Elena Herrán, Irakaslea eta EHU-ko KalitaTHEZ taldeko dinamizatzailea

 

Sozializazio goiztiarra Haur Hezkuntzan (0-3 urte) izeneko monografikoa argitaratuko du Hik Hasik datorren udazkenean. EHUko KalitatHEZ taldearen lana da eta bertako kide eta dinamizatzaile da Elena Herrán. Erretiroa hartuta, haurtzaroaren eta Haur Hezkuntzako 0-3 etaparen gainean lanean jarraitzen du Herránek. Hezkuntza etapa guztietan irakaslea izan ondoren EHUko Hezkuntza Fakultateko irakasle izan da. Ibilbide luzea egin du eta psikologia eta psikomotrizitate arloko ikasketak egiteaz gain, Pikler pedagogoa da. Berriki eman diote 2024ko Pikler saria eta Budapestetik bueltan elkartu da Hik Hasirekin. 

 

Zorionak, Elena. Budapestetik iritsi berria zara, Pikler Etxeak ematen duen saria jasota. Nolako esperientzia izan da?

Eskerrik asko, lehenik eta behin. Zaila da azaltzea. Nire bizitzan benetan gustuko dudan alorrean lan egiteko zortea izan dut; deskubritu nituenetik, haur txikien inguruan aritu naiz lanean, buru-belarri. Ez nuen halakorik inondik inora espero; eta are gutxiago saria. Oso berezia izan da saria jasotzea; azken batean, urteetako lanari egindako aitorpena izan da. Oso hunkigarria izan zen eta poz handia sentitu nuen. Jaso nuen, asko eskertu nuen eta, aldi berean, nolabaiteko konpromisoa hartu nuen lanean eta ikertzen jarraitzeko, Anna Tardosek (Emmi Pikkler pediatraren alaba eta Budapesteko Lóczy institutuko zuzendari ohia) hala eskatuta. Lóczy Etxeko kideak haur txikien hezkuntzaren militanteak dira: hezkuntza arloan lanean ari dira buru belarri eta haurren onurarako eta pertsonen etorkizun osasuntsu baterako lanean ari direla sinesten dute.

 

Ikertzen jarraituko duzu, beraz, eta, azken batean, profesionalen prestakuntzarako oinarrien bila jarraituko duzu. Oso garrantzitsua da prestakuntza hori, ezta?

Bai, oso. Gaur egun hezkuntza fakultateetan ez ditugu haur txikien hezitzaile izango direnen jarrerak lantzen; informazioa eskaintzen dugu, ez formazioa. Irakasle deitzen ditugu ez hezitzaile, eta horrek bere esanahia du. Lóczyko hezitzaileek gauzak entrenamenduz ikasi izan dituzte beti, azalpen gutxi batzuk jasota, batez ere umea behatuz, mundua haren ikuspegitik ikus eta uler dezaten. Hemen, aldiz, formazio akademikoa hobetsi dugu eta ikasketak amaitu berri dituzten hezitzaileek informazio gehiago edukita profesional hobeak izango direla uste dute, baina haur txikiekin daudenean, galduta sentitzen dira. Ez dute ulertzen ume txiki bat zer den, ezta garatzen edo ikasten nola doan ere. Eta ume txikiak hainbeste zeregin du eskolako ikasketekin hasi aurretik! Lóczyn, umeekin zerbait ondo ez doanean, etengabe hutsetik hasi behar dela esaten da. Bertan sarritan erabiltzen den esaldi batek zera dio: “Dakiguna baino ez dugu ikusten”. Eta egia handia da: demagun ume batzuk zuhaitz baten ondoan daudela inurritegi bati begira, gainean hostoak jartzen... Begirada zabaldu ezean, oso zaila da jarduera horretan, natura bera, matematika, logika edo arreta eta jakin-mina ikustea. 

