AGUSTIN MUJIKA ‘TAKOLO’, “Euskal Girotze Barnetegiak euskal hezkuntzako irakasleen lanari eta inplikazioari esker mantendu dira”

2021-10-01

35 urteko ibilbidea egin ondoren, Euskal Girotze Barnetegiak itxi dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. “Zurekin batera hasi eta bukatu da barnetegien zikloa”, esan diote Agustin Mujikari, Eubako lehendabiziko barnetegian hasi baitzen, eta erretiroa hartu aurretik Segurakoan azken txanda egitera zihoala itxi baitzituzten. Berarekin
jaiotako proiektu bat berarekin bukatzeak izugarrizko pena ematen dio, eta ez duela horrela izan behar dio. Horregatik, berriz
irekiko direla pentsatu nahi du, eta baikor dago, “beti baikor”. Berreskuratu egin behar direla dio ozen, bai irakasleengatik eta bai ikasleengatik. “Gora zihoan gauza batek gorantz joan behar du”.

 
 

1982an euskararen erabilera arautzeko Oinarrizko Legea egin zen eta zera zioen: ikasketak bukatzean, bi hizkuntza ofizialak jakin behar dituzte ikasleek nahitaez. 1983an, agindu bat etorri zen, esanez Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak beharrezko neurriak hartuko zituela eskola giroan euskararen erabilera bermatzeko. 1985ean, hori oinarri hartuta, Hezkuntza Sailak Euskal Girotze Barnetegiak eratu zituen. 2020an, itxi egin ditu. Zer diozu?
Aurtengo martxoan koronabirusa dela-eta eskolak itxi zituztenean, barnetegiak ere itxi egin zituzten. Gogoratzen naiz Gasteizko umeak heldu zirela Segurako barnetegira, eta itxi egin behar genuela jakin genuenean, umeei azaldu genien egoera. Ez zuten itzuli nahi, guk ere ez, baina motxilak ireki ere egin gabe sartu ziren berriz ere autobusean, denok negarrez geundelarik. Niretzat, gainera, oso momentu berezia izan zen, erretiroa hartu aurreko nire azken txanda baitzen.
Konfinamendu garaian eta martxotik ekainera bitartean, txanda guztiak kendu ziren, eta ezin genuen etxetik lan egin. Beldur ginen ikasturte honetan egingo ote ziren edo ez, han bertan egiten baitute lo, han jaten baitute eta kontaktua baitago. Eta, azkenean, ezezkoa erabaki zen uztailean.
Ixteko erabakia koronabirusaren egoerari lotutakoa da; hau da, ez dira itxi eskaerarik ez dagoelako edo funtzionatzen ez dutelako, justu kontrakoa gertatzen baita. Are gehiago, seigarren barnetegia irekitzekotan ginen.
Horregatik, ni baikor nago, eta espero dut ikasturte bateko kontua izatea. Nik baikorra izan nahi dut. 35 urteko programa hau ezin da horrela geratu, eta gauza bera Nolegako (Normalizazio Legearen Garapena) beste programekin: Urruzuno, artistak eskolara, Ulibarri...
Noski, beti dago arriskua, gero berriro zerotik hasi behar izateko arriskua. Zeren kentzen dena kenduta dago, eta, gero, kosta egiten da berriro hastea. Nolegak programa interesgarriak zituen eskuetan klusterrekoekin, euskararen dinamizazioan dabiltzan adituekin... Nora joango da hori dena? Zer gertatuko da?
Nik erretiroa hartu dut, baina barnetegietan nire lankide izandakoak eskolara itzuli dira une honetan, eta han pasatuko dute ikasturtea, bakoitzak bere eskolan. Nik esan diet hor egongo naizela, eta, dauden eskoletan laguntza behar badute, eskatzeko. Ikasturtean zehar elkartzeko asmoa dugu, taldea mantentzeko. Orain, ikasturte hasieran, irakasleek buruan daukatena da nola kudeatu eskola; baina, hori pixka bat pasatzen denean eta gauzak lasaitzen direnean, euskaldun sentimendua duen edonor ohartuko da berriro ireki behar direla barnetegiak. Nik baikorra izan nahi dut. Ezin da 35 urteko programa hau bertan behera utzi. Indartu egin behar da, kontzientzia sortu, lan egiteko gogoa duten gazteak topatu, eta berriro arraunak hartu.

