SORTZEN ELKARTEA

2016-06-19

25 urte euskal eskola publiko berriaren alde lanean

 Eskola euskalduna, autonomoa, demokratikoa, laikoa, zabala, hezkidetzailea, kalitatezkoa eta integratzailea helburua hartuta, euskal eskola publiko berria eraikitzeko lanean jardun du Sortzen elkarteak 25 urtez. Urte horietako ibilbidearen balorazioa egin, eta uneotan eskuartean dituzten erronken berri eman diote Hik Hasiri elkarteko kideek.

 
 

1991. urtean sortu zen ofizialki Sortzen elkartea, baina zimenduak hamar bat urte lehenago jarri zituen: “80ko hamarraldi hasieran Langile ikastolaren bueltan talde bat sortu genuen, eta nolako eskola nahi genuen, horretarako norantz jo behar genuen, zer egiteko prest geunden, etab. hasi ginen eztabaidatzen. Hasieratik garbi geneukan euskal eskola publiko bat nahi genuela”, kontatzen du Jone Errazkin Hernaniko Langile ikastolako irakasle ohiak. Helburu horrekin, herri-mailan antolatzen ez ezik, beste hainbat ikastolarekin, gurasorekin eta erakunderekin ere sare-lana bideratzen hasi ziren, Euskal Herri mailan egituratzeko xedez.

Mugimendu haren emaitza izan zen 1991. urtean Hernanin egin zen kongresuan Sortzen elkartea eratzea. Lanerako gune zabal eta ireki gisa sortu zen, euskal eskola publiko eta berria aldarrikatzeko: eskola euskalduna, autonomoa eta demokratikoki kudeatua, kalitatezkoa eta integratzailea, laikoa eta hezkidetzan oinarritua, osoki finantzatua eta lan-esparru berri batean kokatuko zena. 90eko hamarraldiaren hasiera hartan, ordea, izan zen elkartea eratzeko bestelako arrazoirik ere. Izan ere, 1993an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan onartu zen Eskola Publikoaren Legearen atarian zeuden ikastolak.
1993ko Eskola Publikoaren Legearen ondotik, baina, euskal hezkuntza-komunitatearen liskarrak tarteko, Sortzen desagertu egin zen EAEn, eta Nafarroan zentratu zuen bere jarduna, euskara eta euskal kultura lurralde osoan zabaltzeko xedez. Nafarroako Eskola Publikoaren Elkartea izatera pasatu zen hala. “Sortzen elkarteak funtsezko zeregina bete du Nafarroan. Euskal irakaskuntza aldarrikatzeko herritik sortzen diren dinamiken bultzatzaile izan da. Batean eta bestean sortu diren mugimenduak kohesionatu ditu, eta indarra, konfiantza eta babesa eman die. Gurasoak, irakasleak eta herritarrak elkartzeko gai izan da”, aipatu du Kalen Astiz Zizur Nagusiko Erreniega ikastetxeko irakasle ohiak.
Sortzenek bere jarduna Nafarroara mugatu zuen urte hartan bertan, Ikasbatuaz elkartea sortu zen EAEn, sare publikora baturiko ikastolek elkarrekin antolatuta jarraitzeko zuten beharrari erantzuteko. Sor-tzaileetariko asko Sortzen elkartearen hastapenean parte hartutakoak ziren, eta hasiera hartan Sortzenerako finkatu zituzten helburuei jarraituz eratu zen Ikasbatuaz ere. Publifikazio-prozesu korapilatsu bati aurre egiteko beharrak batu zituen. “Publiko bihurtu ziren ikastolek lortu zuten eskola publikoaren barruan, eskola egiteko beste eredu bat mantentzea; azken batean, publiko bihurtu ziren ikastolek mantendu zuten nolabait euren izaera, eta gaur egun ere zenbaitetan mantentzen dira hainbat ezaugarri”, dio Bego Bitorika Sortzeneko koordinatzaileak.
2000. urtean, berriz, ikusirik xede berak gidatuta ari zirela lanean, Sortzenek eta Ikasbatuazek elkar-tzea erabaki zuten. Hainbat helburu iparrean jarrita jarraitu zuten lanean, Sortzen-Ikasbatuaz izenarekin. Besteak beste, hauexek: euskal hizkun-tza eta kultura sustatzea, ikasketak euskaraz egiteko aukera Euskal Herri osoan berma dadin exijitzea, euskal eskola publikoan dauden zerbitzu guztiak euskalduntzea, Euskal Herri osoan hedatuta dagoen eskola publiko euskaldunaren eredua defendatzea, edota pertsona libre, kritiko eta autonomoen eredua bultzatzea, neska-mutil bakoitza nor izan dadin eta bere kabuz jokatzen ikas dezan.
2012an, ostera, elkarteak egin zuen hausnarketa-prozesu baten ondorioz, atzera ere iturburura jo, eta Sortzen izena berreskuratzea erabaki zuen, Ikasbatua ezabatuz.
Aipatutako helburuak lortzeko egin dute lan 25 urtean. Gazi-gozoak izan dira urte horiek, Sortzeneko kideen esanetan. Bitorikak aipatzen duen moduan, gaziak, euskal eskola publiko berri hori egituratzerik ez delako lortu; baina, aldi berean, gozoak, urrats asko egin direlako. Beste elkarte eta erakundeekin elkarlanean jardun du Sortzenek lanean, baina berak bere kasa ere egitasmo ugari jarri ditu martxan. Eta, beti, eskola-komunitatearen premiei erantzun nahian.
Bide horretan, esaterako, Oinarriz-ko Hezkuntza Akordioaren osaeran parte hartu zuen elkarteak, 2006an, edota baita Udalbiltzarekin eta Ikastolen Elkartearekin batera euskal curriculuma definitzen, nahiz Ikasle Euskaldun Eleaniztunak sortzeko plana ontzen ere. Aixe edota Euskaraz mintza proiektuak gauzatu ditu, formakuntza-saioak antolatu, hitzaldiak egin, dokumentuak sortu
—ikastetxeen autonomiaren ingurukoa, jangelen kudeaketari buruzkoa, etxerako lanen gainekoa—, Euskal Herri osoan euskararen ofizialtasuna eta normalizazioaren bidean lan egiten, etab.
Sortzen elkarteak Euskal Herrirako proiektu oso bat ordezkatzen du. Hezkuntza sistema propioaren bidean, euskal eskola publiko berria eraikitzeko helburua da gurea. Izan ere, Bitorikak dioen moduan, Sor-tzenek, finean, edozein herritako eta edozein txokotako edozein eskolari, herritarri nahiz erakunderi eskua luzatu nahi dio denon artean euskal hezkuntza aurrera eramateko: “Zentzu horretan, oso kontuan izan behar dugu hezkuntzak ez lukeela ikastetxeen ardura soilik izan behar, herri osoarena baizik. Izan ere, nolako hezkuntza, halako gizartea eraikiko dugu”.

