Matematiken emaitzak hobetzen dira Lehen Hezkuntzan eta berdin jarraitzen dute Bigarren Hezkuntzan; hizkuntzen emaitzak, aldiz, bi etapetan hobetzen dira.

2009tik aurrera, % 3 gutxiagokoa da, batez beste, irakasgai instrumentaletan hasierako maila besterik lortu ez duten ikasleen, erdi mailara pasa direnen, kopurua; % 1,75 gehiagokoa da maila aurreratura sartu direnen kopurua.

“Ebaluazioaren kultura finkatu dugu eta, horretarako, kuantifikatzeko moduko helburuak eta emaitzak hobetzeko planak ezarri ditugu ikastetxe bakoitzean “, azaldu du sailburuak.

 

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua, Isabel Celaá, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean agertu da gaur, 2011n egindako diagnostiko-ebaluazioan lortutako emaitzak jakinarazteko asmoz. Legealdiko lehen bi ikasturteen datuak eskuan dituela, Isabel Celaák izandako bilakaera era positiboan baloratu du. “Aurrerapauso onak ematen ari gara, helburutzat jarri genuen emaitzen % 5eko hobekuntza lortze aldera “, aztertu du sailburuak. “Ikastetxeei emaitzak hobetzeko bultzatzen dituen helburu oso zorrotzak” dira. Hauek, gainera, sailburuak ezarri zituen lehenengo aldiz era kuantifikatu batean.

Jaurlaritzara sartu zenean, irakasgai instrumentaletan (Gaztelania, Euskara eta Matematikak) gaitasunaren hasierako maila besterik lortzen ez zuten ikasleen kopurua % 5 gutxiago izateko helburua ezarri zuen Hezkuntza sailburuak, baita maila aurreratura iristen zirenen kopurua % 5 gehiago izateko helburua ere. Lau ikasturteetako biren datuak mahaian daudela, euskal hezkuntza-sistema helburu hori lortze aldera bidearen erdian dago. Bi ikasturte hauetan % 3 gutxiagokoa da, batez beste, irakasgai instrumentaletan gaitasunen hasierako maila besterik lortzen ez duten ikasleen, horrela erdi mailara pasa direnen, kopurua. Goi tartean, aldiz, ikasleen kopurua, batez beste, % 1,75 gehiagokoa da.

LOEk xedatu zuen legez, 2009tik aurrera egiten da diagnostiko-ebaluazioa, Lehen Hezkuntzako laugarrenean eta Bigarren Hezkuntzako bigarrenean. Instrumentaltzat jotzen diren irakasgaiak beti ebaluatzen dira eta, horregatik, emaitzen bilakaera bat ikus daiteke. Aldi bakoitzean laugarren irakasgai baten, urtez urte aldatzen denaren, emaitzak ere aztertzen dira. 2011n Ingelesa aztertu zen. Kanpo ebaluazioak dira eta “emaitza onak lortzeko, tentsio positiboan dituzte ikastetxe eta hezkuntza-erkidegoak “.

“Ebaluazioaren kultura finkatu dugu eta kuantifikatu ahal izateko moduko helburuak eta emaitzak hobetzeko planak ezarri ditugu ikastetxe bakoitzean “, baloratu du sailburuak. Ikastetxeen eskaerei erantzuna emanez, 2012an ez da diagnostiko-ebaluaziorik egingo, PISA probekin eta hezkuntza hirueledunaren markoa ebaluatzea bezalako beste neurketa batzuekin bat etor ez dadin.

Azterketa zehatza

Hau azpimarratu behar da: 250ekoa da, betiere, gaitasun guztien abiapuntua 2009an eta datu hori sistemaren batezbesteko hasierako baloretzat har daiteke. Horregatik, gaitasun bat beste batekin alderatzea ez da esanguratsua baina irakasgai bera denboran zehar aztertu daiteke. Halaber, bi urteko aldia behar dute ikastetxeek, beren hobekuntza-planak martxan jartzeko eta emaitza esanguratsuak hautematen hasteko eta, horregatik, 2009ren eta 2011ren artean egiten den konparazioa zentzu horretan balio duen lehenengoa da.

Emaitzak arloka aztertuz ikus daitekeenez, gaitasun matematikoaren emaitzak 5 puntutan hobetzen dira Lehen Hezkuntzan eta 250etik 255era pasatzen dira; Bigarren Hezkuntzan gertatzen den 0,7 puntuko aurrerapena, aldiz, ez da esanguratsutzat jotzen. Gaztelaniazko hizkuntz komunikazioaren gaitasunean hobekuntza bat gertatzen da bi hezkuntza-etapetan: 6 puntukoa Lehen Hezkuntzan eta 4koa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Beste horrenbeste gertatzen da Euskarako komunikazioaren gaitasunarekin, 6 puntutan hobetzen baita bi etapetan. Datu horiek Isabel Celaák “oso positibotzat “ jo ditu.

