian doktorea da Alexander Barandiaran, aita eta Hazitegi ikerlari taldearen koordinatzailea. Haurraren garapen osasuntsua bultzatzeko alderdi metodologikotik egin daitezkeen ekarpenak ikertzen dihardu eskola, familia eta komunitatea testuinguruetan. Haurren garapen -testuinguru garrantzitsuenak diren hiru esparru horiek eskutik helduta ikusten ditu, haurraren hobebeharrez, eta gizarte osasuntsuago baten mesedetan. Paradigma aldaketa bat proposatzen du: haurra gizarte “gaixo” honetara egokitu beharrean, umea zentroan izango duen jendarte-eredua eraikitzea. Horretarako lehen urratsa fokua aldatzea izango dela dio.

Ongizatezko hezkuntza helburu izanik, zein norabidetan ikusten dituzu familia, eskola eta komunitatea gaur egun?
Gizakiak berezkoak ditu bere testuingurura moldatzeko gaitasunak; gizaki natural bat da, testuinguru natural batera egokitzeko gaitua dena. Arazoa da kulturak –garapen ekonomikoak, sozialak...– beste ildo batetik jo duela leku askotan eta naturaltasun horretatik apur bat atera gaituela; azken batean, gizarte presioak eta sortutako eredu honek urrundu egiten gaitu gizakiaren naturaltasun horretatik. Hor dago arazoa, eta uste dut hor dagoela arreta jartzeko gunea. Zergatik? Naturalki dakigunari edo egiten jakingo genukeenari erreparatzen ez diogulako, eta gizarte neokapitalista eta kontsumista batean gaudenez, galdu egiten garelako. Bidenabar esan, gizarte neokapitalista eta kontsumista hau ez dela gizakiaren garapenerako batere osasungarria. Hori da nire tesi zentrala, familiari, komunitateari eta eskolari dagokionez.
Orain askotan pentsatzen dugu umeak hau eta hori ikasi egin behar duela, eta fokua ikaste horretan jarri dugu. Nahastuta gaudela esango nuke. Nik fokua garapenean jartzen dut, ez ikastean. Iruditzen baitzait fokua ez bada garapenean jartzen eta bai ikastean instrukziora pasatzen garela –eta hori da eskolak eta komunitateak egin izan dutena–. Garapena bultzatze hori alde batera uzten dugu, eta ahaztu egiten dugu pertsona moduan garatzeko gaudela.
Naturaltasun hori ahaztu egiten dugu, eta iruditzen zaigu umeak dena ikasi egin behar duela, eta, gainera, ikasi egin behar du gizarte honetara egokitzeko. Gizarte honetara egokitzea astakeria bat da! Hau gizarte gaixo bat da, orokorrean esanda, jende asko ez dago ondo: angustiak (beldurra) jota dago, estresak jota... Hitz egin beharko genuke zer dela-eta gertatzen den hori.
Umea ez badugu modu natural batean ikusten, ikasi eta instruitu egin behar dugula uste badugu, azkenean, behartu egiten dugu: ikasi behar du jaten, ikasi behar du lo egiten, ikasi behar du besteak errespetatzen, arauak barneratzen... mila gauza. Eta hori ez da kontua.

Fokua garapenean jartzea aipatu duzu. Eta haurra ez dela gizarte honetara egokitu behar. Erro-errotik aldatu beharreko bi gauza planteatzen ari zara.
Bai, horregatik uste dut komunitatea eraikitzerakoan erdigunean haurra jarri behar dela. Haurra da gure etorkizuna, baina hala ikusi beharrean hemengo gizarte honetara moldatzea nahi baldin badugu, berriz ere akats berbera errepikatuko dugu, eskolan, kasu askotan, gertatzen den bezala.
Ikasi beharraren ikasi beharraz, umeak angustia batean hezten ditugu, margotzen ikasi behar dutelako, zenbakiak ikasi behar dituztelako... Behar horretan dagoen presioak sormenerako gaitasuna zapuzten du. Zuk nahi duzu umea sortzailea izatea, baina, aldi berean, umeak ezin du nahi duena egin, askatasuna murriztu egiten zaiolako erabat, markatu egiten zaio. Instrukzio- eta transmisio-eredu horretara jotzen du eskolak, baina gero sortzaile izatea exijitzen dio umeari.Ezin da sortzaile izan ez baduzu hori lantzen 0-6 adin tartean, eta denbora oro ereduak jartzen baldin baditugu.