35 urteko programa hau ezin dela horrela geratu diozu. Zer eskaintzen dute, bada, barnetegiek, hain beharrezko eta onuragarri izateko?
Barnetegiak zabaldu egiten du eskolak duen esparrua. Eskolak ematen duen esparrua oso itxia da, oso programatuta dago, eta orduan, askotan, irakasleak oso lotuta daude. Muga asko daude eskolan. Barnetegietan, aldiz, beste baldintza batzuk sortzen dira. Programa ez dago horren zehaztuta; egiten, moldatzen eta egokitzen joaten gara, probatzen. Horrez gain, umeak beste modu batera daude, hogeita lau ordu elkarrekin; ez dute notaren presio hori, eta denok gaude gusturago, era positiboan, giro onean, desinhibituta. Haiekin gozatu, mimatu eta maitatu egiten ditugu, eta hor dago aldea; beste ikuspuntu bat ematen dio hezkuntzari, eta beste harreman mota bat sortzen da.
Euskara ikasteaz gain, euskara erabiltzeko aukera eman behar zaie umeei eta gazteei, eta horixe egiten da barnetegietan. Hitz egiten ezin da ikasi hitz egin gabe, igeri egiten ikasi ezin den bezala uretan murgildu gabe. Barnetegietan, euskararen uretan murgiltzen laguntzen diegu, elkarbizitza eta gertuko harremana eskainiz. Barnetegietan igarotzen dituzten egunetan, jolas egiten dugu, sentitu, gozatu, hitz egin, komunikatu, abestu, motibatu, dantza, mozorrotu, lagundu, hausnartu, mendian ibili, natura ezagutu, harritu, alaitu, irribarre egin, maitatu, saiatu, kontu-kontari egon, errespetatu, bizi... eta horiek denak eginez, euskararekiko harreman berri bat antzematen dute, girotu egiten dira, eta euskara barneratzen dute.

Barnetegien proiektua abiatu aurretik, irakasle gisa aritu zinen lanean. Eskolaren muga horiek bizi izan zenituen?
Bai, halaxe da. Nire inguruan, horrelako eskaintza baten beharra ikusten nuen. 1981-1982 ikasturtean bukatu nituen ikasketak Donostiako seminarioan, eta euskara irakasleen lehen promoziokoa izan nintzen. Ondoren, Lasarte-Oriako eskola publikoan, nire herrian, hasi nintzen lanean, eta hiru urte egin nituen han. Euskarako ikasgaia ematen nuen, eta, une hartan, eskola guztian euskaraz genekien irakasleak hiru bakarrik ginen. Idoneo deitzen ziguten; bakoitzak bost gelaren ardura geneukan, bakoitza hogeita hamar ume ingurukoa, eta Euskara ikasgai gisa irakasten genuen. Garai hartan, Lasarte-Oriako giroa oso erdalduna zen; jendetza etorri zen kanpotik Michelin lantegian lan egitera, eta ume asko zeuden. hogeita bost umeren artean, bat edo bi Zubietakoak izaten ziren, eta haien etxeko hizkuntza euskara zen; baina gainerako guztiena ez. Eta euskaraz ez jakiteaz gain, euskal kulturatik oso aparte bizi ziren.
Egoera horretan hasi ginen eskolan irratia egiten eta Olentzero antolatzen, besteak beste. Umeek ez zekiten zer zen baserritarraren arropa, txapela, blusa... Ez zegoen horrelakorik egiteko ohiturarik eskola publikoan. Eta Lasarte-Orian, eskola publikora joaten ziren ume gehienak. Horrela, bada, Olentzero ospatzen hasi ginen, eta gogoratzen dut Zumaburuko plaza umez beteta, denak Olentzero etorri zain... Olentzero etorri bitartean, zerbait egin behar zen animatzeko, eta hor sortu zen Takolo pailazoa.
Horrez gain, ni eskolako irakasle gaztea nintzen, bizarrarekin, progresista, euskalduna... Eta konexio handia zuten ikasleek nirekin: mendira joaten ziren nirekin, kanpinera, Leitzaranera... Horixe zen Lasarte-Oriako giroa.
Lasarte-Orian hiru urte egon ondoren, Amezketara joan nintzen, eta han, urtebete egon nintzen. Aterpetxe bat zegoen han, eta buruari bueltak ematen hasi nintzen jada. “Eskola ondo dago, baina... beste zerbait behar dugu”. Haurrentzako beste esparru bat behar zela ikusten nuen, hau da, barnetegi bat non haurrak etorri eta gurekin egongo ziren, eta, hizkuntza lantzeaz aparte, beste gauza batzuk ikasiko zituzten: Aralar mendia, artzainak... baserriko mundu hori. Hizkuntza eta kultura, biak.
Ideia horiekin nenbilela, proiektu bat egin nuen, eta Lakuara joan nintzen. Iñaki Artolarekin eta Joxe Mari Berasategirekin elkartu nintzen han, eta haiek ere antzeko zerbait egin nahi zutela esan zidaten. Barnetegi bat egitekotan ziren Bizkaiko Zornotza herriko Euba auzoan. Eta horrela, Amezketako lana utzi, eta Euban hasi nintzen, Abadiñoko Rosa Marirekin eta Derioko Luis Marirekin batera. “Egizue” esan ziguten, eta han hasi ginen, izugarrizko motibazioarekin eta euskalzaletasunarekin. Ni neu egunero joaten nintzen Lasarte-Oriatik Eubara, eta autoa eduki arte, goizeko 6:00etan tren bat hartuz Durangora eta gero han beste bat Eubaraino, edota autostop eginez autobidean.

