ESKOLA TXIKIAK TAILERRETAN LANEAN. Ikasgelarik, arlorik eta mailarik gabe hezten

2017-10-01

 

2014ko urtarrilean Francesco Tonucci pedagogoak egindako proposamenaren ildotik, ikasgelak utzi eta tailerren nahiz laborategien bidez funtzionatzen dute Zizurkilgo eta Abaltzisketako Eskola Txikietan. Oinarria da tailer horietan aurkitzen dutena ikasleentzat esanguratsua izatea eta haur bakoitzak bere interesen edo gustuen arabera batetik bestera mugitzeko aukera edukitzea. Duela hiru urte hasi ziren bidea urratzen eta dagoeneko egia bilakatu zaie hasieran amestu besterik egiten ez zuten hura. Joan den ekainaren 27an aurkeztu zuten azken hiru ikasturteetan 2 eta 12 urte arteko ikasleekin Zizurkilgo San Millan eskolan zein Abaltzisketako Txalburun garatu duten prozesua. Proiektuaren koordinatzaile Elena Laizek, Abaltzisketako irakasle Leire Arreseigorrek eta Zizurkilgo Alaitz Zengotitabengoak kontatutakoak jasotzen dira artikulu honetan.

 

 
 

2014-2015 ikasturteaz geroztik, eskolak tailer bidez dituzte antolatuta Zizurkilen eta Abaltzisketan: ez dute ikasgelarik, ez dute arlorik, ez dute ordutegi hertsirik eta ez dute mailarik. Eskola bietan bosna irakaslek jarduten dute bi eta hamabi urte arteko 30-32 umerekin, eta bietarako koordinatzaile batekin. Elena Laiz proiektuaren koordinatzaileak azaltzen duen eran, tailerretan haurrei ingurune bat, giro bat eta baliabide batzuk eskaintzen zaizkie, eta beste ororen gainetik maisu-maistren babesa eta maitasuna dute ikasleek lan egin dezaten: “Haur guztien interesei erantzuten saiatzen gara. Eta sarritan lortu ez arren, lanerako orduan horixe dugu beti ipar. Euren beharrak, euren gustuak, euren interesak… zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta gehiago asmatuko dugu”. Hartara, eskolako ohiko arloak tailer horien bitartez jorratzen dituzte eta saiatzen dira tailer guztietan arlo guztiak lantzeko aukera ematen. Tailer nagusiak ondokoak dira: aroztegia, mugimendua, zientzia, liburutegia eta artea. Eta, kontzeptualki tailer horien barruan lantzen dituzten beste hiru esparru ere badituzte, fisikoki bestelako hiru eremu erabiltzen badituzte ere: baratza, sukaldea eta ‘mugizientzia’ izenekoa.

Egunero, aldi berean, lau bat tailer irekitzen dituzte San Millanen eta Txalburun; eta umeek erabakitzen dute zabalik dagoen zein tailerretara joan, baita zenbat denbora igaro leku eta jarduera bakoitzean ere. “Eskatzen diegun bakarra da saiatzeko astean bi aldiz tailer guztietatik pasatzen. Baina horretan ere oso malguak gara. Ume batzuek interes handiagoa dutelako eta ordu gehiago igarotzen dituztelako tailer batzuetan besteetan baino. Bestela ez ginateke predikatzen dugunarekin koherenteak izango”, gaineratzen du Laizek.  

Tailer bakoitzak aukera asko ematen ditu eta haurrak euren lanetan, proiektuetan, esperimentuetan, ikerketetan, irakurketetan… zentratu daitezke, bakarka, binaka edota taldean, bakoitza bere modura, eta bere erritmoan. Hala zehazten du proiektuaren koordinatzaileak: “Haurren eskura material eta egoera bizi-biziak jartzen saiatzen gara, bene-benetakoak, ume guztien interesei erantzungo dietenak eta euren garapen etapetarako egokiak izango direnak. Orain hasitakoa beste une batean jarrai dezakete haurrek, errepika dezakete, berriro landu, berriro egin, berreskuratu… eta horrela euren burua deskubritzen joaten dira, eta behar dutena garatzen, aseta sentitu arte”.

Forma aldatzeak eta tailerretan antolatuta funtzionatzen hasteak asko lagundu die Zizurkilen eta Abaltzisketan. Dena ez da, ordea, forma. Eta formaren atzean haurraren ikuspegiaren inguruko eta irakaskuntza-jardunaren gaineko filosofia oso bat dute garatua, tailerretan antolatuta lana nola egiten duten azaldu aurretik eskolaren funtzionamendua ulertzeko oinarrizkoa dena. Aurkezpenean Elena Laizek, Leire Arreseigorrek eta Alaitz Zengotitabengoak egin bezala, San Millan eta Txalburu eskoletako hainbat oinarri filosofiko azalduko dira jarraian: haurra, bizitza, maisu-maistren jarduna, adinkako sailkapena, denboraren kontzepzioa, lengoaiak, eta ebaluazioa, hain juxtu.


