Antzerkhizkuntza proiektua

2014-12-01

Nola susper daiteke euskara antzerkiaren bidez?

 
 

Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasle askok hainbat zailtasun dituzte euskaraz egunerokoan lasai hitz egiteko. Alde batetik, erdaldunak dira ­etxe askotan, eta beste hizkuntza batzuetan mintzatzen dira; eta, bestetik, euskara jasoa ikasten dute eskolan bertan, idazle eta entzule dira gehienbat, denbora gutxi dute mintzapraktikarako, eta, normalean, esparru formal baten barruan aritzen dira. Horren guztiaren eraginez, euskaraz mintzatzeko beldur dira, lotsa dute, segurtasun falta sentitzen dute, eta erdarara jotzen dute sarritan. Euskara ez dute lasaitasunarekin lotzen, ez dute tresna erraz, goxo eta edertzat; batzuentzat erronka da; besteentzat, nahi ezkutua, edota ukatzen duten zerbait.

Antzerkiak eremu horiek hautsi ­egiten ditu, eta mintzapraktikan oinarritzen da. Euskara tresna dugunez, ­ikasleek ez dute egokitasunean pentsatzen antzezterakoan, egin behar dutenagatik nahiko hunkituta daudelako. Antzerkia egiteak eta euskaraz egiteak badute antzekotasunik gure eskoletako hainbat ikaslerentzat: biak zail egiten zaizkie, eta ez dute ez bata ez bestea praktikatzeko erraztasunik, ez eta ohiturarik ere. Beraz, ­egitean lotsatu egiten dira, eta segurtasun-falta eta lotsa agertzen dituzte. Beldurrak eta lotsak Antzerkhizkuntza proiektuaren egunerokotasunaren parte direnez, ikuspegi konstruktibista batetik abiatuko gara; bakoitzari berari dagokion neurria eskatuko diogu, eta begirunea sustatuko dugu mugen aurrean, taldean txantxak eta botere-jokoak baztertuta. Ikasle bakoitzak ahal duen bezala egingo ­eta hitz egingo du. Askotan, euskara tresnatzat hartu eta zorroztu nahian, gogo biziagoz ekiten diote euskarari.
Bestaldetik, gidoiak idaztea edo buruz ikastea egiturak eta hiztegia ­aberasteko tresna ere badira.
Giro jakin bat eraiki behar dugu taldean horretarako:
1. Lehenik eta behin, gure intentzioa azaltzen dugu, hau da: hizkuntza-normalizazioaren parte garela ­adierazten diegu, eta euskarari lotzen diogu gure eguneroko ekintza; beraz, ikasleak hasieratik egoki kokatzen dira.
2. Bigarrenik, euskara ez dugu ­arautzat planteatzen, tresnatzat baizik, haientzat onuragarria den tresnatzat, halaxe baita bai Euskal Herrian erlazionatzeko, bai haien geroan bikotekidearekin erlazionatzeko, bai seme-alabak hezteko edo bai lanerako ere.
3. Hirugarrenik, euskararen jabetza aldarrikatzen dugu. Euskara norberarena delako, jada asko ikasi dutelako, eta, erabiltzen ez badute, ahaztu egingo zaielako eta berea den zerbait galduko dutelako, aukera bat galtzen den bezala. Haiek dira euskara, eta euskara maitatzea beren burua maitatzea da. Aniztasunari buruz ere hitz ­egiten diegu, eta, aniztasun hori posible izateko, kultura eta hizkuntza ezagutu behar dituzte, koloretako mundu bat posible delako, desberdintasunak ederrak direlako.
4. Laugarrenik, euskara modan dagoenez, gaur egungo errealitatean kokatzen ditugu. Gaur egun, 40 urtetik beherakook euskaraz ikasi dugu, eta euskaraz bizi gara. Bilbon ere, gero eta talde gehiago ikusten ditugu gauean euskaraz, ogia erosten euskaraz, edo kirolean euskaraz. Euskaratik at geratzen dena bere errealitatetik at geratuko da. Euskararako joera dago, modan dago, eta euskara gora doa. Ikuspuntu horretatik abiatuta, bere buruari euskaraz hitz egitea ukatzen diona atzean geratuko da. Euskaldunok ez garelako ghetto bat, ­ideia soziopolitiko bat edukita euskaraz bizi garenak baizik. Gaur egun, euskara ez dugu soilik mitologiarekin edo historiarekin lotzen; euskara musika-erritmo modernoekin edota informatikarekin lotzen dugu, eta, oro har, gaur egungo tresna modernoa da.
5. Eta, bosgarrenik, irakasle-lanean oso tematiak eta maitagarriak gara. Gaztelaniaz esaten dutena euskarara itzul dezaten animatzen ditugu, eta, hala egiten dutenean, zoriondu egiten ditugu, eta eskerrak ematen dizkiegu, gaitasunaren arabera egin duten esfortzu handi, ertain edo txikiagatik.

