ESPAZIO HEZITZAILEAK DBH-N: Eskola-espazioak espazio hezitzaile bihurtzen DBHn

2019-01-01

Maialen LOPEZ. Arkitektoa eta Bigarren Hezkuntzako irakaslea

Nola egituratu daitezke eskolako espazioak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuetan, irakatsi eta ikasteko prozesuetan laguntzeko? Zergatik jarraitzen dugu, gehienbat Bigarren Hezkuntzan, XIX. mendeko eskola-egitura berarekin, jakinda gazteen eta gizartearen beharrak aldatzen ari direla?

 
 

Edozeini, munduko edozein tokitan egonda ere, begiak ixteko eta eskola bat edo ikasgela bat imajinatu eta deskribatzeko eskatzen badiogu, deskribapen berdina egingo dute gehienek. Mundu mailan, hezkuntza-eraikinak orokorrean irudimen kolektibo finko batetik abiatuta eraiki dira orain arte, erabiltzaileen beharrak kontuan hartu gabe.

Eraikitako espazioak behar jakin batzuei erantzuna emateko proposatzen dira, eta horietan bizi direnak baldintzatzen dituzte, bai bizitzeko moduari eta bai erlazionatzeko moduari dagokienez. Historikoki eta gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), proiektu pedagogikoen eta espazioen arteko lotura uztartuz aurrera eramaten ari diren proiektu berritzaile gehienak Haur eta Lehen Hezkuntzaren esparruetan landu dira eta ari dira lantzen. Baina Bigarren Hezkuntzan espazio homogeneo, estandarizatu eta zurrunak dira nagusi, giza harreman mota eta irakatsi eta ikasteko metodologia jakin batzuk betikotzen dituztenak.

 

Eskola-espazioak espazio hezitzaileak dira

Espazioak ez dira edukiontzi huts eta neutroak; igortzen dituzten mezuen eta dituzten edukien bitartez, harreman mota batzuk bultzatzen dituzte. Beraz, espazioa beti hezitzailea dela esan daiteke.

Espazioen hezigarritasunaren inguruko hausnarketak eta ikerketak, paradoxikoa bada ere, ez dira azken urteetako gai berria. Deweyk (1918), duela mende bat jada, arkitekturaren isilpeko hezkuntza aipatzen zuen, eta, ikasleen rol aktiboa bilatuz eta eskolako espazioen diseinuan, eraikuntzan eta mantenuan parte hartuz, irakatsi eta ikasteko prozesua egunerokotasunarekin lotzea proposatzen zuen. 

Deweyren ondoren, beste hainbat adituk beren ikerketetan adierazi dute arkitekturak “isilpeko hizkun-tza” bat duela. Baina deskribapen indartsu horiek ez dute eragin nabarmenik izan errealitateko eskola-espazioen diseinuan, eta hezkuntzaren fenomenoa banakako esperientziatik sortu eta pertsonen arteko elkarrekintza eta harremanetan oinarritzen den fenomeno bezala ikusi eta ulertu da, testuingurutik ateratako ikaskun-tza sustatuz.

Azken urteetan, Cleveland-ek egindako ikerketetan azpimarratzen du Bigarren Hezkuntzan egin beharko liratekeen proiektu pedagogiko-espazialetarako proposatzen duen hurbilketan hezkuntza-eredu berriek hezkuntza-ingurune berrien diseinuarekin batera joan behar dutela (beheko diagraman ikus daitekeen modura), eta ikasleei kalitatez iraka-tsi eta ikasteko prozesua dela azken helburua.

 

XXI. mendeko hezkuntzarako espazioak

EAEko errealitatean, eraikinen konfigurazioa aztertuta, nabarmena da metodologia tradizionalak direla nagusi oraindik Bigarren Hezkun-tzan (kasu puntual batzuk salbu). Baina, hezkuntzak gaur egungo eta etorkizuneko gizarterako herritarrak garatzen lagundu behar badu, ikasketa-metodologiekin batera, eskola-espazioen egituraketa birplanteatu beharko da. Ondoren, eskola-espazioek irakasteko eta ikasteko prozesuan lagundu dezaten kontuan izan beharko diren elementuak zehazten dira, testuinguru bakoitzera modu malguan egokituko direnak:

ESPAZIO FISIKOA (eskola-eraikina eta haren ingurunea): organismo bizi eta aldakor bezala ulertu beharko da eskola, ingurunearekin beharrezko harremana izango duena. Kontuan izan beharko ditugu eskolaren kokapena, eskolaren (eta ikasgelen) tamaina, auzoarekiko edo herriarekiko iragazkortasuna, barneko espazioen osotasuna eta loturak, irekidurak, espazioen malgutasuna, konplexutasuna eta egituraketa, integratzeko gaitasuna, esanguratsutasuna eta kanpoko espazioak.