 


"Formazio pertsonalagoa behar da, Lóczyn egiten duten entrenamenduaren antzekoa; hezitzaileek eguneroko gauzak nola egin behar dituzten jakin behar dute eta horretan trebatu behar dira"


 

Sozializazio goiztiarraren gaia landu duzue zuen lanean. 0 eta 3 urte bitarteko haur askok ordu ugari pasatzen dituzte haur-eskolan edo eskolan. Sozializaziorako espazio garrantzitsu bihurtu al dira haur-eskolak azken urteotan?

Erabat. Haur-eskolen barnean, hainbat atal daude: alde batetik, hezitzaileak eta haien formazioa daude, bestetik enpresa dago –mugikortasuna kontratuak, lan-baldintzak…– eta, horrez gain, haur-eskolaren baldintza fisikoak ere kontuan hartu behar dira. Uste baino konplexuagoa da dena eta baldintzen arabera, guraso gisa alaba edo seme txikia haur-eskolan lasaitasunez uztea, oso gogorra gerta daiteke. Ni ez naiz haur-eskolen aurka mintzatuko, jakina, baina ulertzen dut gurasoek zalantzak eduki ditzaketela. Profesional apartak behar dira eta, horretarako, irakasle ikasketetan akademikoa ez den formazio hori ere txertatu beharra dago. Formazio pertsonalagoa behar da, Lóczyn egiten duten entrenamenduaren antzekoa; hezitzaileek eguneroko gauzak nola egin behar dituzten jakin behar dute eta horretan trebatu behar dira. Formazio akademikoa oso inportantea da, baina ezin gara horretara mugatu. Ikasleek onartzen dute, adibidez, sekula ez dutela pardelik aldatu, eta 0-3ko hezitzaile izateko tituluarekin aterako dira unibertsitatetik. Horiek, esate baterako, behin lanean hasita ikasten dituzte halako zaintzak, ez ikasketak egiten ari diren garaian. Horrez gain, instituzioek, ume txikiekin ere nolabaiteko uniformetasuna egotea nahi dute eta hori ez da posible: ez dira gauza bera Altzoko haur-eskola –txikia eta euskalduna –edo Arrigorriagako edo Bilboko eskola bat –askoz ere handiagoa eta euskal hiztun gutxiago duena–. Formazioari dagokionez, erabakiak goitik datoz, ez dira hezitzaileen interesak, jakintza edota esperientzia kontuan hartzen eta hori ere nahiko arazo larria da. Lehenik eta behin nolako profesional taldeak dauden, zer jakintza maila eta zer interes duten, zer hobetu nahi duten, zer aldatu nahi duten… ikusi beharko litzateke eta hori izan beharko litzateke heziketa talde onak izateko abiapuntua. 

Hainbat hutsune daude. Esaterako, haur-eskoletan ez da patiorik egoten eta daudenak zementuz egindakoak dira, ez dago zuhaitzik, ez lorerik… Material gehienak, ekipamendua, objektuak edo jostailuak, berriz, ume handiagoentzat diseinatutakoak dira; oso antolatuak, egituratuak… Etxean argi ikusten da: zergatik nahiago du umeak opariaren kutxarekin jolastu bertatik ateratako jostailuarekin baino? Ba jostailuak ez duelako aukera handirik ematen eta kutxak, aldiz, hamaika aukera ematen dituelako. Txikiek oso beharrezkoak dituzte euren mailarako egokiak diren jostailuak eta horiekin batera, bizitza arrunteko objektu seguruak: ontziak, koilarak, otzarak, liburuak… edo materialak: artilea, ehun zatiak, adarrak, pinaburuak, hostoak… Malgutasun handiz jokatu behar da horretan.  

 


"Ume txiki bat ahalik eta ordu gutxien eraman behar da haur-eskolara. Badira haur-eskolan egunero zazpi orduz egoten diren umeak eta hori ume txikiarentzat larregi da"


 

Haurrak familiarekin egin ohi du lehen mailako sozializazioa eta eskola, bigarren mailako sozializazioari dagokio. Zer eragin du haurrarengan etxea utzi eta eskolara hain goiz joateak?

