DISTANTZIAK ETA NEURRIAK ZORROZTU DIREN GARAI HAUETAN, ZER GARRANTZIA DAUKA JOLAS LIBREAK?, JON ARANA Psikomotrizista

2021-12-01
 
 

Hasteko, galdera batetik abiatuko nintzateke: haurrei zer-nolako balio erantsia ematen die jolas libreak? Lehenengo eta behin, zerbait argitu beharko nuke jolasaren izaeraz. Guk, psikomotrizistok, jolasa librea den horri soilik deitzen diogu. Dena dela, jolasa oso jarduera konplexua da, eta, galderei emango diedan erantzuna hobeto ulertu ahal izateko, lehendabizi, jolasaren zenbait ñabardurari buruz hitz egin behar da.

Jolasaren baldintzak eta ezaugarriak
Gure paradigma teorikotik ikusita, lau baldintza bete behar ditu haurraren jarduerei jolas deitzeko:
Librea izan behar du, nahiz eta arautua izan; bestela, ez da bere jolasa, beste batena baizik. Azken kasu horretan, ez dira betetzen jolasaren funtzio guztiak.
Plazerean oinarritu behar du. Mina edo beldurra dagoenean, haurrak ez du jolas egiten.
Balizkoa izan behar du; sinbolikoa, egia ez dena. Haurra oso kontziente da horretaz, nahiz eta emozioz beteta egon. Ez da nahasten. Nahastuko balitz, errealitatearen printzipioa galduko luke, eta, orduan, ez litzateke balizkoa izango. Guk printzesa eta superman asko ikusten dugu, baina inork ez du koltxonetatik kanpora salto egiten.
Komunikazioan gertatzen da. Komunikazio honetaz ari gara, behin Aucouturierrek emandako definizioaren ildotik: elkarren transformazioa eragiten duena. Pixka bat zailagoa da hori azaltzea, umeak bakarrik jolas egiten duenean; baina hala da orduan ere.
Jolasak baditu beste ezaugarri batzuk ere. Jolasa ikertzaile askoren objektua izan da, eta ikerketa fin asko egin dira haren inguruan. Hona hemen zerrendatxo bat, lar zehatza izan nahi ez duena. Konplexutasun hori agerian jartzeko asmoz ekarri da hona:
Helbururik gabeko jarduera da: ez du ezer ekoizten, berez justifikatzen da. Jolastearren jolastea da bere balioa; igurikapenik gabe, epairik gabe; hobetu (aldatu, zuzendu) ezin daitekeen zerbait da, umearena da, beraren neurrira egokitutakoa; ulertzen du, zentzua dauka harentzat, eta malgua da.
Pentsamendua da: iragana orainean jartzen du, eta etorkizunerako proiekzioak egiten ditu. Jolasik gabe, ez legoke pentsamendurik. Haurrak ekintzen bidez pentsatzen du (aldatzen doa adinarekin batera).
Adierazpena da: jolasaren bitartez, nor den adierazten du, zer historia duen, nola ikusten eta interpretatzen duen mundua, zer emozionalitate duen.
Simulazioa da: igarotako bizitzaren eta etorkizunekoaren esperientziak arriskurik jaso gabe berriro bizitzeko modu bat da. Dena dela, inkontzientea da.
Memoria martxan jartzen da: “Jolasa benetan gertatutako gauzen metaketatik hurbilago dago irudimenetik baino. Gehiago da memoria martxan jartzea, egoera berri edo irudimenezko egoera bat baino”. (Vigotski).
Performatiboa eta generatiboa: jolasaren erabilerak aldatu egiten du erabiltzailea. Erabiltzen direnean, ingurugiroa aldatzen dute, eta ekintza horrek umea aldatzen du; berreraiki, berregituratu eta berrantolatu egiten du. Jolasak posible diren ekintzak eta posible ez direnak definitzen ditu. “Zentzu batean, ume bat, jolasten ari denean, guztiz libre da bere ekintzak erabakitzeko. Baina, beste zentzu batean, askatasun hori ilusio bat baino ez da, haren ekintzak gauzen esanahiari lotuta baitaude; eta umea behartuta dago horren arabera jokatzera”. (L. Vigotski)
Errekurtsiboa da: jolasak haurraz hitz egin dezake. “Honetan jolasten ari naiz” adierazten denean edo metajolasaren bidez berrikusten denean. Horri esker, umeak bere burua ere azter dezake.
Aipatutako azken ezaugarriak ez dira jolasarenak bakarrik. Literaturak, dantzak, arteak, pentsamendu filosofikoak, zientziak eta abarrek ere ezaugarri horiek dituzte. Baina haurjolasetan hasten dira gauzatzen.