Instrukzioa da eskolaren akatsa?
Hezkuntzak ere fokua garapenean jarri beharko luke. Edukiak gaur egun denon esku daude eta ez dira hain inportanteak. Nik bigarren mailan jarriko nituzke eduki kontzeptualak, horiek nahitaez ikasiko dituztelako umeek, espontaneoki barneratuko dituzte, eta  gainera, bizitza osoa dute horretarako.
Gora begira abiatzen gara. Lehen Hezkuntzarako prestatzen ari gara, eta tradiziotik dator Lehen Hezkuntza arloetan banatuta egotea: errealitatea ez dago arloetan zatikatuta baina guk zatikatzen dugu. Ez dugu zerbait globala egiten, eta, orduan, euren bizipenak eduki kontzeptualekin bete behar dituzte.
Horrekin selekzio bat lortzen dugu, ume batzuk ez baitira gai izango erritmo berbera eramateko. Umea ez duzunean errespetatzen eta ez duzunean pertsona bezala ikusten, mindu egiten da, eta min horrek ondorioak  dakartza; haurra agresibitatez kargatzen dugu. Beraz, instruitze horretan letxe txar asko geldituko da. Uste dut ez dela hori ezer eraikitzeko modua.
Goazen beste gauza batzuei erreparatzera. Giroari, esaterako, eskolan zein familian. Guraso zarenean nahi duzu zure umea ona izatea alor guztietan. Presio horrekin jokatzen baldin baduzu –eta gizartean badago presio hori–, ez diozu haurrari bere erritmoan garatzen uzten.

Eskolaren eredu hori ez ote da familian ere txertatu?
Bai, bai. Belaunaldi-arteko auzia da. Eskolan hori ezagutu baduzu, guraso zarenean eredu horiek barneratu egiten dituzu. Haurtzaroa da kanpotik iragazkirik gabe gehien barneratzen den garaia. Inkontzienteki barneratu egiten dugu, eta ikasitako hori automatikoki erreproduzitzen dugu guraso garenean.
Gure ikasleekin gauza bera gertatzen da. Datozenean, batzuk datoz eskola eredu batetik, agian gustatu ez zaiena, baina hura erreproduzitzera jotzen dute, eta umea aurrekoen modu berean ikusten dute.   

Haur Hezkuntza ikertzen ari den  Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatean sortutako taldea da Hazitegi. Zertan ari zarete?
Hazi batek, haurrak bezala, bere baitan dauka heltzeko, zuhaitza eta lorea izateko behar duena; testuinguru bat behar du. Horixe litzateke, sinbolikoki, Hazitegi.
Umeari garatzeko zer eskaintzen diogun da gure paradigma. Familia da, batetik, gure kezka. Bestetik, komunitatea, eta bestetik eskola. Eskolari dagokionez, garapen osasuntsu hori bultzatzeko alderdi metodologikotik zer egin dezakegun ikertu behar dugu. Orain batez ere txokoetan zentratuta gabiltza, baina gure asmoa da gainon-tzeko estrategia metodologikoen inguruan ere ikertzea.
Komunitatean badauzkagu asmo batzuk esparru horietan eragiteko, udalekin elkarlanean, proiektu komunitario batzuk abian jartzea posible ote den proiektatzen ari gara.
Eta familiekin zerbait eraiki nahi dugu, eta umeekin ere bai. Jolasarekin, espazioarekin, umeen arteko harremanaren bidez espazioaren eraikuntzarekin zerbait egin… Udala, komunitatea, elkarteak, familiak eta umeak sartu nahi ditugu. Aholkularitza ere eskaintzen dugu.

Komunitatearen erdian umea jarri behar dela esan duzu.
Komunitatearen, familiaren eta eskolaren arteko elkarlana behar da; bizipen denborak eta bizipen espazioak behar dira. Eskolak funtzio hezitzaile eta pentsatzailea du, eta eskolak eta komunitateak lokala izan behar dute, ez zentralizatua.

Azaldu dezakezu hori?
Komunitateak komunitatean pentsatu behar du, eta eragile guztiak koordinatu behar ditu. Umea zentroan egonda, familiari ere eskaini behar zaizkio espazio komunak. Espazio komunak esan dut, ez zerbitzua ematea. Denon arteko proiektu komun bat osatu behar du komunitateak. Eskola komunitatearen eskola izan behar da, eta familiak bai eskolan bai komunitatean egon behar dira. Komunitateak koordinatu egin behar du hori guztia, bere egitekoa ez da zerbitzuak ematea. Horretarako, udalak ere beste dimentsio bat hartu beharko luke, eta hezkuntzari erreparatu beharko lioke, bere etorkizuneko biztanleen inguruko hausnarketa egin beharko luke. Horrek eredu lokal bat eskatzen du, deszentralizatua eta integrala izango litzatekeena.
 