Parte-hartzea, funtzionamendurako ardatz

Hasieratik bilatu zuen Sortzenek euskal eskola publiko berria lortzeko bidean eragile askoren parte-hartzea. Hain zuzen ere, elkarteak sustatu dituen egitasmoetan, guraso, irakasle, ikasle nahiz herritarren parte-hartzea oso presente egon da beti. Eta, hain zuzen ere, Aitor Letamendi Egiako Aitor Ikastolako gurasoak Sortzenen lorpenen artean kokatzen du elkarteak parte-hartzearen inguruan egin izan duen irakurketa. “Prozesuak parte-hartzean oinarrituta bidera-tzeak beste erritmo batzuk eskatzen ditu. Niri iruditzen zait emaitzak ez direla azkartasunarekin soilik lotu behar. Eta, zentzu horretan, esango nuke Sortzen gai izan dela beste erritmo batzuk onartzeko, eta bakoitzaren beharretara moldatzeko. Eta niretzat hori garaipen izugarria da. Era berean, herri-mugimendutik abiatutako kezkaren bat egon denean, Sortzen prest agertu da beti horiei heltzeko eta, forma emanik, guztia kohesionatzen laguntzeko".

Joan den 25 urteetan asko egin du Sortzenek, baina aurrera begira ere erronka handiak ditu, euskal eskola publiko berria lortzeko bidean. Etorkizunari begira jarrita, lau puntu nagusitan laburbiltzen ditu elkarteak taldearen eginbeharrak: Euskal Herri osoan eragina izango duen elkartea osatzea; irakaskuntzako beste agenteekin batera, Euskal Herri osorako hezkuntza-sistema propioa lor-tzearen alde lan egitea; ikastetxeak biltzen dituen sektoreen elkarlana ahalbidetzea —guraso, ikasle eta langileen arteko elkarlana, alegia—; eta ikastetxeak bere hezkuntza-proiektua garatzeko beharrezko dituen eskumenak lortzeko urrats berriak ematea.