Agurtzane Martinez: “Ikaskuntzarako esperientziak diseinatzen jakin behar du irakasleak”

2019-06-01

Ikaskuntza Erraztea eta Berrikuntza Masterra (LIT) izeneko formazioa sortu berri du Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Fakultateak TeamlabsIkaskuntzarako eta Berrikuntzarako laborategiarekin elkarlanean. Master ofiziala da eta haren xede nagusia da ikastetxeetan zein organizazioetan gauzak egiteko, pentsatzeko eta ikasteko modu berriei behar bezala erantzuteko gai izango diren profil profesionalak prestatzen hastea. “Ardatza ikaslea izanik, irakaslearen egitekoa da ikasleari lagun egitea bere ezagutza propioa sor dezan, komunitateetan parte har dezan eta garapen osoa osasuntsua izan dezan”.

 
 

Gizartea aldatzen ari da, horrekin batera hezkuntza premiak ere bai. Etorkizuneko  irakasleen formazioari dagokionez, HUHEZIn hausnarketan ari zarete etengabe eta aldaketak txertatzen ere badiharduzue. Nola prestatu behar dira etorkizuneko irakasleak inguruneak eskatzen dituen premia berriei erantzuteko?

Gizartea oso azkar ari da aldatzen eta hezkuntzaren erronka giza garapen iraunkorra lortzea da, bai lokalki, bai mundu mailan. Unibertsitateak erronka sozial eta demokratikoei aurre egiteko ikerketa, komunikazio, gizarte eta hiritar gaitasunak sustatu behar ditu eta zehazki gure kasuan pertsonen aniztasunari eta prestakuntza-testuinguruei erantzuteko profesional gogoetasuak prestatu behar ditugu. Etorkizuneko forma-
tzaileek hezkuntza behar berrietara egokitzen jakin behar dute, beti egiten dutenaren hausnarketan oinarrituta eta beste praktika on batzuen ereduak aztertuta.

Horretarako, irakasleak ikertzaile gisa prestatu behar ditugu, ikuspegi berrritzaile eta inklusibo batetik. Proiektuak diseinatzen, garatzen eta kudeatzen dakiten pertsonak formatu behar ditugu eta horretan saiatzen gara fakultatean.

 

Aspaldian entzuten da edukien transmisore huts izateak ez duela zentzurik gaur egungo errealitatean. Hortaz, zein da irakaslearen rola?

Gure ustez irakasleak jakin behar du ikasle guztiei erantzuteko prozesuak eta tresnak haien eskura jartzen. Alegia, ikaskuntzaren erraztaile izan behar du irakasleak. Eta, horretarako, ikaskuntzaren ardatza ezin da izan –orain arte izan den moduan–, gai jakin bat edo arlo bateko eduki zehatz bat. Baizik eta ikaskuntzaren ardatza izan behar da zelan lagundu ikasleei euren ezagutza propioa sor dezaten. Zentzu horretan, irakaslearen funtzio inportanteetako bat garapenerako testuinguruaren diseinua izango da.

Ikaskuntza esperientziak diseina-tzen jakin behar du irakasleak. Eta, diseinu horretan beti presente izan behar du aurrean dituen ikasleei lagundu behar diela. Prozesu, tresna eta material desberdinak jarri behar dituela ikasleen eskura, haiek ere diren horretatik garatzen joan daitezen.

 

Ikuspegi horrek eragin handia izango du irakaslegaien formazioa planifikatzerako orduan, ezta?

Bai, dudarik gabe. Eskoletako irakasleei eskatzen badiegu euren ikasleei prozesuak, materialak, tresnak jarri behar dizkietela eskura, eta testuinguru aberatsak diseinatu behar dizkietela bakoitzak bere ikaskuntza prozesua gara dezan, guk ere ezin dugu unibertsitatean arlo desberdinetako edukiak transmititzen jarraitu. Beraz, guk ere irakaslegaien formazioan kontuan izan behar dugu zelan erraztu dezakegun euren ikaskuntza prozesua, euren garapen propioa egiteko eta bakoitza bere ezagutza eraikitzeko gai izateko.  