Oso esanguratsua da Euskaran gertatu den areagotzea, A ereduko Lehen Hezkuntzako ikasleen artekoa batez ere; izan ere, batezbesteko balorea 2009an 186koa izatetik 209koa izatera pasa da 2011n. Gainontzeko hizkuntz ereduetan eta Bigarren Hezkuntzan areagotzea ez da hain handia izan.

Gaitasunaren errendimendu mailari dagokionez, emaitzak desberdinak dira. Horiek horrela, Euskaran begi-bistako hobekuntza bat gertatzen da maila guztietan eta % 2,9 eta 2,1 gutxiagokoak dira Lehen eta Bigarren Hezkuntzan, hurrenez hurren, hasierako mailara besterik iritsi ez diren ikasleen kopuruak. Maila aurreratuan ikasleen kopurua nabarmen handitzen da, % 2,2 eta % 2,8 gehiago dira. Gaztelaniazko gaitasunean emaitzak pixka bat desberdinak dira: asko jaisten da hasierako mailako ikasleen kopurua: % 6,6 Lehen Hezkuntzan eta % 4,1 Bigarren Hezkuntzan, baina maila aurreratuan gertatzen den areagotzea ez da handia, % 0,3koa eta % 0,2koa hurrenez hurren. “Kasu honetan joera finkatzea eta behar den hobekuntza eragitea da erronka “ , baloratu du sailburuak, ikasleen errendimendu maila, oro har, irakasgai honetan altua den arren.

Matematiketan emaitzak ere desberdinak dira. Alde batetik, Lehen Hezkuntzan bi muturrek bilakaera positiboa izan dute, hasierako maila % 3,2 txikiagoa eta maila aurreratua % 3,5 handiagoa baitira. Bestalde,  Bigarren Hezkuntzan hasierako mailan ikasleen kopurua % 1 handiagoa da eta sistemaren adierazle negatibo bakarra da hau. Emaitza honen kontrapuntu gisa, maila aurreratuan ikasleen artean gertatu den areagotzea % 1,5ekoa dela esan behar da. “Sakon aztertuko dugun gaia da “, aurreratu du Isabel Celaák.

“Ingelesa guztientzat”

Atzerriko hizkuntzaren emaitzetan alde handia gertatzen da eskolaz kanpoko errefortzua duten eta ez duten ikasleen artean. Lehen Hezkuntzan, eskolaz kanpoko Ingeleseko klaseetara joaten diren ikasleek 265eko puntuazioa, batez beste, dute arlo horretan; klase horietara joaten ez diren ikasleek, aldiz, 244ko puntuazioa dute. Bigarren Hezkuntzan aldea oraindik handiagoa da: 268 puntu dituzte klase partikularretara joaten diren ikasleek eta 236 klase horietara joaten ez direnek.

Azalpenean, errefortzu mota hori normalean erabiltzen duen ikaslearen perfila zein den zehaztu du sailburuak. Zentzu horretan, D ereduko itunpeko ikastetxeetako ikasleak dira Ingeleseko klase partikularrak gehien jasotzen dituztenak, % 55,4 zehatzago esanda; A ereduko ikastetxe publikoetara joaten direnak, aldiz, klase gutxiago jasotzen dituztenak dira, % 8,1. “Familien gizarte- eta ekonomia-mailaren arabera hizkuntz zatiketak ekiditeko premia “ azpimarratu du sailburuak. “Kosta ahala kosta saihestu behar dugun zerbait da “, adierazi du.

Horregatik, zuzentzen duen saila ohiko hezkuntza-aldian Ingeleseko komunikazioaren gaitasuna hobetzeko prozesua sustatzen ari da, hirueletasuna- hezkuntza hirueledunaren markoa-, sustatuz, institutu eta Hizkuntza Eskola Ofizialetan elkarrizketa-laguntzaileen presentzia orokortuz, Lehen Hezkuntzako Ingeleseko barnetegien bidez edo atzerrian egoteko bekak emanez. Ingeleseko eskolaz kanpoko jarduerak ordaindu ahal dituztenen eta ordaindu ezin dituztenen arteko emaitzen aldea ahalik eta txikiena izatea dute jarduera horiek helburu. “Zuzentasun eta aukera-berdintasunaren aldeko apustu argia da, guztientzat nahi dugu Ingelesa “, adierazi du Isabel Celaák.

 

Vitoria-Gasteiz, 2012ko otsailaren 15a