MIREN ARTETXE BERTSOLARIA ETA EHU-KO IRAKASLEA

2022-05-09

“Gazte-identitatea gakoa da: ezin duzu euskarazko identitate linguistiko bat sortu
gazte-identitatetik aparte”

Bertsolaria eta EHUko irakaslea. Iaz amaitu zuen tesia, 'Ipar Euskal Herriko bertso-
eskoletako gazteen hizkuntza-ibilbideak. Gazte-identitateak, hizkuntza-mudantzak eta legitimazio-prozesuak' izenburua
duena, izan dugu hizketagai. Betiere
gazteak erdigunean jarrita, Ipar Euskal
Herriko euskararen egoeraz aritu da, eta baita bertso-eskolen osasun onaz ere.
Familiak eta ikastetxeak hizkuntzaren
ezagutzan eta erabileran duten
garrantzia gutxietsi gabe, argi du gazteen aisiari garrantzi handiagoa eman behar diogula helduok, paradoxikoa badirudi ere. Gazte-identitatea eraikitzeko helduleku eta pertsona erreferente gehiago aldarrikatzen ditu behin eta berriro, garai estrategikoa dela azpimarratuz. Ez du aukera galdu nahi izan ikerketan parte hartu zuten gazteei beren eskuzabaltasuna eskertzeko.

 
 

Euskarazko Tesien VII. Koldo Mitxelena saria jaso berri duzu, Gizarte eta Lege Zientzien arloan. Zer adierazten du horrek zure lanerako?
Egia esan, poza eman dit, aitorpen bat da. Ilusio handiagoa egingo lidake gizarte-zientzietako tesi onenaren saria izatea, eta ez euskarazkoa… Baina, tira, beti dago ondo euskaraz ikertzen dugunontzat horrelako sari bat egotea, bereziki euskaraz ikertzeari sinbolikoki balio bat ematen diolako. Ez dut uste inork egin duenik tesia euskaraz sari hori irabazteko esperantzan, baina bada horrelako keinu bat da. Nire irakasleekin gogoratu nintzen gehien; Iparraldeko ikastoletan ikasi dut, eta 6. mailatik aurrera, Frantses Hezkunde Nazionalaren programa zegoen; frantsesezko liburuak geneuzkan, ez zegoen euskarazko libururik, eta gure irakasleek liburuak frantsesez zeuzkaten; ariketak euskaraz sortzen zituzten, frantsesez irakurri, eta aldi berean euskarazko terminologia bilatu eta unean bertan itzuli… Hori egin zutelako izan da niretzat naturala euskaraz ikastea eta euskaraz ikertzea.

Zergatik aukeratu zenuen gai hau tesia egiteko?
Nire ibilbide akademikoa Euskal Filologiarekin hasi nuen; gero, Bartzelonara joan nintzen, eta linguistika hasi nintzen ikasten, beti hizkuntzekin bueltaka. Nire gurasoak Hegoaldekoak dira, ni Iparraldean nengoen, bi dialekto, hiru hizkuntza… Behin linguistikan masterra egin nuenean, konturatu nintzen niri interesatzen zitzaidana gizartearekin lotura zeukan zerbait zela, nik ez nuela fonologia modu abstraktu batean ikertu nahi. Baina ez nekien oso ondo zer egin. Euskal Herrira itzuli nintzen; betiere, euskararen inguruan lanean aritu nintzen, eta halako batean, Bertso Udalekuetan eta eskoletan gazteekin nenbilela, esan nuen: “Hauek euskaraz hitz egiten dute, eta diskurtso guztia da zergatik ez duten gazteek euskaraz egiten. Agian galdera da zergatik egiten duten!”. Hortik abiatu nintzen. Hizkuntza-plangintzako ikastaroa egin nuen lehenik, soziolinguistika eta antropologia linguistikoan espezializatu nintzen pixka bat, baina, batez ere, tesian zehar joan naiz bidea egiten. Gazteak ikusi, haiekin egon, elkarrizketak egin, eta hor hasi nintzen konturatzen nondik zihoan afera, eta ez zen nik uste nuen bidetik.

