Irakasleen irakasleak ebaluatzeko tresna

2021-03-01

Behin baino gehiagotan hitz egin izan da irakasleen hasierako prestakuntzaz. Irakasle trebatuak behar badira, prestakuntza egokia behar dute, eta horrek unibertsitateko irakasleak ere ongi prestatuta eta trebatuta egotea eskatzen du. EHUn, bada irakasleen jarduna aztertzen duen programa bat, Irakasleen Irakaslana Ebaluatzeko Docentiaz programa, hain zuzen ere. Programa horrek fakultate horretako irakasleen irakaskuntza-praktikan izandako eragina ebaluatu du Aitor Mendia Urrutiak, eta artikulu honetan biltzen dira aztergai izandako elementuak eta ateratako ondorioak.

 
 

EHUko Docentiaz programak irakasleen irakaskuntza ebaluatzen du, eta programa horren eragina neurtzeko ikerketa bat egin dut. Ikerketa Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia (HEFA) fakultatean kokatzen da. Izan ere, fakultate horretan hezkuntzaz arduratzen diren arloak biltzen dira. Besteak beste, Pedagogia, Gizarte Hezkuntza, Haur Hezkuntza edo Lehen Hezkuntza graduak. Gainera, Pedagogia Gradua fakultate honetan soilik aurki daiteke EHU barruan, eta gainerakoak beste fakultate batzuetan topa badaitezke ere, inongo zalantzarik gabe, fakultate hau da hezkuntzaren arloko gradu gehien biltzen dituen fakultatea; hots, hezkuntzaz arduratzen diren gradu guztiak topatu daitezke fakultate honetan. Beraz, hezkuntza-gaietan adituak diren profesionalen topagune dela uler liteke. Horrek kokaleku ezin aproposago bilakatzen du, hezkuntza-praktiken eraldaketaren eta ebaluazioaren arloaz kezkatzen den ikerketa bat aurrera eramateko.
Beraz, testuinguru horretan ebaluazio-prozesuak nola aplikatzen diren eta hezkuntza-prozesuetan zer-nolako eragina izaten duten aztertzeko asmoz aurrera eramandako ikerketa bat da hau. Besteak beste, Irakasleen Irakaslana Ebaluatzeko Docentiaz programak fakultate honetako irakasleen irakaskuntza-praktikan izandako eragina ezagutu nahi izan da.
EHUk bere irakasleen irakaslana ebaluatzeko erabiltzen duen programa da Docentiaz. Unibertsitateek beren irakasleak ebaluatzeko eskumena dute. Horri esker, irakasleen funtzioa indartu nahi da, irakaskuntzaren ikuspegi integrala aplikatuta. Ikuspegi integral horrek bere gain hartzen ditu irakasleak, arduradun akademikoak, ikasleak eta erakundea bera.
Docentiaz programaren helburuei dagokienez, bi ataletan banatzen dira. Alde batetik, irakasleei loturikoak, eta, bestetik, unibertsitateari. Irakasleei dagokienez, goi mailako hezkuntzaren kalitatea, bikaintasuna eta zuzentasuna sustatu nahi dira, horiek aitortuz eta sarituz. Bestalde, haien jardueretan atzeraelikadura eraikitzaile bat finkatu nahi da, haien jarduera profesionalean eta ezaguera kontrastatuan sakontzeko. Azkenik, irakaskuntza profesionalen garapenean eragina izango duten ekintzen planifikazioa ere bermatu nahi da.
Unibertsitateari dagokionez, aldiz, kalitatezko irakaskuntza-jarduerak balioetsi nahi dira lehenik eta behin. Horrez gain, irakaskuntza-jardueraren azterketa egitea eta erabakiak hartzea erraztuko duten ebidentziak izatea erraztu nahi da, horiek hobetzeko. Jarraian, prestakuntza eta garapen profesionalerako programak bideratu nahi dira. Eta, azkenik, berrikuntzan eta lankidetzan oinarritutako lan-kultura bat sustatzea du helburu.
IEZren (2017) txostenean agertzen denaren arabera, programa honetan EHUko irakasle guztiek parte hartu ahal izango dute, bai funtzionarioek, bai kontratatuek, bai lanaldi osoan daudenek bai lanaldi partziala dutenek.