BALIOAK LANTZEA BALIABIDE GISA

Norberaren gaitasunak
Eskolan, hainbat eduki ikasi eta barneratu behar dira; lagunak egiten ditugu eskolan, eta arazo pertsonalak islatzen ditugu; maisu eta andereñoak erreferentziatzat hartuta, hamaika ikasketa jasotzen ditugu, pertsona ­izateko eta profesionalizatzeko bidean. Etxean egiten den lana da garrantzitsuena, heziketa eta euskarri emozionalak jasotzen ditugulako, ezinbesteko beharrak asetzeaz gain. Beraz, pentsa genezake eskolaren eta ­etxekoen arteko lan koordinatuak pertsona bete eta orekatuak ekarriko lituzkeela emaitzatzat. Eta halaxe da kasu batzuetan.
Egia da, era berean, eskola bukatutakoan hainbat zailtasun pertsonalen aurrean ikusten dugula geure burua eta horietako askorentzat antzerkia izan daitekeela erantzuna. Adi­bidez:
- Publiko baten aurrean gure ­ideiak azaltzeko, txosten bat aurkezteko edo akordioetara heltzeko gaitasuna.
- Gure sentimenduak ulertzeko ­eta era egokian komunikatzeko gaitasuna.
- Hainbat egoerak eragiten digun urduritasunari aurre egiteko gaita­suna.
- Bakardadearen aurrean taldearen laguntza sentitzeko eta taldeari laguntzeko gaitasuna.
- Gure gorputza ezagutzeko eta berarekin komunikatzeko gaitasuna.
- Garapenaren prozesuan geure burua aztertuz zailtasunak, beldurrak, bertuteak, eta, azken finean, aukerak azaltzeko gaitasuna, horiek guztiak geure buruari ezkutatu beharrean.
Gaitasun teknikoak
Gaitasun hauek teknikoak direla diogu, teorikoki deskribatuta daudelako eta teknika zehatz bat dutelako.
Komunikazio-eredua; oldarkortasuna, asertibotasuna eta pasibotasuna; berrelikadura edo feedback-a; botere-erlazioak; taldeko entzumena, entzute aktiboa eta enpatia; gatazkak aurreikustea eta kudeatzea; errefortzu baikorra, ezkorra eta axolagabetasuna; hitzezkoa ez den komunikazioa; kritikak nola egin; bulkaden kontrola eta norberaren mugak; NI mezua eta ZU mezua; zarata psikologikoak; taldeko erabakiak hartzea; autoestimua edota norberaren beldurrak aztertzea eta kudeatzea… Norberak etxean eta gizartean ikasi eta ­erabili beharreko baliabideak dira horiek guztiak.
Antzerkhizkuntzan, teknika horiek azalduko ditugu, teoriaren ikuspegitik eta antzerkiaren bidez; antzerkia ikasten dugun bitartean, teknika horiek praktikan jarriko ditugu. Bizipenetatik ikasten dena hobeto ­ikasten delako