 

Eta hutsune hori betetzeko sortu duzue Ikaskuntza Erraztea eta Berrikuntza Masterra (LIT)?

Bai, hala da. Guk ikasleei lagundu egin behar diegu beraiek nahi duten hori sortzeko gai izan daitezen. Horretarako irakaslearen rola aldatu egin behar da, guztiz, eta hori da master honekin daukagun helburua: irakasleak egiteko beste modu batzuetan trebatzea. Horretarako, irakasleek euren ikaskuntza prozesua gizarte honek eskatzen dituen bezalako parametroetan egin, bizi eta esperimentatu behar dute. Ikaskuntza errazten duten prozesu horiek bizi behar dituzte euren azalean. Ezin ditugu modu batean formatu, eta gero esan euren ikasleekin horrek ez duela balio eta beste era batera jardun behar dutela. 

 

Unibertsitatetik bertatik hasita irakaslegaiak prozesu eta material horiek erabiltzen trebatu behar direla diozu. Adibiderik jar dezakezu? Zer-nolako prozesuak izango dira? Zer-nolako materialak?

Momentu honetan denok oso garbi daukagu ikasleei eskaini behar zaizkien esperientziek emozionanteak izan behar dutela. Ikasle batek jakin-nahia baldin badauka, ikasle hori garatuko da, baina ikasle batek jakin-nahia izan dezan guk prozesu batzuk jarri behar ditugu martxan eta esperientzia batzuk eskaini behar dizkiogu. Bai unibertsitatean, eta bai eskolan. Hortaz, inportantea da adibidez guk jakitea zelan diseinatu ditzakegun ikasleentzako erakargarriak eta aberasgarriak izango diren erronkak. 

Askotan esaten da erronketan oinarritu behar dugula ikaskuntza-irakaskuntza, baina erronka horiek ikasle bakoitzarentzat eta ikasle guztientzat izan behar dira erronka. Beraz, horretan trebatu beharko ditugu etorkizuneko irakasleak: zelan diseinatu ikasleentzat motibagarri izango diren erronkak? Eta, erronka horiei erantzuteko, zelango prozesua jarraitu beharko genuke? Horrek bete-betean bat egiten du proiektuen diseinuarekin. Eta proiektu bat ez da soilik diseinatzen mahai baten bueltan jesarrita. Hau da, proiektuak diseinatzeko modu asko daude: tresna, dinamika, baliabide eta prozesu desberdinak erabil daitezke eta horixe esperimentatzeko eta bizitzeko bidea ireki nahi genuke masterrean. 

 

Hortaz, gelatik haratago doazen baliabideez ariko ginateke?

Masterrean horretan sakondu nahi dugu. Garbi utzi nahi dugu ikasle guztien beharrei erantzuteko proiek-tu globalagoak behar ditugula, eta horiek ezin dira mugatu eskola eta geletako hormetara. Haratago ere joan behar dugu. Proiektu global horiek beti izango dira eskolatik kanpo dauden beste eragile batzuekin adostutakoak, koordinatutakoak edo hitz egindakoak. Argi izan behar dugu ikastetxea ez dela hezkuntzako eragile bakarra eta gure helburua da tokiko hezkuntza proiektuak gara-tzen joatea. Horretarako, eskolan garatzen diren proiektuek ere eragina izan behar dute beraien komunitatean eta beraien herrietan.

 

Adibidez, eskolako umeei begira, erronka bat izan daiteke ingurunea txukunago mantentzea eta gutxiago kutsatzea? Horrekin, adibidez, proi-ektu bat egin ahalko litzateke?

Bai, baina lehenik argi izan behar dugu horretan guztian badagoela umea ikusteko beste modu bat: umea subjektu aktibo gisa hautematen da, haurrek ere euren ahotsa, iritzia, identitatea… dutela ulertzen da. Eta, irakasleon egitekoa izango da ikasleei euren ikaskuntza esperientzia horiek diseinatzen laguntzea. 

Hortaz, zuk jarri duzun adibide horri lotuta, guk irakatsi beharko diegu ikasleei zelan egin daitekeen ikerketa txiki bat jakiteko kutsadura horrek zer esan nahi duen, zerk eragin duen eta zer ondorio izan ditzakeen; eta, horrekin lotuta, gure eguneroko bizimoduan zer alda dezakegun ohitura jasangarriagoak eta osasungarriagoak hartzeko, etab. Baina garrantzitsuena da umeak ere gurekin batera ikertzaile bihurtzea.

