JOXI IMAZ SOZIOLOGOA ETA EHU-KO IRAKASLEA, “Mundua alda dezake hezkuntzak, baina ez berak bakarrik, beste erreforma sozial, politiko eta ekonomikoak behar dira”

2021-12-01

'Hezkuntzaren Soziologia' liburua plazaratu berri du Soziologian lizentziatua eta doktore den unibertsitateko irakasle honek.
Gizartearen eta hezkuntzaren arteko
harremana gai nagusitzat hartuta,
hamaika galdera mahaigaineratu ditu,
horietako bat hauxe: zein gizarte mota nahi dugu? Erantzunaren arabera, hezkuntzak harantz egin beharko duela dio.
Eraldaketa soziala egitea ez dela utopia bat dio eta utopia hori lortzeko hezkuntza beharrezkoa dela, baina ez bakarrik, beste eragile batzuen laguntzarekin baizik, familia eta lagun taldeak kasu. Erpin asko
gurutzatzen dira hezkuntzarekin: generoa, politika, ekonomia, kultura… Gizartea
gurutzatzen duten guztiak. Soziologo on
bezala, ikerketak ditu oinarri eta, oraindik bizi dugun testuinguruaz ikerketa asko ez
dauden arren, berau ere izan dugu hizpide.

 
 

Orain, COVID-19aren testuinguruan, argitaratu berri duzun Hezkuntzaren soziologia liburuari kapitulu bat erantsi beharko bazenio, zer puntu jasoko zenituzke kapitulu horretan?
Kostatzen zait COVID-19aren historia hau gaira ekartzea, ez dut asko sakondu oraindik. Aurreneko hausnarketa zera izango litzateke: denbora beharko nukeela kapitulu hori idazteko. Normalean Soziologian ikerketekin lan egitea gustatzen zaigu eta oraindik egoeraz ez daude ikerketa asko. Edonola ere, lau atal gehituko nizkioke gai honi: pantailak, zaintza, desberdintasun sozialak eta curriculuma.
Pantailen munduak salto bat egin du aurrera. Lehen ere bazegoen horretarako joera, baina hau guztia oso indartsu etorri denez eta badirudienez hezkuntza ere horra doala, gertatzen ari den honek guztiak hausnarketa bat behar du. Batetik, ezin zaizkio ateak itxi. Soziologoak lehenagotik ere ari ginen esaten beste gizarte eta jendarte bat dagoela, “informazioaren gizartean bizi garela”, gizarte postindustrialean, eta badaudela arrisku batzuk (ordu kopuruak, adikzioak, osasunaren aldetik lehen wifia eta orain G5a, abusua..), baina badaudela aukera batzuk ere.  COVID-19ak hori azeleratu du eta buelta bat eman behar zaio gaiari, hor baitaude kontsumo arduratsua, pantailak ikusten ikastea, pantailak ikasteko erabiltzea, alfabetatze digitala,  kontrola… Azken hitz hori polita da eztabaidarako: kontrola txarra da ala ona…? Nik uste dut beharrezkoa dela. Badirudi oso pedagogia tradizional kontrolatzailetik gatozela eta beste muturrera joan behar dugula, eta ez. Pantailen kasua adibide ona da: hezitzaileak eta helduek egon behar dute denborak mugatzeko, edukiak mugatzeko, eta noski, kontrol murriztailea baino gehiago kontzientziazioa eta hezkuntza hobea ematea da xedea.
Bigarren puntua zaintzarena da. COVID-19ak erakutsi digu arazo bat geneukala lehen ere eta oso agerian jarri du, gainera. Feminismoa zen erreferentea honetan, esanez: “ei, kontuz, hemen arazo bat daukagu”. Nahikoa izan da eskolak ixtea familia askorentzat arazo bat izateko. Ezin ditugu zaindu gure umeak eta hori ez da oso logikoa; alegia, ezin zaindu ahal izatea gure umeak, adinekoak eta gaixoak. Orain arte Europa hegoaldean familia izan da soluzioa, aitona-amonak. Baina, noski, itxialdi honekin jada ez dago hain argi. Egoera honetan hainbat irtenbide egon daitezke: enpleguan denbora gutxiago pasatzea eta lanaldiak murriztea gero lan horietarako, zaintzarako eta etxeko lanetarako denbora gehiago edukitzeko. Denok, ez emakumeak bakarrik. Generoa beti gurutzatzen da eta hezkuntzan ere gai hori landu behar dugu. Zaintza horiek publikoki egin behar dira, ez etxeetan soilik eta bakoitzak berea, lan horiek errekonozitu egin behar dira. Gainera, aukerak eman behar zaizkie familiei zaintza kolektiboki antolatzeko—beste instituzioen laguntzarekin ere bai, ez eskolak bakarrik—.
