ESTIBALIZ ABERASTURI ETA ANDREA ARRIZABALAGA “Ikus-arteak gogoeta kritikorako bidea ematen du, eta horrekin batera akziora pasatzeko deia egiten digu”

2018-07-01

 

 

 
 

"ARTikertuz, ikus-artean oinarritutako ikasketa" izeneko ikastaroa emango dute Estibaliz Aberasturi-Apraiz EHU/UPVko Plastika Adierazmenaren arloko irakasleak eta Andrea Arrizabalaga Tabakalerako Hezkuntza taldeko kideak Hik Hasi-ren Udako Topaketetan. Ikus-artearen inguruko hausnarketa, eztabaida eta ikasketa bultzatu nahi dute. Sinetsirik daude arte-hezkuntzak eragina izan behar lukeela ikaslearengan, ikaskuntza-prozesu horrek pertsona mugiarazi behar lukeela, eta hasieran zuen ikuspegitik beste leku batean posizionatzera eraman.

 

Zer da ARTikertuz? Zein helbururekin sortu zen? Eta zein funtzio betetzen du orain?

Estibaliz Aberasturi-Apraiz: Irakasleen komunitate bat da ART-ikertuz. Orain dela 3 urte eta erdi sortu zen, Hezkuntzako Fakultatean. Ikasle ohi batek baino gehiagok, jada lanean ari zirenek, jotzen zuten nigana arte-hezkuntza lantzeko laguntza behar zutela esanaz. Azkenean, bakoitzarekin banaka elkartu beharrean, egokiena komunitate bat sortzea izango zela iruditu zitzaidan. Aspalditik nerabilen ideia hori buruan, ikasketa-prozesuetarako taldean jardutea oso garrantzitsua delako. Izan ere, askotan irakasleak lanez gainezka daude, hitz egiteko espaziorik gabe, bata besteari entzuteko, ideiak partekatzeko eta hausnartzeko denborarik gabe.  

Hortaz, ARTikertuzen xedeetako bat proposamenak partekatzea da. Horretarako daukagu Tabakalera. Hilero elkartzen gara Hezkuntza Fakultateko eta Tabakalerako zenbait kide beste hainbat irakaslerekin hemengo erakusketa bat, artistaren bat edo proposamen artistikoren bat oinarri hartu eta gure eskoletan ikasleekin zer eta nola jorratu ahalko genukeen hausnartzeko. Era berean, hainbat ikastetxetan egiten dituzten proiektuak partekatzeko ere baliatzen dugu elkargune hau. 

Andrea Arrizabalaga: Tabakalerari ere interesatzen zaio lan-talde honetan parte hartzea. Hartu-emanerako espazio bat da. Guk pentsatzeko eta hausnarketak egiteko eremu bat eskaintzen dugu, alegia, hezkuntza arloan egiten diren praktiken gainean gogoeta egiteko gune bat: arte-hezkuntza nola lantzen den geletan, zer-nolako gauzak egiten diren, zein beste baliabide egon daitezkeen…  Harreman hori aberasgarria da, guk eskoletako berri jasotzen dugulako, baina era berean, guk ere Tabakaleran hainbat erreminta eta baliabide ditugulako eskolentzako interesgarri izan daitezkeenak. Adibidez, hemen dauden erakusketekin lotuta proiektuak lantzeko, edo akaso Tabakaleran egonaldiak egiten ari den artistaren batekin edo besterekin elkartzeko. Finean, ezagutzak partekatzeaz ari gara.

 

ARTikertuz egitasmoan edozein irakaslek har dezake parte? 

E.A.: Bai, irekia da. Interesa eta lana egiteko gogoa duen edonorentzat dago irekia. Baina, konpromisoa eta inplikazioa beharrezko dira. Izan ere, hona irakaslea ez dator zerbait kontsumitzera. Hona parte hartzera eta egitera zatoz. Zergatik abiapuntu hori? Guk uste dugulako besteekin ikasten dugula; ezagutza ez dagoela zuregan edo niregan, baizik eta elkarrekin eraikitzen dugula ezagutza hori eta elkartruke horretan hartzen duela indarra jakintzak.  