Haurra. Heziketa etiko eta intelektualerako eskubidea duen pertsona
Zizurkilgo eta Abaltzisketako eskola txikietako irakasleek sinesten dute haurrek, berez, tratu egoki bat jaso badute, errespetuz tratatu badira eta egoera erakargarriak eskaintzen bazaizkie —zeinetan irakasleek nahiz helduek presiorik ez dieten egiten—, badaukatela barne-gida bat ekintza bat edo beste egitera bideratuko dituena. “Ekintza horietan barne-oreka bat bilatzen saiatuko dira eta oreka hori lortzen duten heinean, seguruago sentituko dira, besteei laguntzeko prest azalduko dira eta horrek eramango ditu beste ekintza bat egitera. Umeei uzten badiegu zertan aritu nahi duten erabakitzen, horretan zenbat denbora igaro nahi duten hautatzen eta nola egingo duten aukeratzen, umeek arduraz jokatuko dute ekintza hori ahalik eta hobekien egin nahiko dutelako. Hala, lehenik ardura hartzen dute beren ekintza horretan, eta handitzen doazen neurrian, ingurukoen ardura ere hartzen dute”, argitzen du Zengotitabengoak.

Edozein kasutan, Zizurkilen eta Abaltzisketan argi dute umeak ez direla heldu txiki batzuk, eta Jean Piagetek esan bezala, helduekin alderatuz gero, garun estruktura ezberdinak dauzkatela; eta, ondorioz, ez dutela mundua helduek ikusten duten bezala ikusten. “Askotan saiatzen gara guk ikusten dugun hori beraiei ikusarazten eta ezinezkoa da. Era berean, ezinezkoa da jakitea zer dakiten, noraino dakiten. Beraz, egin dezakegun bakarra da haurrei entzutea, hitzaren zentzurik zabalenean”, dio Abaltzisketako maistrak.

Piageten beste oinarri filosofiko batekin ere bat egiten dute Zizurkilgo eta Abaltzisketako eskoletan: heziketa etiko eta intelektualerako eskubidea dutela haurrek. Eskubide horrek ez du esan nahi soilik ezagutza jasotzeko eta ezagutza hori aplikatzeko aukera izan behar dutenik haurrek eskolan, baizik eta horrekin batera adierazi nahi du ikasle horiek etorkizuneko gizarte batean aurrera egiteko gai izango direla, solidarioki, ardurarekin, autonomiarekin jokatuz… eta eskolaren egitekoa dela horretarako guztirako beharrezko estrategia eta mekanismoak eskaintzea. Hala gaineratzen du Zengotitabengoak: “Zentzu horretan, guk uste dugu modu pasiboan jasotako ezagutzak, azken finean, epe motzeko memoria batean geratzen direla; eta, aldiz, eurek euren prozesuak bizitzen badituzte, aurrean dituzten zailtasunei edo oztopoei aurre egiteko gai izango direla, eta epe luzerako memorian geratuko zaiela jasotako guztia eta momentuan bizitako guztia. Gure lan egiteko modua zutarri horren gainean eraiki dugu”.

Zizurkilgo eta Abaltzisketako haurrak bertako eskoletako ikasleak izan aurretik, jaio diren familietako seme-alabak dira, eta hori oso kontuan izaten dute maisu-maistrek, argi baitute eurengan konfiantza osoa jarri duten gurasoen altxorrik preziatuenarekin dihardutela lanean. Eta badakite neska-mutiko bakoitza, haien familiak bezalaxe, bakarra dela, aparta, singularra, errepika eta konpara ezina. “Guretzat gure ikasleak onenak dira, guzti-guztiak. Bakoitza bere erara, bakoitza bere izaerarekin, bere gustuekin, bere interesekin eta gure errespetu osoa merezi dute. Gure errespetua, gure arreta osoa eta gure maitasun osoa eskola orduetan. Eta merezi dute traturik apartena, hezkuntzarik bikainena”, dio Laizek. Abaltzisketako maistra Leire Arreseigorrek gaineratzen duenez, berriz, familia bakoitza mundu bat da eta bakoitzak bere sinesmenak, kultura, ohiturak… dauzka, eta umeak horrekin guztiarekin doaz eskolara. Horrexegatik berebiziko garrantzia ematen dio eskolaren eta familien artean harreman sendoa eraikitzeari. “Eskolan beste pentsatzeko eta egiteko modu batzuk topatuz joango dira haurrak, eta taldeko kide sentitzera iritsiko dira, baina umearentzat garrantzitsuena familia izango da beti. Beraz, oso inportantea izango da familiaren eta eskolaren artean garatzen den harremana ona izatea umearen ongizaterako. Konfiantzazko harremana badago, umeak orekatuago, seguruago eta lasaiago egongo dira”.