Eta nondik zen?
Nik uste nuen bertsoarekiko pasioa zela gehiago, bertsoa zela izendatzaile komuna, eta horri begiratzen hasi nintzen. Kontua da, nik ikusi dudanetik behintzat, [gazte hauek euren artean euskaraz egiteak] ez daukala hainbeste lotura bertsoarekin berez, baizik eta bertsoaren inguruan eta aitzakian sortzen diren talde-dinamikekin.
Gazteek gazte-identitate bat behar dute; 16-17 urterekin gaztetxoengandik desmarkatzen hasten direnetik 30 urte inguruko gazte izan arte, urte asko pasatzen dira, eta identitate hori euskaraz garatzeko heldulekuak behar dituzte. Ados, orduan gazte-
identitatea da gakoetako bat. Ezin duzu euskarazko identitate linguistiko bat sortu gazte-identitatetik aparte. Beharrezkoa duzu gazte-identitate bat bizirik irauteko; eta hori euskaraz garatzea ahalbidetu behar da.
Ikusten nuen bertso-eskolan bazeudela hainbat elementu, haiei gazte-
identitate bat sortzeko balio zienak, haientzat positiboak zirenak. Batetik, bertsolaritzak lotsa gainditzeko espazio bat ematen die: finean 15-16-17 urte dauzkate, gelan hitz egitea tortura bat da, epaituak sentitzen dira, denbora guztian botere-harremanak daude… Eta bertso-eskolan, aldiz, inprobisatu egin behar dute, eta gaizki, barregarri gelditu behar dute, bai ala bai. Beraz, gazte bat astero hara joaten bada, giro bat dagoelako da. Bertsotan egiteak berak sortzen du giro hori, zeren zuk badakizu gaizki egiten ari dena orain zu zarela, baina hurrengoan beste bat izango dela, eta, orduan, dinamika horretan sortzen da. Daukaten sentsazioa da: “ni neu naiz”; gainerako esparru guztietan erabiltzen duten maskara kentzen dute. Bestetik, bertsoetako gaien inguruan pentsatu egin behar da; ofizio bat jartzen dizute: zer esango nuke nik?, zer esan dezake besteak?, zer erantzungo diot nik?, nola begiratu diezaioket gai honi?… Askotan, gaiak gazteen bizitzarekin erlazionatutakoak dira; beste batzuetan, gai sozialak dira. Beraz, ez da soilik bertsotan egiten duten unea; gero, digresioak gertatzen dira: “Hau esan zenezakeen, edo beste hura”... Daukaten sentsazioa da bertso-eskolan jorratzen dituzten gaiak ez dituztela komentatzen dantzako lagunekin edo futbolekoekin.

Zer profiletako gazteak dira? Noiztik dute aukera bertso-eskola hauetan parte hartzeko?
Bertso-eskola desberdinetatik datoz; DBH 1 izango litzatekeen mailan hasten dira batzuk, eta beste batzuk ez. Gero, kolegiora doaz, batzuk Ziburukora, beste batzuk beste batera; garai honetan, batzuk bertso-eskolan dabiltza, eta beste batzuk ez. Ondoren, batzuek lizeoan segitzen dute, eta beste batzuk orduan hasten dira; gehienek jarraitu egiten dute. Baina oso profil desberdinetakoak dira; zuberotarrak, baxenafarrak, kostaldekoak, Baionakoak… Oso diferenteak dira errealitateak, eta linguistikoki ere oso profil desberdinak dituzte; badago Urruñako bat gurasoekin erdaraz, baina aitona-amonekin euskaraz egiten duena, eta eskolan, nahi duen hizkuntzan. Beste batek gurasoekin frantsesez egiten du, baina eskolan euskaraz. Beste batzuek biziki euskaraz egiten dute etxean, baina ama bizkaitarra daukate, eta aita ere bai. Hau da, denetik!

