IÑAKI REDIN ‘POPI’. Bigarren Hezkuntzako Irakaslea

2017-10-01

 

“Irakasleak kendu dizkigute eta drogak eman. Gogorra da, baina horrela da”

Gaitzak utzi dion arte musikak, marrazketak eta irakaskuntzak erdibitu du Iñaki Redin Popiren (Iruñea, 1964) bihotza, familia, lagun eta txakur eta katuez gain. Orain gurpildun aulkian eseririk, larriki gaixo baina gogobiziz, hiru pasioen batuketa bat den liburuaz mintzatu da hik hasi-rekin, Katakrakek argitaratu duen Educar sin drogas (y sin recortes) liburuaz. “Nik badakit zertaz mintzo naizen; musikak salbatu ninduen, rock izar bat izan nahi nuen eta zaindu egin nintzen, bestela auskalo non nengokeen”. Kritiko da azken urteetan hezkuntzak hartu duen bidearekin, uste baitu haur batzuei heziketa eman beharrean beste zerbait ematen zaiela: pilula, hain zuzen, eta horrekin estaltzen direla irakaskuntza- ikaskuntza-prozesuko hainbat arazo. “Inori bururatuko al litzaioke lau urteko haur bat goizero koñak kopa bat edanda bidaltzea eskolara? Ez ezta? Baina speed-a emanda bidaltzen ditugu”.

 

 
 

Gordina da Educar sin drogas liburuan egiten duzun erretratua: haur eta nerabeak alkohol, tabako, metilfenidato eta kalamu artean dantzan darabilzkigu. Nola heldu gara honaino?
Murrizketen bidez. Hezkuntzan egin dituzten murrizketek eraman gaituzte egoera honetara: eskubide konstituzionalak kentzen ari gatzaizkie haurrei, heziketarako eskubidea da horietako bat, eta heziketaren ordez drogak ematen dizkiegu. Irakasleak kendu dizkigute eta drogak eman. Gogorra da, baina horrela da. Zergatik gertatu da? AEBetako hezkuntza-sistema hartu dugulako eredu gisa. Nik AEBetako eredu espaziala kopiatuko nuke, baina hezkuntza- eta osasun-sistema publikoak inondik inora ere ez. Baina AEBetako hezkuntza-sistema kopiatu dugu merkeena delako. Eredu onak nahi baditugu, kopiatu ditzagun funtzionatzen dutela badakigun eredu horiek. Kontua da kalitatezko hezkuntza eskaintzen duten eredu horiek garestiak direla, ikasle gutxiko gelak aurreikusten dituztelako. Hemen aldiz, ratioa handitzen eta handitzen eta handitzen ari gara, hori da krudelena. Irakasle batek nola eskainiko die 35 ikasleri behar duten arreta? Murrizketek eragin zuzena dute hezkuntzan: Irakaskuntza zuzeneko ordu kopurua handitzen ari gara, eta irakasle kopurua murrizten... Zer geratzen zaigu murrizteko? Ikaslegoa. 35 ikasleko gela batean 5 ikasle anulatzen baditugu metilfenidatoarekin, 30 ikaslerekin egingo dugu lan, eta ustezko hezkuntza-helburuak betetzea errazago izango zaigu. Bada haur horiei heziketa eman beharrean beste zerbait emango diegu: pilula bat eta PMAR Ikaskuntza eta Errendimendua Hobetzeko Programa baterako helbide bat.
Metilfenidatoa edo mph-a, anfeta bat baino kaineroagoa den droga honen sarrera murrizketekin erabat lotua dago: lehen dibertsifikazioak egiten genituen, gelak bitan banatzen, laguntza eskolak eman, curriculumak egokitzen, behar berezietako laguntzaileak genituen... orain pastillak ditugu.