Jolasaren funtzioak
Gaur egun, inor ez litzateke harrituko (zorionez) entzungo balu jolasa, oso garrantzitsua baino areago, ezinbestekoa dela haurren garapenerako.
Egia da. Haurrek ez dute garapen orekatu eta aberatsa izatea lortuko jolastuz bakarrik, baina, jolastu barik, ez dute halakorik lortuko. Haurrek ezinbestez jolastu behar dute. Ezin dira “ez-jolastu”. Egoera latzenetan ere, beldurrak eta minak tregoa ematen dutenean, haurrak jolasten hasten dira, beren indar apurrez.
Berrikus ditzagun garapenaren esparru ezagunenak, eta gogoratu ditzagun jolasaren onurak:
Garapen biologikoan: burmuineko errezeptore neuronalak bereizi eta garatzea. Nerbio-sistemaren mielinizazioa. Hormonen sekrezioa. Giharren eta hezurren indartzea. Ezinbestekoak dira jolasak dakartzan plazerak, sorpresak eta kontrolak.
Garapen motorrean: norberaren gorputzaren errepresentazio mentala garatu (gorputz eskema). Koordinazioa, oreka, indarra, erreflexuak, mugimendu handien eta txikien kontrola.
Garapen kognitiboan: esperientzia berriek, askatasunez entseatuta, eskema kognitibo zaharren birmoldatzea dakarte (Piaget). Beste batzuen laguntzaz, beren eskema kognitiboen bidez egin ahal dutena baino gehiago egin dezakete (Vigotski). Sailkapena, asoziazioa, kausa-efektu erlazioa, atentzioa, memoria, asmatzeko gaitasuna, adierazpideak, ikuspuntu askotarikoak, kontzeptu ugari (denborazkoak, espazialak, linguistikoak), jolastuz lantzen dira goi mailan.
Garapen sozialean: portaeraren eta lege moralen mugak ikastea; kooperazioa, errespetua eta komunikazioa. Besteen ikuspuntua entseatzeko lanabesa; sedukzioa, inposizioa, negoziazioa, erasoaren balioa eta mugak. Egokitzea; kontrola, pazientzia, itxarotea, txandak, arauak.
Garapen afektibo-emozionala: emozioen identifikazioa eta adierazpena. Gatazken adierazpena. Gorputz, objektu eta harremanak menderatzeak ematen duen konfiantza eta gai izatearekin lotutako sentipenak.
Eta funtzio hauek guztiak asko iruditzen bazaizkizue, beste bat ere badakargu psikomotrizitateko adituok. Gure lana gehien justifikatzen duen funtzioa da, baina gure gizartean gutxien ezagutzen dena: jolasaren funtzio terapeutikoa.