Euskararen erabileraz ari zara. Ezagutzatik erabilerarako tartea handia dela nabaritzen da ikerketa honetan?
Hor dago mamia niretzat. Badakigu ezagutzatik erabilerara sekulako tartea dagoela, eta badakigu gazteak euskara galdu eta galdu ari direla, eta gu ari gera esaten: “Zergatik ez duzu egiten euskaraz! Guk D eredua eman dizuegu, guk literatura eman dizuegu!...” Ba, niretzat, tarte hori da gazte-identitatearena. Adin horretako pertsona batek ezin badu garatu gazte-identitatea bere biziraupenerako eta bere garapenerako, eta horixe da une horretan haren lehentasuna, ezin bada sentitu gazte guaya euskaraz, bada euskarak ez dio balio. Baina, noski, ordura arte euskaraz egiteko nahia gurasoek eta eskolak izan dituzte, juxtu gaztetan erreferente izango ez direnek. Gaztea zarenean, zure erreferente maximoak zure adinkideak dira. Beraz, gazteek espazio bat behar dute, euren adinkideekin euskaraz hitz egiteko. Baina familiatik eta eskolatik kanpoko adinkideekin; eta hori ematen du bertso-eskolak. Gainera, honako hau sentitzen dute: “Ostras, euskaraz zerbait guaya ari naiz egiten, gazte gisa ari naiz garatzen; horrek gero balio dit gazte gisa erremintak hartzeko: lotsa galtzea, jakitea zer pentsatzen dudan, eta orduan modu kolektiboan aritzea”.

Oasi txiki bat dira, beraz, bertso-
eskolak aisialdian? Familiatik eta eskolatik kanpo gazte-identitate hori garatzeko leku bat?
Bai. Gainera, irla bat da aldi berean, baina oso konektatuta dagoena beste irla batzuekin. Artxipelago bat bezala da: bertso-mugimendua dago, topaketak, udalekuak, parrandako lagunak… Sozializatzeko beste espazio bat ematen die horrek guztiak. Askok, adibidez, selektibitatea Hegoaldean egiten dute, unibertsitatean han ikasi ahal izateko, eta han topatzen dituzte bertso-mundutik ezagutzen dituzten lagunak. Beraz, sozializatzeko sare bat ere bada haientzat.

Zer eskaintzen dio bertso-eskolak gazte bati hizkuntza-mailan?
Nik 15 urtetik gorakoen kasua ikertu dut, eta, izan etxetik euskara dakiena edo izan eskolan euskara ikasi duena, bi urtetatik ari dira denak euskaraz eskolan. Denek dute oso ezagutza-
maila altua. Horrelako jakin-mina sortzen zaie errima batzuekin eta euskalkiekin, adibidez... Badaukate hizkuntzarekiko kezka. Baina horraino, ez dut uste gehiago ematen dienik. Ortzaizekoa baldin bazara, esaterako, hango euskara ezagutzen duzu; eskolara pasatzean, beste input batzuk dauzkazu, eta bertso-munduak beste batzuk ematen dizkizu. Ez dut landu hizkuntza-mailari dagokionez bertsoak zer ematen dion gazte bati. Hala ere, jakin badakit, esaldi bat 13 silabatan bertso batean sartu nahi duenean, morfologia, sintaxia, semantika eta dena lantzen dituela, adibidez. Baina uste dut, egiatan, ematen duena baino gehiago dela jendearen pertzepzioa. Adibidez, ikasle batek kontatu zidan behin, urtero bezala EGA egiteko eguna gertu zuela, lagun batek esan ziola, nahiz eta gurasoak frantsesak izan, azterketa gaindituko zuela, bertso-eskolan zebilelako. Pertzepzio hori badago, badirudi bertso-eskolan daudenak euskal filologoak direla. Baina ez dut uste bertsotan egiteagatik hizkuntza-
maila hobetzen denik. Hori beste batek ikertu dezala!