Era berean, iruditzen zaigu irakasleak segurtasuna behar duela, hitz egiteko lasaitasuna, konfiantza… galdu egin den autoritate hori berreskuratzeko. Eta autoritatea darabilt, autore gisa ulertuta. Gure ustez irakaslea pentsatzen duen pertsona da, intelektuala, eta lan egiten badakiena. Hortaz, ARTikertuzek eskaintzen duen espazio hau irakasle horientzat deskantsurako eta arnasa hartzeko gune bat litzateke. Izan ere, abiapuntua artea da, baina funtsean pedagogiaren inguruan hitz egiten dugu, arteak zeharka gai pedagogikoak lantzen dituelako: artea lantzeko proiektu irekiak edo itxiak egin nahi ditugun, zer egin dezakegun gure ikastetxeko beste proiektu batzuekin arte-hezkuntza uztartzeko, gure ahotsak entzuten ez badira nola esku hartu, nola txerta dezakegun gure proposamen bat eskolako curriculumean zentzuduna izan dadin…

 

“Ikus-artea” nola definituko zenukete? Sarri, margoak, eskultura eta arkitektura baino ez ditugu buruan, baina hortik atera beharko ginateke kontzeptua ulertzeko, ezta?

E.A.: Galdera horrek ez dauka erantzun errazik, oso zaila baita definitu nahi ez dugun arlo bat definitzea. Zer gertatzen da artearekin eta arte proposamenekin? Bada, izena jartzen diozun eta definitzen duzun momentuan mugatu egiten duzula, itxi, akotatu… beste era batera esanda, hil. Eta helburua, justu kontrakoa da.

Edozein kasutan, nire ustez, ikus-artea kulturarekin oso lotuta dago. Begirada sortzailea duen arloa da eta gaur egungo gaiak jorratzen ditu, proposamen artistikoen bidez, eta beti, gizartearen aurreko begirada kritiko batekin. Era berean, elkarrizketarako bidea irekitzen duen arloa litzateke. Gainera, zerikusia du sormen-prozesuarekin ere, eta zentzu horretan beste jauzi bat egitea eskatzen du ikus-arteak. Izan ere,  pentsamendu kritikoa filosofiatik ere landu daiteke, baina sormen-prozesu baten bidez, hausnarketa egiteaz gainera, zerbait sortu behar dut. Beste hitz batzuetan esanda, gogoeta horrek akziora narama. Pieza bat edo akzio bat edo performance bat egiten baldin badut, horretan jada kognitiboki ere iruditzen zait beste salto bat ematen dela, beste inplikazio bat eskatzen duelako. Ikus-artea bada pentsatzeko bidea, baina horrekin batera parte-hartzea eta akzioa eskatzen duen zerbait da. 

 

Hortaz, pentsatu bai, baina egin ere bai.

A.A.: Ikus-artea definitzerakoan eta horrelako gauzak esaten ditugunean niri zalantzak sortzen zaizkit. Zeren akaso adar batzuk zintzilik utz ditzakegu. Sortzeaz ari garenean, berez, zertaz ari gara? Derrigorrez, zerbait sortu behar al da? Existitzen ez den zerbait egin behar al da sortu dugula esateko? Edo zerbait leku batetik bestera mugitzen dugunean, hor ere badago sorkuntza? 

Nik azpimarratuko nukeena da ikus-artea pentsarazi egiten duen zerbait dela. Gaur egun, irudiaren bidez behin eta berriz esaten digute nolakoak izan behar dugun, zer jantzi behar dugun, zer kontsumitu, zer pentsatu, nola bizi… Eta, behintzat arteak beste era bateko ideiak ezagutzeko eta ezarrita dagoenarekin apur bat kritiko izateko aukera ematen digu.  

E.A.: Ikus-arteak eztabaidarako galderak planteatzen ditu, eta erantzun itxiak eman beharrean bide berriak irekitzen ditu, eta gainera, galdera batetik galdera berriak sortzeko aukera ematen du. Artean jada mugak ez daude hain definituta, eta horregatik da hain zaila ikus-artea definitzea. 