Jolasaren funtzio terapeutikoa
Haurren jolasen edukiak arrotzak egiten zaizkigu askotan; arraroak, zentzugabekoak. Baina eduki horiek haurrek aukeratzen dituzte, modu inkontzientean, eta zentzu osoa daukate haientzat. Zentzu inkontzientea bada ere.
Sigmund Freudek, Plazeraren printzipiotik harago (1920) liburuan, haren bilobak egiten zuen jolas bat deskribatzen du. Jolasa oso ezaguna da haur-psikologiaren literaturan, eta Fort-da edo Txirrikaren jolasa izenez ezagutzen da. Jolas horretan azaldu zuenak ikuspegi berritzailea ekarri zuen. Freuden ustez, haurren jolas batzuetan agertzen diren edukiek zerikusia daukate haien bizitzako zenbait gertakizun latz edo mingarrirekin, eta haien aurrean segurtasuna lortzeko balio die.
Freuden bilobaren kasuan, zehazki, amaren joan-etorrien aurrean sentitzen zuen ondoeza konpentsatzeko erabiltzen zuen jolas hura, nolabait ere. Freudek dio, txirrika bat desagerrarazten eta agerrarazten jolastuz, sinbolikoki amaren agerpena eta desagerpena kontrolatzen zuela, eta nolabaiteko ordain emozionala ematen ziola horrek.
Interpretazio hori zoroa irudituko zaigu agian hasieran, baina, haurren jarduerei ondo behatuz gero, egiten dituzten jolas askoren interpretaziorik zentzuzkoen bilakatuko da hark esandako hura.
Har dezagun, adibidez, aski ezaguna den ezkutaketaren jolasa. Jolas horretan, irrika eta emozio handiak sentitzen ditu hiruzpalau urteko haurrak. Baina oso zaila da horren zergatia azaltzea, batez ere benetan ezkutatzeko egiten dituen ahalegin traketsak eta jolasaren iraupen txikia ikusita.
Freudek argi azaltzen du: haurrak atxikimendu-figuren desagerpena jarri du jokoan, baina jolasaren kontrola hartuta. Horregatik, ez da haurra kontatzen gelditzen dena, bera gorde egiten da, baina ez da ondo ezkutatzen. Amaren desagerpenak kontrolaezinak eta mingarriak dira haur txikiarentzat. Baina, orain, kontrolak ematen duen segurtasunetik, plazerean antzezten ditu, eta beldur inkontzienteak uxatzeko balio dio horrek.
André Lapierrek eta Bernard Aucouturierrek amaren galerari buruzko beldurretan oinarritutako jolas-edukiei gorputz-galeretan oinarritutako beldurrak gehitu zizkieten.
Haien esanetan, txiki-txikitan jasotako gorputz-sentsazio latzek eta mingarriek (infekzioek, sumindurek, arnasteko zailtasunek, goseak, hotzak, manipulazio bortitzek, sustoek eta era guztietako minek) aztarna handiak uzten dituzte gure gorputzean. Aztarna horiei beldur arkaiko izena eman zieten. Beldur horiek, esan bezala, sentsazioekin eta haiei lotutako ekintzekin daukate zerikusia. Hauek dira, besteak beste: hustu, desegin, jausi, apurtu, zuritu, anputatu, ito, zapaldu.
Zorionez, min eta ondoez horien guztien aurrean, goxo kontsolatu dituzte haurrak gurasoek. Horrela, plazerak ere aztarnak uzten ditu, eta jolaserako plazer-iturria izango dira. Azken finean, jolas askok mugako izaera dute; larritasunaren eta plazeraren arteko mugan daude. Horregatik, jolasek indar terapeutikoa daukate.
Bi sailkapen orokor egin daitezke jolas mota hauekin:
Segurtasuna areagotzeko jolasak: erlazioaren galera eta gorputzaren galera sinbolizatzen dituztenak dira. Norberaren jarraipenarekin eta plazerarekin lotutako sentipenak bermatzera zuzentzen dira. Zentzu-mugimenduko jolasak dira (bilketak, saltoak, arrasteak, zapalketak, zilipurdiak). Eta bete/hustu, lotu/mugatu, bota/eraiki, zabaldu/itxi, desagertu/agertu motakoak. Haurrak autonomiaz egiteko gaitasuna dauka.
Aurresinbolikoak: aurrekoek bezala, erlazioa eta gorputza dituzte oinarri, baina lagun sinbolikoa eskatzen dute, balizko egoerak antzeztu ahal izateko (ezkutatzeak, jazarpenak, lotzeak, kartzelaratzeak, aurkaritzak eta abar). Rolak ager daitezke, baina, normalean, ez da izango jolasteko gidoirik. Guretzat bereziki interesgarriak dira “aurresinboliko” gisa sailkatzen ditugunak.
Bizi izandako distantzia soziala, musukoa eraman beharra, konfinamendua, gaixotzeko beldurra, familiarteko baten heriotza eta beste ondoez guztiak laster bilakatuko dira jolasen eduki. Gu konturatu ala ez.