Kapituluaren hirugarren atala desberdinatsun sozialei eskainiko nieke. Oraindik oso handiak dira eta hezkuntza ibilbidea baldintzatzen dute. Konfinamenduan egin ziren ikerketa batzuk eta beti ikusten da baliabide gutxiagoko familietan pantaila gehiago ikusten dela, bideo-joko gehiagotan ibiltzen direla eta pantailaren erabilpen ezberdinak gauzatzen direla. Desberdintasunak egon daitezke etxeko dispositibo kopuruaren arabera; ez da gauza bera mugikor batean edo pantaila on batean irakurtzea; konexioaren kalitatea; espazio bat edukitzea etxean; norbait izatea ondoan zu laguntzeko; bertako hizkuntzaren ezagutza; giro ona dagoen etxean eta abar. Orduan, diferentzia sozial horiek —lehen ere hor zeudenak— eta klase sozialak —beti hor egin direnak eta Soziologian klasiko bat izan direnak—, eragin handia dute hezkuntzan eta COVID-19ak hori bizkortu du. Hizkuntzaren gaia ere aipatu daiteke, hemen euskararen kasua; baliabide gutxi dituztenek deskonexio arrisku handia dutela ikusi da, eta sozializaziorako ezinbesteko tresna bat da hizkuntza gaur eguneko mundu indibidualista eta atomizatu honetan.
Laugarren atala curriculumarena da. Curriculuma birpentsatzeko esan zuen ELGAk (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea) berak, malgutu egin beharko litzatekeela egoera honetan, agian ezagutzei eta alderdi kognitiboei soilik eman beharrean garrantzia, arlo sozialari eta emozionalari gehiago emanez. Baina, orain, lehenagokora bueltatu garela ikusten dut, alde batetik botereari horrela interesatu zaiolako eta, bestetik, ezagutzen dugunari eusteko joera dugulako, aldatzeak beldurra ematen digulako. Itxialdian konturatu ahal izan genuen sozioalizazioa zela hezkuntza instituzioek bete ezin zuten funtzio garrantzitsuenetako bat. Ikusi zen, momentu gogorrenetan matematika baino gehiago behar genuela arima elikatzea, historia, pintatu, gorputza mugitu, musika… Baztertuta dauden gauzak azaldu ziren. Baina, orain, erdizka errekuperatu garenean, berriz curriculum ofizialari heldu zaio. Sakoneko joerak dira, inertziaz, alferkeriaz edo beldurrez egiten ditugunak. Hori batzuen joera da, beste batzuek, berriz, eraldaketa soziala egiteko momentu egokia orain dela diote. Gainera, ikusi da posible dela: eskolak eguneroko ezinbesteko gauza bat izan behar duela zirudien, eta momentu batean gelditu egin zen, pun! Eta aizu, munduak hor segitu zuen! Eta, gainera, animaliak azaldu ziren, jendea gehiago egon zen familian… Bazituen gauza arriskutsuak baina positiboak ere bai.

Hori guztia kontuan hartuta, batzuek esaten dute COVID-19ak hezkuntza eredua kolokan jarri duela. Zuk baieztapen hori egingo al zenuke?
Zentzu batean bai, baina ez nik nahiko nukeen zentzuan. Ez du hezkuntza eredua kolokan jarri zentzu eraldatzailean. Kolokan jarri duena zera izan da: aurrez aurrekoaren eztabaida, eskolaren funtzioa, curriculuma… Baina beti lehengora bueltatzeko nahi horrekin, edo agian, gainera, modu arriskutsuagoan, batez ere esan ditugun hainbat gaietan: pantaila gehiago, pantaila horiek multinazional estatubatuarren eskuetan daudelarik; erdizkako bide batean aurrez aurrekoa eta online nahastuz eta nora goazen ez dakigula, curriculum ofiziala zalantzan jarri gabe, zapalkuntza linguistiko kultural nazionalak bigarren tokian utziz... Eredua zalantzan jarri da, baina ez nik nahiko nukeen ildoan edo norabidean. Agian lehenagotik geneuzkan arrisku batzuk azkartu eta handitu ditu Euskal Herrian. Tentsio bat mantendu behar da eta argi eduki helburuak, norabidea. Bestela, beste batzuek oso garbi daukate zer-nolako eredua nahi duten.  

