UMEZAINTZA Haur Eskola. Arrasate: Urarekin jolasten

1999-02-01
Arrasateko Umezaintza Haur Eskolako hiru irakasleek 2 eta 3 urteko haurrekin izan duten esperientzia berri bat dakarkigute. Uraren jaia prestatu zuten uraren erabilpena hobeto ezagutzeko, ura erabiltzen ikasteko eta urarekin jolasteko.
 
 
Esperientziaren zergatia

Haurra bere izaeran kuriositatez eta desioz beterik aurkezten zaigu edozein gauza, objektu eta elementu bitartekari delarik, bai miatzeko, ezagutzeko edota bere neurrian zientifikoki ikertzeko.

Eskolan probokatzen edo sortzen ditugun ekintza, joko edo egoera desberdinen aurrean haurrak parte hartzerakoan, egunero ikasten du gauza gehiago bakarrik egiten. Geroz eta eskaera tinkoagoak adierazten ditu bere beharrak kanporatuz, harremanak sendotuz eta eguneroko esparruetan funtzionatzen ikasiz. Azken finean, bere ahalmenak eta nahiak eguneratzen agertzen zaigu.

Jokoen eta esperientzien bidez ikasten dute erlazionatzen, elkarren artean banatzen, koordinatzen eta errespetatzen, gauza berriak probatzen, irudimena lantzen eta sortzen zaizkien arazo txikiei aurre egiten.

Iazko ikasturte hasieran bi urteko haurren gelara dordoka bat ekarri genuen kristalezko kutxa batean sarturik. Behar zuen guztietan ura aldatzen genion haur guztiek neurri batean parte hartzen zutelarik. Elikatzeko komeni zitzaion janaria ere ematen genion; barazkiak, bereziki beretzat prestatutako produktuak edota beste gauza batzuk. Horrela, gehien zer gustatzen zitzaion eta zer ez zuen onartzen ikusten genuen.

Beste hainbatetan kutxatik kanpora ateratzen genuen nola mugitzen zen ikusteko: gorantz joaten zen eta lurreko espazio zabalean nola mugitzen zen ikusten genuen. Era berean, bere kutxatik noiz eta nola irten eta sartzen zen behatzen genuen.

Horrela genbiltzala, egun batean haurrak galderak egiten hasi ziren: ea dordoka beti uretan bizi zen, non bizi zen, bakarrik ala beste batzuekin, non zeuden bere aita eta bere ama eta abar. Galdera hauek dordokari buruz zerbait gehiago jakitera eta ikertzera eraman gintuzten. Horrela, dokumentatzen hasi ginen eta liburu batzuk eskuratu ondoren eta datu eta argazki batzuk ikusirik, itsaso handiarekin eta urarekin egin genuen topo. Eta honekin batera, nola ez, urarekiko interesa eta jakinminarekin. Horrez gain, egunerokotasunean eta edozein momentutan haurrarentzat urak duen garrantzia ikusirik eta honek eskaintzen dizkion aukerak aberatsak direla behaturik, proiektu txiki-handi bat betetzera bultzatu gintuen: urarekin jolastera, hain zuzen ere.

Elementu aberats honekin, haurrari mundu fisikoa, naturala eta soziala ezagutzeaz gain, zentzuen bidez igortzen dituen sentsazioak esanguratsuak bihurtzen zaizkio era zientifiko batean. Hainbat ezaugarri eta kualitate ezagutu eta ondorioak ateratzera heltzen da.

Metodologia globalizatua tresna bezala erabiliz helburu, eduki eta ekintza desberdin batzuk praktikan ipini genituen. Ekintzen antolaketa eta aprendizaiak era autonomo eta kolaboratzaile gisa planteatu genituen, haurren behar eta interesen arabera. Urarekin interakzio sakona eta gozatze ludiko bat lortzeko bidea jarri genuen martxan.



Helburuak

1- Uraren erabilgarritasuna eta funtzio batzuen aurkikuntza eta esperimentazioa.

2- Elementu hau beharrezko eta baliogarri bezala baloratu.

3- Bakoitzaren emozio eta sentimenduez jabetu motibazioaren bitartez.

4- Estimatu eta emozio eta sentimendu hauek adieraztera animatu.

5- Gorputzaren kontrolaren eta koordinaketaren lorpena, bai indibidualki, bai jokoetan.



Edukiak

Gure proiektu honetan hainbat eduki desberdin landu ditugu. Horrela, eduki horiek hiru sailetan banatu ditugu: kontzeptualak, prozedurazkoak eta jarrerazkoak.



Eduki kontzeptualak

- Elementu bera: URA

Bustia........ Lehorra

Arina......... Astuna

Beroa......... Hotza



- Uraren erabilpena

Garbitzeko

Edateko

Ureztatzeko

Janaria prestatzeko

Ura dela eta, gure gorputzak sentsazio desberdinak nabaritzen ditu. Sentsazio eta emozio horiek poztasuna eta tristura izan daitezke.

Urak jausterakoan egiten duen hotsa ere aztertu dugu.



Prozedurazko edukiak

- Urarekin ibiltzerakoan sentitzen duguna esperimentatu. Adibidez: busti egiten garela.

- Esku trebetasuna eta koordinazioa aztertu ura manipulatzeko objektu desberdinekin ibiltzen garenean.

- Talde handietan jolasten eta parte hartzen hasi.

- Ura irakiten jartzen dugunean zer gertatzen den ikusi eta ohartarazi.

- Uraren ondorioz bizi eta sentitu izan duguna hitzez adierazi.

