Gaixotasun arraroak dituzten ikasleen inklusioa ardatz

2019-06-01

 

‘Ezohiko gaixotasunak dituzten ikasleak eta eskola inklusiboa’ ikerketa lana kaleratu du EHUko Inkluni taldeak. Ohikoak ez diren gaixotasunak dituzten haur eta nerabeen eta haien senitartekoen lekukotasunak jaso dituzte bertan, haien eskolatzearekin loturiko arrakastarako gakoak identifikatzeko xedez. 

 

 
 

Ikasle guztientzat egokiak izango diren hezkuntza-praktikak diseinatzea eta esklusio-egoerak saihestea izan du helburu nagusi EHUko Inkluni taldeak egin duen “Ezohiko gaixotasunak dituzten ikasleak eta eskola inklusiboa” izeneko ikerlanak. FEDERek (Gaixotasun Arraroen Espainiako Federazioa) EAEn duen delegazioak eskatuta abiatu zuten ikerketa, berezitasun nabarmen batekin: gaixotasun arraroak dituzten pertsonen eta haien senitartekoen testigantzak jasotzea. “Beste zenbait ikerketarekin alderatuta gure lanaren berezitasun nagusia kaltetutako pertsonen ahotsak jasotzea izan da. Ez horrenbeste ahulguneak edo hutsuneak nabarmentzeko, baizik eta gaixotasun arraroak dituzten ikasleen inklusiorako egon daitezkeen alderdi positiboak jasotzeko”, argitzen du Naiara Berasategi Inkluni taldeko ikerlariak. 

Aniztasunari erantzutea da eskola inklusiboaren lehen egitekoa Inkluni taldeko kideen esanetan; eta, horrekin batera, arreta berezia jartzea baztertuak izateko arriskua duten ikasleei. Igone Arostegi Inkluniko beste ikerlarietako batek zehazten duen eran, kontua ez da aniztasuna duten pertsonak egokitzea ingurunera, baizik eta alderantzizkoa: testuingurua edo eskola egokitzea gelako pertsona bakoitzera eta aniztasun osoari erantzuna ematea. “Orain 10-15 urte aniztasuna zuten pertsonak eskolan hartzearekin nahikoa zen, baina orain ez gara horrekin konformatzen. Presentzia eskatzen dugu, noski, baina baita pertsona horien parte-hartzea ere, eta are gehiago: ikasle horiek ere arrakasta edukitzea nahi dugu”.

 

Hamaika ahots

Ruth Garcia eta Erlantz Bilbaok garbi dute eskolan ikasi ahal izateko gako nagusia ondo sentitzea dela. Hain zuzen ere, giro onak eta gustura sentitzeak asko egiten du gero ikasi ahal izateko, funtsean eskolaren egitekoa denei ikasteko aukera hori bermatzea baita. 

“Matematika, euskara, historia... bai, noski, garrantzitsuak dira. Baina hori bezain garrantzitsua da giza tresbetasun batzuk hartzea, harreman osasuntsuak eraikitzeko gai izatea, pertsona izaten ikastea...”, Bilbaoren hitzak dira. Ondo daki gaixotasun arraro baten ondorioz bazterketa eta bakardadea bizitzea zer den. Ildo berean mintzo da Garcia ere: “Lehen ez nuen lagunik, eta horixe da faltan gehien sumatzen nuena: eskolan lagunarte bat edukitzea”. 

Hain zuzen ere, ikerketan ondorioztatu dutenez, benetako inklusioa gerta dadin berdinen arteko erlazioak zaintzea eta gelakideen artean harreman onak sustatzea funtsezkoa da. Interakzioaren premiaz mintzo dira Berasategi eta Arostegi, eta horrekin batera, metodologia kolaboratiboak eta kooperatiboak erabiltzea hobesten dute: “Gelaren antolaketari dagokionez, metodologia kolaboratiboak erabiltzea eta elkarrekintza sustatzea garrantzitsua da inklusioa gerta dadin. Denok ditugu gure beharrak, era batekoak ez bada bestekoak eta elkar lagun dezakegu”. 