Soziologiak zer ekarpen egin dio hezkuntzari edo irakaskuntzari?
Batetik, Soziologiak dio hezkuntza fenomeno soziala dela eta, bestetik, soziologoentzat hezkuntza ez da jendea prestatzea, ez da jendearen talentu indibidualak bilatu eta horiek garatzen laguntzea, baizik eta gizarte batean bizitzeko prestatzea da hezkuntza soziologoentzat. Gainera, talentuak, bokazioak eta gaitasunak bilatzeko garaian ere, faktore sozialak eragin handia dutela azpimarratzen du Soziologiak. Zergatik, adibidez, irakasleen seme-alabek eskola emaitza hobeak dituzte etorkinenak baino? Akademikoki bizkorragoak direlako? Ez. Seguraski gurasoen eskola mailagatik eta etxeko kapital kultural eta ekonomikoagatik izango da. PISAk ere hori onartzen du, maila sozioekonomikoa dela eragin gehien daukan faktorea, eta Jaurlaritzaren diagnostiko frogetan ere ikusten da hori. Bokazioei dagokienean berdin, soziologoek zera esaten dute: zergatik zeuden lehenago  gizarte katolikoagoetan hainbeste apaiz, fraile eta moja eta orain hainbeste ingeniari? Gure ustez, bokazio indibidualak gizarteak proposatzen duenaren araberakoak direlako, gizartean momentu horretan dagoen beharraren araberakoak. Zergatik dira, adibidez, femeninoagoak hezkuntza eta osasungintza bezalako ikasketa eremuak? Edo orokorrean esanda, zaintza? Eta maskulinoagoak zientzia eta teknologia? Generoa gurutzatzen delako eta funtsezko faktore sozial bat delako. Orduan, azkenean, Soziologia zera ari da esaten: hezkuntza ez dela naturala, soziala dela, hezkuntza ez dela zerbait gure barrutik ateratzea, baizik eta zerbait sartzea dela. Harria ez dela jotzen ea zer ateratzen zaigun ikusteko, baizik eta guk nahi dugun bezala jotzen dugula eskulturan guk nahi duguna lortzeko. Beraz, kontuz ibili behar dugu naturalizazioarekin, indibidualizazioarekin, zeren soziologoentzat hori idealismoan erortzea baita. Azken finean, ez dugu ahaztu behar hezkuntza soziala dela. Gero, jada hurrengo pausoa zera galdetzea izango litzateke: soziala baldin bada, zein gizarte motarako hezi behar dugu? Zein gizarte motarako ari gara hezten? Zein dira hor erronka sozialak?

Gizarte guztietan pertsonak “fabrikatzeko” erabiltzen da hezkuntza. Nolako pertsonak ari gara fabrikatzen?
Hiru ezaugarritan oinarritutako pertsonak: zientzia eta teknologia, indibidualismoa eta lehia, eta kontsumismoa, kapitalismoa.