Ebaluatu dena eta jarritako
helburuak
Ebaluatu beharreko dimentsioei eta ebaluazio-irizpideei dagokienez, jarraian agertzen diren hirurak daude (IEZ, 2017):
1. Dimentsioa: irakasteko eta ikasteko prozesuaren plangintza eta garapena. Dimentsio honen helburua irakaskuntza-plangintzaren kalitatea balioestea da. Era berean, irakasteko eta ikasteko prozesua tituluan zehaztutako jarraibideekin eta IKD ereduarekin bat ote datorren aztertzen da.
2. Dimentsioa: emaitzak. Dimentsio honen helburu nagusia emaitza akademikoak eta ikasleek irakaskuntza-jarduerarekin duten asetze-maila ezagutzea da. Atal honetan, ikasle talde bakoitzak emandako puntuazioaren batezbestekoa egiten da.
3. Dimentsioa: irakasleen garapen profesionala. Dimentsio honen helburu nagusia EHUko irakasleek irakaskuntza-berrikuntzarako eta etengabeko hobekuntzarako duten maila balioestea da, bikaintasuna helburu hartuta.
Bestalde, irizpide horietako bakoitza ebaluatzeko garaian ahalik eta objektibotasun handiena izateko, hainbat adierazlez osatutako errubrika bat erabiltzen dute ebaluatzaileek.
Irakasleek, ebaluazioan parte hartu ondoren, amaierako txostena jasotzen dute. Txosten horrek bi alderdi desberdin ditu. Alde batetik, txosten kualitatibo bat eskaintzen zaie. Txosten horretan, jaso duten kalifikazioaren arrazoiak zehazteaz gain, indarguneak eta ahulguneak azaltzen zaizkie. Era horretan, ahulguneak garatzea bultzatu nahi da, horretarako ere gomendioak eskainiz, eta, bestalde, irakasleei indarguneak garatzen jarraitzera animatzen zaie.
Helburuei dagokienez, honako hauek dira ikerketa honen helburuak:
Helburu orokorra:
Irakasleen irakaslana ebaluatzeko Docentiaz programak EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultateko irakasleen irakaskuntza- praktikan izandako eragina ulertzea.
Helburu espezifikoak:
Docentiaz programak irakasleen irakaskuntza-plangintzan eragin dituen aldaketak identifikatzea.
Irakasleek metodologia aktiboen erabileran izandako eraldaketa ezagutzea.
Programan parte hartzeak ea irakasleak IKD eredua beren irakaskuntza-praktikan txertatzen lagundu duen arakatzea.
Programan parte hartzeak ea ikasleak beren irakaskuntza-
praktiken inguruan prestatzen jarraitzera bultzatu dituen aztertzea.
Ikerketaren muina
Ikerketa-metodo kualitatiboak kasu espezifikoetan sakontzea du helburu, eta ez horrenbeste orokortzea. Bestalde, ez du helburutzat neurtzea, gertakariak ezagutzea baizik, horretarako gertakarian inplikatuak ikertuz. (Bonilla eta Rodríguez, 2005). Horrenbestez, argi ikusten da metodologia kualitatiboa bat datorrela ikerketa honek zehaztutako helburuekin. Are zehatzago, kasu-azterketa erabili da helburuak lortzeko. Kasu-azterketaz hitz egitean, osotasuna kontuan hartzen duen eta sakonki ezagutzea xede duen ikerketa mota batez hitz egiten ari gara, Bujanen (2001) esanetan.
Beraz, Yinek (1989) dioenari jarraituz, ikerketa hau aurrera eramaten hasi aurretik eta datu-bilketarekin hasi aurretik, gaiaren inguruko literaturaren analisi sakona egin zen; gaiaren inguruan galdetu zitzaien EHUko Pedagogia graduko hainbat irakasleri, eta ikerketak helburutzat izango zuena zehaztu zen. Izan ere, horren guztiaren inguruan eraiki da lan guztia, baita datu-bilketa ere. Ondoren, kasu-azterketa aurrera eramateko, sakoneko elkarrizketen teknika erabili zen. Elkarrizketetatik lortutako informazioa, aldiz, analisi ulerkorraren bidez aztertu zen.