Denborak esango digu horren eragina zein den, baina, esate baterako, gizartean psikologikoki arazo kezkagarriak sortzen ari dira aspaldian: izaera ahulak, egonkortasunik eza, nortasun-nahasmenduak… Eta adituek diote teknologia berriek hori guztia areagotu dutela. Ume txiki bat ahalik eta ordu gutxien eraman behar da haur-eskolara. Badira haur-eskolan egunero zazpi orduz egoten diren umeak eta hori ume txikiarentzat larregi da. Badakit gaur egungo lan egoerak hori bultzatzen duela, baina gurasoek buruan izan beharko lukete umea halabeharrez uzten dutela baina, haien beharrizan handia dutela hasierako urte horietan. Beraz, umearekin dauden denbora tarte horietan, kalitatezko uneak eskaini behar dizkiote. Umearekin egon behar dute, behar duen arreta eskainiz eta, batez ere, bere kabuz egin ezin duen horretan lagunduz. Horretan datza segurtasunak. Gurasoak umearekin gauzak egiten edo leku miragarrietara eramaten saiatzen dira sarritan, baina ume txikiarentzat lekurik preziatuena gurasoekin egotea da, familia edonon delarik ere. Parkera eramaten badute, haren ondoan bere beharrei adi egotea eta nekatuta ikusten badute, etxera joatea eskaintzea, adibidez. Norbere begirada norberarengandik harago luzatzea da, umea bera deskubritzeko. Erronka handia da, baina behar-beharrezkoa. Bestela, umeak jasoko duen mezua da ez dela garrantzitsua, inor ez dela harekin arduratuko, ezintasunen edo zailtasunen aurrean bakarrik dagoela… eta horrek aurrerantzean ondorio larriak ekarriko dizkio. 0-3 etapako eskolatze goiztiarra kalitatez egin ezean, arazoak sortuko dira. Adin tarte horretan emozioak dira umeak adierazteko duen modua eta horiek behar bezala kudeatzen ez badira, pertsona horrek jai izango du etorkizunean; beldurrak, larritasunak, antsietateak… etengabe asaldatuko dute.  

Eskolan eta haur-eskolan, bereziki, curriculuma harri bihurtu da heziketarako bidean. Irakasleak konturatzen dira curriculumera jotzen duten bakoitzean galduta daudela, beharrizanek baino indar handiagoa hartzen duelako. Curriculuma gainjartzen da, kontzienteki edo inkontzienteki: koloreak lantzea, esate baterako. Koloreak arropan daude, kalean, edozein tokitan, eta horiek lantzeko ez dago curriculumaren beharrik, baina curriculuma lasaigarria da eskolarentzat eta irakasleentzat. Hori errotik aldatu behar den arazo handia da, zeren erronka nagusia ume den pertsonaren portaeraren ulermena da eta osasuntsu garatzen jarrai dezan, dagozkion baldintza fisikoak eta giza baldintzak eskaintzea. Horrek ez du lekurik curriculumean; beste bat behar da. 

 

Nolako giroa sortu behar da haur-eskolan etxetik eskolarako salto hori ahalik eta arinena izan dadin? Zer eskaini behar dio haur-eskolak haur txikiari?

Ideia haur-eskola familiaren jarraipena izatea da, eta horretarako baldintzak egokitu behar dira. Hezitzailearentzat oso baliagarria izan daiteke bere ardurapean dagoen ume bakoitzaren etxean gauzak nola egiten diren ikustea: adibidez, egokitzapen garaian gurasoak hezitzailearen aurrean umeari pardela aldatzea, jaten emate edota nola hitz egiten dion ikustea. Hori guztia oso garrantzitsua da; urrezko informazioa ematen digu eta harremana nolakoa den ikusten dugu. Etxetik datorrena jaso behar da, etxeko giroa eta familia epaitu gabe eta gero, haur-eskolak, hori guztia kontuan izanda, bere bidea abiapuntu horretatik egin behar du. Hasiera batean etxeko era aintzat hartuta arituko dira, baina denboraren poderioz, haurrak eskolako giroan beste era batera jokatzen eta bere ardura duen hezitzailearen erara egokitzen ikasiko du. Bestela, naturaren kontra goaz. Eskolako baldintzak eta etxekoak oso desberdinak dira. Umea ez dago etxean bezala, bakarrik; taldean dago, talde hori txikia bada ere, eta haur-eskolako helduak profesionalak dira, ez senideak. Ondorioz, kontuan hartu behar da, haur-eskolako hezitzaileek umeekin duten harremana profesionala dela, oso desberdin maitatzen baita haurra etxean eta eskolan. Zer pentsa eman beharko lukeen Lóczyko beste esaldi bat da hau: “Hezitzaileak umea maite du umea zaintzen duelako eta amak umea zaintzen du umea maite duelako”. Batetik besterako aldea interesgarria da.