 

Zeharkakotzat jotzen diren gaitasunak edo konpetentziak modu sendoagoan lantzea proposatzen duzue zuek, eta sormena, bizi osoan ikasteko gaitasuna, autonomia, besteekin bizitzen ikastea... aipatzen dituzue.

Masterrari egiten badiogu erreferentzia, ikasle denek, printzipioz, ez dute gauza bera ikasiko. Guztiek abiapuntu berbera izango dute, baina gero bakoitzak berak nahi duen ezagutza garatuko du. Zergatik? Guretzat master honetan inportantea delako bakoitzak bere barnean duen proiektuari erantzutea. Hortaz, guk hainbat elementu komun diseinatu ditugu zeharkako konpetentzia horiei erreferentzia egiten dietenak eta guztientzat baliagarri direnak. Horiek lirateke lehen aipatu ditugun prozesu, tresna eta materialak, baina edukia ikasle bakoitzak nahi duen hori izango da. Ikasle bat etor daiteke eta immigrazioarekin loturiko proiektu bat martxan jar dezake; edota beste bat enpresa batetik etor daiteke, eta barneko formazioa eragingarriagoa izan dadin proiektu bat lan dezake, etab.

 

Hortaz, ikasleek master bera egingo duten arren, denek ez dute modu berean jasoko prestakuntza, eta formazioa bera ere ez da berbera izango denentzat.

Hala da, ikasleak espezializatu egingo dira master honen bidez, baina espezializazio hori pertsonalizatua izango da; alegia, ikasle bakoitzak egiten duen prozesuaren eta garatzen duen proiektuaren araberakoa. Hala ere, konpetentzia orokorrak lantzeko workshopak eta proiektua disenatzeko prozesuak berdinak izango dira guztientzat.

Eta horri erantzuteko dago masterra diseinatuta. Hainbat ziklo ditu. Batetik, ikasle bakoitzaren interesari erantzuten dion abiapuntua dago; bigarrenik, komunitatea eratzeko unea, ikasleek bizi beharko baitute taldearen prozesua eta zer den modu kolaboratibo batean lan egitea, beste batzuekin batera proiektua aurrera ateraz; hirugarrenik, proiektuaren beraren garapena dago, alegia, zelan diseinatzen diren ikerketarako eta berrikuntzarako proiektuak eta zelan sozializatzen diren komunitatean. Azkenengo honetan eta bakoi-tzaren proiektua elikatzeko ikasleek 13 materiatatik 6 aukeratu beharko dituzte; bakoitzak bere proiektuarekin lotuta dauden haiek.

 

Proiektuaren beraren garapenean ikusten duzue zuek hutsunea.

Horretan gabezia dago, orain arte ere kulturalki irakasleei goitik behera eman izan zaielako gelan egin beharrekoa. Eta irakasleek goitik agindu zaien hori aplikatu dute. Duela gutxi, ordea, irakasleei eurek ere egin egin behar dutela eta diseinuan parte hartu behar dutela eskatzen hasi gatzaizkie, baina horretarako formatu egin behar dira. Eta proiektuetan forma-tzea ez da bakarrik esatea zein diren proiektu baten faseak eta fase bakoi-tzean zer elementu sartzen diren. Horretarako proiektuen diseinuak eskatzen duen prozesua bizi behar da eta horrek irakasleei hezkuntzarekin konprometituta egotea eskatzen die. 

Horretan eragitea dagokigu guri, eta irakaslegaiei erakustea posible dela, eta beste modu batera ere gauzak egin daitezkeela. Hezkuntza bizitzeko beste modu bat izango litzateke. Masterrarekin horixe bera lortu nahi dugu: profesionalek ere ikasteko beste modu batzuk bizitzea, ikaskun-tzarako era berriak egon daitezkeela esperimentatzea, hala gero eurek modu horiek euren eskoletara edo beste erakunde batzuetara transferi ditzaten. Horrez gain, irakaste-ikaste proiektu horiek garatzen direnean praktika gogoetatsua beharrezkoa da hobekuntzak sartzen joateko eta hori ere bada hezkuntzan dagoen erronka, gogoeta partekatua egitea ekipoetako partaide guztien ahotsak kotuan hartuta.