Testuinguru eta giro horretan, nola antolatu ziren barnetegiak? Zein adineko haurrentzat?
Barnetegien filosofia edo funtzionamendua zera da: zenbait herritako umeak elkartzea aterpertxe batean eta, egun batzuetan, elkarrekin bizitzea eta gozatzea euskaraz.
Esan bezala, lehendabizikoa Euban ireki zen, 1985ean, eta, izan zituen emaitza onak ikusita, beste bi ireki ziren Gipuzkoan 1990ean: Gaztelun eta Alkizan. Urte hartan bertan, Eubakoa Plentziako aterpetxera pasatu zen. Ordurako, sendotzen ari zen barnetegien sarea, eta laugarrena iritsi zen, Elgoibarko Aubixa baserrian ireki zena. 1996an, Seguran zabaldu zen bosgarrena. Eta horrekin, barnetegien sarea osatuta geratu zen. Orain ginen seigarrena irekitzekoak, Muxikan (Bizkaia).
Bosteko kopuruari eutsi arren, hainbat lekualdaketa izan dira urteotan eta azken urteotan Barrian, Elgoibarren, Hondarribian, Lemoizen eta Seguran eduki ditugu barnetegiak.
Lekuez gain, esperientziak erakutsi ahala, beste hainbat gauza ere aldatuz joan gara. Esate baterako, hasieran, hamabi egunekoak ziren egonaldiak. Bi aste jarraian egiten genituen, asteburua barne. Ondoren, bost egunekoak egiten hasi ginen, eta azken urteotan, lau egunekoak; bosgarrena barnetegiko hezitzaileon arteko bilerak eta prestakuntza egiteko erabili izan dugu, gure artean egoteko, batzuetan barnetegi berekoak bakarrik eta, besteetan, barnetegi guztietakoak, orotara hogei lagunetik gora. Guk geuk hainbat ekintza egiten ditugu, eta, gero, horien gainean hizketan aritzen gara. Hezitzaileon arteko harremanak estutzeko eta taldea indartzeko balio du horrek, zeren gure artean ere kimika sortzea lortu behar dugu, gero haurrekin lortzeko. Horrez gain, denbora hori gure esperientzia zabaltzeko, liburuak egiteko eta abar baliatu dugu. Alde horretatik, positiboa izan da guretzat denbora hartzea, baina jabetzen gara, aldi berean, umeek egun bat galtzen dutela.
Hasieran, OHOko 3. mailatik 8. mailara bitarteko ikasleei eskaintzen zitzaien barnetegietara joateko aukera. Hori ere aldatu egin zen, hezkuntza-sistemaren antolaketarekin batera, eta geroztik, Lehen Hezkuntzakoei eta DBHkoei, biei, eskaini zaie. Beraz, Lehen Hezkuntzakoekin bakarrik hasi ginen, baina, gero, Bigarren Hezkuntzara ere zabaldu ginen. Gainera, eskaera gehiago jaso dugu azken urteotan Bigarren Hezkuntzatik.
Bost barnetegietatik bitan (Plentzia eta Elgoibar), eskaintza DBHkoei egiten genien; beste bitan, Lehen Hezkuntzakoei (Alkiza eta Segura), eta Barrian, biei. Orduan, barnetegi bakoitza bere etapan espezializatu zen, eta, nire ustez, hori ona izan zen, ez baita gauza bera LHrako edo DBHrako programa egitea: baliabideak desberdinak dira, abesti motak ere bai... Dena da desberdina: mendi-irteerak, solasaldiak (solaserako tarteak), ekintzen erritmoa...
Gero, hori ere aldatu egin genuen, ikusi genuelako hezitzaile eta barnetegi guztiak maila guztietan trebeak izatea zela egokiena. Beraz, barnetegi guztiak adin guztietako umeentzat izatera pasatu ziren, eta horrela egon gara azken urteetan: ikasturteko hasierako txandak DBHkoentzat, eta, ikasturte amaierakoak, LHkoentzat. Dena dela, nik uste dut egokiagoa zela aurreko eskema, etapa horietako haurrak eta gazteak bereizten zituena.