ESPAZIO SINBOLIKOA: tenperaturak, aireztapenak eta airearen kalitateak, argi naturalak eta koloreek ere berebiziko garrantzia izango dute.

 

Eskola-espazio homogeneoak vs demokratikoak

EAEko Bigarren Hezkuntzako eskola-espazioen errealitatera itzuliz, indarrean jarraitzen dute Taylor-en (1995) hitzek: “Eskolek haurrak gizarte demokratiko batean bizi-tzeko prestatuko dituztela espero dugu, baina horretarako eskaintzen dizkiegun ikaskuntza-inguruneak estatu gogor baten antza du: arkitektura iraunkorregia, polizia, hesi metaliko erraldoiak, ate itxiak (...). Arkitektura horrek ez ditu demokrazia baterako beharrezkoak diren jabetza-sentimendua, parte-hartzea eta ardura sustatzen.” 

Eskola-espazio homogeneo horietan, irakasleek ikasleekiko duten botere eta kontrolak espazioekiko jabetza-sentimendua sortzea oztopatzen du. Testuinguru fisiko horiek sortzen dituzten dinamikek metodologia tradizionalak bultzatzen dituzte, eta ikasketa esanguratsua emateko aukerak gutxitzen.

Baina eskolek espazio berritzaileak eskaintzen badituzte, espazioaren jabetza-sentimendua areagotu egiten dela frogatu da, eskolak ikasleak gatibu edukitzeko toki izatean datzan ideia desegiten denean eta, irakaslea bidelagun dutelarik, modu autonomoan lan egiteko aukera dutenean (gizarte- eta botere-dinamika berriak sortuz).

 

Demokraziaren hastapenak ikasgelan

Elkarrekin banatutako jabetza hori lortzeko, Celak eta Palauk, duela hogei urte jada, demokrazia ikasgela barruan hasten dela zioten, espazioa eta denbora ikasleen beharretatik antolatuz, eta ez alderantziz.

Espazioekiko jabetza-sentimendua sortzean, espazio horiek toki bihurtzen ditugu, eta, horrekin batera, gizarte- edo talde-kohesioa errazten da. Eskolako espazioen erabilerarekin lotuta dauden jarrera, denbora, arau eta arduren eztabaida hasieratik irakasleen eta ikasleen artean eginez, talde-kohesioa bultzatzen da, eta elkarrekin banatutako jabetza eraikitzen, harreman horizontalagoen bitartez.

Ikasgelatik adostasunean, aniztasunean eta aurkakotasunean heztean (batzarraren bitartez, adibidez), ikasle bakoitza bere nortasuna eraikitzen joango da.

 

Ikasleak protagonista eskola-espazioen eraldaketan

Jabetza-sentimendua, parte-hartzea eta ardura sustatzea, eskolaren antolamendutik harago, eskola-espazioak modu aktiboan eraldatuz egin daiteke, ingurune fisikoaren eraldaketa irakatsi eta ikasteko prozesuaren parte eginez.

Egunerokotasunean, ohitura gutxi dago, espazioetan (elementu fisiko, sinboliko eta kulturaletan) esku har-tzeko jarduerak egiteko. Ez etxeko espazioetan, ezta eskolakoetan ere, ez dira arkitekturaren sentsibilizazio eta diziplinara hurbiltzeko jarduerak aurrera eramaten. Horrelako jarduerak garatuz, espazio- eta arkitektura-elementuen ezagutza, zaintza, mantenua eta horiekiko identifikazioa areagotuko litzateke. Horrelako esperientziak Haur eta Lehen Hezkuntzan asko zabaldu badira ere, oso murritzak dira Bigarren Hezkuntzan.