 

Nori dago zuzendua masterra? 

Ikaskuntza prozesuetan murgilduta dabilen edonori. Irakaslegaiak edo irakasleak izan daitezke, baina baita enpresa edo bestelako organizazioetan formazio ardura dutenak ere. Bakoitzak egingo du bere bidea, baina argi daukagu ikasleak garatuko duen proiektua beti izan behar dela errealitatean oinarritua eta errealitatean zerbait aldatzeko balioko duena. Horrexegatik diogu masterrera datorrena konpromisoarekin etorri behar dela, alegia, konpromisoa izan behar duela hezkuntzarekin eta heziketa hobetzeko nahiarekin. 

 

Izenburuak –LIT–  ingelesezko hiru kontzepturi egiten dio erreferentzia: Learn, Innovate, eta Teach each other; alegia, Ikasi, Berritu eta Elkarri irakatsi. Eta Madrilgo Teamlabs-ekin lankidetzan antolatu duzue.  

Bai, eta masterra semipresentziala izango da. Hau da, Online egiteko zati bat izango du; eta beste zati bat presentziala ostiral eta zapatuetan Bilbon zein Madrilen izango dena. Baina hori guztia ikasleek aukera-tzen dutenaren arabera joango gara antolatzen eta moldatzen. Hizkun-tzen trataera ere modu naturalean egingo dugu. Online saioak euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez egiteko aukera izango dute, eta presentzialak taldearen arabera egokituz joango gara.

 

Master berria denez, formatua ere berria da eta ikaskuntza esperientziala lehenetsiko duzue.   

Gure ustez hori funtsezkoa da: ikasleek eurek lehen pertsonan bizitzea gero egingo duten hori. Ikerketek dioten moduan, irakasleek jada badute euren ezagutza praktikoa, esperientziaren bidez eskuratu dutena. Bestetik, berriz, gu gaude unibertsitateko ezagutza teorikoekin, baina ez dago modurik biak lotzeko. Oso zaila egiten zaigu ezagutza praktikoa eta teorikoa uztartzea. Eta, nire ustez, horretarako moduak bilatu behar ditugu: ezagutza praktiko hori elikatzen joateko eta egiten dugun hori zergatik egiten dugun argudia-tzen ikasteko.

 

Eta, hori nola egiten da?   

Praktikak izan behar du abiapuntua, hau da, bakoitzaren bizipenak. Eta hori beste teoria eta praktika ba-tzuekin elikatuz joan beharko gara ezagutza sortzeko. Guk ez dugu uste unibertsitatean gehiago dakigunik; guk teoria daukagu eta eskoletan dihardutenek praktika. Beraz, helburua da bi arlo horiek uztartzen joatea eta irakasleak ahalduntzea. Eurak ere kontura daitezen zelan garatu ahal diren profesionalki euren praktiketatik abiatuta. 

 

Horretarako, aurrez, unibertsitateko irakasleok ere formatu beharra izango zenuten, ezta?    

Horretan ari gara. Master hau diseinatzen hasi ginenetik bi urte igaro dira. Lehen urtea geure formazioan igaro genuen, besteak beste, gu ere hemen praktikan jarriko ditugun prozesu eta tresnetan esperimentatzeko. Etengabe irakaskuntza gaurkotzen eta hezkuntza beste modu batean bizitzen ari gara. Bestelako prozesuak dira, askoz aktiboagoak, askoz konpartituagoak, askoz esperientzialagoak…

 

Aurrematrikula irekita daukazue jada. Non egin daiteke?   

HUHEZIren webgunean egin daiteke; zehazki ondoko helbidean: www.mondragon.edu/eu/unibertsitate-masterra-ikaskuntza-errazten-berrikun-tzan. Informazio gehiagorako, berriz, 688 65 81 88 telefono zenbakira dei daiteke edota eescandon@mondragon.edu helbidera idatzi.