Gure gizartean, ikusita PISAk zer neurtzen duen, zientzia eta teknologia da lehentasunetako bat, arloei dagokionez. Balioei dagokienez, hezkuntzak indibidualismoa eta lehia bultzatzen ditu. Nahiz eta diskurtso politiko zuzenetan elkarlana eta taldelana aipatzen diren, azkenean notek balio dute, bai selektibitatean eta bai bekak lortzeko garaian ere. Unibertsitatearen kasuan practicumaren ordena eta gradu amaierako lanen ordena nota indibidualetik dator. Gehiegizko lehia dago eta, horretan ere, aurrera egin beharrean uste dut atzera goazela. Politikoki ere Jose Ignacio Wert Hezkuntza Ministro izandakoak oso argi esan zuen: helburua espainolizatzea da. Noski, gizarte kapitalista batean, kapitalismorako ari gara entrenatzen, zapalkuntzak eta alienazioak onartzeko; eta espainiar estatuan jendeak espainartasun hori elikatzeko ari dira entrenatzen. Hori galderan aipatutakoarekin lotuta dago: gizarte bakoitzak hezkuntza bere helburuak lortzeko erabiltzen duela. Uste dut ez genukeela lotsarik izan behar Euskal Herrian abertzale garenok zera esateko: erabili dezagun hezkuntza sistema horri kontra egiteko eta euskal nazioaren ideia mantenduko duten belaunaldi berriak hezteko. Hezkuntza ezin da inoiz neutrala izan. [Emile] Durkheim-ek esaten zuen atzean beti dagoela nazio bat, historia bat, hizkuntza bat, geografia bat, literatura bat… Eta uste dut batzuetan konplexu gehiegirekin ibiltzen garela ustezko neutraltasun baten bila eta egoera bidegabeetan ez dago neutraltasunik. Neutral geratzen bazara, ondorio logiko bat da status quoari eta botereari egiten diozula mesede eta, orokorrean, gizarte kapitalista batean bizi garen honetan, horretarako entrenatzen gaituzte; kontsumismorako, indibidualismorako, lehiarako…
Interesgarria da 1970eko kritika marxistek kapitalismoari buruz esaten zutena: korrespondentzia zuzena dagoela hezkuntza sistemaren eta lan merkatu kapitalistaren beharren artean. Alde batetik, dominatzaileak eta eliteak behar dituzte eta, beste aldetik, klase dominatuak behar dituzte; eta bakoitzari gauza ezberdinak erakusten zaizkio. Langile klase xumeenari, lanpostu okerrenetan bukatuko dutenei, batez ere sumisioa, onarpena, obedientzia eta horrelakoak erakusten zaizkie. Eskola mailan gora goazen neurrian, beste balore batzuk erakusten dira; autonomia, sormena eta hausnarketa. Zergatik? Batetik, horiek autonomia eta sormena behar duten enpleguetan bukatuko dutelako, eta bestetik, behin horra iritsi bazara, suposatzen delako gizarteak jarri dizkizun arauak barneratuta dituzula; diziplina eta gizarte honekin bat etortzea. Korrespondentziaren eta erreprodukzioaren teoriek gauza beretsua esaten zuten: azkenean ez dela berdintasun sozialerako eta justizia sozialerako tresna hezkuntza, baizik eta justu kontrakoa dela: desberdintasun sozialak erreproduzitzeko tresna. Hori ezkutatzen digutela eta adi ibili behar dugula diote teoria horiek.

Alderantziz, hezkuntzak nola eralda dezake normaltasuna edo gizartea?
Orokorrean uste dut gizarteak baduela eragina hezkuntzan eta hezkuntzak gizartean, baina espero dudana da ez izatea erreproduzio mekaniko bat, beti berdina, eta gizartearen bidez hezkuntza eraldatu ahal izatea. Ez dugu inozoak izan behar eta pentsatu hezkuntzak bakarrik alda dezakeenik mundua. Horren aurrean, diskurtso ofizialak dio eskola eta hezkuntza sistema ona dela eta horra joaten baldin bazara, azkarra baldin bazara, lana egiten baldin baduzu eta aukeraketa onak egiten baldin badituzu, aukerak izango dituzula bizitzan lan on bat edukitzeko, hobetzeko eta sozialki mugitzeko.
Ni, berriz, hirugarren korronte batean kokatzen naiz oraintxe galdetzen didazunaren harira: bai, mundua aldatu dezake hezkuntzak, baina ez berak bakarrik, beste erreforma sozial, politiko eta ekonomikoak behar dira. Marxismo klasiko horrek arrisku bat du: oso estrukturalista dela, ematen du kapitalismoaren barruan bizi garen bitartean ez duela merezi esfortzurik egiteak, ezer egiteak, dena delako erreproduzioa. Nire ustez dena ez da erreproduzioa, dena ez da txuria edo beltza. Badaude zirrikituak, erresistentziarako aukerak.