 

Nola sortu da liburu hau idazteko beharra? Zeintzuk dira irakasle batek egunerokoan ikasgelan, drogekin loturik, aurre egin beharreko arazoak?
Nik egunerokoan ikusten dudan errealitatetik sortzen da liburua. Hezkuntza-sisteman lau droga daude zabalduta, gizartearen isla gisa. Tabakoa, alkohola, kalamua eta metilfenidatoa dira lau droga horiek, eta bakoitzak bere berezitasuna dauka. Tabakoaren, alkoholaren eta kalamuaren kasuan, gurasoona da erantzukizuna, gauza asko egin baikenitzake gure seme-alabek edan eta erre ez zezaten. Baina horrez gain, metilfenidatoa sartu digute, sistemaren heziketa beharrak beteko dituen droga delako.
Alkohola droga-zubia da, beste guztietara eramaten gaituen droga delako. Gizartean guztiz zabalduta dagoen droga da.
Kalamua oso droga desmotibatzailea da. Kalamuak sortzen duen desmotibazioa ikaragarria da, kalamua erretzen duen gazteak zeharo aldatzen du bere bizimodua, horretara bakarrik dago, eta lelotu egiten du. Uste dut denok dugula kalamua erretzen duen ikaslearen perfil bat buruan. Badu azalpen zientifiko bat: oxigeno faltak eragiten du neuronak stand by-n geratzea. Bestalde, tabakoa da hilko zaituen droga. Azkenean jendea konturatu da porru baten arriskua tabakoan dagoela. Jendea ez da haxixaren mende erortzen, tabakoaren mende baizik.
Azkenik, metilfenidatoa dugu,  irakaslearen ordezkoa den droga. Gaur egun 5.000 haur inguru ari dira metilfenidatoa hartzen Nafarroan, ikaragarria da. Ez daude 5.000 haur amigdalitisarekin, edo txorkatila bihurriturik... 5.000 haur baleude beste edozein gaixotasunekin epidemiatzat hartuko genuke eta honez gero guztiok eskuak burura eraman eta kalera irten ginen, baina metilfenidatoarekin ez da halakorik gertatzen.
Nola sortu zen liburua galdetzen didazu, bada liburu honen atzean gaiaz hitz egiteko beharra dago. Liburua lau komikiz osatua dago, ikasleekin lan egiteko. Web orritik bereizmen handian deskargatu daitezke komikiak [Popik Comicreando bloga kudeatzen eta elikatzen du eta liburu honetako materialaz gain, hainbat ikaslerekin drogen prebentzioaren inguruan egin zuen komikiko lanak ikus eta deskarga daitezke], tamaina handian fotokopiatu eta ikasgelan erabili ahal izateko. Gainerakoa, irakasle eta gurasoentzako materiala da, baina baita ikasleentzat ere. Hor azaltzen dut droga bakoitzak ezaugarri nagusi bat duela.

 

Liburua erruaz hitz eginaz hasten duzu, “irakurle, lagun, kide, neba, ikasle... baina batez ere guraso maitea... zurea da erruaren zati handi bat”. Gurasoak aipatu dituzu, baina administrazioa eta irakasleak ere ez dira drogek ikasle-bizitzetan hainbesteko pisua izatearen erantzule? Nortzuk dira errudunak?
Errua guztiona da. Gurasook badugu erruaren zati bat, hori gerta dadin onartzen dugulako. Oso erraza izan liteke psikologoa antzarak ferratzera bidaltzea, baina esaten badizu zure seme-alabari TDAH diagnostikatu diotelako eta pastilla emanez gero, azterketak egiteko ordu erdi bat gehiago izango duela... bada hasten zara espekulatzen eta irensten duzu amua.
Politikarien errua ere bada, ez baitira ezertaz enteratu. Hondaturik dagoen merkantzia erosi dute. AEBetako eredua kopiatu dute, merkea delako. Eta sistema publikoan sinisten ez duen jendea jarri du hezkuntza publikoa zuzentzen. Horra arazoaren muina: azeria jarri dute oiloak zaintzen.  
Irakasleok ere badugu errua, noski. Ez dugu egoeraren kontzientzia hartzen, ez dugu erreakzionatzen, ez gara batzen, ez dugu kolektibo gisa jokatzen. Eta zeintzuk daude institutu askotako zuzendaritzan? Gaitasun handiena dutenak edo etekin pertsonala bilatzen dutenak? Askok eta askok ez dute  klaustroak deitzeko lana hartzen, gertakizun hauen aurrean zer jarrera hartu erabakitzeko.