Bizitza. Etxekoaren eta kalekoaren jarraipena eskolan

Zizurkilgo eta Abaltzisketako eskola txikietan konturatu dira haurrak bizi egiten direla eskolan, aldi berean hain sinplea eta hain konplexua den hori. Laizek azaltzen duen eran, bizi dira euren familietan, euren herrian, euren komunitatean, euren nazioan, baina baita euren pentsamenduetan, euren afektuetan, euren emozioetan, euren munduan… eta horrek guztiak osatzen du haurren egunerokoa: “Gure ikasleentzat bizitza ez litzateke zatikatuta egongo, helduok ez bagenie aktibitateetan, ordutegietan, saioetan, eginbeharretan… antolatuko. Kontrara, denbora etenik gabekoa izango litzateke, continuum bat. Eta denbora horretan ezinezkoa izango litzateke ez ikastea. Zergatik? Munduarekin, pertsonekin, animaliekin, naturarekin… etabarrekin erlazionatuko liratekeelako, bizitzaren eta heriotzaren zikloekin, errealitatearekin eta fantasiarekin, nahi eta desioekin eta baita frustrazioekin ere, zalantzekin eta usteekin… galdera garrantzitsuak, filosofikoak egingo lizkiekete euren buruari. Eta erantzun posible horietan murgilduko lirateke modu librean, era kreatiboan, hipotesiak eginez, gero eta egokiagoak, gero eta zientifikoagoak”.

Horrexegatik, Zengotitabengoak eransten duen eran, Zizurkilgo eta Abaltzisketako eskola txikiak kanpoko bizitzaren jarraipen bat dira, eta haurrak oso gustura joaten dira eskolara. Goizero irakasleek harrera egiten diete, kontu kontari aritzen dira tartetxo batez, eta, ondoren, tailerretara pasatzen dira. Irakasleen xede nagusia haurrei euren bidean laguntzea da, beren erritmoak errespetatuz, eta ingurune ziur bat eskainiz, non ez diren epaituak edo baztertuak sentituko. Eskolak ikerketa amaiezinak egiteko denbora, aukera eta baliabideak eskain diezazkiela nahi dute; eta, egunero, eskola garaia bukatzen denean, hurrengo egunean itzultzeko gogoarekin joan daitezela etxera.


Maisu-maistrak. Formatzea bezain garrantzitsua neska-mutikoei entzutea

Laizek, Zengotitabengoak eta Arreseigorrek badakite maisu-maistrak haurren bizitzan oso pertsona garrantzitsuak direla, baina aldi berean kontziente dira eurak ere ez liratekeela ezer umerik gabe, haurrak baitira haien motorra, pizgarria eta interesa. Euren eskuetan haien seme-alabak utzi dituzten familiei esker direna izan daitezkeela aitortzen dute, eta haurtzaroan eragina duten bakarrak ez diren arren, argi dute irakasleek erantzukizun handia dutela haurren bizitzetan. Beraz, ez dute zalantzarik egiten, gizarteak etengabe eskatzen duen moduan, maisu-maistra onak izan behar dutela. Horrexegatik, adituekin formatzen saiatzen dira, eta gaur egungo ikerketa eta teorien inguruan etengabe hausnartzen dute, euren praktika beti teoria eta ikerketa horiekin alderatuz. Izan ere, Laizek esplikatzen duen moduan, konturatu dira formazioarekin ez dela nahikoa baldin eta formazio hori ez badute alderatzen egunero egiten dutenarekin. Baina ororen gainetik, neska-mutikoei adi-adi entzuten saiatzen dira: “Zentzu guztiekin entzuten diegu, ez bakarrik belarriekin, horrek haurrak hobeto ezagutzeko eta bakoitza bere singulartasunean tratatzeko balio baitigu, eta beraz, bakoitza bere bidean laguntzeko, beraien esperientziatik, ezagutzetatik, gustuetatik eta gogoetatik abiatuz”.

Formazioa, zertarako, ordea? Euren jardunaren egunerokoan dituzten hainbat xederi erantzuteko, hain zuzen. Hainbat helburu zerrendatzen dituzte Zizurkilgo eta Abaltzisketako irakasleek: haurrak goxatzea, mimatzea eta zaintzea; euren sormenerako, behaketarako eta jolaserako une intimoak gordetzea; autonomia sustatzea; pazientziaz jokatzea eta umeari denbora ematea behar duena egiteko; bakoitzaren ezagutza erritmoa ezagutzea, errespetatzea, bultzatzea eta indartzea; ikasleekin solasean aritzea; eta izaki alfabetizatuaren eredu izatea, mundua eskolara ekarriz eta eskola mundura irekiz.

Xede horiek guztiak lortzeko bidea egiteak koordinazioa eta adostasuna eskatzen ditu irakasleen artean, iparra ez galtzeko eta denen artean aurrera egiteko. Horretarako, besteak beste, San Millanen eta Txalburun astean behin bi orduko formazio saioa egiten dute, hainbat autorek idatzitako liburuak eta artikuluak irakurriz, hitzaldiak entzunaz eta dokumentalak ikusiz… eta ondoren jasotakoaren gaineko analisia eta hausnarketa egiten dute, gero hori euren eguneroko praktikarekin alderatzeko.