Nolako bilakaera izan du eskaerak?
Eskaera igoz joan da, eta hala jarraitu du azken unera arte. Lehen, eskola bateko maila batean hiru gela baldin bazeuden, gela batek soilik zeukan etortzeko aukera. Azken boladan, posible zen ikasturte batean hiru gelak etortzea: talde bat Segurara, beste bat Elgoibarrera eta beste bat Barriara. Horrek eskaera igotzea ekarri zuen. Hasieran 200 eskaera baldin baziren, azken boladan 400 inguru.
Bost barnetegi izan ditugu, bakoitzean 28 txanda egin izan ditugu ikasturte batean, eta gehienez 150 eskaera jaso zitzakeen. Beste 200 eskaera gelditzen ziren urtero erantzun gabe. Eskaera badago; beraz, beharra badago.
Bestalde, azken urteotan DBHko eskaera igo egin da, eta LHkoa jaitsi. Datu hori ere hor dago, DBHn behar handiagoa dago, nonbait.

Barnetegietan erabili izan duzuen metodologia ez da eskolakoa, antz handiagoa du udalekuekin. Eskolaren jardun zurrunetik atera, eta egiteko modu berri bat sortu duzue.
Bai, hala esan dezakegu. Barnetegien helburu nagusia hizkuntza izan da, umeei eta gazteei euskaraz bizitzeko eta euskal giroan murgiltzeko aukera eskaintzea. Hala, etorri izan diren umeen euskara maila ez da berdina izan, eta bakoitzari bere behar linguistikoaren arabera erantzun nahi izan zaio. Hasierako 12 eguneko txandetan, hainbat lekutako 100 ume elkartzen ziren, A, B eta D ereduetakoak. A eredukoek Euskara ikasgai modura zeukaten, eta oso azaleko kontaktua zuten euskararekin. B ereduan ere, hasierako urteak zirenez, oraindik gutxi zekiten. D eredukoak ikastoletakoak eta herri euskaldunetako eskola publikokoak ziren. Horiek  euskaraz bizi ziren etxean. Beraz, hitz-jarioa aberasteko ekintzak egiten genituen batzuekin, esamoldeak eta esaera zaharrak landu, eta abar. Eta beste batzuekin, mimikaz hitz egiten genuen, poliki-poliki. Zeren, A ereduko batzuei euskaraz egin, eta erantzuna “¿este qué dice?” izaten zen.
Testuinguru horretan, gakoa umeei hitz eginaraztea da; hori izan da gure metodologiaren ardatza. Jolasak eta tailerrak eginez, umeek berba egitea. Esate baterako, hauxe izan daiteke nor-nork lantzeko ekintza bat: bi pertsonak antzerkia egitea, bata taxilaria eta bestea autoan sartu dena, eta beren arteko elkarrizketan lantzea nor-nori-nork: “eramango nauzu?” “Bai, eramango zai...tut”. “Eraman nazakezu?” “Bai, eraman zaitzaket”.
Beste bi bitarteko interesgarri aldizkaria eta irratia dira: albisteak bildu eta, zerbait idatzi eta presatu ondoren, besteei erakutsi.