14 gazte elkarrizketatu dituzu, eta baita zure adineko bi ere, konparazioa egiteko. Zer berdintasun eta desberdintasun aurkitu dituzu?
Pila bat. Lehenik eta behin, ikusi egin behar da bertso-mugimenduaren aldaketa Iparraldean. Gu hasi ginenean, ez zegoen bertsolari gazterik Iparraldean. Amets (Arzallus) eta Sustrai (Colina) baldin badira lehenengoak, ni baino bi eta hiru urte gehiago dauzkate, eta bertso-eskola berekoak ginen. Beraz, ez geneukan erreferenterik. Denak zaharrak ziren, eta ez ziren batere erakargarriak guretzat, zero! Gu bertso-eskolan bageunden, hegoaldeko erreferentziagatik zen; gehienok ginen hegoaldekoen seme-alabak, eta zerbaitengatik da; eta bestalde, bertsoa gustatzen zitzaigulako; hau da, frikismo puntu bat zegoen hor. Bestela, ez duzu hori aguantatzen. Guretzat, bertso-eskola lotsa ematen zigun zerbait zen: “Bertso-eskola daukat astelehenean”, “zer egiten duzula?” Lotsa ematen zigun! Gerora, garai hartatik gaur egunera arte igaro diren 15 urte horietan, gauzak asko aldatu dira. Bat: askoz bertso-eskola gehiago daude, eta umetatik hasten dira; beraz, normalago bihurtu da. Bi: bertsolari gazteak daude, ez dira bakarrik Arzallus eta Colina; Odei Barroso da bertso-eskoletako irakaslea, munduan dagoen gauzarik guayena da gazte batentzat! Bertsolarien irudiak ez dira jada Laka, Miura, Ezponda eta baserri izenak dauzkaten horiek, gure erreferenteak izandako horiek. Asko aldatu da bertsolaritzaren irudia. Guk Nafarroako finalean kantatzen genuen, Iparraldeko finalik ez zegoelako. Nire eskolakoak ez ziren enteratu ere egin nik kantatu nuenik, hurbilekoak soilik. Aldiz, Maddi Sarasua Xilabako finalera iritsi zenean, autobusa muntatu zen Lizeotik! Gazteentzat norbait da, Xilaban abestu duelako. Bestetik, bertsolaritza lotuago dago gazte-kulturarekin gaur egun; gure garaian, bertsolaritza ez zegoen gazte-kulturan. Zer pasatzen da orduan? Bertso-eskoletan daudenak ez direla agian hain bertso-frikiak; ez daude hor bertsoagatik. Ziur nago bertsotan edo beste zerbaitetan jarrita ere funtzionatuko lukeela. Antzerkian, esaterako. Aldi berean, haientzat askoz ere guayagoa da bertso-eskola, badituztelako eskolen arteko topaketak, eskolarteko txapelketetan ezagutzen duzun jendea… Ni eskolarteko txapelketetara joaten nintzen urtean behin, finalera; Iparraldetik zuzenean pasatzen ginen, kantatu eta buelta. Eta haientzat, udalekutako lagunak berriz ikustea da, planak egitea… Hori dena aldatu da.

Genero-ikuspegitik ere ikertu duzu? Eta, hala bada, zein ondorio atera dituzu?
Ez dut aztertu zuzenean genero-
perspektiba batetik. Egin dudana da aplikatu antropologia feministako teoriak, kontzeptuak eta metodologiak hizkuntzara. Bestetik bertso-
eskoletako elementuak ikusi ditut, eta hemen, tragedia bat gertatzen da 18 urtetik aurrera. 18 urte bitarteko bertso-eskolak aztertzen badituzu, neskak eta mutilak antzekoak dira kopuruz, eta dinamikak ere ez dira horren biolentoak. Baina, hortik aurrera, dena aldatzen da.
Ikusi dut zer gertatzen den nesken eta mutilen hizkuntza-ibilbidean, euren arteko harremanak zein hizkuntzatan izan dituzten kontatu didatelako eta hizkuntzarekin zer harreman izan duten ere azaldu didatelako. Normalean, gazte gehienek lehenengo mailan euskaraz hitz egiten dute eskoletan. Adinean aurrera, frantsesez hitz egitera pasatzen dira, orduan hasten direlako benetan gazte-identitatea eraikitzen. Garai horretan, mutil batzuk ez dira pasatzen frantsesera. Esaten dute: “Nik nahiko estatus sozial badaukat nik bakarrik: ona naiz futbolean… Euskaraz segituko dut, niri ez dit eragiten horrek”. Neskek, ordea, ez daukate hori. Bestetik, frantsesera pasatzen direnen artean, mutilek honako hau esaten dute:  “Oraintxe, frantsesez egiten dut; nik badakit ez naizela frantsesa izango. Lasai nago, pasatuko naiz euskarara noizbait”. Eta neskek horrelakoak idazten dituzte haien egunerokoetan: “Gaur, frantsesez hitz egin dut pila bat, oso gaizki sentitzen naiz…”. Kontzientziako karga hori ikusten da, eta, euskararen transmititzaile izan beharraren karga hori daukate jada gorpuztuta 15 urterekin edo 12rekin. Jada gaizki sentitzen dira, badakitelako: “Guk egiten ez badugu, zeinek egingo du?”. Eta komunitate oso baten transmisio-katea etetearen erantzule sentitzen dira.