Gaur egun zerbitzuka funtzionatzen dugu: haurtzaindegi onak, liburutegi onak... nahi ditugu. Nola alda dezakegu zerbitzuen eredu hori?
Eskola oso inportantea da horretan; ez da irla bat, familiak babestu behar ditu eta komunitatera zabaldu behar da. Gaur egungo familiek babesa behar dute; elkarren arteko babesean oinarrituriko eredu bat behar dute, ez zerbitzuen eskaintzan oinarrituriko eredua.
Eskolak ateak eta gelak zabaltzen badizkio familiari, erakutsi, sarrarazi, haien presentzia bermatu… harreman-leku bihurtuko litzateke eskola. Harreman-leku horietatik sortzen da babesa eta sostengua. Hainbat behar daude gaur egun familiak berak bakarrik bete ezin ditzakeenak, eta udalak hartu beharko luke horretan ardura, gizarte-eredu horretan pisua hartu beharko luke.

Euskal Herrian zein da egoera udalen aldetik?

Zentralismoak ez du kontuan hartzen testuingurua, balio du beste eredu batean, eredu instruktibo batean, gizakiarentzat osasuntsua ez den eredu batean, eredu ekonomiko batean. Baina umea ondo egotea, pertsona osasuntsua izatea nahi baldin badugu, eredu batzuek balio dute eta beste batzuek ez. Horretaz ez daukat dudarik.


Eskola tradizionalaren ereduari buelta emateko ari zarete lanean unibertsitatean.

Gure ikasleek begirada alda dezaten nahi dugu. Hori da gure ekarpena. Hezkuntzan inplikatuta dauden profesionalak hezi nahi ditugu, eta ez “funtzionario mentalitate” bat dutenak. Hezkuntzak, nolabait esateko, militantzia bat beharko luke izan. Hezkuntza eraldatzeko izan beharko litzateke, boterearentzat ez da sekula izan hori, baina beharko luke. Hezkuntzako profesionalak ezin dira egon ordutegiari begira, soldatari begira… Zerbait bokazionala beharko luke izan, umea gara-
tzeko testuingurua prestatzen duena… Zenbat eta gehiago erein, orduan eta emaitza hobeak ateratzen dira. Bere erritmoarekin; ez eduki presarik. Eskolara jendearekin egotera joan, eta jolastera. Eta besterik ez. Eta hori Lehen Hezkuntzara trasladatuta, gauza bera. Bestela erre egiten ditugu umeak. Haurrak DBHra ezer ez zaiela gusta-tzen iristen dira; zeharo desmotibatuta. Jendea pozik eta ondo egotea behar dugu; gero, edozein da gai ikasteko. Behar duguna da jendea motibatuta egotea, eta ikasteari gustua hartzea umeak. Egoera horietan askatu egiten da gorputza, berezkoa baita gorputza askatzea pertsona ondo dagoenean; plazera mekanismo natural bat da gauzak errepikatzeko. Orduan, zergatik ez ditugu egiten plazera ematen duten gauzak? Lehen Hezkuntzatik gora beharretara egokitzen ditugu haurrak, eta plazera desagertzen da. Ez dugu plazer mekanismorik garatzen. Eta, gainera, ikasi behar dutela esaten zaien hori bakarrik ikasten dute, nahiz eta umeari, agian, dena interesatzen zaion eta dena ezagutzeak ematen dion plazera.

Plazera ez ote dugu kontsumoarekin lotzen gaur egun, ez ote dugu gauza materialetara mugatzen plazera?
Ikusita mundua zein gaizki dagoen, konklusioa da bizitza gogorra dela eta hori ere ezagutu beharrekoa dela; ni horrelakoak entzunda nago. Bizitza ez dugu plazerarekin lotzen. Baina beharko luke izan, ezta?
Hor ere norberak bere buruaz hausnarketa egin behar du. Ikasleei esaten diet: daukazuen baliabiderik inportanteena zeuok zarete. Zuek haurraren eta hezkuntzaren inguruan duzuen pentsamenduaren arabera, gauza bat edo bestea eskainiko diozue.

