Abenduko Hik Hasi eta neguko Hazi Hezi aldizkariak eskuragarri dituzue jadanik.

Hik Hasi aldizkarian azaroaren 24an eta 25ean Bilbon eta Donostian Hik Hasik antolatuta izan ziren “Hezitzailearen begirada” jardunaldien edukiak jaso ditugu eta Giuseppe Benincasa neuropisikiatra, psikiatra eta psikoanalistari egin diogu elkarrizketa. Umea subjektu emaile gisa ikusten du Benincasak eta titular argia utzi du: “Umea ez da zaindu behar dugun objektua, deskubritu behar dugun subjektua baizik”. Arteari buruzko ekarpena eta Eduardo Chillidari buruzko proposamena ere jaso ditugu, beste batzuen artean.

Hazi Hezin berriz, haurtzaroko etapei eskaini diegu gai nagusia eta fase bakoitzaren berezitasunak aletuz Ane Ablanedoren eta Dona Apellanizen esanak bildu ditugu. Izar Arregi psikologoa topatuko duzue, berriz, elkarrizketa nagusian. Nerabezaroan sortzen diren arazoei buruz mintzatu da Arregi eta bakardadea saihestu eta pertenentzia sentimendua sendotu beharraz aritu da. Dorleta Kortazar ipuin kontalariari elkarrizketa egin diogu ‘Sormenaz’ atalean eta ohi bezala kontsultak, jolasak, iritzia… ere topatuko dituzue.