Eta zergatik gertatzen da hori, zure ustez?
Sozialki beti izan delako ama-hizkuntza, andereñoena, arduratsuak izatearekin lotutakoa… Askotan, gainera, hizkuntza galtzearen diskurtsoan, bi biktima nagusi egoten dira, munduko hizkuntza denetan: bat, emakumeak, eta bestea, gazteak. Eta haiek biak dira.  

Zer dira hizkuntza-ibilbideak?
Euskal Herrian, soziolinguistika klasikoan, makroinkestak egiten dira, eta kategoriak sortzen dira. Kategoria horiek beste kategoria batzuekin konparatzen dira, eta abstrakzio batzuk egiten dira. Baina, noski, abstrakzioaren abstrakzioek, batzuetan, ez dute balio. Horrekin, badakigu zer kategoriatan dagoen jendea, baina jendea kategoria batetik bestera nola pasatzen den aztertzea interesatzen zait niri. Inkestak adierazten badu bost urte lehenago euskaraz hobeto moldatzen dela, eta handik bost urtera frantsesez hobeto, nik nahi dut begiratu hor zer pasatu den. Eta horretarako erabiltzen dut hizkuntza-
ibilbideen metodologia edo kontzeptua.
Galdetzen dut: “Zer hizkuntzarekin izan dituzu harreman batzuk edo besteak?”. Haientzat esanguratsuak izan diren harremanak zer hizkuntzatan izan dituzten, ea aldaketarik egon den horretan, gero hizkuntza batekiko edo bestearekiko haien sentipenen kokapenak diferenteak izan ote diren denboran zehar… Eta ikus daiteke denonak desberdinak direla. Nahiz eta hizkuntza berari eutsi, sentimenduak diferenteak izan daitezke hizkuntza horrekiko. Portaeraz asko aldatzen duzunean, arrazoiak egoten dira atzean. Lagunekin euskaraz hitz egitetik frantsesez hitz egitera pasatzen bada, ez da inoiz hizkuntza bakarrik aldatu. Hizkuntza beste aldaketa batzuen proxy edo adierazlea da. Ume izatetik gazte izatera pasatzean janzkera aldatzen duen bezala, musika jakin bat entzuten hasten denean, txandal zehatz bat nahi duenean…
Aldaketa horiek gertatzen diren unean gertatzen da frantsesez hastea, adibidez. Edo hizkuntza-ibilbideak ikusten direnean, ikusten da jendeak hizkuntza aldatzen duela lanez edo bikotez aldatzen duenean, edo seme-alabak izaten dituenean… Gure bizitzan, aldaketak egon behar dira, hizkuntza-praktikan aldaketa bat egoteko. Oso gutxitan gertatzen da aldaketa kontzientziatik, Galizian edo Irlandan kasu.

Hizkuntza-mudantzak aipatzen dituzu tesian. Zer dira?
Mudantzak aldaketen une horiek dira. Kontua ez da oraintxe ari naiz euskaraz eta oraintxe ari naiz espainolez lagun berarekin, baizik eta noiz aldatzen duzun zure hizkuntza-portaera zure anai-arrebekiko. Adibidez, badaude etxean frantsesez egiten zutenak eta, egun batetik bestera, euskaraz egitea erabaki zutenak. Edo badaude pixkanaka lagun kuadrilla berean topatu eta kalean euskaraz hitz egiten zutenak, orduan hasi zirenak etxean ere euskaraz hitz egiten, eta, horren ondorioz, gaur egun euskaraz hitz egiten dutenak. Ados, ba hori noiz gertatu zen, zer gertatu zen… Horrek balio du ikusteko zer zentzu ematen zaion hizkuntzari: zer gertatu da batetik bestera pasatzeko? Ateratako gakoak aztertu behar dira, ikusteko noiz eta zer kasutan gerta daitezkeen eta, ondoren, euskararen alde erreproduzitzeko.