Taldeko gaitasunak

Irakasleok berehala antzematen dugu taldearen izaera orokorra: taldea berritsua, langilea, zatitua, batua edo motibatua den. Antzerkhizkuntzan, taldea egunero lantzen dugu, taldea ezinbestekoa baita antzerkian. Antzerkia egiteko, guztiok egon behar dugu adi, eta taldean koordinatuta lan egin behar dugu. Ez dago antzerki dezente bat prestatzerik, elkarrekin eta elkarri lagunduz ez bada. ­Agertokian gaudenean, inoiz baino elkarren behar handiagoa izan ohi dugu. Gainera, publikoak beldurra ­ematen digunez, horrek ere batu egiten gaitu, eta, elkarrekin lotsa pasatzen dugunez, horrek ere batu egiten gaitu, adrenalinaz beteriko esperientziek ere batu egiten gaituztelako.
Gure lanak asmo sendo bat dauka. Talde-lanaren beharra azaltzen dugu, eta taldean egiteko ariketak proposatzen dizkiegu; elkarlana sustatzen dugu, eta banakako jarrerak saihesten ditugu, taldearen entzumena landuz, lan kooperatiboa proposatuz eta lehiakortasunaren ondorio latzak eztabaidan jarriz. Talde-lana, beraz, metodologia aktibo baten bidez daramagu aurrera: sentimenduak landuz, bizipenak sustatuz eta hausnarketarekin bilduz. Etengabe lantzen dugu urte osoan, baina hiru une nabarmendu behar dira:
1. hiruhilekoa: ariketa dibertigarriak egiten ditugu, eta antzerkia eta giza baliabideak lantzen ditugu, taldea ezagutzen dugun bitartean eta ­ikasleek beren burua eta taldea hobeto ezagutzen duten bitartean.
2. hiruhilekoa: antzerki bat eraikitzen hasiko gara; aurrean arbel zuri bat dugularik, ideiez, pertsonaiez eta argudioz beteko dugu. Horretarako, guztion sormena, pazientzia eta talde-baliabide guztiak erabiltzen ditugu.
3. hiruhilekoa: antzerkia entseatzen dugu, eta taldea inoiz baino batuago eta elkartuago sentitzen dugu; azkenik, talde-esperientzia kitzikagarri bat izango dugu amaierako antzezpenean.
ZER DA ANTZERKHIZKUNTZA PROIEKTUA?
Gure eskoletan eta baita curriculumaren barruan ere antzerkiaren hizkuntza zabaldu nahi duen ekintza didaktikoa da, ikasleen gaitasun pertsonalak eta euskararen erabilera suspertzea helburu duena.
Antzerkhizkuntza proiektua aurrera eramaten dugunok honako ­ideia hauek ditugu buruan:
- Antzerkia hizkuntza bat dela ­ulertzen dugu, bere hiztegi, arau eta gramatikarekin.
- Edonor hel daiteke antzerkiaren hizkuntzan komunikatzera.
- Hizkuntza guztiak bezala, ikasi egin behar da, gustura mintzatzeko.
- Beste hizkuntzetan ez bezala, antzerkiak garapen pertsonala eskatzen du ezinbestean.
- Antzerkia tresna paregabea da talde-dinamika garatzeko.
- Hizkuntza honetan mintzatzen diren emaile eta hartzaileek zirrara sentitzen dute.
Aurten egin dugun lana azken 4 urteko ikerketaren eta esperientziaren hondarra izan da.  Antzerkhizkuntza proiektuaren hastapenetan, gehigarri metodologiko erakargarri bat izan nahi genuen hizkuntzaren normalizazioan. Horretan ibili gara gizarte-zientzietan dugun esperientziaz baliatuz, eta, aurten, gure programazioa eraldatu egin dugu, gure hiru zutabeak erlazionatuta eta giza baliabideen bide zuzena hartuta.
 