Hirugarren korronte honen ideia zera izango litzateke: hezkuntza ez dela lan merkaturako soilik prestatzea eta ezin dugula estrukturalismo gelditzaile batean geratu, ezin dugula zain egon ea noiz etorriko den kapitalismoa botatzen duen iraultza. Goazen elefante handi hori hainbat lekutatik zirikatzera, eta hezkuntza izan liteke leku horietako bat. Ideia horren inguruko erreferente asko daude, baina bi aipatuko ditut. Lehendabizikoa Paolo Freire. Hark zioen hezkuntzaren funtzio nagusietako bat zapalkuntzen aurreko kontzientziazioa dela, alfabetatze politiko-soziala, bizi garen mundua eta garaiak beti kritikoki irakurtzen ikastea. Horretarako, hezitzaileak zapalduekin egon beharko lukeela zioen eta zapalduentzako hezkuntza eta pedagogia egin beharko lukeela. Bigarrenak, Paul Willis-ek, Lan egiten ikasi liburuan zera esaten du: langile klaseko ikasleak ez dira konturatu gabe porrot egiten duten ezjakin pasibo batzuk; erresistentzia aktiboa egiten diote eskolari, ez daukatelako esperantzarik aldaketan. Logikoa da, gainera, gutxi batzuk salbatuko baitira eta, gizartea horrela antolatuta baldin badago, beraien klase sozialean mantenduko baitira gehienak.
Eraldaketa lortu daiteke, beraz, eta ez hezkuntza formalaren bidez bakarrik. Euskal Herrian baditugu beste esperientzia batzuk aisialdian, Katxiporreta adibidez, oso garbi daukatenak euskara, Euskal Herriaren markoa, mundu berri bat, aniztasunaren  errespetua… Edo Hik Hasik berak Hezkuntza Proposamena egin zuenean oso garbi zeuzkan baloreak, ingurumen naturalaren errespetua, kultur aniztasuna errespetatzea, osasuna zaintzea, elkartasuna lantzea, kritikotasuna sustatzea, norberak bere burua ezagutzea gero besteekin erlazionatzeko, euskara… Beraz, proposamenak badauzkagu, erreferenteak baditugu (Elbira Zipitria, Uriz Pi ahizpak...).

Zein dira, orduan, hezitzaileen rolak gaur egungo gizartean?
Egia da hezitzaile batzuk momentu batzuetan estutu egiten direla gaur egun gizarteak gehiegi eskatzen dielako; langile sozialak izatea, baloreak erakustea, sexualitatea, mundu digitalean adituak izatea… Egia da dena ezin zaiela eskatu, ardura guztia ezin da hezkuntza instituzioaren esku egon, familiek ere ardura handia dute, ziurrenik handiagoa. Esan dugu hezkuntzak bakarrik ezin duela mundua aldatu. Adibidez, oso gizarte klasista eta arrazista  baldin bada, hainbeste oztopo jarriz atzerritar legearekin eta paperak lortzeko zailtasunekin… gero ezin da esan “beno, orain etor dadila gizarte-hezitzaile bat eta tailer bat egin dezala”.
Bestetik, onartu behar dugu kontzientzia soziala beharrezkoa dela eta konturatu behar dugu, kontziente garenean ere, arriskua beti hor dagoela. Adibidez, matematika bezala ustez neutrala den ikasgai batean ere erreproduzitu edo eraldatu daiteke mundua, edo Gorputz Hezkuntza bera oinarritu daiteke lehian edo errendimenduan, edo naturarekin harremanetan gorputzaren osasunean, eta denok ahalik eta gustuen senitzean gure gorputza mugitzen eta ezagutzen... Edo Ingelesean bertan, neutroa dela dirudi, baina guk esaldi bat jartzen baldin badugu, adibidez, “Lucy is crying because she broke up with Michael” (“Lucy dago negarrez Michaelekin harremana hautsi duelako”), berriro ari gara esaten neska dagoela kezkatuta, neska emozionala dela, neskak egiten duela negar… Esaldi horretan “broke up” aditza irakasten ari gara, baina ez hori bakarrik, beti dago ideologia. Hori onartu beharra dago eta gutxienez hori eskatu beharko litzaieke hezitzaileei.
Pedagogiako eta Gizarte Hezkuntzako ikasleei lehen egunean beti galdetzen diet: “Zergatik zaudete hemen?”. Eta gehienek erantzuten dute: “Jendeari laguntzeko”. Esaten diedana da kontuz ibili behar dugula indibidualismo terapeutikoarekin eta asistentzialismo akritikoarekin. Eraldaketa rolak behar du kontzientzia soziala eduki, erresistentzia indibidual eta konkretu horiek egiturak seinalatzearekin batera joan behar dutelako beti,  “ez iezazkidazu sortu behin eta berriz arazo sozial hauek (langabezia, pobrezia, bazterketa soziala, matxismoa, klasismoa, arrazismoa, menpekotasunak…) eta gero niri deitu adabakiak jartzeko eta sistema perfekzionatzeko”.