Ondorioak
Ikerketa honek ondorio mamitsuak ateratzeko aukera eskaini du. Irakaslana ebaluatzeko Docentiaz programak HEFA fakultateko irakasleen irakaskuntza-praktikan duen eragina aztertzea ahalbidetu du. Beraz, ikerketa honi esker eragin hori nolakoa den ezagutu ahal izan da, ondorengo lerroetan azaldutakoaren ildotik.
Lehenik eta behin, aipatu behar da argi ikusten dela irakasleek batez ere kanpo-motibazioagatik parte hartzen dutela programan. Haatik, kanpo-motibazioa aldaketak sustatzeko baliagarria bada ere, huts egiten duenean, barne-motibazioa garrantzitsua izan ohi da. Horrek erabat baldintzatuko du programak irakasleen irakaskuntza-praktikan duen eragina; izan ere, kanpo-motibazioak aldaketarako jokaerak bultzatzen dituen bitartean soilik izango du eragina. Irakasle batek nahikoa sari jasotzen ez badu, edo jasotzen duena ez baldin bada kanpo-motibazioa pizteko bezain indartsua, barne-motibazio faltaren ondorioz, programak irakasle horren irakaskuntza-praktikaren gaineko eraginkortasuna galduko du.
Hori gutxi balitz, zorrotz zaindu behar dira parte hartzeko garaian prozezua berori gauzatzea zaildu dezaketen trabak, ikerketa honek erakusten duenaren arabera. Esaterako, elkarrizketatuen artean oso orokorra izan da parte-hartze prozesua neketsua denaren ideia. Azken finean, garrantzitsua da parte-hartzaileak gustura aritzea, ondoren programari zukua atera diezaioten. Horretarako, ezinbesteko baldintza da parte-hartzea neketsuegia ez izatea, horrek programarekiko errefusa sortu bailezake.
Bestalde, aipatzekoa da irakasle guztiak agertu direla programa hau akreditazio-tresna izatearen aurka. Beraz, helburua hobekuntza bultzatzea eta irakaslana balioan jartzea bada, hori argi utzi behar litzaieke parte hartuko duten etorkizuneko irakasleei. Hots, kalifikazio txarra jasotzeko beldur badira, ez dira zintzoak izango dokumentazioa bidaltzeko garaian, eta ez zaie baliagarria izango parte hartu ondoren jasotako atzeraelikadura.
Atzeraelikadurarekin amaitzeko, emaitzetan ikusi ahal izan denaren arabera, argi utzi behar da Docentiaz programak ez dituela prestatzen jarraitzera bultzatu. Agian, prestakuntza espezifikorik gomendatu ez izanaren ondorio izan daiteke, baina argi dago ez duela horretarako balio izan, ez baita irakasle bakar bat egon programan parte hartzearen ondorioz prestakuntza-ikastaro espezifikorik egin duela esan duenik, nahiz eta elkarrizketan esplizituki galdetu zaien.
Hala ere, esan behar da programak erabiltzen dituen adierazleak aproposak direla irakaskuntza-praktika ebaluatzeko orduan. Begi onez ikusi da jasotako prestakuntza edo irakaskuntzaren inguruko ikerkuntzak ebaluatzea, bai eta ebaluazioa edo erabiltzen den metodologia aztertzea ere. Horrek esan nahi du tresna egokia dela ebaluazioa gauzatzeko orduan, eta, atzeraelikadura egokia emanez gero, hobekuntzarako ere baliagarria izan daitekeela.
Horren eragina da ziur asko irakasleen multzo handi batek hausnartzera bideratu dituela aitortu izana. Hausnarketa-prozesuek hobekuntza gauzatzea laguntzen dute; beraz, ondorioztatu daiteke irakasleen zati handi bati irakaskuntza-praktika hobetzen laguntzen diola programa honek. Hala ere, sarri ez dira kontziente izan horretaz; esan dute hausnartu dutela, bai, baina ez dutela aldaketarik somatu. Aldiz, Shönek (1992) esaten duenez, hausnartzearekin batera, derrigor, hobetu egiten da. Beraz, hausnartze-prozesu horrek duen garrantzia balioan jarri behar luke Docentiaz programak, inplizituki egiten den prozesu hori esplizitu bilakatzeko.