 

Arrazoi batengatik edo besterengatik, guraso eta irakasle askok onartu egiten dute haurrari anfetaminak ematea. Zuk diozu ordu erdi gehiago izango duela azterketetan, eta  titulua emango diotela ikasketen amaieran,  baina zer etorkizun du hainbat urtetan metilfenidatoa hartu duen haur horrek?
Izugarria. Metilfenidatoak eragiten dituen kalteek ez dute atzera bueltarik, iraunkorrak dira, eta oso garbi ikusten dira eskaner batean. Ustez borrokatu nahi duen gaitz hori sortzen du metilfenidatoak. Pastillak hartzen 8-10 urte daramatzaten haurrak badira Nafarroan, eta inork ez du esaten nola dauden, ez zer gertatuko zaien, ezta tratamendua noiz bukatzen den ere. Guraso batzuek espekulatzen dute: azterketa garaian ematen diote seme-alabari, eta gero kentzen diote...
Erru banaketa honetan ez ditzagun medikuak ahaztu. Hiru alditan idatzi dut Nafarroako Medikuen Kolegiora, gai honetaz galdetzeko, irakasle askoren kezka azaldu diet, haurtzaroaren ezaugarri berezkoak —mugitzea, arreta orain bai orain ez jartzea, oihu egitea, asperduragatik kexatzea...— patologizatzen ari garela; salatu diet Snap VI testa, TDAHren diagnostiko tresna bakarra benetan eskasa, makurra eta baliogabea dela, beti positibo emateko prestatua dagoela... eta jaso dudan erantzuna izan da horretan ari direla. Bitartean milaka paziente ditugu jada. Alegia, horretan ari dira eta aldi berean diagnostikatzen ari dira, haurrei pastilla gogorrak ematen. Inori bururatuko al litzaioke 4 urteko haur bat goizero koñak kopa bat edanda bidaltzea eskolara? Edo matematikako azterketa gaindi dezan whisky bat ematea? Ez ezta? Baina speed-a emanda bidaltzen ditugu. Medikuak kexatzen dira pribatuan baina jarraitzen dute errezeta ematen. Liburu hau dela-eta, mediku batzuk armairutik ateratzen hasi dira, eta ezin dela horrela jarraitu esaten... ikusiko dugu.

 

Bada, metilfenidatoa gailentzeko eta beraz haurren hezkuntzarekin ez eze osasun mentalarekin jolasteko arrazoia zein da, batzuentzat negozio itzela dela?
Sinplea bezain larria da. Eta negozio horretan ez ditzagun ahaztu psikiatra eta psikologoak. Denetik dago, noski, esan beharrik ez dago, baina psikiatra eta psikologo asko negozioa egiten ari dira horren kontura. Opus Dei inguruko psikologo eta psikiatra asko negozio itzela egiten ari dira Nafarroan TDAHrekin, sekulako etekina ematen dielako. Dirutza mugitzen ari da. Pentsa, Nafarroan TDAHko hiru elkarte daude! Zergatik? Diru asko-asko dagoelako tartean. Eta Nafarroako Gobernuaren dirua jasotzen dute elkarte horiek. Eta negozio horri erantsi behar zaio substantzia beraren salmenta, farmazeutiken negozioa...
Ikaragarria da nola diagnostikatzen den TDAH. Haur batek ikasketekiko interesik azaltzen ez duelako, mugitua delako, arreta jartzen ez duelako... edo dena delakoagatik hezkuntza-sisteman enkajatzen ez duenean gaitz fiktizio hau pairatzeko hautagai bihurtzen da. Normalki irakasleak edo zentroko psikologoak bultzaturik, baina kasu batzuetan gurasoek bideraturik, gaizki itzulitako test guztiz subjektibo bat erantzuten dute irakasleak eta gurasoek, eta horren batezbestekoaren arabera, inolako azterketa genetiko edo biokimikorik gabe, ez eskaner, ez erradiografia ez ezer, medikuak erabakitzen du mph-a eman ala ez.
Nire lagun bat alabarekin joan zen psikiatrarengana, euren arteko harreman txarra zela medio, eta TDAHko diagnostikoarekin atera ziren... Hezkuntza-arduradunen ezjakintasunagatik eta utzikeriagatik, edo eurek jakingo duten interesagatik, beste batzuen negozioagatik eta gurasoon arduragabekeriagatik edo ezintasunagatik, abioneta batetik pilulak botatzen ari dira; hori da gaur egun daukagun irudia.