Jolas librea naturan egiten denean, zer-nolako balio erantsia hartzen du?
Azter dezagun orain naturan egiten den jolasaren balioa. Horretarako, egokia iruditu zait Kanadako Child & Family Research Institute at BC Children’s Hospital erakundean egindako ikerketa bat hemen plazaratzea. Izen hauxe darama: “Risky outdoor play positively impacts children’s health: UBC study” www.terramater.es webgunetik hartu dut.
“Ez dirudi egokiak direnik edo haurrek entzun behar dituztenik “ez ibili korrika, jausiko zara eta” edo ‘kontuz, ez zikindu’ esaldiak, beren gaitasunak garatu ditzaten edo beren haurtzaroa disfruta dezaten nahi badugu.
Gaur egungo bizimodua edo gaur egungo jolas-parke moderno txepelak eta duela hamarkada batzuetakoak konparatuta, gure haurrak babestuegiak hazten direla ondoriozta dezakegu. Gauza bat da beharrezkoak ez diren arriskuak saihestea, eta beste bat behar dituzten esperientziak kentzea. Mesederik egiten al die horrek? Zientziak ezetz dio.
Kanadan egindako ikerketak adierazi du haurrek naturan eginiko jolas arriskutsuek, beren osasunerako onak izateaz gainera, beren sormena, trebetasun sozialak eta erresilientzia suspertzen dituztela. International Journal of Environmental Research and Public Health aldizkarian jasotako aurkikuntzak, behintzat, horrela dio. Altueretara igotzen, saltatzen, jolas zakarretan aritzen, lurrean iraulka edo begiralerik gabeko esplorazioetan ibiltzen diren umeek osasun fisiko eta sozial handiagoa omen daukate.
“Jolas-eremuetan, zeinetan haurrek zenbait arrisku hartzeko posibilitatea zeukaten, jolas-denbora luzatuta, interakzio soziala handitu zen, eta hobeto bultzatu eta suspertu ziren sormena eta erresilientzia”, dio Mariana Brussonik, ikerketaren buruak. “Efektu onuragarri horiek halako berme bat ematen diote naturan eginiko jolas arriskutsuari, bizimodu aktibo eta osasungarria sustatzeko”.
“Parkeek eta, orokorrean, zuhaitzek, landareek, altuera-aldaketek eta haurrek beren kabuz libreki aukeratutako ekintzetan aritzeko aukerak eskaintzen dituzten inguruneek eragina dute haurren osasunean eta garapen sozialean, onerako. Espazio horiek arriskuari buruz eta norberaren mugei buruz ikasteko aukera ezin hobeak dira”, dio Brussonik. Segurtasunari eta zaintzari garrantzi handiegia emateak umeei horrelako ekintzetan aritzea galarazten die.
“Zaintza aktiboa baino haurren jarraipen sotila egitea egokiagoa litzateke, ume koxkorrekin batik bat”, dio berriro Brussonik. “Segurtasunerako beharrak eta haurren garapenerako beharrak orekatzen dituzten jolas-eremuak eraikitzea gomendatzen dugu”.  
Naturan egiten den jolas librean, zorizko materialak eta espazioak topatzen dira. Haurrek espazioak moldatu behar dituzte, edo jolasak horietara moldatu. Malgutasunerako portaera beste elementu batzuetarik ere badator: sorpresa, material ez-figuratiboak, arriskua, ingurune-aldaketak (zoruaren kalitatea, altuerak, eguraldia). Horrek guztiak jolasa janzten duten proiekzioak egin ahal izatea errazten du.
Eta, gainera, birusaren transmisioa oztopatzen du. Zer gehiago eska daiteke?