 

Denon eskola gure egiten. Gida didaktikoa. Ikasleak protagonista eskola-espazioen eraldaketan

Bigarren Hezkuntzako ikastetxe bateko espazio bat parte hartzeko prozesu baten bitartez birpentsatu eta birmoldatzeko gida didaktiko bat garatu dut, helburu batekin: ikastetxeko espazio bat eskola-komunitateak nola bizi duen aztertzea, birpentsa-tzea, birdiseinatzea eta eraldatzea, ikasleak protagonista izango diren parte-hartze prozesu hezitzaile baten bitartez. 

Proposatzen den gida didaktikoa Bigarren Hezkuntzako edozein institutuk erabili ahal izango duen gida baten oinarria da, eskolako espazio bat birpentsatu eta eraldatu nahi badu eta prozesu hori modu hezitzaile eta parte-hartzaile batean gauzatu nahi badu; dena den, talde edo zentro bakoitzak jarduerak bere modura pertsonalizatzeko aukera izango du. 

Gida garatzen hasi baino lehen, galdetegi bat pasatu nuen irakasle gisa praktikak egiten aritu naizen Bigarren Hezkuntzako Institutuan, neuk sortutakoa, irakasleen eta ikasleen artean eraikitako ingurunearen pertzepzioa, eskola-espazioen inguruan zuten iritzia eta eskola-espazioak eraldatzeko gai ikusten ziren ezagutzeko. 20 irakasleren eta ia 90 ikasleren erantzunetatik, hainbat ondorio atera ziren:

- Hautematea (eraikitako ingurunea, ikasteko eta ikasteko prozesua, eta harremanen inguruko pertzep-zioak): ikasleak eta irakasleak, oro har, ez dira gustura sentitzen eskola-espazioetan, eta espazio horiek ez diete laguntzen ikasleei ikasketa-prozesuan. Gainera, irakasleen iritziz, eskola-komunitateak eskola-espazioak bere sentitzen baditu, eskolako elkarbizitza hobetuko da, baina, horretarako, beharrezkoa da eskola-komunitatearen parte-hartzea. 

- Hausnartzea (eskola-espazioak birpentsatzea): irakasleek ikasgeletan eta korridoreetan aldaketak egitea proposatzen dute, eta ikasleek, aldiz, ikasgeletan eta aire libreko espazioetan aldaketak egiteko beharra ikusten dute. 

- Egitea: eskola-komunitatearen iritziak jasoz eta haiekin batera espazioak eraldatuz, uste dute neurri handi batean ikasleen emaitza akademikoak hobetuko direla; baina ez dira gai ikusten eraldaketa horiek egiteko, eta uste dute diru asko behar dela horretarako.

 

Gidaren garapena

Gida gauzatzeko, IEP “ikerketa, ekintza, parte-hartzea” metodologia hartu da oinarri modura, “parte-har-tzea, ekintza, hausnarketa, ekintza” prozesu ziklikoan oinarritzen dena. IEP metodologia egokitu hori honako hau da:

1. Murgilketa. Gaian sartzeko, taldekideek elkar ezagutzeko unea da, eta helburu eta igurikimen komunak ezartzekoa.

2. Diagnosia, detektibe lanetan. Ikerlan gidatua, hainbat eskalatan arazoak zein diren detektatzeko mementoa.

3. Proposamenak eta sorkun-tza bateratua. Eraldatuko den espazioa aukeratu ondoren, taldean proposamenak egiteko eta zer ekintza egingo diren lehenesteko unea da. 

4. Plangintza. Hausnarketa bateratua eginez, ekintzak planifikatzeko unea.

5. Eraikuntza, ekintzara!

6. Ebaluazioa. Prozesu guztiari buruz hausnarketa bateratua egiteko eta zikloarekin berriro hasteko erabakiak hartzeko unea.

Parte-hartzearen esparruan, hiru eskala proposatzen dira, eta parekidetasuna bilatuz egingo da ordezkarien aukeraketa:

- Talde eragilea: prozesuaren gidariak izango dira, eta jarduera gehienen antolamenduaz eta dinamizazioaz arduratuko dira. Ahalik eta modu horizontalenean antolatutako talde egonkorra izango da, eta kide guztiek ardura, betebehar eta eskubide berak izango dituzte. Ikastetxeko kolektibo guztietako kideen ordezkariak egongo dira talde horretan.