 

Haur-eskolako egun baten errepasoa egin duzue nolabait zuen lanean. Zer azpimarratu nahi izan duzue? Zein momentu nabarmendu nahi izan dituzue?

Behaketa bidez lortutako material asko genuen eta hori nolabait antolatzeko, egunaren ordenari jarraitzea erabaki genuen. Profesionalei kosta egiten zaie egunaren ordena zer den ulertzea: ordutegia eta egunaren ordena ez baitira gauza bera. Ume txikiarentzat egunaren ordena egunean zehar gertatuko diren gauzak zer ordenetan gertatuko diren izango da, baina berari ez zaio axola gertatzen dena 9:15etan edo 8:30etan gertatzen den, lehenago edo beranduago, egunero gertatuko baita. Goiz datozen umeen kasuan, eskainiko zaien arreta antolatzerakoan goiz etorri direla hartu behar da kontuan, horrek adierazten duelako goiz gosaldu dutela eta bazkaria ere goiz eman beharko zaiela, batez ere jatunak baldin badira. Hezitzailearentzat, aldiz, ordutegiak garrantzi handia du, lanera ordu jakin batean sartu behar duelako eta, ondoren, ordu jakin batean atera behar duelako. Hala ere, nahiz eta hezitzailearen ordutegia oso zehatza izan, umea berdin-berdin koka daiteke haren zereginaren erdigunean, umearen erritmoen eta beharrizanen arabera lan eginez. 

Bestalde, adibideak jartzerakoan, adinak nahastea erabaki genuen 0-3 etapako garapen sozialari ikuspegi zabalago bat eman nahi geniolako. Normalean, sailkapenak adinaren arabera egiten dira eta, gehienetan, horiei mamia atera beharrean, profesionalak sailkapena zuzentzera edo haien errealitatera egokitzen ez dela argudiatzera mugatzen dira. Hori saihesteko nahasi ditugu adinak.

 


"Etxetik datorrena jaso behar da, etxeko giroa eta familia epaitu gabe eta gero, haur- eskolak, hori guztia kontuan izanda, bere bidea abiapuntu horretatik egin behar du"


 

Baina badira egunero gertatzen ez diren baina garrantzitsuak diren gertakariak ere, hezitzaileek aintzat hartu behar dituztenak… 

Bai, asko gainera. Esate baterako, tarteka izaten dira jai eta egun bereziak ere. Ospakizun asko izugarriak izaten dira ume txikientzat. Era horretako hausnarketa bat plazaratzea interesgarria iruditu zitzaigun batzuetan ume txikiek gorriak pasatzen dituztelako ospakizunetan parte hartzera behartuta. Heziketa taldeak sakon hausnartu beharko luke horiek egiteak merezi ote duen.

 

Adibide praktikoak dira, kasu errealetan oinarrituak. Eta ondoren, zuen irakurketa egin duzue egoera horiei aurre egiteko tresnak eskainiz. 