Izan ere, Zizurkilen eta Abaltzisketan egunero egiten dute euren lanaren inguruko analisia, eta, horretarako, tailer bakoitzean egun bakoitzean gertatzen dena behatu eta horren gainean egunoroko bat idazten dute: “Bertan jasotzen dugu zer ikusi dugun, zer-nolako harremana izan dugun ikasleekin, euren artean nola ibili diren, tailerrean behatu duguna nola interpretatzen dugun, zerbait harritu edo ezustean harrapatu ote gaituen… eta jasotako hori gero irakasleen artean partekatzen dugu” zehazten du Zengotitabengoak. Horrez gain, astero-astero beste bilera bat egiten dute ikasleen gainean hitz egiteko. Eta, azkenik, noski, gainerako eskoletan bezala, hiru hilabetean behin osatu beharreko informeak dituzte.


Adina bai, mailarik ez

2 urtetik hasi eta 12 urtera arteko haur guztiak elkarrekin ibiltzen dira Zizurkilgo eta Abaltzisketako eskoletan; alegia, adin aniztasun osoa daukate eta horrek haurrentzat dakartzan onuretan erabat sinesten dute: “Aberastasuna baino gehiago altxor bat dela iruditzen zaigu, maisu-maistrok etengabe sormenarekin jarduteko egoeratan jartzen gaituelako batetik, eta bestetik, ikasleen euren artean sekulako harreman oparoak sortzen direla uste dugulako”, azaltzen du Zengotitabengoak.

Argi ikusi dituzte adinak nahasian lan egiteak dakartzan abantailak, eta Zizurkilgo eta Abaltzisketako maisu-maistrek euren buruari galdetzen diote ea zertan oinarrituta, zergatik eta zertarako erabaki ote den haurrak adinka elkartzea eskoletan, eta ba ote dagoen arrazoi pedagogikoren bat ikasgelak adinka sailkatzeko. Zera argudiatzen du Laizek: “Urte berean jaiotzeak maila berbera edukitzea bermatzen al du? Ikasle bakoitzak aukera gehiago al du bere erritmoan aurrera egiteko denak 3, 9 edo 12 urtekoak direnean? Haurrak ikasteko estimulatuagoak edo motibatuagoak al daude zaharragoen eta aurreratuago daudenen eredurik gabe? Soilik zure adinekoekin jolastea dibertigarriagoa al da? Nortzuk dira gure eredu eta erreferente? Txiki batek ikaskide nagusi bat miresmenez begiratzea ez da al da emozionantea? Eta honek ere kontuan hartzea txiki hori, keinu maitagarri edo konplize batekin? Edota biek elkar laguntzea eta elkarrekin ataza konplexu bat egitea? Zilegi al da 10 urtetan zehar rol berbera izatera kondenatua egotea? Ez al da osasungarriagoa batzuetan zaharrena izatea eta besteetan gazteena?”.

Horregatik guztiagatik eta beste hainbat arrazoirengatik Laizek, Zengotitabengoak eta Arreseigorrek ez dute ulertzen zergatik eskolak adinka banatzen dituen ikasleak. Euren ametsa da —eta errealitate bihurtzen ari zaie— eskola bat non haurrak 9 edo 10 urtetan bizitzen diren, ikasiz eta ikasiz, zein mailatan dauden jakin gabe, maila bakoitzeko curriculumak ezartzen dituen minimoak eta maximoak jakin gabe, programazio eta denbora berdin batzuekin baldintzatuta sentitu gabe, “programazio eta denbora horiek injustuak direlako berez, ikaslea kontuan hartu gabe diseinatu baitira”.
 
Adinak nahasian lan egitearen abantaila handietako bat da konparazioak, epaiak eta balorazioak. Izan ere, irakasleok esplikatzen dutenez, tailerretan denak batera ari direnez, era askotako emaitzak, bata bestearekin desberdinak eta anitzak lortzen dira. Ez hobeak eta ez okerragoak. Aurretik ez dagoenez adostuta zer ikasi behar duten adin batean edo zer bestean, ez dagoenez minimorik edo maximorik, ez dagoenez ezarrita gauzak egiteko modu bakarra, ez dago ia haurren arteko alderaketarik. Nahiz eta ez duten oraindik lortu konparazioak erabat desagertzerik, alderaketak eta epaiak desagertzeak ondorio oso onuragarriak ekarriko dizkiela uste dute Zizurkilgo eta Abaltzisketako maisu-maistrek. Hala dio proiektuaren koordinatzaileak: “Uste dut oraindik ez garela erabat jabetzen konparazioak desagertzeak ekar dezakeen guztiaz. Iruditzen zaigu eskolan 10 urtez bizitzea, sailkatuak izan gabe, katalogatuak izan gabe, konparatuak izan gabe, epaituak izan gabe… bakoitzak bere mailan lan eginez, presiorik gabe, emozio handiarekin, adin guztietako ikaskide inguratuta… erabateko iraultza dela garai hauetan. Baina are eta iraultza handiagoa izango dela helduarorako. Eta horrexegatik, uste dugu guk orain artean ezagutzen dugunaren artean prestaketarik onena ari gatzaizkiela eskaintzen”.