NORI ZUZENTZEN ZAIE PROIEKTUA?
Lehen Hezkuntzako 4, 5 eta 6. mailetako ikasleei eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei. Adin bakoitzak bere zehaztasun ebolutiboak dituenez, programazioa taldearen adin eta ezaugarriei egokituko zaie; izan ere, Lehen Hezkuntzako metodologia askoz ere ludikoagoa izango da, eta, Bigarren Hezkuntzan, arte eszenikoaren hizkuntza formalean murgilduko dira.
Batik bat honako gaitasun hauek landuko lirateke Lehen Hezkuntzako ikasleekin: sormena, irudimena, errealitate-printzipioa, lan baten iraunkortasuna, kontzentrazio-gaitasuna, taldearen garrantziaz jabetzeko gaitasuna, etab.
Bigarren Hezkuntzako ikasleekin landutako gaitasunen artean, hauek ditugu: gure burua ezagutzea (beldurrak, lotsak, gaitasunak eta zailtasunak); gatazkak lantzea, bai ikasleen arteko gatazkak eta bai norberak bere buruarekin eta gizartearekin dituenak; gizarte-gaitasunak lantzea; sentimenduak era egokian azaltzen ikastea, etab.
Proiektu hau ez zaie artistei zuzentzen, ikasle zoragarri arruntei baizik; beraz, ikasturtean zehar antzezlan potolo bat egin daiteke, baina ­ikasleak ez dira egongo behartuta antzezlanean parte hartzera, eta ebaluazioan ez da kontuan hartuko parte-hartze hori. Izan ere, antzezlanen kopurua, iraupena  eta ezaugarriak ikasgelaren ezaugarrietara moldatuko ­dira; adibidez, zine-proiektu txikiak egin daitezke talde batzuetan. Gelan egindako lanak, jarrerek eta ahaleginak izango dute garrantzia, eta horrek definituko du bukaerako etekin artistikoa.

ZERGATIK CURRICULUMAREN BARRUAN?

Lanean daramagun urte hauetan, maiz egin digute galdera hori. Badirudi antzerkiaren esparrua eskola osteko ekintzetan kokatu dugula, edo hezkuntza ez-formalean. Guk, aldiz, antzerkia ikaslearen eguneroko ikasgaien artean ikusten dugu, eta frogatu dugu hezkuntza formaletik abiatuta lortzen diren helburuak eta jarrerak ­ezin hobeak direla, ikasketa horiek borondatezkoak ez direnez, bakoitzak bere etekinak ateratzen dituelako: lotsatiek aurre egin behar diete beren beldurrei, eta bulkadak kontrolatzeko zailtasunak dituztenek taldera moldatu behar dute.
Egia da antzerkiaren bidez ikastetxeetan ikasleei ohikoak ez diren tresnak irakasten dizkiegula bizitzarako, eta egia da, baita ere, gaurko gizartean oso baliagarri gertatuko zaizkiela antzerki-eskoletan ikasitakoak.
Eskola barruko orduetan oso gai atsegina da Antzerkhizkuntza, baina, gure helburuak eta metodologia oso serioak direnez, eskola osteko ekintza bezala gogorregia egiten zaie.

PROGRAMAZIOA MALGUA DA?

Beharko izan malgua! Ikastetxe bakoitzeko proiektua desberdina da, maila eta adin bakoitza desberdina da, eta ikasle bakoitza ere desberdina da. Proiektu honen bokazioa ikastetxe bakoitzeko egunerokotasunaren parte izatea da, eta, berez, antzerki-eskola bakoitzak bat etorri behar du bertan lan egiten duten profesionalen filosofiarekin. Horretarako, ezinbestekoa da koordinazio-lana hasieratik bukatu arte etengabea izatea, proiektuak eskolaren formak har ditzan. Halaber, ikasle bakoitzaren beharrak askotarikoak direnez, antzerki-irakasle bakoitzak ikasle bakoitzaren jarraipena egingo du, eta gidoiak ikastalde bakoitzak eta ikasle bakoitzak dituen gaitasun, zailtasun eta ezaugarrien ­arabera egingo dira.