0-3 tartean dena sozializazioa da. Hezitzaileak eguneroko jardunean zer gauza kontuan har ditzakeen azaltzen saiatu gara. Konturatu gara hainbat kontu ez direla erraz ulertzen, eta argitu egin behar direla: badira zaintzak, gurasoekiko harremanak, arazoak… Baina horren guztiaren atzean dagoena agerian utzi nahi izan dugu amaieran laburpen txiki bat eginez. Haur bat jolasean ari bada –materialak alderatzen edo koloreak begiratzen, adibidez–, hortik harago, hainbat alderdi aintzat hartu beharko dira: duen postura fisikoa, jostailuak erabiltzeko arauak dioena errespetatzeko gai ote den –bera zerbaitekin jolasten ari den bitartean berea dela eta ezin diola inork kendu–, eta abar. Adibide bakoitzarekin batera gorabehera horiek azaltzeko eta hezitzaileak kontuan hartu beharreko beste irizpide batzuk jasotzeko ahalegina egin dugu. Begiak apur bat gehiago zabaltzea da helburua.  

 

Hezitzaileek familiekin duten harremanak leku berezia hartzen du etapa horretan. Hurrengo etapetan baina estuagoa izaten al da? 

Bai; erabat. Adin horretan hezitzaileen eta familiaren arteko harremana oso garrantzitsua da. Hausnarketan familiarekiko errespetu osoa islatu nahi izan dugu zeren eskolak, bere kabuz eta familia kontuan hartu gabe, ezin du ezer egin. Haur-eskola familiaren ordezkoa da hura ez dagoen bitartean. Ez gehiago, ezta gutxiago ere. Eskola oso garrantzitsua da guraso gehienentzat eta batzuentzat lagungarria ere bada: hainbat momentutan euren erabakiak baieztatzen eta beste batzuetan aldaketak egiteko hausnartzen laguntzen die, adibidez. Gurasoentzat oso baliagarria da eguneko informazioa jasotzea eta egoerak ulertzen lagunduz gero, askoz ere patxada handiagoarekin aritzen dira egunerokoan euren seme-alabekin.

 


"Zaila da, zeren eskola bakoitzak bere dinamika du, baina denak umea erdigunean jartzen duten dinamikak sortzen saiatuko balira eta hezkuntza estilo jakin bat balego, askoz ere errazagoa izango litzateke guztia"


 

Galdera bat planteatzen duzue hausnarketan: ea 0-3 urteetan sozializazio optimoa sustatzeko modurik ba ote den. Ba al da modurik?

Bai, bada. Baina horretarako laguntza handia, jakintza handia eta baliabide anitzak eta egokiak behar dira. Hezitzaileek egonkortasunik izango balute, hezkuntza proiektuak aurrera eramateko askoz ere baldintza hobeak izango lituzkete. Zaila da, zeren eskola bakoitzak bere dinamika du, baina denak umea erdigunean jartzen duten dinamikak sortzen saiatuko balira eta hezkuntza estilo jakin bat balego, askoz ere errazagoa izango litzateke guztia. Kasu horretan hezitzaileak umeekiko, taldearekiko edota ordutegiekiko egokitzapena egin beharko luke, baina eskola guztietan oinarri bera izango litzateke eta horrek profesionalen lana asko erraztuko luke. Gauzak bestelakoak dira, ordea, eta hezitzaileek hutsetik hasi behar dute etengabe, zoritxarrez. 

 

Galdera laburrak

01. Eskola garaiko oroitzapen on bat? 

Irakasle batek tebeoak uzten zizkigun ikasgelan, tarteka irakurtzeko.

02. Eskola garaiko oroitzapen txar bat? 

Cara al sol abestu behar izatea. 

03. Nolako eskola amesten duzu? 

Gizakiarentzat egindako eskola, pertsonengan benetan sinesten duena. Horiek dira benetan kalitatezko eskolak: pertsonengatik merezimenduengatik baino askoz ere gehiago arduratzen direnak.

04. Zuretzat garrantzitsua den balore bat?

Bat baino, hiru, hezteko eta bizitzeko niretzat ezinbestekoak direnak: konfiantza, onarpena eta errespetua. 

05. Hezkuntzari buruzko film bat edo liburu bat? 

Serie daniar bat aipatuko nuke: Rita.