Zer pisu izan dezake hizkuntzaren transmisioan aisiak edo, kasu zehatz honetan, bertso-eskolak?
Oso handia. Gazte-identitatea, askotan, gutxietsi egiten dugu, eta trantsizio-fase bat dela iruditzen zaigu helduoi. Gainera, denborarekin sendatzen den gaixotasun bat da, eta gauza absurdoak egiten dituzten garai bat. Baina hor ekonomian nitxo izugarri bat dagoela ulertu badute multinazionalek, zerbaitegatik izango da. Orduan, soziolinguistok zergatik ez diogu begiratu behar horri? Gazte hauek beren gazte-identitatea behar dute, eta, une batean, eskolak eta familiak ez dute balio. Gure gurasoek Beatles entzuten baldin bazuten, ez zen gure aitona-amonek esaten zutelako: “Ondo, e? Ingelesez izan arren, ondo”. Ez! Entzuten zuten nahi zutelako, haien kideek entzuten zutelako eta hori guaya zelako. Paradoxa bat da, baina helduok egin beharko genukeena da aisialdiko espazioak sortu, euskarazkoak izan daitezen benetako begirale guayak jarri, euskarazkoak, espazioa utzi haiei, eta espazio horiek haienak kontsidera ditzatela; zeren ez badute espazio hori haiena kontsideratzen, hurrengo astean ez dira etorriko. Paradoxikoa da guk hori bideratu behar izatea, baina estrategikoa da, aldi berean. Bertso-eskolak daukan zortea da hizkuntza-praktika bera blindatu egiten duela jardunak. Oso arraroa izango litzateke frantsesez; zailagoa, gainera. Baina izan daiteke antzerkia, izan daiteke dibertimenduarekin lotutako beste zerbait. Izan daiteke futbola. Aisialdia oso estrategikoa da, eta ez diogu batere kasurik egiten.
Ez dut esan nahi familiak eta eskolak ez dutenik inolako eraginik, sekulakoa dute; baina, gero, badago beste instituzio bat, gazteria bera, eta hor, hutsune handia dago.

Ipar Euskal Herrian bertso-eskolak euskararen arnasgune direla esan dezakegu?
Bai, arnasgune funtzionalak dira; orain erabiltzen hasi den termino bat da. Lehen, arnasguneak geografia-eremuak adierazteko erabiltzen ziren; Larraul arnasgunea da, ados, baina, gaur egun, Euskal Herria ez du Larraulek salbatuko, eta, nire ustez, arnasguneek ez dute Euskal Herria salbatuko. Gainera, ez dut nahi Euskal Herri hori, beste bat nahi dut. Bazterrekoak ere parte hartuko dutena nahi dut, eta, alde horretatik, arnasgune  funtzional horiek funtsezkoak iruditzen zaizkit. Berdin funtzionatzen dute; hau da, ez du Larraulgo okindegiak zertan nire arnasgunea izan, izan daiteke bertso-
eskola, izan daiteke antzerki-
taldea… Horiek bultzatzea izango litzateke helburua.

Zer-nolako osasuna dute gaur egun Ipar Euskal Herriko bertso-eskolek?
Oso ona! Gero eta gehiago daude, gero eta ikasle gehiago, gero eta ezagunagoa da. Ikerketa soziologikoetan ere ikusten da denek daukatela lagunen bat bertso-eskolan edo ezagutzen dutela baten bat… Hori ona iruditzen zait. Egia da plazara salto egitean arazoak dauzkagula, Iparraldean ez daudelako saio asko; saio motak ere ez daude Hegoaldean bezain dibertsifikatuta, zirkuitua motzagoa da… Hegoaldeak bere zirkuituetarako aukeratzen du urtean Iparraldeko bat, edo bost urtean behin Iparraldeko bat, nahikoa! Beraz, Iparraldean beste problematika batzuk daude, baina osasun ona daukate.