 

Entzuten dakien irakaslea

Gaixotasun arraroak dituzten ikasleek eskolan ondo hartuta sentitzeko baloratzen dituzten hainbat gako nabarmentzen ditu Inkluni taldeak egindako ikerketak. “Zer ezaugarri izan ditu zuen inklusioan lagundu duen irakasleak?” galdetuta, entzuten jakiteko gaitasuna izan da Garciak eta Bilbaok bezala, ikerketan parte hartutako ikasleek nabarmendu duten ezaugarrietako bat. Eta, horrekin batera, bere lana gustuko izatea: “Nik gogoko nuen irakasleari nabaritzen zitzaion gustuko zuela egiten zuen lana. Irakasle lanerako ez du balio soilik asko jakiteak, horrez aparte ondo transmititzen jakin behar duzu”, argitzen du Bilbaok. Ildo berean mintzo da Garcia ere. Irakasleekiko harreman ona nabarmentzen du hark: “Derrigorrezko Hezkuntzatik Helduen Hezkuntzara (HHE) igaro nintzenean sekulako aldea nabaritu nuen nik. Oso giro ona zegoen han. Irakasleekin harremana ezinhobea zen eta horrek asko lagundu zidan aurrera egiten”.

Malgutasuna da gaixotasun arraroak dituzten eta ikerketan parte hartu duten ikasleek asko eskertzen duten beste ezaugarri bat; bereziki, lanak entregatu behar direnean edota azterketak daudenean. Izan ere, ikasle mota horiek, sarri, osasun arazoak izaten dituzte, errebisioak egin beharra, ebakuntzak... eta ezin izaten dituzte eskolak gainerako ikasleek bezala jarraitu. Horrexegatik, bai eguneroko martxa jarraitzerakoan bai ebaluazio garaian irakasleak malguak izatea asko baloratzen dute. Berari gertatutako adibide bat jartzen du Bilbaok: “Ebakuntza bat izan nuen aldi batean nire kideek azterketa bat izan zuten. Pentsatzen nuen nik ere eskolara itzuli eta hurrengo egunean azterketa egin beharko nuela, baina irakasleak astebete eman zidan azterketa ondo prestatzeko eta hori niretzat sekulakoa izan zen”. 

 

Inklusioa, gero eta inportanteago

Irakasleen artean gero eta informazio, formazio eta sentsibilitate handiagoa dago inklusioaren inguruan. Irakasle eskolan bertan, bada irakasgai bat inklusioaren oinarriak zein diren lantzera bideratua. Baina Arostegik nabarmentzen duenez, maila teorikoan jaso daitekeen eduki guztiaz gain, bada beste jakintza-iturri bat ere: familiak, hain zuzen. “Ez dugu ahaztu behar familiak ere hor daudela. Senitartekoek eskertu egiten dute behar dugun hori haiei galdetzea. Eskolak familiekin zubiak eraikitzea oso garrantzitsua da. Eskola inklusiborako hezkuntza-oinarriak eta estrategiak badaude. Kontua da inklusioari lehentasuna ematea eta praktikara eramatea teorian dakigun hori. Ikastetxe eta irakasle batzuek egiten dute, eta kasu horietan emaitzak ikusi egiten dira”. Berasategik gaineratzen duenez, Inkluni taldekoentzat klabea da zentroak ebaluatzea eta balorazio hori egitean inklusioa ere neurtzea beste parametro batzuekin batera. “Gure ustez, ebaluatu egin behar da zentroa benetan inklusiboa den edo ez, eta inklusioan urratsak egiten dituzten ikastetxeei kalitate adierazle bat eman behar litzaieke”.

Bestalde, Arostegirentzat eta Berasategirentzat interesgarria litzateke curriculumean bertan ere ikasgai bezala lantzea aniztasunaren eta inklusioaren gaia. “Horrekin batera gelan dauden aniztasun horiek potentzia bihurtzen saiatu behar dugu. Ikasle bakoitzaren indarguneak identifikatu eta horiek potentziatu behar ditugu”. Hori bai, aniztasun horri erantzun eta ikasle bakoitzari arreta indibidualizatua emate aldera, gela bakoitzean irakasle bat baino gehiago egotea aldarrikatzen dute. “Irakasle bakar batek gaur egun geletan dagoen aniztasunari ezin dio ondo erantzun”, eransten du Arostegik.

Finean, Inkluni taldeko partaideen helburua da ikasle guztiak barne hartuko dituen eskola eraikitzen laguntzea. Gaur egun eskola “batzuentzat bakarrik” dela uste dute, eta, beraz, bestelako beharrak dituzten ikasleak agertzen direnean moldaketak egin behar izaten direla. Aldiz, hasieratik “guztiontzako eskola” diseinatuz gero, ez legoke moldaketa beharrik. “Gure erronka eskola inklusiboa eraikitzea da, gero gizarte inklusiboagoa egiteko”.