Hezkuntza arloan, sormen-prozesua entzutean eskulanak datozkigu burura, alegia, teknika eta material jakin batzuekin egiten diren lanak. Aldiz, guk sormen-prozesua deritzoguna akzioarekin, ekintzarekin lotzen dugu. Izan daiteke garrasi edo irrintzi bat egitea, pieza materialik egon ez arren, interbentzio bat dagoelako. Ez da erraza, baina muga horietan mugitzea bera ere oso interesgarria iruditzen zaigu. 

A.A.: Eta aldi berean, interesgarria da baita ere kuestionatzea eta zalantzan jartzea egiten duzun hori: zertarako, zergatik, nola… probatzea, esperimentatzea… prozesu mota asko daude ikus-artearen barnean sar daitezkeenak, nahiz eta batzuetan inolako materializaziorik edo produktu finalik ez egon. 

 

Kritiko izateko aukera aipatu duzue, baina horrez gain, zer ekarpen egin diezaioke arte-hezkuntzak XXI. mendeko ume edo gazte bati?

E.A.: Hezkuntzari dagokionez, niretzat garrantzitsua da kontuan izatea gaiak bere konplexutasun osoan lantzeko aukera ematen duela arte-hezkuntzak. Gaur egun, normalki jakintzak ikasgaitan zatikatuta jorratzen ditugu, aldiz ikus-artean guk lan egiteko proposatzen dugun moduak, ikaskuntza esparruak bere osotasunean hartzen ditu, hau da, heziketa holistikoago batez ariko ginateke.  

Inguruan duen ikus-mundua interpretatzeko estrategiak lortzea izango litzateke xedea, beti ere, interpretazio hori prozesu bezala ulerturik. Esanahia ez dago artean edo ikus-kulturan. Esanahia irudiarekin dugun elkarrizketa dago eta horrekin sortzen dugun harreman konplexuan: zenbait dokumentazio erabiliz, gaiaren inguruan ikertuz, etab. 

A.A.: Horrez gain, esango nuke aukera ematen duela bestela estalpean edo ezkutuan geratzen diren zenbait gai azaleratzeko ere. Esate baterako, Tabakalerako azken erakusketa Itziar Okarizen I never said umbrella izan da. Genero ikuspegitik abiatuta gorputzaren gaia landu du. Gai hori, adibidez, nerabeek euren buruetan zuzenean bizi duten zerbait da, eta akaso, beste modu batera eurekin lantzea zaila izan daitekeena, ez daukagulako espaziorik eurekin horretaz hitz egiteko edo beste arrazoiren batengatik. Hortaz, nik uste dut arteak arreta jartzen duela bestela bazterrean geratzen diren hainbat auzitan, eta ondorioz, haur eta gazteekin horiek lantzeko aukera ematen duela. Gainera, gizarte mailan derrigorrez landu beharrean gauden gaiak dira horietako asko. 

 

Askotan artea “apaintzeko” funtzioarekin edota “emozioak islatzearekin” lotzen dugu. Akaso, ezjakintasunetik. Eta hori bera transmititzen dugu eskoletan ere. Zein beste funtzio betetzen ditu arteak gaurko gizartean? Eta gizartean arteak betetzen dituen funtzioak aldatu badira, eskoletan ere lanketa aldatu beharko litzateke?

E.A.: Artea kobazuloetan bizi zen garaitik gizakiak behar izan duen zerbait da. Adierazpen premia beti sentitu izan du gizakiak. Hortaz, horrenbeste denboraz historian zehar presente egon den zerbait bada, ez dut ulertzen nola utz dezakegun gizakiaren alderdi hori bazterturik. Ondorioz, esango nuke arteak ez daukala uneoro bere erabilgarritasuna justifikatzen aritzeko beharrik. Presentzia ematea besterik ez zaigu geratzen. 