Ikasleen artean bereizketa sor litekeela esan duzu: batzuk  heziketa jasotzen ari dira eta besteak pilulak. Pilulak jasotzen dituztenak, hezkuntza-eskubidea ukatzen zaienak, soziologikoki egoera baztertuagoetan daudenak dira? Lotura hori egin daiteke?
TDAHk oso bilakaera bitxia izan du. Hasieran haur aberatsen gaixotasun bat zen, gutxiengo etnikoetan ez zegoen TDAHrik, baina gaur egun kode genetikoan ez baizik eta posta kodean dagoen gaixotasun bat da. Non bizi zaren, libratuko zara edo tokatuko zaizu. Frantzian libratuko zara, Espainian ez, Europako iparraldeko herrialdeetan ez da gaitz hau existitzen, AEBetako mendebaldeko kostaldean ekialdekoan baino gutxiago...
Orain eta gurean, denbora pasa ahala, gaitza zabaltzen ari da, etorkinen seme-alabetara ere zabaltzen ari da. Eta lehen mutilen gaitza zen, testimoniala zen nesken artean TDAHa zutenen kopurua, eta orain ez... Baina harago doa zabalkundea: orain hainbat psikiatra gurasoen arteko diagnostikoa bultzatzen ari da, bada familia osoa joaten da diagnostikatzera eta pastillekin irteten da. Zientzia fikzioa ematen du baina horrela da. Gaur egun ikasle asko unibertsitateko lehen urteetan diagnostikatzen dituzte, edo Batxilergoko bigarren urtean... Lehen, diagnostikoa Lehen Hezkuntzan egiten zen, eta Bigarren Hezkuntzara sintomekin etortzen ziren, baina sintoma horiek ez dira errealak, pilulek eurek eragindako sintomak baitira. Orain asko ari da zabaltzen gaixoen abanikoa, ume-umetatik gurasoetara ari da zabaltzen diagnostikoa, eta beraz, batzuen negozioa.
Gelan izan ditut, Bigarren Hezkuntzan 8 urte medikatuta zeramatzaten haurrak, andereñoak lau urterekin bideratu zuelako pastillak hartzera. Zer egiten du gaizki lau urteko ume batek speed-a emateko? Galde diezaiogun, mesedez, geure buruari: nola eman diezaiokegu speed-a lau urteko haur bati? Nafarroan lau urtez azpiko 20 ume daude metilfenidatoa hartzen.
Bakanak dira, gutxi batzuk, baina badira andereño batzuk lan mardula egin ari direnak gaitza diagnostikatzen, arkatzak zorroztu eta haurrak markatzea gustatuko balitzaie bezala. Nik neuk ikusi dut, nire seme batekin. Andereñoak, irakasleok, kontura gaitezen, mesedez, daukagun ardurarekin!

 