Bertso-eskolen esperientzia ikusita, gazte-identitatean eta hizkuntzaren erabileran daukan garrantzia kontuan izanda, zer ikas lezake eskola tradizionala deitzen diogun horrek bertso-eskoletako esperientziatik?
Berez, exinum bat da gazte-identitatea eta eskola. Hortik abiatuta, hala ere, iruditzen zait asko egin daitekeela. Denok ezagutzen dugu baten bat biologia ikasi duena, haren Biologiako irakaslea ikaragarria zelako. Normalean, horrelako irakasleak izaten dira askatasunerako espazioa ematen dizutenak, zure iritzia kontuan hartzen dutenak, zure iritzi kritikoa axola zaienak, benetan eskola horretan zure garapen pertsonal bat badagoela sentitzen dutenak. Hori dena salbuespen bat da! Tristea da, baina horrela da. Ezin du hain urruti egon ikasleak irakaslearengandik eta alderantziz.
Iruditzen zait, irakasle bezala ere, gazteen espiritu kritikoa, haien autonomia eta erabakimena sartuko bagenitu gure eskoletan, betiere on egingo lukeela. Euskarako irakasle txar bat tragedia bat da, eta pila bat eduki ditugu! Beti pentsatzen dut: “Ni Euskarako irakasle izango naiz hau ondo egiteko, ze ezin da okerrago egin!”. Zentzu horretan, iruditzen zait asko dagoela egiteko. Literatura gustatzen zaionari zergatik gustatu zaio beti gehiago literatura espainola euskal literatura baino? Ez da euskaraz ez delako ezer onik idatzi; da irakasleek beti eman dutelako Etxeberri Sarakoa, edo ez dakit zer doktrina, eta, gero laburpena egin behar da, eta fitxa bete. Ondoren, iruditzen zait funtsezkoa dela nola egiten den eskolan kulturaren transmisioa. Beti egiten da joan eta ikasi, joan eta hartu, joan eta kopiatu. Literatura sorkuntzarako, ahozkorako, antzerkirako eta abarretarako erabili beharko genuke eskola. Horretarako espazio bat izango bagenu, ez soilik haiek kontsumitzaile gisa jarrita, baizik eta aktore gisa, haien agentzia esperimentatzeko, erabakiak hartzeko, ausartzeko, eta taldean beste dinamika batzuk egiteko aukera emango bagenie, uste dut asko aldatuko litzatekeela.

Zergatik lortzen dute eskolak lortzen ez duen gertutasuna, parte-hartzea eta motibazioa bertso-eskolek, zure ustez? Erabiltzen dituzten dinamikengatik da? Edo egiturak asmatu du?
Pentsatzen dut funtsezko arrazoi asko daudela. Batetik, praktika bera, informaltasunarekin oso lotuta doana; bertso-eskolan biribilean gaude eserita, eta ez daukagu ezer, ez paper bat, ez boligrafo bat… Jaiki eta kantatzea da kontua eta denok gaude inplikatuta, zeren, edo guk ateratzen dugu zerbait dibertigarria, edo ez da ezer aterako! Dinamika horrek berak errazten du.
Bestetik, irakasleen garrantzia —eta kasu honetan Odei Barroso eta Aimar Karrikari omenaldi txiki bat egin nahi nieke—, oso dinamika laxoa baina aldi berean buru argiz egina sortzen dutelako.

Zer ondorio atera dituzu tesi honetan?
Bat behin eta berriro errepikatzen dut, eta ez naiz nekatzen: gazte-identitatea kontuan hartu beste erremediorik ez dugu, alferrik ari gara, bestela. Alde horretatik, oso ikuspegi edadista daukagu. Ulertu nahi badugu gazteek zergatik egiten duten edo ez duten egiten, gazteak ulertu beharko ditugu, ez? Eta, horretarako, jaitsi egin beharko dugu, jaitsi gure ustezko alturatik. Bestetik, beste ikerketa bat egin beharko banu, gehiago inplikatuko nituzke gazteak ikerketan bertan. Hau da, ni gazteekin egon naiz, elkarrizketatu egin ditu, etxera etorri, datu horiek denak hartu eta analizatu egin ditut. Uste dut ikerketa hobea aterako zela eta aberasgarriagoa gazteek berek parte hartu izan balute interpretazioetan.
Azkenik, hiztun berriei arreta jarri behar diegula ikusi dut; hiztun berrien artean, erdiak baino gehiago gazteak dira; horiek gutxiesten ari gara, eta ez da batere estrategikoa. Ez da bidezkoa justizia sozialaren ikuspuntutik, baina ez da bideragarria ere. Ideologiaren arabera hiztun berriak sistematikoki gutxiesten baditugu, hemendik 50 urtetara euskaraz hitz egiten duten gazteak egon daitezen nahi dugu? Eta bertsolaritza zer salbatuko da, hiztun zaharrei esker bakarrik?