Dantza eta abestiak ere beti erabili izan ditugu. Urteen poderioz eta esperientzia pilatu ahala, lan-tresna berriak bilatuz joan gara. Gogoratzen naiz bolada batean makina handi batzuk egin genituela, sekulako tramankuluak, harrigarriak; botoiari eman, argia piztu eta ez dakit zer martxan jartzen zen, telebistan ikusten ari balira bezala. Teknologia berriak baliabide gisa erabiltzen genituen, eta, urte batzuetan, horren inguruan aritu ginen. Gaur egun, mugikorra, Instagram eta beste hainbat daude, eta teknologiaren erabilera aldatu eta egokitu egin da.

Ekintzen eta jolasen, bitartez hizketan egitera bultzatzen dituzue ikasleak. Hori da muina?
Bai, komunikazioa da gakoa, haiek mintzatzea. Egoerak edo dena delakoak planteatzea eta solas egitea, hori behar baitute, txandaka hitz egiten ikastea, errespetuz... Nik uste dut hori dela lantzeke dagoen gauzetako bat, agian eskoletan egiten ez dena edo egin ezin dena. Geletan, isilik egoten dira, irakasleak hitz egiten du batik bat. Irakasle askok esaten digute ikasleei hemen entzun ondoren: “Uste nuen gehiago zekiela”. Zergatik diote hori? Gelan ez dutelako ikasleek hitz egiten, irakasleak baizik. Barnetegian, aldiz, hizkuntza funtzionala denean, hizkuntza erabiltzen hasten direnean, orduan ikusten da zer gaitasun duten benetan. Ez daude ohituta, eta are gutxiago haien sentimenduez hitz egitera. Azaletik hitz egiten dute, eta ez, barruarekin berba egin behar da: galdetu, eman bi minutu pentsatzeko eta gero mintzatu. Barnetegietan, hitza ematen diegu: zuk zer diozu? Eta zuk? Eta zuk? Elkarrekin komunikatzeko bideak zabaltzen ditugu.
Kontua ez da jolasteagatik jolastea. Jolastea ondo dago, beti, baina, gero, etorri eta ekarpenak egin behar dira: zer gertatu da, nola egon zara zu, zer sentitu duzu, zer ikusi duzu, zer ikasi dugu... Jolasteaz gain, egin galdera batzuk. Eta egoera horiek denak hizkuntza lantzeko balia daitezke, euskaraz hitz egiten dutelako eta gu isilik gaudelako.

A, B eta D ereduak aipatu dituzu. Nola ikusten duzu oraindik ere ereduen sistema horri eustea? Egokia iruditzen zaizu?
Uste dut A eta B ez ditugula behar. Eta D ereduaren kasuan, kontuan hartu behar dugu leku guztietan ez dela berdina. Ez da gauza bere etxean euskaraz egiten duenarentzat edo egiten ez duenarentzat. Ez da gauza bera lagunekin euskaraz egiten duenarentzat edo egiten ez duenarentzat. Dena da D, baina ez da D bera. Kontuan hartu behar da hori.