A.A.: Nire ustez, artea erabat espresioarekin eta apaingarritasunarekin lotzea gaur egun daukagun problematika baten erakusle da. Funtzio hori ere badauka arteak, baina kontuz ibili behar dugu. Izugarrizko mitoak eraiki dira eta hori da gure geletan ikusten duguna ere. Kontziente izan behar dugu balio espresiboarekin eta apaingarritasunarekin bakarrik geratzen bagara, gauza pila bat galtzen ditugula. Eta, nire ustez, arteak garai bakoitzean bere izateko arrazoi bat eta funtzio bat izan du, eta orain ere hori bilatzea eta horri erantzutea dagokigu. 

E.A.: Jose Luis Brea arte kritikariak zioen artistak arte kritiko bat izan beharko lukeela, bestela ez duelako zentzurik izango artista horrek gure gizarterako. Nire uste ere argi dagoena da artearen azpian beti kezka bat dagoela, eta horretatik abiatuta problematika bat jorratzeko bidea egiten duela. Aldiz, adierazpenean bakarrik oinarritzeak esan nahi du espresionismo abstraktuaren eragina oraindik mantentzen dela eskolan. Eta jada 2018an gaude, bada garaia beste zentzu batekin lan egiteko.

A.A.: Artearen atzean dagoen iruditeria guztia ere zalantza jarri behar genuke. Artistaren figura nolakoa irudikatzen dugun, adibidez, aintzat hartzea interesgarria litzateke. Artista hitza entzunda, normalean gizonezko bat datorkigu burura, gehienetan margolaria, gizartean bizi ez dena, apur bat inspirazioaren zain dagoena ideia handiak edukitzeko… Mito hori modernitatean gertatu zen eta jada lekuz kanpo egon beharko luke, baina ideia horiekin jarraitzen dugu. Beraz, artea espresibitatearekin lotzerako orduan oso kontuz ibili behar genuke, eta are gehiago ere bai: ideia horrek sortu duen iruditegia guztia zalantzan jarri.  

Artista bohemioaren figura hor dago oraindik. Eta horrek gelako jardunean oso eragin kaltegarria izan dezake. Batzuetan, eraman gaitzakeelako pentsatzera ikasleak berez barnean dakarrela artista sena eta, bera bakarrik utzita, inspirazio jainkotiarrez egingo duela ez dakit zer-nolako artelan. 

 

Horri lotuta, hezkuntza-testuinguru batzuetan, artisten lanak edo ekoizpenak erabiltzea ez da egokitzat hartzen, ustez umeen berezko sormena -jaiotzetikoa- mugatu dezakeelako horrek.

E.A.: Bai, gaur egun zenbait eskolatan irudi guztiak eskolatik kentzea erabaki da, pentsatzen baita eragin negatiboa izan dezaketela irudi horiek ikaslearengan eta bere sormena eta barne espresioa bidera ditzaketela. Beraz, haurren berezko adierazpenari bidea egiteko erabaki dute ikaslea babestea irudietatik eta paretetan ezer ere ez jartzea. 

Gu ez gatoz bat horrekin. Gure ustez egin beharko litzatekeena da haurra hezi begirada kritiko horretan, eta erremintak eskaini horretarako. Konponbidea ez da gauzak kentzea, baizik eta, gutxienez, dagoen horren gainean hitz egitea. 

 

Beraz, beste era bateko ereduak ere eskaintzea garrantzitsua iruditzen zaizue zuei?

E.A.: Ereduak eskaini baino gehiago, dagoeneko dituzten eredu horiekin elkarrizketa sortu behar genuke. 

A.A.: Gaur egun dauden ereduen aurrean irakatsi behar litzaieke iritzi pertsonal bat edukitzen edo begirada kritiko batekin ikusten. Baina bestetik, gizarteak eskaintzen ez dituen beste erreferente batzuen berri ere eman beharko genieke. 

 

Izaera eraldatzailearena litzateke, hortaz, arte-hezkuntzak beteko lukeen beste funtzio bat?