Denbora. Bakoitzarentzat nahi eta desio duen hori egiteko beta

Haurrak nahi duen horretan denbora “galtzeari” edo “irabazteari” berebiziko garrantzia ematen diote eskola txikiotan, atseden hartzeko denbora izateari, edo nahi bada, nekatzeko denbora, edo dibertitzekoa, gozatzekoa, erlaxatzekoa, begira egotekoa, itxarotekoa, amets egitekoa, entzutekoa, hitz egitekoa, pentsatzekoa, esperimentatzekoa… Hala adierazten du Laizek: “Denbora izatea nahi dugu nahi dugun bezala bizitzeko, ez agintzen diguten bezala. Izan ere, denborak dimentsio soziala du eta baita dimentsio pertsonala eta subjektiboa ere, norberaren baitan dagoena. Gaur egungo bizitzak gure gizartean behar-beharrezkoak ditu ordutegiak, planifikazioak, denboraren kontrolak, etab. baina haurtzaroan beste era batera ikusten dira gauzak. Haurrentzat ordutegiak gogaikarriak dira, inposatuak dira… Horren aurrean beti protestatzen dute. ‘Jo, itxaron pixkat’, ‘Joe, jolasten jarraitu nahi dugu’, ‘joe, orain ez’… Eta eskolan? Zer gertatzen da? Nola bizitzen da eskolan denbora? Edo denbora falta besterik ez dugu sumatzen? ‘Ez daukagu denborarik’, ‘denbora falta da’, ‘ezin da denbora galdu’… aritzen gara etengabe. Honek guztiak presara eramaten gaitu, ezinbestean, estresera, ezinegonera. Eta eramaten gaitu baita ere haurrak alde batetik bestera bultzatzera eta arrastaka eramatera egoera batetik bestera, eduki batetik bestera, zentzugabekeria batetik bestera. Baina haurtzaroko erritmoak errespetatzea, haur bakoitzaren erritmo berezia errespetatzea gakoa da heziketa orekatua eta lasaia bermatzeko, emozioak kontuan hartzen dituena, adimena eta espiritua. Eta adituek esaten dute, baina gu ere konturatu gara, erritmo desegokiak kaltegarriak direla eta desberdintasuna eta esklusioa baimentzen dutela. Beraz, pertsona bakoitzak behar duen denbora edukitzen jakin beharko genuke. Eta era berean, hezkuntza ekintza bakoitzari behar duen denbora ematen. Azken batean, haurtzaroari denbora itzuli behar zaiola uste dugu”.

 

Lengoaiak. Hamaika

Haurren eskubideak biltzen dituen konbentzioko 13. artikuluak dio haurrek adierazpen askatasunerako eskubidea izango dutela. Alegia, era guztietako informazioa eta ideiak bilatu, jaso eta zabaltzeko askatasuna izango dutela, mugak kontuan hartu gabe, ahoz, idatziz edo inprimatuta, modu artistikoan edo haurrek aukeratutako beste edozein bide baliatuta. Laiz, Zengotitabengoa eta Arreseigor jabetzen dira eskolak bereziki hizkuntzarekin loturiko lengoaiak nahiz matematikarekin loturiko adierazpideak bultzatu dituela; sarri, besteak baztertuz. Horren jakitun, Zizurkilen eta Abaltzisketan saiatzen dira ahal bezainbeste lengoaia edo adierazpideri lekua egiten, eta tailerretan egiten dituzten proposamenak erakargarriak izaten haurrak ahalik eta lengoaia gehienekin konekta daitezen.


Tailerrak. Funtzionamenduaren oinarri

Lengoaiak tailerrekin zuzenean lotuta hautematen dituzte Zizurkilgo eta Abaltzisketako eskoletan, lengoaia horiek garatu ahal izateko espazio batzuk behar baitira, baldintza batzuk, denbora batzuk, ekintza batzuk… Laizen, Zengotitabengoaren eta Arreseigorren irudiko, ohiko ikasgelak neutroak, abstraktuak, aseptikoak… izaten dira gehienetan; alegia, bizitzarik gabeak, eta elkarren artean oso antzekoak: altzari berdinak, materialak, baliabideak… eta bertan egiten dena ere berdintsua izan ohi da. Proiektuaren koordinatzaileak ohartarazten duen moduan, haurrek ikasgeletan ordu luzeak ematen dituzte eta denetik egiten dute bertan, baina, maiz, zertan ari diren oso ondo jakin gabe, ekintza bat bestearen atzetik eginez… “Tonuccik esaten duen bezala, bukatu da matematika, hasi da ingelesa, baina umearen burua oraindik agian matematikan dago juxtu bukaeran piztu zaiolako zerbait… eta ingeleseko irakaslea sartzen da, baina umea oraindik akaso ez da jabetu ingelesarekin ari direnik…”.