- Elkarrizketa batean betebeharrekoak diren formak zaindu. Adibidez: besteak hitz egiten daudenean errespetuz entzun eta hitz egiteko txanda zaindu.



Jarrerazko edukiak

- Jarrera baikorra ekintza desberdinen aurrean.

- Interesa eta kuriositatea ura manipulatu, behatu eta miatzerakoan.

- Talde handietan parte hartzeak duen garrantziaz jabetu.

- Uraren erabilpen egokiak duen garrantziaz jabetu.

- Besteek esaten dutena entzun eta errespetatu.

- Ahozko hizkuntza baloratu eta komunikatzeko bide bezala onartu.



Esperientziaren azalpena

Lehenengo harremana hitzaren bidez izan zen, elkarrizketak eginez eta geure buruari galderak eginez.

- Zer da URA?

- Zertarako da URA?

- Zer egiten dugu urarekin?

- Fenomeno atmosferikoak kontuan hartu: lainoak, zerua, trumoia, tximista...

- Euria eta URA

Ura dela medio egindako ekintzak ondorengoak izan ziren:

- Ura ontzi batetik bestera eramatea (tamaina eta kolore ezberdinetako botilak eta abar).

- Arbelak klarionaz margotu eta bukatzeko belaki bustiz garbitu ura erabiliz.

- Gelako panpinen arropak xaboi eta urez garbitu eta zintzilikatu lehortzeko.

- Panpinak urarekin garbitu.

- Xaboiarekin ponpak egin.

- Gelan eta kanpoan dauden landareak ureztatu.

- Egun euritsu batean kanpoko espaziora joan eta euria sentitu (aurpegian eta eskuetan).

- Txipi-txapa egin hankatxoekin putzuetan.



Azkenean uraren jaia egin zen

Prestakuntzak

Aurreko egunean prestatu genuen jaia. Gurasoei paper bat bidali genien zer egiteko asmoa genuen azaltzeko eta aldatzeko arropa ekar zezaten eskatzeko. Haurren aurrean papera irakurri eta bakoitzari bere txostena banatu zitzaion.

Jaiaren egunean denak motxilarekin etorri ziren.

Motxiletan banan-banan pegatina batekin izenak jarri ondoren bakoitzaren aulkietan eta talde bakoitzaren gelan utzi ziren. Elkarrekin uraren jaia garatu behar zutenak hiru talde ziren.

Irakasle bat haur guztiekin geratu zen eta lurrean biribilean eseri ondoren, aurretik egindako ekintzak gogoratu eta gure bizitzan urak duen garrantzia azpimarratu zituen. Beste bi andereñoak kanpoko espazioa prestatu genuen. Haurrak atera orduko erabili beharreko tresna guztiak bertara atera genituen (tamaina eta kolore guztietako ontziak) eta sakabanatuta eta urez beteta utzi genituen. Apal baten gainean hainbat tresna jarri ziren: plastikozko botila txikiak eta handiak, jostailuzko ontziak, edalontzi ezberdinak, kikaratxoak, irestontziak, enbutuak, belakiak, ureztatzeko ontziak eta abar.

Haurrekin zegoen andereñoak jokoaren ARAUA azaldu zion taldeari: ezin zaio lagunari urik bota.

Bat, bi eta hiru! Goazen denok urarekin jolastera!

Taldetxoka banatu ziren ontzien bueltan eta berehala hasi ziren tresnak erabiltzen: belakiekin hormak garbitzen, ontzietatik ura hartu eta hormara botatzen, ureztatzeko ontziarekin inguruko landareak bustitzen...

Andereñook hutsik gelditzen ziren ontziak berriz betetzen genituen. Haurrak gogoz aritu ziren lanean, mugimendu dezente eginez alde batetik bestera, orain tresna bat eta gero beste bat hartuz.

Horrela 30 minutu igaro ondoren, bukatutzat eman zen jolasa eta jolasean ikertu nahi zen ekintza.



Balorazioa

Arropak aldatzen genituen bitartean elkarrizketa sortu nahi izan genuen. Adibidez:

- Nola daude gure arropak? Bustiak?

- Zergatik ez dute jolastu batzuk?

- Jolastu dut, baina kontuz ibili naiz.

- ...

Bakoitzak zertan eta zerekin jolastu zuen kontatu zuen.

Arropa bustiak motxilan gorde genituen eta lehorrak jantzi.

Hurrengo egunean bideoan hartutako irudiak ikusi genituen. Bakoitzak bere burua pantailan ikusiz urarekin bizitakoa gogoratu zuen.

Oro har, oso pozik ibili ziren eta asko gozatu zutela ondorioztatu dugu. Aipatu behar da, behaketa txiki baten ondoren zera ikusi genuela: ez zela parte hartu gabeko haurrik gelditu. Ondorioz, haurrentzat ura oso elementu erakargarria dela ondoriozta daiteke. Esperientzia aberatsa eta parte hartzailea izan zen. Beste ekintza batzuetan interesik agertzen ez duen haurrak ere inoren bultzadarik gabe hartu zuen parte buru-belarri.

Emandako araua ere ondo errespetatua izan zen.

Egun batzuk pasa arren, haurrak egun horretaz gogoratzen dira. Behin eta berriz eskatzen digute errepikatzeko, urarekin jolastu nahi dutelako.

Esperientziaren ondoren beste gauza bat ere ikusi dugu: lehen egun osoan iturria irekita egoten zela, eta orain gutxiago irekitzen dutela eta erabilpena ere lasaiagoa dela. Antsietatea gutxitu egin dela esan daiteke.