Gaur egun gure garaiko arazo sozial nagusiak zein diren ikusita, horren aurrean zer egin dezake hezkuntzak?
Hasteko eta behin orain egiten ez duguna: gehiago kontzientziatu eta informazioa zabaldu. Lehen Freire aipatzean esan dugu: esplikatzen al da eskoletan edo hezkuntza instituzioetan gure garaiko arazo sozial nagusiak zein diren? Adibidez, esplikatzen al dira munduko desberdintasun sozialak? Euskal Herriak Marokok baino hamar aldiz erosteko gaitasun handiagoa daukala batez beste? Edo Mauritaniak baino hogei aldiz altuagoa? Eta hori bidegabea dela? Soilik jaiotako lekuaren araberakoa dela eta ez azkarragoak edo langileagoak garelako? Eta horrekin lotuta daudela gero dauzkagun erronkak, adibidez migrazioekin? Hori esplikatzen al da? Ziurrenik ez. Eta ez Maroko eta Mauritaniarekin bakarrik, esplikatzen ari al dira hemen, Euskal Herrian bertan, dauden desberdinatsun sozialak eta horrek sortzen dituen diferentziak gure bizitza aukeretan? Datuekin erakusten al da ala ezkutatu egiten da? Esplikatzen al da ekologiarekin daukagun arazoa eta, kasu jakin honetan, baliabide gehiegi xahutzen ari garela? Eta horietako batzuk bukatu egingo direla? Eta hondakin gehiegi sortzen dugula? Eta gehiegi kutsatzen dugula? Hori garbi esaten al da? Eta Euskal Herrian bertan kontsentsurik ez duten proiektu batzuk, ezin direnak aipatu garbi hezkuntza instituzioetan, baina, nire ustez, aipatu beharko liratekeenak? AHTa, errausgailua... Hori erakusten al da garbi?  Gure bizitza estiloa zalantzan jarri beharra dago, ezin dugulako 7.000 milioi pertsonak bizi oraingo kontsumo gizartean bizi garen bezala. Eta horren aurrean zer? Bada busti, erakutsi trantsizio sozio-ekologiko bat beharrezkoa dela. Espainian badaude jada horretan erreferenteak direnak —esate baterako FUHEM—, zeinak horrelako kontzientziazio ariketak egiten dituen.
Beste galdera bat izango litzateke genero ezberdintasunaren aurrean zer egin dezakeen gizarte moderno edo postmoderno honek, sortzen dituen identitate arazoen aurrean, depresioen, antsietate eta abarren aurrean zer egin daitekeen.
Egia esan, ez da erraza aldaketa sozialaren eta hezkuntzaren arteko harremana baloratzea edo nola egin beharko genukeen esatea. Batetik, egia da ezin duzula oso atzean gelditu, baina, bestetik, ezin dugu eraldaketa sozialaren erabateko menpeko izan. Erraza ez den oreka bat bilatu behar da. Aldaketa soziala gero eta globalagoa da. Gure gizartea informazioaren gizartea da, baina Soziologiatik esaten dena da, Soziologia kritikotik batez ere, kontuz ibiltzeko, informazioa eta ezagutza ez direlako gauza bera. Informazioa ezagutza bihurtzeko, informazioa aukeratzen eta prozesatzen ikasi behar dugu… Eta hor ere desberdintzasun sozialak daude. Informazioa ezagutza bihurtzen da informazio hori gure bizitza eta komunitatearen bizitza hobetzeko erabiltzen dugunean. Lehendik hezkuntza bat duenak baliabide berriak aprobetxatuko ditu, baina gainerakoentzat informazioaren gizartea ez da ezagutzaren gizartea, entretenimendua soilik da, edo ikuskizunaren gizartea, edo intoxikazioaren gizartea… Hemen ere hezitzaileak garrantzitsuak dira.
Mundu digital honek sortzen dizkigu beste erronka batzuk: entretenimendu gehiegi daukagu eta arreta mantentzeko zailtasunak daude. Zer egin dezake hezkuntzak kasu horretan? Agian offline denbora gehiago behar dugula esan dezake, eta kontsumo arduratsua behar dugula. Edo memoriari buruzko eztabaidak bultzatu ditzake. Ikasleek gero eta gehiago esaten didate “arraioa, ez du ezertarako balio”, selektibitatearen trauma daukatelako, erabat azterketetan oinarritutako hezkuntza batetik datozelako. Eta egia da, baina bestetik, memoria ere behar dugu, ezin dugu beti zerotik hasi. Google ez da nahikoa.