Hain zuzen ere, San Millanen eta Txalburun lan egiteko modu horri buelta eman nahi izan diote tailerretan antolatutako hezkuntza-sistemaren bidez. Ondokoa da tailer bakoitzaren funtsa:

- Liburutegia: haurrak alfabetatzea da Zizurkilgo eta Abaltzisketako eskola txikien helburu nagusietako bat; alegia, haurrei irakurketa-idazketa prozesuaren jabekuntzan laguntzea. Zengotitabengoak azaldutako eran, egiteko horretan maisu-maistrek oso paper garrantzitsua jokatzen dute, funtsezkoa iruditzen baitzaie prozesu horretan irakasleak ere irakurzale eta idazle sentitzea haurrekin batera; hau da, haiekin batera irakurtzea eta haiekin batera idaztea, eta, zailtasunak ere haiekin batera bizitzea eta elkarrekin aurre egitea.

Hortaz, liburutegian ekintza ugari egiten dituzte: irakurketak bakarka, irakurketa partekatuak, isilean, boz gora, testu eta genero askotako irakurketak… “liburuen bertsio onak edukitzen saiatzen gara, gutxienez hiru hizkuntzatan”, argitzen du Zengotitabengoak. Hori irakurketari dagokionez, baina idazketarekin loturiko lanak ere egiten dituzte. Haurrentzat esanguratsuak izan daitezkeen ekintzak bilatzen saiatzen dira idazketa lantzeko. Badute hiru hilean behin argitaratzen duten aldizkari bat, eta aitzakia ederra izan ohi da egindako lanak bertan argitaratzea: albisteak, ipuinak, itzulpenak, biografiak, denborapasak… Iaz martxan jarri zuten beste egitasmo bat ere badute, ‘postaria’ izenekoa. Elkarri mezu positiboak bidaltzeko erabiltzen dute eta sekulako arrakasta izan du. “Umeek zentzua aurkitzen diote ekintza horri, idazteko arrazoi on bat da haientzat. Batzuetan ohar motzak izan ohi dira, beste batzuetan gutun luzeak. Hori ere baliatzen dugu idazteko, testuak hobetzeko eta hizkuntzari buruz hausnartzeko”.

Horrez gain, dokumentalak zein pelikulak ere ikusten dituzte eta ipuinen audioak entzun. Tertuliak edo solasaldiak ere izaten dituzte, batzuetan aurrez planifikatuak izaten dira, beste batzuetan momentuan sortzen direnak. “Irakurri dutenari buruz komentatzen dute, edo bakoitzak liburu bat hartu eta saio bat antolatzen da, etxean irakurri duten hori edo horretatik gehien gustatu zaiena taldean komentatzeko”.

Astean bitan, irakurketa eskaintzak antolatzen dituzte, helduek haurrei irakur diezaieten eta horiek derrigorrezkoak izaten dira. Garrantzia handia ematen diete Zizurkilen eta Abaltzisketan maisu-maistrek umeei ahoz gora irakurtzeari: “Helduok benetan sentitzen dugun hori umeei transmititzen saiatzen gara. Hiru eskaintza egiten ditugu asteartero eta ostegunero, hizkuntza bakoitzeko —euskara, gaztelania eta ingelesa— bana. Umeek eurek erabakitzen dute zeinetara joan”.

Liburutegi barruan daukate ingeleseko tailerra ere. Ingelesaren kasuan, zentzua eta beharra bilatzea kosta egiten zaiela aitortzen du Zengotitabengoak, baina behintzat hizkuntzarekin atxikimendu positiboa egiten saiatzen direla, kanten bidez, antzerkiaren bidez... eta antzeko ekintza dinamikoen bidez.

- Zientzia tailerra: ikerketarako gunea da, Zizurkilgo eta Abaltzisketako eskoletan benetako ikerketak egiten baitituzte, esanguratsuak eta erakargarriak, dedikazioa, arreta, ahalegina eta sormena eskatzen dutenak.
Tailer honen baitan, konturatu dira badaudela ekintza batzuk haurrei bereziki gustatzen zaizkienak eta arreta handiarekin egiten dituztenak. Horietako bat baratza da. Arreseigorrek adierazi bezala, umeei izugarri gustatzen zaie lurrarekin ibiltzea, aitzurrean aritzea, uzta biltzea… Eta baratzearekin lotura duen beste ekintza bat ere oso gogoko dute: hazitegia prestatzea, hain zuzen. Loreak eta gero baratzean landuko dituzten haziak ereiten dituzte bertan. “Batzuentzat baratzea beren pasioa da eta seriotasun eta gogo handiarekin joaten dira bertara. Interesgarria izaten da baratzean ikasleen artean zer-nolako harremanak sortzen diren ikustea eta behatzea nola jarduten duten elkarlanean. Kooperaziorako gune aproposa da baratzea eta eurak bakarrik ederki antolatzen eta moldatzen dira”.