E.A.: Bai, funtzio eraldatzailea ere badu arteak. Baina, hori arte-hezkuntzako proiektu batek berariaz ekarri beharko luke. Arteak eragina izan behar luke ikaslearengan, ikaskuntza-prozesu horrek pertsona mugiarazi behar luke, eta hasieran zuen ikuspegitik beste leku batean posizionatzera eraman. Hori da niretzat ikasketa-prozesua eta horretarako aukera ematen digu arte-hezkuntzak.

 

Autore batzuek defendatzen dute gaur egungo munduan arteak hezkuntzan leku eta denbora gehiago izan beharko lukeela, egun bizitzeko ezinbesteko bihurtu diren pentsamendu dibergentea, irudimena… garatzeko aukera paregabea eskaintzen duelako. Zein da zuen iritzia?

E.A.: Hezkuntzan artearen lanketarekin gertatzen dena oso kuriosoa da. DBHn jada oso normalizatua dago ikasgaia: oso akademikoak eta gidatuak dira edukiak. Baina Lehen Hezkuntzan ere denboran zehar bere horretan geratu da, izoztuta bezala. Hezkuntzan plastika sartu zenetik ez da ezer aldatu. Hasi dira modu kooperatiboan, proiektuka… lan egiten baina plastikak beste horietan landu dena estetikoki apaintzeko soilik balio du. Berrikuntza prozesu gisara edota eraldaketa pedagogiko bezala ez da inoiz kontenplatzen. Hortaz, horixe da nik hezkuntza komunitateari egiten diodan galdera: nola da posible berrikuntza prozesu bat egitea arte-hezkuntza kontuan hartu gabe? Eta beste horrenbeste gertatzen da zeharkako beste zenbait ikasgairekin ere: musika, ikus-kultura, gorputz hezkuntza, dantza, antzerkia…

A.A.: Batetik, denbora oso eskasa eskaintzen zaio arte-hezkuntzari; eta bestetik, plastika edo arte-hezkuntza irakasten duten irakasleek ez daukate formazio berezirik. Alegia, ez dago espezialistarik hori irakasteko. Tokatzen bazaio, irakasleak plastika eman beharko du eta kito. Eta, hain zuzen ere, horregatik ere sortu zen ARTikertuz, eskulanak egiteaz gain, arte-hezkuntza lantzeko zein beste alternatiba egon zitezkeen aztertzeko. 

 

Informazio kantitate izugarri handia jasotzeko dugu gaur egun begietatik. Inork ez du zalantzan jartzen irudiek gero eta leku eta garrantzi handiagoa dutela gure bizitzan, komunikazio-tresna nagusienetarikoak bihurtu direla. Errealitate horren aurrean zein ekarpen egin dezake ikus-arteak? Eta zein leku izan beharko luke hezkuntzan?

A.A.: Ezer baino lehen, ulertu behar dugu gure nortasuna bide horretatik ere eraikitzen dugula. Esnatzen garenetik lokartzen garen arte, egunero, irudiz inguratuta gaude, edozein eratako irudiz. Beraz, onartzen badugu horrek eragin handia duela gure nortasunaren formazioan, bada, hori kudeatzen ikasi beharko dugu. Konparazio baterako, testuak irakurtzen denok ikasten dugu, ezta? Liburu batean zer jartzen duen irakurtzeko gai denok gara, baina irudiekin ez da gauza bera gertatzen. Hortaz, batetik, saiatu behar genuke ulertzen nondik datorren irudi bat edo bestea, edota zergatik dauden irudi horiek leku jakin batean. Bestetik, berriz, mundu hori zabaltzeko ahalegina egin behar genuke. Ez dugu zertan beti ikusi publizitatean agertzen diren emakume estereotipatu horiek; edota, era berean, artea ere ez da beti izango [Andy] Warholl edo [Vasili] Kandinski. Gure ardura da ikuspegia zabaltzea eta bestelako alternatibak ere eskaintzea, jakinik horrek eragina izango duela gutako bakoitzaren nortasunaren eraikuntzan. Azken finean, ezagutza handiagoa izango dugu eta kapazagoak izango gara mundua ulertzeko eta gure proposamen propioak egiteko. 