Hezkuntzaren beste zeregin bat gizarte likidoari lotutakoa izan daiteke. [Zygmunt] Baumanek esaten duen bezala, gizartea likidoa da eta hezkuntza ere bai, azkarra, hutsala, behin-behinekoa, eta horren aurrean soziologo kritikoek defendatzen dute hezkuntzak bere zentzu morala, etikoa eta politikoa errekuperatu behar duela.

Hezkuntzaren oinarrian pedagogia, didaktika edo psikologiaz gain, eta zientziez gain, Soziologiak ere bere lekua beharko lukeela diozu. Hezkuntzak ez al dio nahikoa begiratzen gizarteari?
Bai, begiratzen dio, baina gizarte jakin bati. PISAn oso ondo ikusten da zer baloratzen den: zientzia, teknologia eta hizkuntzak. Noski begiratzen diola, baina jarraitzen dugu pentsatzen hezkuntza eskola bakarrik dela eta ez dugu ikusten beste hezkuntza instituzio batzuk hor daudela: gizarte-hezkuntzan eta pedagogian orientazioan egiten den lana; behar bereziak dituztenekin egiten dena; tutoretza publikoko umeekin egiten dena; aisialdian; animazio soziokulturalean; dinamizazio komunitarioan; interkulturalitatean egin daitekee lana; genero desberdintasunekin egiten den lana… Gai pila bat daude lantzeko. Gainera, pentsatzen dugu hezkuntzako profesional bakarrak irakasleak garela, eta ez, oraintxe esan dugu beste eragile pila bat daudela. Eskolak bakarrik hezten duela pentsatzen jarraitzen dugu, eta ez, ikuspegi soziologiko batetik oso garrantzitsuak dira beste eragile batzuk: familiak, pantailak, lagun taldeak eta bestelako taldeak…
Hezkuntza gizarteari begira dago, baina leku jakin batera, gizarte jakin bati. Ikuspegi hori zabaldu eta garbi eduki behar dugu zein gizarte mota nahi dugun. Ikuspegi soziologiko batetik lehenengo galdera beti hauxe izango litzateke: zein gizarte nahi dugu? Helburu hori argi dugunean, hezkuntza hara bideratu, hara joateko hezkuntza diseinatu. Beti dago atzean gizarte eredu bat, baita esplizituki esaten ez denean ere. Orain ere ez zaigu garbi erakusten hori eta badirudi hezkuntza neutrala eta teknologikoa dela, eta ez, atzean gizarte proiektu oso bat dago. Kasu honetan gizarte kapitalista, neoliberala, zientifikoa, teknologikoa, industriala… Eta gu esaten ari gara agian hori zalantzan jarri behar dela.

Eta zein da nahi duguna? Erantzunak baditugu hainbeste galderen artean?
Bada, negoziatu egin beharko dugu. Eta bai, noski, erantzunak badaude, batzuk behintzat bai. Orain egin beharko duguna da konbentzitu gehiengo bat gizarte hori nahi dugula. Adibidez: bidegabea baldin bada jaiotzen zarenean hanka tartean zentimetro bat gehiago edukitzeagatik bizitza aukera hobeak eta gehiago edukitzea, horren kontra borrokatu behar da. Talde etnikoak baldintzatzen badu zure bizitza zentzu txar batean, eta adibidez, kasu honetan talde etnikoa euskalduna baldin bada, bidegabea da ezin bizi izatea gure hizkuntzan. Orduan, horren kontra borrokatu behar da eta hezkuntzak hor egon beharko du. Mundua hain egoera arriskutsuan baldin badago ekologiari begiratuta eta egia baldin bada berotzeak eta biodibertsitatearen galerak egongo direla, laster kolapsora joan gaitezkeela energia iturriak bukatzen ari direlako eta gizarte eredua aldatzen ez bada eta trantsiziorik egiten ez bada… Horrantz joan beharko da, gizarte ekologikoago baterantz. Demokrazia, justizia soziala, berdintasuna eta horizontaltasun gehiago nahi baldin baditugu, horrantz joan behar da, gutxi gorabehera oinarriak badauzkagu.