Baratzea lantzearekin batera sukaldaritza ere asko gustatzen zaie haurrei, eta lanketa horretarako sukaldea dute bai Zizurkilen eta bai Abaltzisketan. Sukaldean gertatzen diren hainbat prozesu esperimentatzen dituzte bertan: frijitu, egosi, lurrindu, izoztu, urtu… eta manipulatzeko trebetasunak ere garatzen dituzte, askotan moztu egin behar izaten dutelako, txikitu, orea egin, irabiatu… “Beraz, sukaldea bera laborategi zientifiko bat dela esan dezakegu”. Kozinatu ere egiten dute: batzuetan euren plazerez jateko, eta beste batzuetan eskolako ospakizunen baterako edo gurasoentzat. “Beti ez zaie dena ondo ateratzen, baina pixkanaka, saiaketa-errorearen bidez, ikasten dute. Azpimarratu nahiko nuke bizitzaren oinarrizko zikloetako bat nabarmentzen dela sukaldean: baratzean hazitako landareak elikagai bihurtzen dira. Eta euren esfortzuarekin lortutako hori prestatzeko eta jateko motibazio handiagoa izaten dute”.

- Aroztegia: tailer honetan matematika bizi eta esperimentatu dezakete, baina ez hori bakarrik, sormena lantzeko ere balio handiko espazioa da, ingurukoa irudikatzeko, berria sortzeko… lekua baitaukate umeek. Bi eremu dituzte aroztegian: batetik, “egin eta desegin” gunea deiturikoa, eta bestetik, aroztegiko erremintekin eta benetako egurrarekin aritzeko gunea. Zengotitabengoak azaltzen duenez biak daude lotuta: “Batzuetan ‘egin eta desegin’ gunean aritzen dira denbora luzez simetriarekin jokatzen, oreka lantzen, piezen formarekin eta tamainarekin forma desberdinak egiten, eta gero horrek askotan balio izaten die beste gunera joaten direnean eta eraikuntza finkoak egiten hasten direnean gauzak nola egin behar dituzten jakiteko. Egurra manipulatzen ari direnean ere tarteka joaten dira beste gunera ondo ari ote diren konprobatzera, egur horiek nola lotu behar ote lituzketen ikustera, tamaina berekoak izan behar ote luketen, edo desberdinak izanda ere balio ote duen…”.

Normalki ikasleak euren kasa aritzen dira aroztegian, proiektu pertsonalak nahiz partekatuak egiten, baina batzuetan irakasleek ere egiten dizkiete proposamenak, normalki, eskolako beharrizanei lotuta: liburutegirako altzariren bat falta dela… baratzeko atea jarri behar dela… eta tarteka erronka txikiak ere botatzen dizkiete ikasleei beraiek egiten ari diren horri etekin handiagoa ateratzzeko asmoz: “Ea lortzen duzuen metro eta erdiko eraikuntza bat egitea”, edo “ea lortzen duzuen kanika kurbatik atera gabe joatea”…
Benetako erremintekin egiten dute lan, eta neurri batzuk hartzen dituzte haurrek aroztegian aritzeko, baina istripu txikiren bat gertatu den arren, inoiz ez dute ezer larririk izan.

- Mugimendua: San Millango eta Txalburuko maisu-maistrek dioten moduan, bizitza mugimendua da eta mugimendua bizitza, eta haurrak bizitzaz beterik daude: dinamikoak dira, arinak eta espresiboak. Hala dio Arreseigorrek: “Denbora, lekua, giro egokia eta konfiantza ematen badiegu, ikertzeko, probak egiteko… joera izango dute eta sentsazio eta erronka berriak bilatuko dituzte”. Hortaz mugimenduaren tailerrean psikomotrizitatearekin, musikarekin, dantzarekin, antzerkiarekin, jolas sinbolikoarekin, kirolarekin… zerikusia duten ekintzak egiteko aukera izaten dute: “Gozatzen dute adinari erreparatu gabe, bakoitzak bere interesei eta gustuei begiratuz, bere ahalmenei eta gogoei, bakoitzak bere erara, bere erritmora eta bere estilora”.