Lotura estua egiten duzu liburuan drogen kontsumoaren eta hezkuntza-sistemaren kalitatearen artean. Zuk diozunez hezkuntza-sistema zaharkitua dago, curriculumak ez ditu haurren eta bereziki nerabeen interesak eta beharrak asetzen, nerabeari ez zaio ezer interesgarririk eskaintzen ikasgelan, beraz, bestelako interesguneak bilatzen ditu, sistemak ostera dio “gaur egungo nerabeak desmotibaturik daudela”.
Galileo hilobitik aterako bagenu klaseak ematen jar genezake. Eskola ez da aldatu, ez da berritu! Izarrarteko bidaiak ikusteko aukera duen belaunaldiari planu inklinatuez eta poleaz hitz egiten diogu ikasgelan, XIX. mendean bageunde bezala. Ezin du horrela izan! Gure neska-mutilei ez zaie eskolan esaten diegun ia ezer interesatzen zaila delako ikasgaiaren eta euren errealitatearen arteko lotura aurkitzea, aldiz ikasi egin behar dute, norbaitek esan duelako eurentzat garrantzitsua dela ez-dakit-zer jakitea.
Aisialdiaren kalitate txarrak droga kontsumora eraman zaitzakeen bezala, curriculumarekiko eta ikasgelan gertatzen denarekiko desinteresak gainbehera dakarkio eskolari. Ikasleak zirikatu behar ditugu, argitxoak piztu haiengan, interesa piztu, motibazioa elikatu... Bigarren Hezkuntzara irits daitezen zer ikasi nahi duten jakinda. Aldiz, harrigarria da, baina zientziak edo letrak ikasi nahi duten ez dakiten ikasleak iristen zaizkigu. Ez dakite zer nahi duten, ez dakite zer interesatzen zaien ere, eta gu, irakasleok, ez gara haiengan gutxieneko motibazioa sortzeko gai.
Zer gertatzen da curriculumarekin? Nork jarri du? Zergatik ez da ukitzen? Zergatik ez da berritzen, gaurkotzen? Nori interesatzen zaio ez ukitzea? Kontuan izan behar dugu erabakitzen duen jendeak zer-nolako irakaskuntza-sistema nahi duen, jende honek nahi duen irakaskuntza ez da ezagutzan oinarrituriko irakaskuntza, eurek ikastetxe pribatuak harremanak egiteko leku gisa ikusten dituzte,  etorkizuneko negozioak eta familiak ixteko harreman gune gisa ulertzen dituzte ikastetxe pribatuak, eta eskola publikoak, aldiz, utziak dituzte erabat... Hori da kopiatu dugun hezkuntza-sistema eskasa.
Irakaskuntza publikok beste zerbait izan behar luke. Eskola publikoko ikaslegoa ikaslego erreala da, gizarteak duena, eta hori da onartu behar duguna. Hezkuntza igogailu sozial gisa erabili behar dugu, alegia, edozein dela zure jatorria eskala sozialean igotzeko aukera emango dizun tresna. Askatasun eremua izan behar du, eta eskolatik kanpo gertatzen denaren isla. Eskolatik kanpo gertatzen den horretan ibiltzeko prestatzen gara eskolan, gaitasunak hartzen ditugu mundu errealean ibiltzeko.   

 

Drogez gain, hezkuntzaz ere asko hausnartzen duzu liburuan: “Erabat galduta dauden gazte multzo batek partekatzen duen espazio fisikoa da ikasgela. Helduak, hezitzaileak deituak, haiek bezain galduta daude”. Irakaslearen prestakuntzak ere izango du honetan zerikusirik, ezta? Bigarren Hezkuntzako irakasleok norbere gaia menperatzen duzue, baina enpatiaz, psikologiaz, haurraren garapenaz, zer dakizue? Prestatuta zaudete horretarako?
Denetarik dago, batzuk trebeagoak dira bestetzuk baino. Teorian Gaitasun Pedagogikoen Agiria dugu, baina agiri horrek zenbat gaitasun ematen dizkizun majo eztabaidatuko nuke nik!
Berrikuntza beharrezkoa da, irakasleon artean ere motibazioari eustea. Gure lanaz hausnartzea: nik esaterako, komentatu izan dut zeinen interesgarria litzatekeen irakasleok besteon klaseetan sartzea, ikusteko irakasle bakoitzak nola egiten duen lan. Oso baliagarria izango litzateke, irakaslerik txarrenak ere baduelako zerbait interesgarri erakusteko. Baina horretarako beharko genuke hori bultzatuko luketen zuzendariak eduki institutuetan, eta ez da horrela, bereari begiratzen dioten zuzendari gehiegi ditugu.
Hezkuntza-sisteman eman den aldaketa —aldaketa deitzeak ere lotsa ematen dit— engainu bat izan da. Esan digute: hauxe da aldatzea. Hizkuntz-eredu ezberdinak eta diapositiben proiektorea erabiltzea. Ingelesa eta power pointa. Horrekin XXI. mendean gaudela sinestarazi digute.

 

Ados, egoera gordina da. Zer egin daiteke?
Zail dago kontua. Hasteko, begiak ireki eta medikatzeari utzi behar diogu. Lehenbailehen. Drogek bukatuko dute hezkuntzarekin, ikaslerik ez izateak. Bestalde, puskatu ditugun edo puskatzen ari garen ikasle horiek konpondu beharko ditugu.