Umea garatzeko prestatua baldin badago, berez, gurasoen eta hezitzaileen egitekoa garapen horren testuinguru egoki bat prestatzea izango litzateke?
Umeak testuinguru osasuntsu batean ez dauka arazorik garatzeko, eta baloratu behar duguna beti da testuingurua, baloratu behar dugu guk zer egiten dugun, zer eskaintzen diogun. Gaitasunetan denok gara berdinak. Gaitasuna dugu harremantzeko, jolasteko, esploratzeko, lotura afektiboak egiteko… Gizakia gizaki soziala da, gaitasun adaptatiboak ditu mundu natural honetarako.
Eskolan ere fokua helduongan jarri  beharko genuke. Zer eskaintzen diogu umeari? Zer giro? Zer espazio? Zer alaitasun? Guk markatzen dizkiogu denborak, gureak direnak, ez umearenak. Eskolan egin behar den berrikuntza da gure testuinguruaz hausnarketa egitea. Umeak eskaintzen diogunaren arabera erreakzionatuko du.
Horren ordez, fokua umearengan jartzen dugu eta umea aldarazten saiatzen gara, baina ez dugu lortzen, ez dugulako errespetatzen ere.

Gaur egun inoiz baino garrantzia handiagoa ematen zaio, ordea, heziketari,  eta gero eta guraso gehiago dira gauzak ondo egin nahi dituztenak. Hor eman da aldaketa bat.
Bai. Gurasoen partetik beti dago horri erantzuteko nahia. Batzuetan, badago presentzia hori, baina fisikoa da, ez da umeari begira dagoen eta zer egiten duen ikusten duen presentzia. Baina fokua gizartean jarrita, sentikortasunaz hitz egin behar da, eta sentikortasunak presentzia bat eskatzen du, eta begirada bat, eta iruditzen zait, kasu askotan, gizartean ez dagoela haurrekiko sentikortasunik.

Haurraren beharrak identifikatu ordez, jarrera sarkorra dauka helduak umearekin?
Sarkorrak gara hainbat gauzatan, umeak ikasi egin behar duelako nahitanahiez; baina, bestalde, badago joera hau: ‘nik ere behar dut denbora niretzat’. Orduan, umearekin egoten garen aldi berean behar dugu beste batekin gaur egun krisiak eragiten digun larritasuna, inseguritatea, beldurrak, presioak... konpartitu. Eta jakina, umeari ondo begiratzeko, beharrezkoa da norbera ondo egotea, gatazkarik ez egotea familian edo bikotean... Norberak bere burua zaindu behar du, baina kontziente izanda hori ere garrantzitsua dela gero umeari begiratzeko.
Tradizioak eragin handia izan du ikasi behar horretan. Umeak ez du besteekin jolasten “ikasi” behar; garatzen uzten badiogu, bere kabuz irtengo zaio, ondorio bat izango da. Horiek ez dira ikasten diren gauzak.

----------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------

“NATURALA EZ DEN JOKAERA AUKERATZEAK ONDORIOAK DITUELA ULERTU BEHAR DUGU"

Fokua garapenean jarri behar duzula esan duzu hasieran, baina hori nola egiten da?
Hainbat gauza inportante kontuan izan behar dira, eta bata segurtasuna da; umeak segurtasuna behar du: bere gurasoek, irakasleak edo komunitateko helduek zeri buruz ari diren badakitela sentitu behar du umeak. Umeak ez daki, ez duelako oraindino mundua ezagutzen, bere beharretan zentratuta dagoelako, baina ikusi behar du berak ez dakien hori besteak badakiela. Eta nor den beste hori? Heldua. Jakina, denok izan dugu inoiz gauzak gaizki edo huts egin izanaren sentsazioa, baina nolabaiteko koherentziaz umeari transmititu behar dioguna da badakigula zertaz ari garen eta ez dadila kezkatu... Umeak ikusten badu gurasoak inkonsistenteak direla, ez dakitela oso ondo nondik jo, ez baditu ikusten irizpidedun pertsona gisa, intseguritatean sartuko da. Zer gertatzen da intseguru gaudenean? Nola hala segurtasuna bilatzen dugu. Umeak bere moduak ditu, batzuk egokiak eta naturalak izango dira (negarra, hitzezko komunikazioa, zeinu hizkuntza...); baina ez badiogu kasurik egiten, umeak beste alternatiba batzuk bilatuko ditu: gauzak apurtzea edo somatizazioa. Itsasontziaren lema helduak hartu behar duela esateko modu bat da hori umearentzat. Umeak segurtasuna sentitzea klabe garrantzitsua da.
Umeak segurtasun horretatik abiatuta, bi gauza baino ez ditu behar: besteekin egotea eta jolastea (besteak bera bezalakoak dira aldi horretan, ez gu), eta hori giro lasai batean izan dadin behar du. Hori testuinguru egoki batean eskaini behar zaio: espazioa, materiala ondo zainduta, esploratzeko bide ezberdinak (esperimentatzeko proposamenak, adierazpideak -plastikoki, gorputzez, musikaz…-) eta kito.