Mugimendu-tailerraren barruan txertatuta daukaten beste egitasmo bat “mugizientzia” da. Astean behin behintzat ingurura irteera bat egiten saiatzen dira eta haurrek aukera dute behaketak egiteko. “Inguruan duten guztiak arreta deitzen die umeei: intsektuek, loreek, fruituek, animalia aztarnek… Behaketak egiteko lupak eta prismatikoak eramaten ditugu eta xomorroak eskolako laborategira garraiatzeko ontzi bereziak”. Kanpoan, jolaserako aukera ere izaten dute ikasleek: urarekin, lokatzarekin, harriekin, adarrekin… “Horiek material egituratu gabeak direnez sormenari askoz ere ate gehiago irekitzen dizkiote”. Irteera horietan bizi izandakoa koaderno batean irudikatzen dute gero, idatziz, edo marrazki bidez, edo olerki bat idatziz… “Mugizientzia”-ren barruan egiten duten beste ekintza bat da ikasle guztien etxeetara joatea.

- Artea: Eskolak benetako adierazpen artistikoa bultzatu behar duela uste dute Zizurkilgo eta Abaltzisketako maistrek, eta hori margotzearekin, buztinarekin, pinturarekin, eskulturak egiteko aukerak ematearekin… lotzen dute. Izan ere, sormena bultzatzen duen heziketa eman nahi diete haurrei eta hori ez da arlo bat, ezta teknika bat ere, baizik ere jokabide bat da, umearengan konfiantza edukitzearekin zuzenean loturik dagoena. “Sormenerako eta adierazpenerako gaitasuna guztiok daukagu eta ume denek dute. Baina moztu egiten zaie, saiatzen garelako errealitatean objektuak, pertsonak, istorioak… nolakoak diren erakusten eta marrazkietan islatzen ote dituzten ikusten. Baina lehen esan dugun moduan, umeek era ezberdinean ikusten dute errealitatea. Eta adierazterako orduan ere desberdin adierazten dute. Joka dezagun errespetuz”.

 

Ebaluazioa. Ikasleak ez, baizik eta hezkuntza-sistema ebaluatuz

Haurrek ez dutela ebaluazio beharrik uste dute Zizurkilgo eta Abaltzisketako maisu-maistrek, ez dagoela ikasleak ebaluatu beharrik haiek ikas dezaten, ezta haiek haz daitezen ere, eta are gutxiago, zoriontsu izan daitezen. Irakasleon esanetan, umeek ez baitituzte ulertzen ez arloak, ez gaitasunak, ez maximoak, ez minimoak, ez errubrikak, ez txantiloiak, ez bukaerako aktak… Laizen arabera, ebaluazioa kontrolatzeko tramankulu bat da, baina helduen eta administrazioaren mundukoa: “Neska-mutilak, haziak bezalaxe, bakean utzi behar ditugu. Ez da ona egunero lurra miatzen aritzea, sustraiak behatzeko edo loreari ea pistiloak atera zaizkion ikusteko. Honekin lor dezakegun bakarra da haurraren hazierari trabak jartzea eta garatzeko dituzten aukerak zapuztea. Neska-mutilei, haziei bezalaxe, nahikoa da espazio eta inguru egokiak eskaintzea, baliabide eta egoera egokiak, ahalik eta onenak, denbora ematea eta beraiengan konfiantza edukitzea, babestea eta maitekiro zaintzea”.

Maistrak eransten duenez, ebaluazio-probek, edozein eratakoak izanda ere, ez dute aprendizaia bultzatzen, ez dute baloratzen neska-mutilek dakitena, ulertzen dutena, irudikatzen dutena, uste dutena… ezinezkoa irizten baitio haurren ideien mundu mugaezinera iristeari galdera batzuen bidez, ariketa batzuen bidez, ekintza jakin batzuen bidez… “sarri testuingurutik kanpo daudenak, denentzako berdinak direnak eta askotan zentzurik gabekoak”.

Zizurkilgo eta Abaltzisketako irakasleen aburuz, gehienez ere baloratu daitekeena da zer moduz ari den ikasle bakoitza bere prozesua egiten, zer moduz sentitzen den eskolan, zein tresna dituen, zer-nolako adierazpenak egiten dituen, nola bizi dituen eskolako orduak… baina balorazio hori ezingo litzateke kanpo proba batzuen edota azterketen bidez egin, baizik eta irakasle guztien behaketa jarraituaren, errespetuzkoaren eta ez-inbaditzailearen bitartez; eta haurraren familia-giroa kontuan hartuz eta ikasleekin eurekin nahiz familiarekin hitz eginez. Azken finean, ikasleei eurei entzunaz eta haiei buruz ahal den guztia ezagutuz.

Izan ere, Laizek, Zengotitabengoak eta Arreseigorrek uste dute ikasleak ez liratekeela ebaluatu behar, baina bai ebaluatu behar litzatekeela hezkuntza-sistema bera, hezkuntzan parte hartzen duten helduek (maisu-maistrak, aholkulariak…) egiten dituzten proiektuak, prestatzen dituzten baliabideak… eta bereziki heldu horiek eskolari buruz dituzten ideia filosofiko eta pedagogikoak, haurtzaroari buruzkoak eta ikas-irakats prozesuei buruzkoak.