Horrelako egonaldietan, harremanak garrantzitsuak dira. Nola landu duzue alderdi hori? Zer garrantzi eman diozue?
Harremanak kudeatzea funtsezko alderdia da barnetegian, eta baita bakoitzari behar duen autoestimua ematea ere. Denok gara garrantzitsuak, ditugun balioekin, eta hori kudeatzen saiatzen gara. Liderrak beste zeregin batzuetan jartzen ditugu, eta askotariko ekintzak egiten ditugu, bakoitzak bere balioak azaltzeko. Hori euskaraz egin beharra handicap bat izan daiteke haientzat, eta beraz, erronka bat da denontzat.
Beti dago lehia gizarte honetan, eta, nahiz eta gure ekintzetan hori ez bultzatu, sor daiteke. Eta, sortzen bada, hori kudeatu egin behar da, noski. Horrelakoetan, umea aparte hartu, eta buelta bat ematera joan ohi gara berarekin, eta hitz egiten dugu: bai berak eta baita guk ere.
Giro afektiboa behar dute, arreta. Gerturatu, eta galdetu egin behar zaie, eta garrantzitsua da geu ere irekitzea, geuk ere gure gauzak kontatzea, gero haiek ere bereak kontatzeko. Geuk ere geurea kontatzeak konplizitatea sortzen du. Eta horrela izan behar du, geuk ere emanez, ez eskatuz soilik. Eskolan, distantzia handiagoetan ohituta daude, eta horrela ez da lortzen gerturatzea. Barnetegian, gerturatzeko uneak sortzen dira, eta horiek baliatu behar dira behar den kimika lortzeko. Eta eskertu egiten dute. Niri horrek izugarri ematen dit, puztu egiten naiz.
Ume bakoitza motxilarekin etortzen da, motxila psikologikoarekin. Hori ireki behar dugu? Ez da hobea ondo pasatzea eta kito? Guk uste dugu motxila irekita ez diogula kalte gehiago egingo, eta barrua askatu nahi duenari aukera ematen diogu. Horrela, lehenengo, barrukoa botako du, eta horrek beste onarpen eta elkartasun bat ekarriko ditu taldera. Psikobarnetegia izan daiteke.
Hizkuntzatik abiatutako esperientzia bat hizkuntza baino askoz gehiago bihurtu da: hizkuntza, harremanak, bizipenak...

Barnetegira umeak ez ezik irakasleak ere etortzen dira. Zer dira zuentzat irakasleak?
Irakasleak prest daude barnetegira etortzeko, bakoitzak bere etxea eta familia utzita, eta hori da nik txalotzen dudana. Gure kasuan, gure lana egiten ari gara, militantzia handia behar duena, baina umeekin etortzen diren irakasleena askoz handiagoa da. Hasieran, 12 egunerako etortzen ziren, etxea eta etxekoak utzita, asteburuak barne, eta ez zeukaten konpentsazio ekonomikorik. Gauza bera, bost eta lau eguneko egonaldietan. Eta horrela, 35 urtean. Hori ez da normala, hori zerbait historikoa da. 12.000 irakasle inguru pasatu dira urteotan, eta izugarria da hori.
Barnetegiak hezkuntzako edo heziketaren munduko altxorrak dira. Ez dut esaten guk egin dugulako, irakasleek ere esaten dute. Euskal hezkuntzako irakasleen arteko proiektu bat da, eta horri esker mantendu da, irakasleen lanari eta inplikazioari esker.

Eta zer da barnetegia haientzat?
Barnetegiak gurasoentzat, umeentzat eta gizartearentzat esanguratsuak baldin badira, are gehiago irakasleentzat. Barnetegian, beste era batera ikusten dituzte euren ikasleak, beste era batera egoten dira umeak, beste era bateko heziketa jasotzen dute, irakasleek beste esparru batzuetan ezagutzen dituzte ikasleak (jangelan, logelan, gauez, egunez...), egoera gehiago bizi dituzte elkarrekin... Nik uste dut hemen, irakasleak ez, hezitzaileak garela. Irakaslea irakasten duena da, eta hezitzailea, beste gauza bat, eta hori ikusten dute hemen. Hezitzaileak, irakasteaz gain, heziketa dauka buruan, ez edukiak soilik. Irakatsi ordez, egoerak planteatzen ditu, gero horietatik ikasleek berek ikasteko. Horretan datza hezitzailearen lana.
Era berean, irakasleek gure metodologia eta ekintzak ikusten dituzte, eta hori ere esanguratsua da haientzat.