 

Izan ere, AEBetatik kopiatu dugun hezkuntza-eredua merkea dela esan duzu, baina koste soziala oso garestia izango da... hau da, 15 urtez anfetaminak hartu dituen pertsona batek, edo bizi guztian hartu beharko dituenak kostu handia ekarriko dio Gizarte Segurantzari... gaurko merkealdiak ez ote du biharko garestitzea ekarriko?
Jakina, ikasle horiek trastornoak izango dituzte. AEBetan tiroak jotzen dituzte ikasleek, hemen ikusiko dugu zer egiten duten... Burmuinarekin jolasteak ondorioak ditu. Oso ergela izan behar da pentsatzeko zure seme-alabari 4 urtetik aurrera droga bat emateak ez diola sistema nerbiosoan kalterik egingo. Gazte horrek mendekotasuna izango du, elbarritasun bat izango du eta aitortu beharko zaio, ordaindu... Speed-ak suizidiorako joera sortzen du, adibidez. Oso beheraino eramaten zaitu. Ba al dakigu zenbat ikasle suizidatzen diren gaur egun? Nerabeen heriotzen artean zenbat diren suizidioen ondorio? Geldi gaitezen, pentsa dezagun, erreakziona dezagun.

 

Nola prebenitu daiteke?
Ikasgelan oso zaila da, alkoholaz eta tabakoaz hitz egin dezakezu ikasleekin, baina TDAHri buruz hitz egitea gurasoak bere seme-alabari ematen dion droga bati buruz hitz egitea da.

 

Hitz egin dezagun, bada, tabakoaz eta alkoholaz, azken batean tabakoa heriotzera eramango gaituen droga dela esan duzu. Aldiz, helduok sarri ez dugu droga bezala ikusten eta etxean kontsumitzen dugu alkoholarekin batera, seme-alaben aurrean. Hipokrita da gero haiei ez kontsumitzeko esatea?
Nerabeek erre eta edaten dute gure biologia sozialean dagoelako, ongi ikusia dagoelako eta geuk bultzatzen ditugulako, gu ikusten gaituztelako. Haatik, ez zaigu gustatzen gure seme-alabek edatea edo erretzea, eta ez diegu tabernetan sartzen uzten, hortaz, non edaten dute gazteek? Erdigunetik urrutiko eremuetan, poligonoetan egoten uzten diegu, hantxe izan daitezke nor. Horretarako, hobe da tabernan sartzen uztea.
Gobernuen hipokresia ere hor atzean dago: nola joko du Gobernuak alkoholaren eta tabakoaren kontra, bere sostengu iturria badira? Gobernua bera da alkoholzalea, nikotina zalea, zerga eta etekin horien mende dagoelako, eta beraz, berak bultzatzen du negozioa. Pentsa, alkoholaren etiketa kendu die ardoa eta garagardoari, eta orain elikagaiak dira! Eta gaur egungo katedralak bodegak dira. Gobernuarentzat zein da alkoholak ekar dezakeen arazo bakarra? Trafiko istripuak. Alkohola emakumeen aurkako indarkeri kasuen eta bortxaketen %90ean presente egotea ez da arazo. Ez du kanpainarik egin esateko: “Edaten baduzu, ez jo zure zure emaztea”. Alhokolarekin eta tabakoarekin dugun jarrera benetan hipokrita da.
Tabakoa da osagaiak ezagutu gabe komertzializatzea onartzen den produktu bakarra munduan. Formula etengabe aldatzen ari da, gero eta mendekotasun handiagoa sortzen du, gero eta hilgarriagoa da, baina guk ez dakigu argi zerez osatua dagoen.