- Batzar egonkorra:  prozesuko jarduera eta erabaki nagusiak talde honetan hartuko dira. 

- Ikasgelak: ikasleak prozesuan protagonista izatea nahi bada, ikasle guztien parte-hartzea bermatu beharko da. 

Parte hartzeko hiru eskalaz gain, jarduera puntual batzuk proposatzen dira, prozesuaren fase edo lorpen jakin batzuk ezagutarazteko. Bestalde, teknologia berriak erabiliz, blog bat sortzea ere eraginkorra izan daiteke, prozesua zabaltzeko. 

 

Ebaluazioa

Prozesuko une jakin batzuetan, ebaluaziorako askotariko une eta saioak proposatzen dira (parte-hartze eskalaren arabera, galdetegia, hausnarketa motza edo hausnarketa luzea). Ebaluazioa eraikitzailea izan dadin nahi dugu, ikasitakoa aztertzeko eta zer hobekuntza egin behar diren hausnartu eta proposatzeko. Prozesuan zehar (eta bereziki prozesuaren amaieran, prozesu ziklikoa baita), gaizki egindakoetatik ikasi, eta hobekuntzak edo aldaketak etengabe egitea proposatzen da, ebaluazioa hezitzailea ere izan dadin.

 

Ondorioak

Helburua ikasleen ikasketa-prozesua denez, eskoletan gauzatzen den ikasketa-prozesua hiru eragile nagusiren menpe dagoela ondorioztatu dut, lana garatzen joan ahala: ikastetxeko proiektu pedagogikoa, eskolako antolakuntza-egiturak eta eskola-espazioak. Lanaren ardatza eskola-espazioak direnez, ezin uka daitezke antolakuntza-egiturak ikastetxeko proiektu pedagogikoarekin dituen loturak. 

Batetik, ikastetxeko proiektu pedagogikoaren bitartez, curriculuma eskolan lurreratzen da, erabiltzen diren irakaskuntza-metodologien bitartez, eta kontuan hartzekoa da lanketa horretan espazioen konfigurazioak duen eragin nabarmena. Gaur egun, nahiz eta Deweyk duela mende bat jada gauza bera aldarrikatu, irakaskuntzan gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira errealitatearekin kontaktua duten irakasteko eta ikasteko metodologiak, eta ikasleen ikaskun-tza esanguratsuagoak bilatzen dira; baina espazioek ez badute laguntzen aldaketa horietan, aldaketa horiek hankamotz geldituko dira. 

Bestetik, Heziberri dekretuak aipatzen dituen zehar-konpetentzien artean, aipatzekoak dira ekimena, kritikotasuna eta elkarbizitzaren lanketa, errealitatearekin lotura estua duen ikasketa-prozesu baten ezinbesteko osagaiak baitira. Baina eskoletako pertsonen antolakuntza-egitura, eskola-espazioetan islatzen dena, guztiz piramidala da, eta botere-harreman bertikaletan oinarritzen da (curriculumetik hasita). Antolaketa-egitura horien arteko harremanen lanketa, ikastetxe osoko harremanei dagokiena, komunitate osora zabaldu beharko da, ikasleak onuradun nagusi diren neurrian, haiei ere hitza emanez (Freire, H. 2018). 

Azkenik, konpetentzia horien lanketari eta harremanak birplantea-tzeari esker, nabarmen handituko da eskola-espazioen aurrean ikasleek eta irakasleek eraikiko duten jabetza sentimendua, Clevelandek dioen moduan. Espazioak haienak sentituz, gainera, errazago lortuko da ikasleen rol aktibo eta parte-hartzailea. 

Baina, eskola-espazioak haienak direla sentitzeko, oinarrizkoa izango da espazioen konfigurazioan eskolako biztanleek parte-hartzea. Ia ezinezkoa da zuk egin edo sortu ez duzun zerbait zeure sentitzea. Beraz, eskola-espazioen lanketa ikasketa-prozesuaren zati izatea oinarrizkoa izango da, ikasleen beharretara egokitzeko eta ikasketa prozesuan laguntzeko (ikus beheko irudia).