E.A.: Nire ustez, ikus-kultura landu beharreko gai oso garrantzitsu bat da. Momentu honetan, ikus-kulturaren gaia arte plastikotik lantzen dugu, baina gaur egun teknologiarekin ere lotura handia du. Konfiguratu egiten gaituzte, hau da, gure identitateak eraiki egiten dituzte eta esaten digute nolakoak izan behar dugun, zein desio izan behar ditugun, etab. Eta hori, hein handi batean, irudien bidez egiten da. Hortaz, irudi horiek helarazten dutenari aurre ez egitea eta irudi horiekin elkarrizketa kritikorik ez sortzea, alfabetizazio-prozesuan ildo bat landu gabe uztea dela iruditzen zait. Eta gure ikasleak egunero daude teknologiarekin eta horrek dakarren guztiarekin harremanean. Orain dela gutxi irakurri nion Joan Fontcuberta artista katalanari ia-ia beste hizkuntza baten pareko bilakatu dela irudia. Adibidez, batzuetan, whatsapp-ez ari garenean, ez dugu idatzi ere egiten; argazkia bidaltzen dugu eta besteak emotikono batekin erantzuten digu. Hori da uneotan bizi dugun errealitatea. Baina hezkuntzan horri bizkar eman zaio eta ez gara lantzen ari, hanka-motz gaude. Umeek kritikotasuna garatzeko ezinbestekoa da arlo bisualaren lanketa, bestela, biluzik uzten ditugu publizitatearen, merkatuaren… eta, oro har, sistemaren aurrean

A.A.: Eta garrantzitsua ez da soilik kontsumitzen dutena, baita eurek ekoizten dutena ere, selfieak ateratzen dituztenean, adibidez. Momentu honetan mundu hori guztia enpresen esku dago; enpresek jada erabaki dute arlo oso garrantzitsua dela eta horrekin jada merkatu bat sortu dute. Hori jorratu edo horri aurre egin ez diona hezkuntza da. 

 

Hezkuntza arloan zer-nolako proposamen artistikoak egin beharko genituzke? Zein oinarrizko irizpide izan beharko genuke kontuan? Zuen ikastaroaren gaineko testuan diozue arte-hezkuntzaren didaktika hobetzeko aukera emango duzuela. Nola hobe daiteke arte-hezkuntzaren didaktika?

E.A.: Nire ikuspegia da horretarako elkarrekin egin beharko litzatekeela proiektuaren diseinua elkarrizketaren bitartez. Nire ustez, kontuan izan beharreko oinarri garrantzitsu bat da proiektu moduan planteatu beharko litzatekeela. Horrek esan nahi du ikasleari ez diozula soilik teknika bat erakusten eta bide bat egiteko esaten –adibidez, hau da [Joan] Miro, hemen dauzkazu margoak eta egin hau edo hori–. Ez. Artistak jarraitu beharreko prozesua ez da teknika zehatz bat erreproduzitzea. Artistaren prozesua da gai bat pentsatzea, kezkatzen duen auzi baten inguruan gogoeta egitea. Hortaz, egin beharko genukeen lehendabiziko gauza da gai hori lantzea. Hasteko, gai horren inguruan ikertu beharko dugu, eta ondoren igaroko gara pentsatzera ea zerbait sortu nahi dugun, zer kontatu nahi dugun, zein den transmititu nahi dugun ideia eta hori nola gauzatuko dugun. Beraz, proposamen didaktiko konplexu batez ari gara hizketaz. Ez sinplifikatzeaz. Zeren bestela arriskua dago fitxa batean geratzeko. 

A.A.: Hala ere, argi eduki behar dugu ez dagoela formula magikorik. Alegia, ez dago errezeta jakin bat arte-hezkuntzan gauzak ondo egiten ari garela adierazten diguna. Eta, bestalde, oso inportantea da kontuan izatea zein testuingurutan egiten dugun egiten duguna, zeren zuk gauza jakin bat egin dezakezu hemen eta orain zure taldearekin, baina horrek ez dizu agian balioko beste talde batekin beste testuinguru batean egiteko. Proiektuak planteatzean kontuan izan behar ditugu subjektibitateak, testuinguruak, etab.