Zer-nolako harremana eta lankidetza duzue?
Irakasleen parte-hartzea eta inplikazioa oinarrizkoa da barnetegian.  Oso gogorra da 24 orduz ikasleekin egotea, eta, batzuetan, lasai buelta bat ematera joaten uzten diegu; baina, era berean, beti gainean edo adi egotea eskatzen diegu. Goizero elkartzen gara irakasleekin, eguneko programazioaren nondik norakoak azaltzeko eta egiten duguna zergatik eta zertarako egiten dugun esplikatzeko. Arazoren bat ikusten badugu, irakasleekin partekatzen dugu, eta, taldearen arabera, gure ekintzak egokitzen ditugu. Esate baterako, taldean giro onik ez dagoela ikusten badugu, talde-kohesioa bultzatzeko ekintzak proposatzen dizkiegu. Euskaraz gutxi hitz egiten baldin badute, gehiago mintzatzen gara gure hizkuntzari buruz. Ez gara beti gauza bera egitera mugatzen, beti gauza bera egiteak ez duelako ezer aportatzen. Ni justu kontrakoa egitearen aldekoa naiz: aldatu, aldatu eta aldatu. Egiten duguna oso ondo baldin badago, ongi, egindakoa jaso eta ez geratu mendi tontorrean, jaitsi eta goazen beste bide bat probatzera eta beste mendi bat igotzera. Hori da heziketa eta ni horregatik aritu naiz hainbeste urte lan honetan, eskolan ito egingo nintzen.
Egonaldiak gauza asko lantzeko egin daitezke, eta modu askotara. Zertan ari garen azaltzen diegu, ikasleei buruz hitz eginez, ikusten duguna aditzera emanez... Irakasleak konturatzen dira lanketa bat dagoela hor, ez dugula edozer gauza edozein modutan egiten. Eta hori igartzen da, idatzita uzten dute balorazioetan.

Zuen lan egiteko modua liburu batean azaldu duzue: Euskal Girotze Barnetegiak: oinarri, jolas eta teknika hezitzaileak. Zer asmorekin egin duzue?
Irakasle askok esan izan digute eskoletara joateko barnetegian egiten duguna egitera, bai ikasleekin eta baita beraiekin ere. Hik Hasiren Udako Topaketetan ere izan gara, eta orain, liburua urrats berri bat da bide horretan: gure metodologia azaltzeko eta zabaltzeko, erakusteko eta eskuragarri jartzeko, barnetegietan erabiltzeaz gain eskoletan ere erabil daitekeelako. Gure metodologiak eta teknikek berdin balio dute eskoletarako eta udalekuetarako ere.
Ez dugu dena guk egin, liburuan diren gauza asko beste pertsona batzuen bildumak dira, atal nagusia Iñaki Artolarena da.

Lan egiteko eredu hori eskolan aplikatzeko modukoa ikusten duzue?
Gure dinamikak egin daitezke eskolan, noski. Edukiak eman behar dira, ados, baina tartekatu daitezke bestelako dinamikak. Kontua da batzuk beldur direla beren ikasleak gainera etorriko ote zaizkien. Edo ez dute ikusten euren burua guk hemen egiten duguna egiten edo ikasleekin hitz egiten, haien konfiantza lortzeko. Ez daude ohituta, ez irakasleak eta ezta umeak ere, baina posible da.