Etorkizunerako planteatzen den norabidea
Ondorioak ikusita, argi geratzen da hemendik aurrera garatzen jarraitu beharko litzatekeena. Izan ere, argi dago programak prestakuntza-prozesu zehatzagoak gomendatu beharko lituzkeela. Beraz, hori posible egiteko bidean lan egin behar da oraindik ere. Horrekin batera, prozesua bera arindu behar litzateke; izan ere, parte-hartzaile guztiei neketsua egin izanak mahai gainean jartzen du eraldatzeko beharra. Azkenik, aipatu behar da irakasle guztiek aipatu dituztela programak dituen gabezia batzuk. Programa hobekuntza-prozesuan dagoenez, oraindik ere hobekuntzak egiteko aukerak daude, eta programa sakonago aztertu beharko litzateke, aldaketa horiek zentzuz egiteko.
Beraz, aurrera begira, programaren analisi sakonagoa egitea aproposa litzateke, lagin handiago bat hartuz, ahulguneak eta indarguneak sakonago identifikatzeko.

Erreferentziak
- BONILLA, E. eta RODRIGUEZ, P. (2005). Más allá del dilema de los métodos. Norma: Bogotá.
- BUJAN, K. (2001). “Kasu azterketa metodoaren izaera: kasu azterketa diseinua EHUko hainbat tesi lanetan”, Revista de psicodidáctica, 11: 133-142.
- CRISOL, E. (2012). “Opinión y percepción del profesorado y de los estudiantes sobre el uso de las metodologías activas en la universidad de Granada”. (Doktore-tesia). Granada: Granadako Unibertsitatea.
- CRUZ, M. (2007). “Una propuesta para la evaluación del profesorado universitario”. (Doktore-tesia). Bartzelona: Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa.
- DIEZ, A., LLORCA, M. A., BUENO, G., CABREJAS, B., GALLEGO, T. (2012). “El feedback en la comunicación, un binomio a renovar en el espacio europeo de educación superior (EEES)”, Revista de comunicación vivat academia, especial: 612-628.
- HATTIE, J. eta TIMPERLEY, H. (2007). “The power of feedback”, Review of educational research, 77: 81-112.
- Irakaslana Ebaluatzeko Zerbitzua (IEZ) (2017). UPV/EHUko irakasleen irakaskuntza jardueraren ebaluazio programa. Fase esperimentaleko zortzigarren deialdiko oinarriak.
- JIMENEZ, F. (2015). “Uso del feedback como estrategia de evaluación: aportes desde un enfoque socioconstructivista”, Revista actualidades investigativas en educación, 15: 1-24.
- LARRAMENDY, E., TELLECHEA, P., FONSECA, D., TAVELLA, L., BÜECHELE G., eta FERNANDEZ, L. (2015). “Estudio sobre prácticas de evaluación de docentes universitarios del área contable”, Escritos contables y de administración, 6: 23-45.
- NIETO, J. Mª. (2001). La autoevaluación del profesor. Cómo puede el profesor evaluar y mejorar su práctica docente. Bartzelona: Praixis.
- ROTGER, B. (1990). Evaluación formativa. Madril: Cincel.