Kulturak naturaltasunetik atera gaituela batzuetan esan duzu, zer da bidean galdu duguna?
Kulturaren bide hau egin dugu eta, bide horretan, batzuetan, naturala alde batera utzi dugu; baina horrek zer ondorio ditu? Hori da ulertu behar duguna: naturala den jokaera alde batera utzi eta naturala ez den hori aukeratzen badugu, ondorioak izango dituela haurrarengan eta harremanean.
Adibidez: orain dela ehun urte loa gela berean egiten zuten gurasoek eta umeak; horrek segurtasuna ematen du. Gaur egun ikasi behar du aparte lo egiten, beste gela batean. Ikaste honek ondorio batzuk ditu, ez delako jokaera naturala; kontuan izan behar dugu, beraz, bakardadeak eta iluntasunak inseguritatea aktibatzen dutelako. Paradoxa batean sartzen dugu umea: esaten diogu ikasi egin behar duela bakarrik lo egiten, baina inkontzienteki beste era batera erreakzionatzen du, ezin du saihestu, bere jokaera naturaletik ateratzen ari baikara.
Umeak bere ama beste ume batekin ikusten duenean, zer egiten du? Aktibatu. Zeloak deitzen dugun hori aktibatzen zaio. Ezin diogu umeari esan ez aktibatzeko jokaera hori. Irteten zaio.
Askotan umeekin gaudeneko giroa bera tentsoa da; beti da behar bat umearengan, beti da “behar du!”. Ume batzuek onartzen dute jokaera hori, baina beste batzuk errebelatzen dira, inkontzienteki. Egoera horietan, helduok pentsatzen dugu nahi duena egiten duela 2 urteko haur horrek, heldu batek bezala joka dezakeela uste dugu; baina ez da hala.

Haurra errespetatua sentitzen ez denean, errebelatze horretatik letorke haurraren agresibitatea?
Agresibitatea berezko zerbait da, animaliak bere burua defendatzeko eta biziraupenerako behar duena. Guk lan prebentiboa egin behar dugu, aktibatu ez dadin. Behar duenean hor egongo da, erabilgarri, baina ez dezagun bultzatu.
Umeak berak, gaizki portatzen denean edo zerbait nahi ez duenean, esaten digu ez dela errespetatua sentitzen, baina ez du nahita egiten. Hor badago beste akats larri bat: intentzionalitatea ikustea umearen jokaeran. Umearen funtzionamendua, hein oso handi batean, % 90ean,  inkontzientea da. Zergatik? Zaila egiten zaiolako umeari kontzientzia hartzea, bere nahiek zerekin zerikusia duten ikustea, frustrazioak edo haserreak zerekin dauden lotuta jabetzea... Oraindino garatzen ari da eta autokontzientzia ez du garatuta.
Umeak era kontsekuentean jokatzen du. Hori ere inportantea da. Bere jokabidea egoera baten ondorio da. Ondo baldin badago, pozik baldin badago, ez dauka intentziorik gaizki portatzeko. Gaizki portatzen denean umeak berak ez du ondo pasatzen. Egoera agresiboetan, gorputza fisiologikoki prestatzen da defentsarako, defentsa-hormonak gehiago jariatzen dira eta ez da ondo pasatzen, horregatik ez da erlazionatzen beste umeekin modu egokian, ez du jolasten... Mina daukalako.

Zein izango lirateke jarrera naturalenak?
Batetik, harreman esanguratsuak egitea helduekin, umea erdi garatuta jaiotzen delako. Autonomia lortu arte, heldua behar du, bere kabuz egin ezin dituen gauzak egiteko. Autoelikatu, segurtasuna… Baina gero naturalena da parekoekin egotea, eta jolastea. Primateek eramaten dituzte kumeak gainean, eta beste kulturetan oraindik hala egiten dute, baina guk jada uzten ditugu leku batzuetan, eramaten ditugu… Lehen esan bezala, erabaki horiek ondorioak izango dituzte.
Beldurra ere bizitza osoan izango dugu, nahitaez, zerbait naturala da. Eta jokabide sexuala ere guztiz naturala da, baina ez gure mentalitate baloratibo-moral horretatik. Umeak mundua ezagutu behar du, eta interesgarria egiten zaiona esploratu nahi du, horri buruz jakin nahi du. Bere gorputza edo bestearena izan daiteke esploratu nahiko duena. Hori egiten duenean, helduaren morala dator eta umea irakurtzen du, berriz ere, heldu bat balitz bezala, intentzio bategaz, helduaren prejuizio, lotsa eta ezintasunetatik begiratzen diogu haurrari. Eta haurra instruitu beharreko zerbait bezala ikusten dugu.