35 urte hauetan, nola ikusi duzu euskararen ezagutzaren eta erabileraren bilakaera?
Bilakaera izugarria izan da. Ni ere natorren lekutik nator, Lasarte-Oriatik eta hango egoeratik, kontatu dizuedan bezala. Gaur egun, orain dela 35 urte ez bezala, badakit Lasarte-Orian edozein gaztek badakiela euskaraz, eta horrek poza ematen dit. Hori lehen ez zen posible. Orain badakit badakitela, agian ez dute egingo, baina badakit nik euskaraz egiten badiet ulertuko didatela. Hori urrats handia da. Hitz egitea edo ez beste kontu bat da, baina handia da badakiela jakitea.
Etorkinek ere txiki-txikitatik ikasten dute, eta denbora gutxian. Hor lana egiten da, eta emaitza hortxe dago. Kontua da orain lehen baino etorkin gehiago ditugula, eta zaildu egiten du horrek egoera. Lehen ere baziren, baina ez hainbeste. Zenbait eskolatatik barnetegira etortzen direnean, hiru afrikar, bi musulman eta beste bi hispano jatorriko egon daitezke talde batean. Elementu horiekin ari gara lanean orain hezkuntzan, eta gauza asko egin daitezke haiekin.
Lehen, irakasleek ere ez zekiten euskaraz. Orain, lehen ez zeuden baliabideak daudela ikusten dut, eta beste ingurune bat, gauza gehiago kultura arloan: irratia, Internet, euskarazko telebista... Lehen, ez zegoen halako laguntzarik.
Nik era positiboan pentsatzen dut: gero eta gehiagok daki euskaraz, eta 30 urte barru, gehiagok. Datozen belaunaldi berriak, gaurko ume eta gazte horiek, guraso izango dira, eta ulertuko dute euskara. Ezin dute esan jada ez dakitenik, jakin jakingo baitute. Beste koska bat erabilerarena da eta izango da.

Urte askotako ikuspegia duzu, eta aurrera begira jarrita, hamar urtera begira jarrita, zein izan daitezke erabilera areagotzeko gakoak?
Hainbeste borroka egin dugu... Hizkuntzaren presentzia bermatu behar da, eta modu goxoan egin beharko da.
Elementuetako batzuk eskolatik kanpo daude, gizartean, etxean... Eta eskolan, beste bide batzuk aurkitu beharko dira. Garrantzitsua iruditzen zait, adibidez, eskolatik kanpo, eta baita norberaren herritik kanpo ere, beste mundu bat badagoela erakustea. Batzuk Segurara etorri, eta konturatzen dira euskara dela hemengo herritarren eguneroko bizitzako hizkuntza. Hori pentsaezina da gure ikasle askoren herrian. Hemen herrira joaten gara barnetegiko umeekin, herriko jendeari euskaraz hitz egiten entzuteko, eta harrituta geratzen dira, ez dutelako hori ezagutzen.
Erreferentzia horiek erakustea komeni da, haien etxean, haien herrian eta haien kulturan ez dutelako halakorik. Ez dute euskarazko erreferentziarik, ez dute batere giro euskaldunik gelan, herriko ume euskaldunak ikastolan edo beste eskola batean daude, eta urrun geratzen zaie erreferentzia hori.
Horrez gain, ikasleek hitz egiteko foro gehiago ireki beharko lirateke eskolan, beste metodologia batzuk erabiliz. Edukia bai, baina ikasleek hitz egin behar dute, eta, horretarako, esparruak eman behar zaizkie. Horrek ekarriko du gehiago erabiltzea.
Eskolatik kanpo ere hor gabiltza, hor daukagu Euskaraldia. Motibazioari eusteko ekimenekin jarraitu behar dugu, euskarazko esparruak eskaini eta... konpromisoa. Hori pertsonala da, baina hori ere behar da. Eta ea nola kudeatzen dugun hori.

Kezkatuta zaude motibazioarekin?
Askotan ez diogu garrantzirik ematen, eta badu, handia. Zeren bestela, euskaraz ari garelakoan, erdaraz aritzen gara. Ez dugu hizkuntza era kontzientean erabiltzen. Esate baterako, gaur egun irakasle berri guztiek badakite euskaraz, lehen ez bezala. Kontua da irakasle berri askok ez dutela guk lehen genuen kontzientzia hura, eta, agian, erdaraz egiten dute eskolan euren artean. Hori ezin da onartu. Nahi duzuna egin kanpoan, baina zure lanpostuan ez. Hor badugu zeregina. Nik hori puntuatu edo baloratu egingo nuke: lehendabizi kontzientzia, eta gero, titulua. Irakasle lanposturako titulua behar da, baina, lanpostu horretan, hizkuntza maitatu egin behar da, ez da nomina irabazteko lana soilik. Kontzientzia behar da.