Barneratua daukagu gazteek “pasa beharreko fasea” dela alkohola eta tabakoa kontsumitzea. Normalizatuegi daukagu gazteek edatea eta erretzea?
Nire zeregina, irakasle gisa, ez da ez edateko esatea, baizik eta edateak ekar ditzakeen ondorioak azaltzea. Tabernariak edo gameluak esaten ez dizuna esatea. Edaten baduzu, apustu ergelak egin ditzakezu, droga kaltegarriagoak hartzeko gogoa sortu ahal dizu... Edaten baduzu, informa zaitez. Edan baduzue, asko edan baduzue, ez utzi bakarrik gaizki ikusten duzun lagun hori; oso gaizki ikusten baduzu, deitu larrialdietara... Hori da liburuaren funtsa. Informazioak indartsuago egiten zaitu drogaren aurrean. Hori gakoa da. Drogak hor daude, eragin hau daukate, eta ondorioz kontuz ibili.
Liburuaren atal garrantzitsu batean, droga bakoitzaren errealitatea azaltzen dut. Nolako gozamena eragiten dute droga horiek hartzailearengan? Benetan hainbesterako al da?  Merezi al du zorabio pixka bat sentitzea horren hilkorra den tabakoa bezalako substantzia bat hartzearen truke? Merezi al du Marokotik ez dakit zeinen ipurtzuloan etorri den hori kontsumitzeak zorabio tonto batengatik? Merezi al du prezio hori ordaintzea?
Nik beste hezitzaileen aurrean dudan abantaila da mota guztietako drogak hartu ditudala, ezagutzen ditut oso ondo, badakit zein diren haien efektuak, badakit zertaz ari naizen. Psikiatra horiek speed marra bat hartuko balute, seguruenik kontu handiagoz ibiliko ziren errezeta emateko.

 

Ikasgelan bultza litekeen prebentzio-neurri gisa, kalitatezko aisialdia eskaintzearen garrantziaz hitz egiten duzu liburuan. Zer lotura du kalitatezko aisialdiak drogen kontsumoarekin?
Aisialdia funtsezkoa da. Haurrei kalitatezko aisialdia eskaini behar zaie, eta hori ikasgelatik egin daiteke. Nik ikasle bati Higgsen bosoia azaltzearekin batera gaiarekin lotutako hiru pelikula ikusteko gomendioa ematen badiot, aisialdirako ideiak ematen ari naiz eta, era berean, bere jakin-mina sustatzen eta elikatzen. Hori da heziketa: neska-mutilei euren kabuz pentsatzen irakastea; kuriositatea eta jakiteko eta ezagutzeko gogoa duten pertsonak egitea, motibatzea. Gure eginbeharra da.
Gurasoei ere esango nieke euren seme-alaben aisialdia zaintzeko. Mendia, kirola, antzerkia, musika... euren interesak elikatzeko, eta ahal dela denbora elkarrekin pasatzeko, berdin dit patata tortila lehiaketak egitea edo irakurtzea, baina neska-mutilek ongi pasatzea garrantzitsua da, ongi sentitzea. Adin hauetan, aspertzea, noraeza, inongo parte eta kide ez sentitzea, lekurik ez edukitzea, hobetzeko perspektibarik gabe aspertzea oso arriskutsua da.
Bestalde, hezkuntza irakaslearengan fokalizatu beharra dago, balioa eman behar diogu irakasleari, gaur egun ez baitu balio duenaren pareko preziorik. Hutsaren hurrengoa gara, orduak jartzen dizkigute artzaintza orduak balira bezala eta ez lan eraginkorreko orduak. Alde horretatik, gaur egungo Nafarroako Gobernua aurrekoarekiko kontinuista izan da. Ez du kendu TDAHren diagnostikoa dakarren protokoloa, zeina patetikoa den, eta kendu egin beharko luke.

 

Gizartean sumatzen da arazoa? Konturatzen gara haurrak tabakora, alkoholera eta kalamura bultzatzeak eta bereziki metilfenidatoa errezetatzeak zer ondorio dituen?
Jendeak ez du sinesten, lehenik eta behin. Jendeak ez du sinesten Nafarroan 5.000 ikasletik gora —dagoeneko oso-oso gora— drogatuak daudenik, eta Euskal Komunitate Autonomoan ere datuak oso berdintsuak dira. Neure lankide batzuek ere ez dute sinesten. Eta gurasoen artean, denetarik dago. Guraso batzuei ondo iruditzen zaie. Pasa beharreko gaitz bat bezala ikusten dute, barizela bezala. Nahiago dute guraso bezala gauzak gaizki egin dituztela onartu baino, euren seme-alabak gaixotasun bat duela eta medikatu egin behar dutela –hori baita hitza, medikatu– pentsatzea. Eta zer esan politikariez?